Quantcast

Ari gara

Enpresa piramidalei inbidiaz begiratzen diet batzuetan: eskema zurrunak, ondo definitutako funtzioak, esplizitatutako botere guneak, washing pixka batekin disimulatuak… estandar garbietan oinarritua guztia. Gogorra bezain sinplea.

Bestelako eskemetan lan egiten saiatzen ari garenontzat, berriz, konplexutasuna nonahi. Lan molde berriak definitu eta geureganatzen saiatzen gara, ingurunea kontrara daukagun arren. Errepikatzen diogu geure buruari bizigarritasuna, eraldaketa… eta tarteka ausartzen gara eskubide indibidualak proiektu kolektiboan kokatzen, oreka konplikatu eta kasik ezinezkoa bilatuz. Zelako borroka geure barruan, barruraino sartuta dauzkagun parametroak deseraikitzen.

Lehen pentsaezinak ziren errutinak sortu ditugu. Hasten ditugu bilerak “zer moduz gaude” batekin, sentimenduei espazio bat emanez; besarkadak, malkoak, familia… eta txokolatea. Baina, funtsean, makinek ez dute gelditzeko aukera handirik. Kapitalismoak sortutako larrialdiei, eraldatzaile on gisa berehala eman behar baitiegu erantzuna. Eta hortxe jausten gara kapitalismoaren atzaparretan. Bere zirkuluaren abiadura itogarrian, bizigarritasunari iskin eginez, iskin egiteari ezin utziz.

Noizbehinka lan ordaindua eremu eraldatzailetatik kanpo desiratu izan dut. Imajinatzen hasten naiz nire jardunaldi murriztua murriztua izateko aukera, imajinatzen dut militantziarako indarra izatea, enpresako atea itxi eta hango arazoak neurekin ez ekartzea… Baina akaso hori ez da hainbeste lantokiaren lekua, bizitza ulertzeko modua baizik. Geure burua zaintzetik ingurua zainduko duen sistema eraikitzen segi beharko dugu, zailtasunak zailtasun, botereguneak identifikatu, beharrezkoa bada irauli, eta geure burua ispiluaren aurrean jarriz. Aitortuz ari garela, eta aritze horrek ere baduela meritua bere baitan.

Ikasturte berria

Ipuinak kontatzen pasa dugu uda, lehengusuz lehengusu heldu zaizkigun liburuekin: Txorimaloa, Tulipa txikia, Zuria izan nahi zuen hartza, Lau anaia… Eta istorio horietatik eratorritako bertsioekin. Irailarekin batera, baina, elkarrizketak aldatu zaizkigu. “Mohamedek autobusa hartzen du”. “Atzo Enekok autobusa hartu zuen” (atzo, hitz indefinitu hori!). “Laaibah kaskamotz etorri da!” “Matthiasek ipurdi beltza dauka… eta ez du kasurik egiten!”

Halaxe hasi dugu ikasturtea, isildu gabe eta eskolara joateko gogoz. Matthiasek, berriz, ez dirudi oso pozik joan denik. Ez da erraza izan behar 3 hilabeteren ondoren hizkuntza berriarekin komunikatu ezina. Enaitz eta Enarak berriz, gurasoei txantaje emozional latza: “amatxo, bihar negar egingo dugu”. Barre egin dugu, Oihan bizikleta gorrian ikusi dugun bitartean. 3 urte ederrak dira, abestiz eta ipuinez betetakoak.

Aurten iaz baino presenteago izango dira hizkuntza ezberdinak txikiaren gelan. Errumaniera, Senegalgo ingeles bitxia, Ekuadorreko gaztelania… eta zorionez goierritarra ez den euskalkiren bat. Eutsiko diogu, bai, geureari! Ziur aski guraso denok pentsatuko dugu gauza bera, geure hizkuntzari eutsiko diogula. Zoritxarrez galtzekoak nik dauzkat: arrasatear gutxi Ordizia aldean. Euskaradunak ere gutxi gure klasean.

Hain zuzen ere, hizkuntza galtzea izan da segregatutako ikastetxean matrikulatzean izan dudan beldurrik handiena. Eta ari gara, bai, erresistentzia eta arnasguneak sortzen, ahalegin handiz. Okerrena, baina, kaleko panorama da. Euskararik ez, erdaldunduta dauzkagu tabernetako terrazak. Eta aizue, errumaniarrik ez inguruan. “Bertakoak” erdara peto-petoan. Batzuk konbikzio politikoz ikasi nahi ez, eta beste askok konbikzio politiko (ez-)kontzienteaz hitz egin nahi ez.

Zelako panorama, non eta Goierri bihotzean.

Eta orain, kolapsoa

Oporren azken egunean ari naiz ordenagailu parean hitz solteak josi nahian, Goiberriko irakurle finek zer irakurri nahiko ote duzuen asmatu guran. Udan gure etxean zaharrak berri izan ditugu, azken hilabeteotako joerak ez dira aldatu: eguraldi lehorrarekin arduratuta, argindarraren kontsumoarekin tentuz, erosketen zerrendarekin adi… lotarako eta deskantsurako tarteak, horiek izan ditugu nobedade. Zuek ere antzera, ezta?

Nekatuta nabari dut burua, etsipenez eta beldurrez bustitako giroan. Kolapsoari buruz ari zaizkigu bat-batean komunikabideak, gauza berria ez den arren. Gogoan ditut oraindik Usurbilen Auzolan-ek antolatutako jardunaldi haiek, Joseba Azkarragari zetorrenari buruz hitz egiten aditu genion hura. 10 urte baino gehiago pasako ziren ordutik, baina badirudi ez dugula gehiegi ikasi. Komunikabideetan kolapsoa shockaren doktrina gisa erabiltzen hasi diren artean ez diogu datorrenari erreparatu… eta ez dakit oraindik gure bizitza ereduaren inguruan hausnartzeko tarterik hartu dugun. Ausardia ere behar da, egia esan, guztia zalantzan jartzeko: gauez bonbila piztetik ur txorrota zabaldu eta edatekoa izatera.

Energia eta baliabide naturalen krisiek gure bizitzak baldintzatu dituzte etengabe. 70eko hamarkadako krisialdian, 90ekoan, 2008an… eta jatorri berbera duten gerra guztiek. Baina ez dugu ikasten. Oligopolioen esku segitzen du merkatuak, eta Iberdrolak Extremaduran kolonizazio energetikoa egiten duen bitartean (irakurtzekoa Argian Urko Apaolazaren artikulua), gurean ere antzera. Lur emankorrak industriak hartu zituen lehenengo, etxebizitzek gero… eta plakak ditugu orain gure artean. Negozioa, guztiaren gainetik.

Baina kolapsoaren beldurrak ez gaitzala geldiarazi. Kontrara, bultza gaitzala txikitik eraldatzera, antolatzera, borrokatzera eta komunitatea eraikitzera.

Kooperatiben Eguna

Adin-mugarik gabe, gure bideen jabe. Espazioak hartuz, gure aukerak sortuz, konplexurik gabe, gure lanabesen jabe. Halaxe ari gara kooperatibismoa eraikitzen. Aukerak sortzen, kolektiboan eta kolektibotasunerako.

Kooperatibismoaren oinarrian, baina, ikaskuntza dago, ikaskuntza indibiduala eta kolektiboa. Zertarako? Barrurantza hazita, kanpokoa eraldatzeko. Jon Sarasuak ederki laburbiltzen du: Tituluak birrindu, barrurantza hazi. Ikasteko sortu eta sortzeko ikasi.

Izan, egiteko izan. Egin, izateko egin. Aldarrikapenez harago, egiteak eraldatzen duelako errealitatea, eta egiten ikasten dugulako izaten.

Baina kooperatibak ez dira kooperatiba, herria eta herrigintza bere DNAn ez badute, eraldaketa soziala bere diskurtsoaren ardatza ez bada. Herria lantegi, lantegia herrigile eta lantegia herri. Sinesten dut, kontraesanekin eta izerdi patsetan bada ere, Goierrin horretan ari garela. Sinesten dut guztion artean Biziola lantegi herrigilea eraikiko dugula, bidean eragile publiko, komunitario eta sozialak saretuz.

Kooperatiben nazioarteko eguna pasa berritan eta bere heriotzaren urteurrena iristear, geure aitari esan nahi nioke beti izango dugula gogoan. Beste hainbat eta hainbat gizon-emakumerekin batera, gure txikigintzaren ameslariak direla, egile eskuzabalak, utopiaren errealistak. Bosgarren olatu kooperatibo honek zuek moduko haizemendiko zuhaitzak behar ditu, zalantzarik gabe.

Eta bagoaz. Bagoaz hanka bat lurrean, beste bat airean. Bagoaz aurrera, geure aurrekoengandik ikasitakoarekin eta egungo gizartearen beharrak oinarri hartuta. Bizitzaz arituko gara, oinarrizkoaz, elikaduraz, burujabetzaz. Eta kooperatibismoa eraikitze honetan, bizitza erdigunean behar dugula behin eta berriro gogoraraziko diogu geure buruari.

PD: Letra etzanez Mondragon Korporazioaren sinfoniako letra.

Ospatzeko arrazoi bila

Fresko antzean hasi dugu uda, udaberriak lehor-lehor utzi dituen belardien lasaitasunerako.

Azken egunotako euriei esker, lasaiago jango dute Udalatx azpiko abere eta baratzeek, eta ziur kaleko kotxez betetako baserri bideek ere hartuko zutela lasaitua. Iraunkortasuna eta ekologia bogan ditugun garaiotan, harrigarria iruditzen zait garraio publikorik gabeko auzo turistikoak izatea oraindik. Turismoaren edo energia azpiegituren aitzakiarekin, hiritarrok segitzen dugu lur emankorrak erasotzen; herri garapenaren izenean plakez, kotxez eta inora ez daramaten tren azkarrez betetzen. Funtsean, eredu aldaketarik nahi ez dugun bitartean.

Lainopean bai, baina panorama eskasarekin hasi dugu uda. Bai hemen, baita aberatson onespenarekin iheslarien hilerri bihurtu diren mugetan ere.

Baina behar ditugu. Behar ditugu aitzakiak ospakizunetarako, festarako. Bila ditzagun aitzakiak, sinesmen paganoak, elizkoiak edota komunitarioak, gure osasun emozionalak eta kolektiboak eskertuko duelako.

Halaxe egin genuen Ordizian, gure eskola publikoaren jaia ospatuz. 700 lagunetik gora elkartu ginen herriko frontoian, kolorez, janzkeraz, hizkuntzaz eta kulturaz bustita. Segregazioa sufritzen dugun eskola eta herria da gurea, baina erresistentziak behar du ere bere pozerako espazioa. Horregatik hartu genituen kaleak, poltsiko eta sinesmenak kontuan hartu zituen menuarekin tripa betez. Eskola publikoko komunitatea euskalgintzako eragile garela aitortu genion geure buruari, konplexuak konplexu. Eskertu genien erretiroa hartu zuten irakasleei inklusioaren alde egindako lan itzela. Intersekzionalitatea eguneroko menua dugu gurean, eta sekula baino harroago sentitu nintzen komunitate horretako kide izateaz. Irlarik gabeko herria eraiki dezagun, euskara ardatz izango duen kolore anitzeko gizartea os(p)atuz.