Quantcast

Heldulekuak

“Krisi egoeretan shocketik salbu mantentzen gaituena gure errelatoa da: nor garen, gure erroak, gure ibilbidea, gure historia.” Halaxe dio Naomi Kleinek “Shockaren doktrina” (2009) dokumentalaren hasieran, 2008an lehertutako krisiaren testuinguruan.

Orduan ere krisi sistemikoaren ideiarekin luze aritu ginen: sistemaren kaosa, krisi ekonomikoa, ekologikoa, demografikoa, kulturala… Eta egungoa ere ez da oso ezberdina. Osasun larrialditik irten gabe, larrialdi ekologikoari buruz aritu zaizkigu, krisi energetikoaz… eta, azkena, gerra.

Krisi sistemikoaren eta kolapsoaren ideiak berriz ere protagonismoa hartzen du, bakean uzten ez gaituen euli gisa. Etorriko den kolapsoaren aurrean, lehengaien gaineko espekulazio saio berri bat da gaur egungoa. Baina ez, kontsumo maila hau ez da bideragarria.

Eta egoera honen aurrean, zer? Kleinen hitzek heldulekua eskaintzen digute. Geure errelatoari begiratzen badiogu, geure bideari, irteteko modu bat badaukagula ikus dezakegu. Une zailenetan ere, erresilientzia gaitasuna erakutsi dugulako; inteligentzia kolektiboak aurrera egiteko tresnak eman dizkigu.

Kleinen heldulekuak, baina, norabidea behar du nora begiratu jakiteko. Zein den geurea? Goierri bizigarria lortzea, bizitzako beharrei erantzungo dien ekonomia eraikitzea. Krisiei eta mugei ezikusi egingo ez dien ekonomia, lekukotik lekukoarentzat eraikiko duena.

Biziola Fabrikaren aurkezpen egunean iluntasunean azaldu den argi izpiari buruz hitz egin genuen, baina poesiaz harago joan behar dugu. Erronka handia da, eta ezinbestekoa dugu alternatibak osatzeko egiturak lehenbailehen sortu eta martxan jartzea. Fabrikak aukera eskaintzen digu, proiektu komun eta kolektiboa eraikitzeko aukera. Ezberdinen arteko aliantzak jostekoa, muturretatik baino, elkargunetatik eraikiz.

Bidea helburu

Aspaldi galdu nuen blogeko edukiaren zati bat berreskuratu dut lagun bati esker. Fagor Etxetresnak itxi zen urtekoak dira azken mezuak, 2013 amaierakoak. Hasi naiz begiratzen blogean zenbat kontu jartzen nituen… eta aizue, zelako emaria. Asteroko eduki finkoak, iritzi artikulu formal eta informalen bilduma, ikus-entzunezkoak… Sare sozialetako mezu motzetatik harago, hitz aspertuei eta hausnarketei tartea ematen nien seinale.

Eduki aldetik, Puntuako artikuluen ildo bertsuko mezuak dira ordukoak ere. Freskoagoak eta arinago idatziak, akaso. Baina egia da badaudela termino batzuk garai hartan presente ez nituenak: zaintza, esaterako. Ez dut uste hau soilik nire egungo egoera pertsonala ezberdina delako izango denik. Ausarta izango naiz, eta esango dut gizartean eta aldarrikapenetan presenteago dugula orain bizitza erreproduktiboaren inguruko diskurtsoa. Mugimendu feministaren garaipenaz gain, oinarrizkoetara itzultzeko beharra egon liteke atzean. Makinak gelditu eta nora goazen hitz egiteko beharra badugulako. Nora, eta nola. Nolak esaten digulako benetan zein den gure norabide eta noranzkoa, diskurtsotik harago zer ari garen eraikitzen.

Bizitza erdigunean aldarrikatzen dugu behin eta berriro. Erakunde eraldatzaileetan pertsona erdigunean egon behar duela, besterik ez dugu esaten. Baina… ai! Ze zaila den. Ze zaila den mundua konpontzen saiatzea, eta horretarako denbora eta patxadarik ez dugula sentitzea. Zorionez bilerak “zer moduz gaude” galdetzen hasten ditugu orain, baina egia da lan erritmoak ez direla larregi aldatu, makinek topera segitzen dutela. Kontziliazioa nahi bai, baina errealitatean… guztia egiten segi nahi dugula, erritmoak errespetatu gabe. Badugu honetan ere zer hausnartu, zer ikasi. OFF botoia bilatzen hasi beharko gara, makinak erre aurretik.

Berotasun bila

Leihoko markotik sekulako hotza sartzen da. Beno, egia esan etxea zirrikituz beteta dago. Hemen ez dago isolamendurik: etxe zaharra da, iluna eta hezea. Ez da gure etxea, ez. Alokairu jasanezin bat ordaindu behar dugu hilero. Jasotzen ditut laguntzak, bestela ezingo nuke aurrera egin. Baina… ai! Neguko egun hotz hauetan jatordu duina izan edo etxe txiki hau epel mantendu, bien artean aukeratu behar izaten dut. Pobrezia energetikoa deitzen diote. Familia asko omen gaude horrela, duintasuna mantentzeko ikaragarrizko zailtasunekin. Ikusezinak garen arren.

Halaxe da, bai. Argindarraren eta gasaren prezio ikaragarriak, soldatak ez bezala igotzen den KPIa, alokairu garestiak… negu hau sekula baino hotzagoa da etxe askotan. Eta uste dugun baino hedatuago dago pobrezia energetikoa. Zortez, aurreko paragrafoa ez dut lehenengo pertsonan bizi, baina inork ezin dit ziurtatu noizbait hala izango ez denik. Gaintzako hilerriko ateak ere halaxe dio: Gaur ni, biar zu. Prekarietateari buruz hala genion, eta pobreziak ere hala dela erakutsi digu.

Langile pobreen garaiotan, komunitatea indartuko duten politikak behar ditugu, esparru guztietan. Behar ditugu komunitatearen ahalduntzean oinarritutako proiektu publikoak. Behar ditugu proiektu horizontalak, lehen pertsona singularra plural bihurtuko dutenak. Behar ditugu zailtasun gehien dituztenak saretuko dituzten politikak, bazterkeria eta zaurgarritasuna sufritzen dutenengana iritsiko direnak. Eta, bide honetan, artikulua baliatu nahi nuke Zabalduz kooperatibaren Batzen proiektuari merezi duen aitortza emateko. Gizarte bazterketan dauden gazteak laneratzeko harrera sistema honi esker, kolektibo zaurgarrioi emantzipatzeko aukera emango dien baldintzak sor ditzakegu. Hau ere elkarlanean eta saregintzan, duintasuna guztiok merezi dugulako.

Elkar zaintzen segitzeko garaia

Eskola publikoa aukeratzeko arrazoiak zeintzuk izan ziren azaltzeko artikulua idaztera ausartu nintzen; badaezpada, matrikulazio epea bukatu zenean. Izenburutik hasita banderizoen aurkako mezua zen arren, ikastolen aurkako bandoan kokatu ninduten hainbatek. Mezua ulertzeko gaitasun faltagatik akaso, itsukeriagatik beharbada, edota segregazioaren aurrean beren burua justifikatzeko beharragatik. Zorionez, ikastoletako hainbat gurasok eskertu zuten artikulua, guztiak banderizoekin eta segregazioarekin arduratuta daudenak, ziur aski.

Dena den, ikastola-eskola publiko eztabaidatik harago doa banderizoena. Edozein gai dela ere, “nire aurka” edo “nire kontra” argudioa nagusitzen da aspaldion sareetan, eta zalantzek ez dute lekurik. Osasun larrialdiak, beldurrak, ezinegonak… guztiek lagundu dute poloak elikatzen, baita txertoen eta osasun publikoaren kontrako mezuak hedatzen ere.

Ia bi urteotan saiatu naiz osasun kontuetan poloak ekiditen eta kritikotasuna mantentzen: txertoen eta medikuntzaren garrantzia aldarrikatzearekin batera, farmazeutikekiko kritiko izanez; bidezko osasun neurriak eskatuz, eta era berean gobernuek kontrolerako tresnak erabili izana kritikatuz. Baina, bereziki, osasun publikoaren pribatizazio eta prekarizazioa salatzen saiatu naiz, gaur egun ere sufritzen duguna: lehen arreta prekarioa, hilabetetako itxaron zerrendak, hizkuntza eskubideen urraketa…

Halaxe harrapatu gaitu olatu berriak, osasungintza ahularekin. Titularretan, baina, ez ditugu topatuko osasungintzako profesionalak jasaten ari diren presioa eta lan karga izugarriak. Aztarnariak ezinean dabiltza, langile berriak noiz iritsi zain, berriz ere aurrekontu murriztaileen menpe. Kalitatearen Covid pasaporterik balego, gobernu honetako osasun agintariek ez lukete jasoko, zalantzarik gabe.

Motorrak berotzen

Argindarraren prezioa. Zahar egoitzetako baliabide eta arreta falta. Segregazioa. Arrakala sozialak. Prekarietatea. Emakumeon aurkako indarkeria. Laneko heriotzak.

Amaigabeko zerrenda, baina kaleak hotz ditugu. Haserre eta amorrurik ez da nabari, zenbait bilkura, greba eta pankartez harago. Iluntasunera ohitu garelako izango da akaso. Nekea izango da bestela. Etsipena. Eta etsipen horretan, amestea ere ahaztu zaigu. Irudikatzea, sortzea, eraikitzea. Beharrez betetako garaiak ditugu, baina tresnak falta zaizkigula dirudi.

Hain zuzen ere, kooperatibismoaren rola beharrak estaltzea izan da bere hastapenetatik. Hor kokatu behar ditugu, esaterako, industrializazio garaian biderkatutako kontsumo kooperatibak: oinarrizko produktu eta elikagaiak langileen eskura jartzeaz gain, ehun soziala berreskuratzeko tresnak ziren beren baitan, komunitatea eraikitzeko erremintak. Kontsumo kooperatiben rol garrantzitsua ikusteko, baina, ez dugu zertan XIX. mendeko Ingalaterrako Rochdale hirira jo behar. Gertuago ere baditugu kontsumoa kooperatibizatzeko hainbat esperientzia sendo: energian, teknologian eta elikaduran, besteak beste. Goierri bera bada ekintzailea kontsumoa kooperatibizatzen… eta politizatzen. Izan ere, sendotu diren proiektuen oinarrian bada helburu politiko bat, bizirauteaz harago doana: kontsumoa eraldatu nahi da, demokratizatu, bizitza erdigunera eraman.

Gehiengoaren beharrak larriagotzen ari diren honetan, ezinbestekoa dugu alternatibak josten eta eraikitzen joatea, eta Goierrik arrakastarako osagai asko ditu. Baditu kontsumo kooperatibak, bai, baina baita ere lan elkartuko kooperatibak, eragile sozialak, komunitarioak, ehun industrial kooperatibo zabala… eta badu eskualde izaera, nortasuna. Horregatik, ezin diogu aukerari ihes egiten utzi. Eraikitzeko garai berriak datoz, freskoak, ilusioz betetakoak, eraldatzaileak, saregileak.