Gutasuna – Baipasa irratsaioko kolaborazioa

Honakoa Euskadi Irratiko Baipasa irratsaioko kolaborazioa duzue, 2024ko otsailaren 8an uhinetan entzun zena. Idatziz nahiago baduzue, elkarrizketako testua gehitu dut.

Gutasunaz ari gara gaur Baipasan eta jo genezaken soziologo edota antropologoren batengana gu-az egon badaudelako teoriak baina gutasuna praktikatzen duen lagun batekin hitz egitea erabaki dugu.

NAROA ELORTZA du izena eta Euskadi Irratiko fitxan agertzen da kooperatibismoa ikertu duela, sindikatu bateko langilea izandakoa dela, gaur egun Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibako kide dela, Biziolakoa ere bai -ekonomia sozial eraldatzailea lantzen dute bertan- , ama da, eskolako guraso elkarteko kide eta une honetan ezin du gurean zuzenean aritu mozorrotutako haurrei taldeko argazkiak ateratzeko hitza emanda dagoelako. Aurrez izan du guretzat tarte bat hartzeko aukera

– NAROA ELORTZA arratsaldeon!

Arratsalde on!

– Ihauterietan “gu” asko ikusten dira: taldean mozorrotzen da jende asko, karrozak ere taldean egiten dira … mozorroen oinarrian ere gutasuna? Umetatik gainera …

Inauteriek eskaintzen dute gutasun berriak eraikitzeko aukera, baina baita gutasunei barre egiteko aukera ere. Garenarekin eta ez garenarekin jolastu, gizarteak ezartzen dizkigun muga eta arauak hautsiz. Amets egiteko modu bat ere bada, esperimentatzeko eta, nork daki, akaso gutasun berriak ere deskubritzeko.

– Zuk ere umetatik elikatu duzu gutasuna? nola eta zertan?

Nitasuna eta gutasuna, biak jaiotzen garen unetik eraikitzen hasten gara. Kasualitateak existitzen diren arren, ikasitako eta ikusitakoek eraikitzen gaituzte. Beraz, nola ez, nik ere elikatu dut gutasuna, kulturalki eta politikoki jasotako herentziatik. Hortxe kokatuko nuke herrigintzarako bokazioa, euskalgintzarekiko konpromisoa, kooperatibagintza… guure aitak zenak utzitako herentzia ere bada, nolabait.

– Zure formazioak ba al du zerikusirik kolektibitateekin?

Ez dakit ba ingeniaritza informatikoa ikastea kolektibotasunaren ikurra den! Aritu naiz ere kooperatibismoa ikasten, atzerrian pertsonen kudeaketa… baina esango nuke Arrasateko unibertsitateko lehen urte haiek izan zirela kooperatibismorako lehen jauzia. Organo kooperatiboak, batzarrak… garai mugituak izan ziren.

– Gerora, gutasuna oso barneratuta duen kooperatibismoa ikertu duzu urte batzutan … arrasatearra izateak bultzatu al zintuen?

Arrasatearra… Mondragonista… adarra ere jo izan didate beste esparru kooperatibista batzuetan. Etxetik jasotakoa da, kalean ikasitakoa, eremu ezberdinetan praktikan jarritakoa. Ikerketaren mundura kasualitatez heldu nintzen. Konturatu aurretik, 2008. urtean lehertutako automozio krisia Mondragon Korporazioan nola kudeatu zen ikertzen bukatu nuen.

Urte oso interesgarriak izan ziren, Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren tresnak gero eta gehiago ezagutu, gero eta miresmen handiagoa sortu zitzaidan.

Baina, bere argi-ilunekin. Autokritikarako zailtasuna dauka mugimendu kooperatiboak, oro har: ze zaila egiten zaigun garena, lortu duguna, perfektua ez dela aitortzea. Ze sanoa den, eta zenbat kostatzen zaigun. Badirudi gu-a kuestionatzeak ahulago egiten gaituela, baina esango nuke hain justu aurkakoa dela. Zaurgarritasunez eta hobetu beharrekoez hitz egiteak proiektu kolektiboa sendoago egiten du.

