Ez du lagunik izango”

Gurasotasuna prozesu sakona eta gorabeheratsua da. Erakusten digu gure beldurrak nola islatzen ditugun gure txikiarengan, ikasitakoak eta ikusitakoek nola baldintzatzen gaituzten… eta behartzen gaitu une batzuetan gure beldurrak gainditzera, gure sinesmenei uko egitera, eta apustuak egitera. Gure printzipioen alde, gure erosotasunaren aurka, sinetsita egiten dugun hori gure txikiarentzat onena dela.

Ane Labaka Mayozek ondo zekarren moduan, “espainolez hitz egingo du” eskola publikoan ikasten badu, horixe da euskaltzale ororen beldurretako bat, matrikulazio kanpainan plazan eta parketan errepikatzen dena. Sinetsita, akaso, ikastolara joanda umeak euskaltzale eta euskal hiztun porrokatu eta konprometituak bihurtuko direla.

Baina matrikulazio kanpaina ez da beldur horretan gelditzen. “Zure umeak ez du lagunik izango eskolara badoa”. Halako gordin. Eta hor hasten dira gure beldur oinarrizkoenak dantzan. Bakardadea, bazterketa, onartua ez izatea… momenturen baten edo bestean denok sentitu dugun zerbait. Eta gure txikiarentzako desio ez duguna.

Beldur hori, baina, testuinguru sozial jakin baten kokatu behar dugu. Aniztasunaren kudeaketa gure ikasgai pendienteen artean daukagu, eta zeharkatzen gaituzten beldur gordin horiek badira ere gure erresistentzia, muga eta aurreiritzien ondoriotako bat. Asumitzeko zaila den arren, ez dakigu gure txikiak zeinen lagunak izango diren, zeinekin maiteminduko diren (ala ez), zer ikusi eta entzungo duten, non biziko diren, aniztasuna onartzeko gai ez diren lekuetatik ihes egin beharko duten…

Badugu zer desikasi eta zer deseraiki. Saia gaitezen errespetutik beraien bidelagun izaten. Eta saia gaitezen, bene-benetan, gizarte inklusibo bat eraikitzen. Goierritartasunak hamaika kolore, hizkuntza, ohitura eta bizimodu dituelako bere baitan.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude