Quantcast

Festarik festa

Hastear da udal eta aldundien jardunak geldiarazten dituen “demokraziaren festa”. Festa baino, hasi aurretik nekatu gaituen publizitate kanpaina. Herri eta lurralde batzuetan esperantzaz beteta biziko dituzte egunok, behingoaz aldaketa iritsiko dela pentsatuz, edo lau urteotan egindako lanak segida izango duela sinetsiz. Beste batzuetan, ba beno, “dagoenarekin jarraitu behar” asumituta, edota “besteak okerragoak dira” pentsatuta, guztiak frustrazio puntuaz.

Hurrengo astetan azken obrak hasten ikusiko ditugu, azken inaugurazioak egiten, azken kontratuak sinatzen. Gutxi batzuen tripak angulekin bete zirenekoak ere garai hauetan izango ziren; gipuzkoarron osasun eta poltsikoak okertuko zituen erraustegia eraikitzeko kontratuak ziren orduko negozio.

Eta beteko zaizkigu buzoiak propaganda koloretsuz. Funtsean, hautagaien argazki ederrekin batera, egin(go) dituzten obren eta azpiegituren azalpenak. Ziur herri guztietan kirolari bideratutako inbertsioak iragarriko dituztela; ezinbesteko irisgarritasunerako igogailuren bat; ume asko dauden herrietarako, parke politen bat; luxuzko etxebizitzen artean, “babes ofizialeko” zenbait bizileku; ekonomia berdea bultzatzeko-edo makro-inbertsioren bat…

Buzoian, baina, egiturazko arazoei erantzuteko proposamen ausart eta ganorazkoak topatu nahi nituzke nik: arrakala sozialei aurre egiteko egiturazko aldaketak, asistentzialismotik harago; zerga sistema eraldatzailea, aberastasunaren banaketa justurako; segregazioari aurre egiteko politika ausartak eta konprometituak… Eta, hau guztia, eraldaketa soziala bultzatzeko diskurtso eta estrategia esplizitu eta zuzenarekin. Hori guztia eta gehiago nahi nuke.

Baina badakit gehiegi eskatzen ari naizela. Akaso, porlan eta plastiko gutxiago eta espazio berde gehiago, horrekin konformatuko nintzateke.

Eskubideez harago

Azken asteotan eskubide indibidualen defentsa irmoa nonahi: iritzi artikuluetan, sareetan, agerraldietan… Baina ez, ikastetxea aukeratzea ez da eskubidea. Bai, ordea, doako hezkuntza publikoa jasotzea. Hor amaitzen da eztabaida. Hezkuntza sistema ikuspuntu merkantilistatik bizi nahi dugula? Ba hortxe ditugu ikastetxe pribatuak: sartzeko nahikoa diru izanez gero, eta zure izen-abizenak edo jatorria arazo ez badira, barra librea.

Egungo EAEko hezkuntza sistemak arrakala sozialak are sakonago bihurtzen ditu, pribilegioak betikotuz. Hezkuntza arautuko sareen eta ikastetxeen arteko segregazioa da ondorioetako bat. Segregazioa ez delako zoriz gertatzen den zerbait, erabaki politikoek sortzen baitituzte horretarako baldintzak.

Egiturazko arazo bati hautu indibidualekin erantzuten aritu gara orain arte. Sentsibilizazioan, kontzientziazioa bultzatzen… eta matrikulazio garaia izerdi hotzez biziz. Baina ez da nahikoa. Izan ere, gutako bakoitzak, bizitza eta gizartea ulertzeko oso modu ezberdinak ditugu. Horregatik ari gatzaizkio etengabe Jaurlaritzari neurriak eskatzen.

Bost urte behar izan ditu Jaurlaritzak segregazioa ukatzetik neurriak hartzera. Neurri eraginkorrak aplikatu beharrean, baina, irizpide objektiborik gabe eta modu ilunean definitutako zaurgarritasun indize bat erabili du, errenta aintzat hartzera ere arriskatu gabe.

Ezin dugu EAEko Hezkuntza Sailaren zain gelditu. Gure herrietako justizia soziala, herrigintza, euskalgintza eta inklusioa ditugu jokoan. Horregatik, lekukoa Udalek hartu behar dute, hezkuntza komunitateak mahai berean eseri eta neurri zehatzak eta ausartak hartzera behartuta.

Doako eta kalitatezko hezkuntza behar dugu, aniztasunaren kudeaketan euskara ardatz izango duena, eta ez eskubide indibidualak aldarrikatu eta pribilegiatuon irlak eraikiko dituena.

Estreinaldiko ausardiatik

Antzokiko ateak zabaldu, publikoa sartzen hasi eta teloia igo aurreko minutu luze horiek. “Aiaiai, badatorrela, hastera doala”. Halaxe imajinatzen ditut GiTBko kideak, webgune berria estreinatu bezperetan. “Ea ze artikulu dauzkagun weberako…” Eta hortxe, tartean, neurea. Lehen aldiaren urduritasunez idatzitako hitz zaparrada bat. Horixe besterik ez. Ondo dakigun moduan, lehen aldiak ez direlako sekula onak izaten, ez behintzat onenak. Estreinaldi guztiek dute ondoren ontze-garaia… Hala pentsatzea, onena.

Garai mugituetan bizi gara, aldaketa, haustura eta mugimenduz betetakoak. Pandemiaren ondorengoak, akaso. Baina bai, sentitzen dut inguruan hainbat inflexio puntu loratzen ari direla. Koordinatuta ala ez, gertatzen ari dira. Perfektuak nahi genituen harremanen lurreratzeak. Nahiak baina ezinak. Paradigma aldaketak. Pertsonen eraldaketak; eta, horrekin batera, kolektibo eta erakundeenak.

Ez gara linealak. Gorabeherak ditugu. Batzuetan ausardiatik jokatzen dugu, kausa defendatzeko edozertarako prest gaudela sentitzen dugu. Baina, beste batzuetan… “gehiago ezin dut” batek baldintzatzen du gure jarduna. Biziraute hutsak, finean. Ez ote gauden biziraute fasean murgilduta 2020tik, hori galdetzen diot tarteka neure buruari.

Dena den, uste dut badagoela hemen ere muga bat. Geure lanpostu, postu edota konpromisotatik ihes egitea ezin da aukera bat izan, ordezkatzen dugunarekiko ardura jakin bat dugulako. Geure minek eta beldurrek eragina dute gure erabakietan, eta sarri sufrimendu handia dakarte. Horregatik, ezinbestekoa dugu ariketa kontzientea egitea, ardura postuetan oinarrizkoa dena. Lanean, bereziki, rol joko bateko pieza gara, unean uneko txapela jarri behar duguna. Eta, ariketa horretan, zentzuarekin eta ausart jokatzea, hori dagokigu; bai artikuluak publikatzean, bai lidergo ausartak hartzerakoan, baita erabaki gordinak hartzean ere. Gure buruak jomugan jarri arren. Osasun eta on kolektiboa bilatu, batzuetan estuegi sentitzen dugun txapela jarriz.

Goierriko beste plaza honetara txapelik gabe natorkizue, horrek dakarren beldur, ausardia eta zaurgarritasunaz. Zorionez, webguneek badute paperak ez duen askatasun puntu hori. Artikulua sare infinituan galduta geldituko den esperantza faltsu hori. Badaezpada, GiTBko lagunei mezua editatzeko pasahitza eskatuko diet. Edo txapel birtual bat, sikiera.

Ukazioa printzipio gisa

Datuek balio dute egoerak deskribatzeko, gertatutakoak azaltzeko, estatistikak egiteko… Baita errealitatea eraldatu eta hobetzen saiatzeko ere.

XIX. mende erdialdean, Manchester hiriko langile auzoetan bizi-itxaropena 26 urtekoa zen. Industrializazioak ekarritako bizi baldintza gordinen erakusgarri da datua, eta ez da imajinazio handiegirik behar orduko miseriak irudikatzeko. Garai hartan sortutako kontsumo kooperatibak errealitate hori eraldatzeko tresna gisa ulertu behar ditugu.

Gatozen azken asteotako beste datu batera. Ekopol ikerketa-taldeak jakinarazi duenez, Zubietako erraustegian egindako isurketen neurketetan lortutako datuen arabera, 2020an bi mila aldiz gainditu zen kutsadura muga. Kasu honetan ere, datua erabil genezake alternatibak bilatu eta egoera eraldatzeko; esaterako, Zubietako errauskailuan dauden akatsak eta irregulartasunak aztertu eta dagozkion neurriak hartzeko. Edo, bestela, egin dezakeguna da datuak ukatzea, sailburuak egin duen moduan guraSOSi datuak “modu arduragabean” nahastea eta “alarma soziala” sortzea egotziz, adibidez.

Errauskailuko isurien gisara, segregazio datuak ere izugarriak dira. Eta, jarrerak ere, parekoak. Urte batzuk behar izan ditu Jaurlaritzak ikastetxeen artean segregazioa dagoela ukatzetik neurriak planteatzera. Neurri eraginkorrak aplikatzeko, akaso, beste 5 urte itxaron beharko dugu. Bitartean, ikastetxeen arteko desorekek gora egiten segitzen dute, gure herrietan arrakala sozioekonomikoak are eta sakonagoak bihurtuz.

Heldutasunez eta arduraz egin behar genioke aurre egoerari, behingoaz ukazioaren fasea gaindituta. Herritar moduan ikastetxeei zein administrazio publikoei neurri eraginkorrak eskatzeko ordua aspaldi iritsi zen, herrigintza dugulako jokoan. Eta, herrigintzarekin, euskalgintzaren oraina eta etorkizuna.

Irteerak (eta ez-irteerak)

Zurrumurruak soilik iristen zaizkigu Goierrira Ulma eta Orona kooperatiba taldeak Mondragonetik irteteko hartu duten erabakiaren inguruan. Sare sozialetan Mondragon-en sedukzio saiakerak batetik, eta Ulmako Kontseilu Errektoreek egindako salaketak, bestetik. Lurrin goxotik urrun, guztia.

Ulmarena tristuraz bizi dudan horietako bat naiz, aitortuko dizuet. Gogoan dut oraindik nola bizi izan genuen Irizar eta Amporen irteera, botere eta interes talken irakurketa eginda. Ez dakit oraingoan ere botere talkak dauden atzean, gorbata gehiegi dauden esparruetan ohikoa den moduan. Ziur aski denetik izango da, baita interes ekonomikoak ere. Dena den, bada behintzat elementu komun bat irteera hauen artean: ez da inondik inora Lagun-Aro, EPSV-tik irtetea planteatzen. Eta neuretzako behintzat, hau oso esanguratsua eta garrantzitsua da. Ez diodalako zentzurik topatzen sareari uko egitea alde batetik, baina sarearen tresna batzuei eustea, bestetik (arren, argudia dezala norbaitek).

Lagun-Aro izango da, ziur aski, Arrasateko Kooperatiben Esperientziak ekarritako tresna interesgarrienetako bat. Tesi garaietan landutako aurkezpen hau eta Ekonomiaz-en argitaratutako artikulu hau akaso baliagarri izango zaizkizue bere pisua ulertzeko. Azken finean, kooperatiben gorabeherei malgutasunez erantzuteko interkooperazio tresnak biltzen ditu Lagun-Arok, langileen birkokapenak barne. Esaterako, Fagor Etxetresna Elektrikoak erori zenean, bazkide mutualisten birkokapenei esker milaka lanpostu mantendu ahal izan ziren… bazkide mutualisten lanpostuak, hori bai. Dena den, nahikoa idatzi nuen inkoherentzia hauei buruz duela 10 urte.

Lagun-Aro, EPSV-ren 2021eko memoriaren arabera, Ulma taldean 2.410 mutualista ziren bertako kide, eta Oronaren kasuan, 1.720. Bere garaian Mondragon Korporazioa utzi zuten Irizarrek eta Ampo-k ere bertan segitzen dute gaur egun, 717 eta 390 mutualistekin. Honek zer esan nahi du? Ba, Mondragoneko kooperatiba izan gabe ere, Lagun-Aroko kide diren kooperatiben artean ongi definitutako enpleguari laguntzeko elkartasun neurriak aplikatzen direla, bere dimentsio ezberdinetan (ordutegi mugikorra, birkokapenak… guztia webgunean bertan labur azalduta).

Arrasateko Kooperatiben Esperientziak eta bere bilakaerak hobetzeko gauza asko ditu, ziur, baina proiektuaren erresilientzia eta garapenerako tresna hauek ikasgai garrantzitsua dira, beste sareek ere kontuan izan beharrekoak. Akaso, beraien biziraupenari begira ez diete kooperatibek tresnei uko egin nahiko. Logikoa bada, behintzat.