Eta horretan, aitortu beharko genuke beharrek sortutako gutasunetik, kooperatiba herrigileak eraikitzetik, kasu batzuetan lau pareten arteko ongizatea erdigunean jartzera pasatu garela. Baina mitifikaziotan erori gabe, geure aita zenak zioen bezala, “lehenaldiak hobeak izan zirela” pentsatzea geure burua engainatzea ere badelako.

. nola azaldu ohi duzu kooperatibetako gutasuna?

Neuretzako kooperatibak dira erakunde demokratikoak, langile klasearen burujabetzarako ezinbesteko tresnak. Baina, bereziki, dira gizartea eraldatzeko tresnak. Ez kapitalismo atseginago bat egiteko tresna, edo gauzak ez hain gaizki egiteko moduak. Dira kapitalismoaren aurkako tresnak, kapitalismoaren eskemetan eroso ez daudenak. Bizigarritasuna, zaintza, bizitza, kalitatea, erantzukidetasuna… hori guztia erdigunean duen gutasuna. Edo bilatzen duena, terminoak bere sentitu ditzakeena.

Beno, izan daitezke hori, edo izan daitezke jabekideen elkarteak. Lau paretara mugatzen den Gu-tasun bat, gizarteko arazoekiko loturarik sentitzen ez duena. Edo, areago, kooperatibak izan daitezke ere esklabotzarako tresnak, langileen oinarrizko eskubideei iskin egiteko mekanismoak. Ze hori ere badago. Eta horregatik hitz egin behar dugu, zoritxarrez, ekonomia sozial eraldatzaileari edota kooperatibismo eraldatzaileari buruz. Gu kolektibo, komunitario eta eraldatzaileari buruz.

– Teoria hori praktikara eramateko modua izan al duzu zeu ere kooperatibista egitea?

Kooperatibista naiz, baina ez zorionez kooperatiba batean lan egiten dudalako. Kooperatibista egin nau inguruneak, bizitako esperientziek, eta jasotako herentziek. Horregatik naiz Koop57-ko bazkide laguntzaile, Goienerreko bazkide kontsumitzaile, Biziolako bazkide erabiltzaile… edo Arrasateko euskalgintzako bazkide, hori ere badelako kooperatibismoa.

– Gure fitxan agertzen denez bazara bi kooperatibetako kide:

.Goienerrekoa alde batetik … esan liteke, profesionalki?

Bai, horrela dela esan liteke. Dena den, Goiener kooperatiba integral bat den heinean, bizitzeko, kontsumitzeko eta militatzeko modu bat dela esango nuke, lanpostua baino askoz gehiago. Arrasateko kooperatiba industrialez haragoko esperientzia bat ezagutu dut Goienerren, herrigintza, militantzia eta lan burujabearen arteko nahasketa bat. Ekonomia feministari buruz hitz egiten den leku bat; zaintzak, komuneko paperak edota fardelek beren espazioa duten leku bat. Baina, bereziki, geure burua kuestionatzeko eta gutasuna zalantzan jartzeko espazio seguru bat.

Imajinatzen dut baduela honek Arrasateko kooperatiben hastapenekin ere lotura, baina lurrari, burujabetzari eta bizitzari estuago lotutako errealitate bat dela esango nuke. Bizitzeko modu bat, akaso?

.Eta Biziolan, bizi planteamenduak bultzatuta? ( zer da zehazki Biziola?)

Biziola da artefaktu bat. Goierri burujabe eta bizigarri bat amestu eta errealitate bihurtzeko tresna bat. Biziolaren prozesua hasi zen duela 4 urte, Goierri mailan ekonomia sozial, solidario eta eraldatzailearen bueltan genbiltzanon topaketa gisa. Biziolak badu beste mugimendu kooperatiboekiko ezberdintasun handi bat, neuretzako gakoa dena: elkartzen ditu norbanakoak, kooperatibak, irabazi asmorik gabeko elkarteak… eta sindikatuak. Eta errealitate horretatik, aniztasun ikaragarri horretatik, baliabide gutxirekin eta militantzia handiarekin ari gara ametsak eraikitzen.

.Ze “gu”rekin egiten duzu topo batean eta bestean?

Ez dakit gutasun oso ezberdinak ditugun bertan. Profil aldetik, nahiko antzekoak garela esango nuke, oinarri asko ditugula komunean, kolektiboak ezberdinak izanik ere. Ezberdinak… baina, zintzoki, ez hainbeste. Ze, azal koloreak, kulturak, gurasoen jatorriak… ez gaitu gehiegi bereizten.

– Guraso elkarteko kide ere bazela aurreratu dugu … bestelako gutasun bat ari al zarete lantzen Ordiziko Urdaneta ikastetxe publikoko guraso elkartean?

Badago gutasun bat, erresistentziatik, bizirautetik sortzen dena. Horixe da Ordiziako eskola publikoko komunitatearen oinarrietako bat. Ikaragarrizko desoreka sufritzen dugu Ordiziako ikastetxeen artean, Eusko Jaurlaritzak urte luzez ukatua eta, ondoren, bultzatzen segitu duena. Testuinguru honetan, azken urteotan guraso elkartean eta hezkuntza komunitatean egindako lanketak izugarrizko pisua du. Erantzuten dio %20ko migrazio tasa duen herri baten errealitate konplexuari, erantzuten die gizarteko arrakalei, erantzuten dio euskalgintzan galtzen ari garen partidari. Erresistentziatik diskurtso eta oinarri politiko sendoak sortzen ari gara, segregazioaren gaia herriko plazara eramanez.

Are gehiago, aniztasunaren kudeaketaren bueltan ari gara GU bat eraikitzen, denona eta denontzat izango den eredu bat. Ekintza txiki eta proiektu handien bidez, komunitatean eta komunitatearentzat.

– Sindikatu bateko langile ere izan zinela aurreratu dugu … edozein sindikaturen zoruan “gu” indartsu bat al dago?

Kooperatiba guztiak kooperatiba ez diren moduan, ausartuko naiz esatera sindikatu guztiak ez direla sindikatu. Ez daudela, behintzat, gizarte eraldaketaren alde.

Sindikatu borrokalari eta eraldatzaileen subjektuari buruz aritzean, bai, gu indartsu bat dago atzean. Erresistentziak eta borrokak eraikitzen duen subjektua. Ordiziako eskola publikoan gertatzen zaigunarekin lotzen dut nik, egia esan. Badago misio bat, helburu bat, motibazio bat. Eta hor, gure arteko ezberdintasunak ezberdintasun, batuta goaz. Batuta gaudenean, geure gainetik izarrak bakarrik ditugulako.

Zure ibilbidea markatzeko adinakoa?

Erabatekoa. Mondragonetik hasita, sindikatutik pasatzeak, langile klasearen prekarietate gordina ezagutzeak, beste errealitate ikusezinak ezagutzera eraman ninduen. Horrek ekarri nau hona, kooperatibismo eraldatzailea eta denona eta denontzat izango den hezkuntza inklusiboa aldarrikatzera.

– Sor litezke gutasun ezberdinen artean kontraesanak eta mugak?

Etengabekoak. Gure kontraesanek zeharkatzen gaituzte uneoro, baina kontraesanak aitortu, horiek bizi eta, bereziki, kontraesanentzako ibilbide orria buruan izateak norabidea ez galtzen laguntzen digu. Aitortza, uste dut eraldaketarako ezinbesteko pausoa dela. Aitortu egindakoa, eta aitortu gure zaurgarritasunak.

– “Gu”ak izan litezke itxiak eta izan litezke irekiak … Nola landu malgutasun hori?

Oinarri komunek elkartzen gaituzte. Eta oso gizarte heterogeno, anitz eta konplexuan bizi gara. Hor kokatzen gaur egun. Eta hortik, oinarri komunak eraiki behar ditugu. Ezberdintasunetik proiektu komun eta kolektiboak osatzera. Gogoan izanda, uneoro, sarri ertzetakoen izenean ertzekorik gabeko alternatibak eraikitzen ditugula.

– Ondorio hauetara guztietara Naroa, nola iritsi zara?

Aritzea izan liteke aditu bihurtzeko modu bat?

Aditua baino, aritua, uste dut terminoak eraldatzea garrantzitsua dela. Marko teorikoak ezinbestekoak diren arren, ibilbide bat egiteko eta posizioak mugitzeko borondatea ezinbestekoa da.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude