Hileko artxiboak: abuztua 2005

MUXIA – FISTERRA (A Coruña)

Kostako bideari jarraiki Fisterraruntz abiatu gara. Fisterra orain herri bat den arren, Costa da Morte guztia zen zeltarrentzat Fisterra, lurraren kurbatura ikus zitekeelako itsasoan. Fisterra baino mendebalderago bi lur mutur ateratzen dira Espainian, Nova eta Touradiña. Azken honetara joan gara eta merezi du bidetik irten eta 4 kilometroko joan etorria egitea bertan ikusten dena ikusteko.

Fisterrara bidean beste hondartza polit bat ere ikusi dugu. Fisterran sartzean zuzenean itsasargiraino jo dugu. Oso polita hemendik ikusten dena. Aitor hemen dugu zain, Santiagotik autobusean etorri da, Josebarekin batera etxerako bidea bizikletan egin behar du kostatik, zelako morala.

Albergera joan gara eta azaldu digute Santiagorako bidearen luzapen bat dela baina elizak ez ei du onartzen. Arratsaldeko 3ak arte ezin garela sartu eta hondartzara joan gara, Muxian baino zerbait epelagoa dago ura.

Albergean asko itxaron ondoren bazkaltzera. Gaur mariskada tokatzen da. Don Percebe jatetxean jan dugu. Atera dizkigutenak honakoak: percebeak, almejak, mejiloiak, langostinoak, nekorak eta nabajak, oso ona!! Mariskada eta erdi zenez, 75€, ez dago batere gaizki.

Bazkalostean Joseba eta Aitor abiatu dira eta Julen eta biok gelditu gara bakarrik.

Nirekin klasean aritutako Ander izeneko eskoriatzar batekin elkartu gara. Batera egin dugu afari pasada, egia esan 6etan bazkaltzen amaitu ostean ez geneukan gose larregi.

Bihar etxeruntz. Badaukat gogoa!

SANTIAGO COMPOSTELA – MUXIA (A Coruña)

Bidean esan ziguten Muxia eta Fisterra ere bisitatu egin behar direla eta benga beste bi egun gehiago.

Gaur Muxiaraino, bihar berriz Fisterraraino. Albergeko kafetegian gosaldu ondoren, martxa. Turismo bulegoan Galiziako errepide mapa bat hartu dugu gida bezala. Bidea erraza da, Muxiaraino ia zuzen joan gaitezke bide ezberdinak hartuta.

Negreiran geratu gara bizikleta denda batean. 2 erradio puskatuta neuzkan eta konpondu egin behar.

Hurrengo geltokia Baiñasen izan da, denda batean jatekoa erosi eta bazkaltzeko.

Bazkalostean Muxiaraino heldu gara. Bide guztia oso malkartsua da, paisaia zoragarria da bestela. Muxiako albergean informazioa jaso, Muxiá eman digute hemen, Erromesbidea benetan bertan bukatzen omen da ta. Hemen Donejakue apostoluari ama birjina agertu omen zitzaion eta Santiagoren ondoren bigarren hiri garrantzitsuena ei da erromesaldian, gero atzetik Fisterra eta Padrón ditu.

La Virgen de la Barca bisitatu aurretik hondartza batera joan gara. Aspalditik esaten genuen atlantikoan bainatu egin behar ginela, biluzik egin dugu gainera, baina ura izoztuta dago, ze hotza!

La Virgen de la Barcara joan gara. Harri batek barkua irudikatzen du, beste batek branka eta horrela. Zelten arabera beste esanahi batzuk dituzte. 70 tonako harri bat mugitu egiten da nahiz eta orain lurrari lotuta dagoen. Zulo bat duen harriaren azpitik pasatu behar omen da bederatzi aldiz, giltzurruneko arazorik ez edukitzeko.

Eskultura haundi bat dago, Prestigek Galizian sortu zuen zauria irudikatzen duena, ederra eskultura, gaitz izugarri baten isla, NUNCA MAIS!!

Albergea izan turismo bulegoa zen eta hara itzuli behar izan dugu gero beraiek lo egin behar dugun kiroldegira eramateko. Aretxabaltar bat eta Lizarrako bat ezagutu ditugu.

Afaltzeko Coral edo bestela El Cordobes gomendatu digute artisau ferian zeuden Lucianok eta Quijotek. Coral itxita zegoenez, El Cordobes. Mariskoa jateko gogoa genuen, baina ez zeukaten mariskada, bakarka baizik. Lubina ederra jan dugu. Txarrena zerbitzari bakarra zebilela hainbeste mahai eta jente atenditzeko.

Afaltzetik irtetzean, bidaia guztian zehar lehenengo aldiz, sudadera jantzi behar, haizeak fin jotzen du eta. Ea bi koltxoneta finen gainean nola egiten dudan lo.

SANTIAGO COMPOSTELAKOA

Goizeko 9:30etan iratzargailua joka, ta gu oraindik atzoko ajearekin. Jantzi eta traste guztiak batu behar. Beherago dagoen gazte albergera joan behar dugu, erromesen albergean gau bakarra egin baitaiteke.

Dena gertu dugunean abiatu gara Santiagoruntz. Atzoko toki berean autobus zenbaki bera hartuta. Taberna baten gosaldu dugu, gero mezetara joateko, hemen gaudela joan egin beharko dugu. Atzo esan ziguten erromesen batzuk botafumeiroa martxan jartzeko inzentsua erosia zutela, kilo bakoitzak 60€ balio ei ditu gainera. Botafumeiroa ikusteko aukera izan da beraz guretzako mezetara joateko arrazoi bakarra, Josebarentzat ezik.

Katedrala gainezka dago. Lehenengo hitzegin duen apaizak isiltasuna eta kamerak ez erabiltzeko eskatu du hainbat aldiz, eta giroa zerbait baretu denean hasi da elizkizuna. Ama birjinaren eguna denez, Santiagoko artzapezpikuak emango du meza.

Erromes batzuek meza ordaintzen dute eta hasierako denbora, 5 minututik gora, leku bakoitzetik abiatu den jendearen jatorria esaten aritu da, ordaindu duen jendearena noski.

Ondoren lauzpabost hizkuntzatan agurra eman eta hasi da benetako elizkizuna. Hau betiko izanda, gauza berezi bakarra Aitagurea latinez abestu dutela.

Iritsi da momentu interesgarriena, botafumeiroa bete dute eta hasi dira bosten artean mugitzen. Badirudi goikaldea jo behar duela eta beste batzuetan berriz sokatik askatu behar dela. Ikusgarria benetan. Jente guztia argazkiak ateratzen eta bideoan grabatzen.

Meza ondoren bazkaltzera joan gara. Kanpotik ikusita prezio interesgarriak zituen jatetxe batera jo dugu. Erdi bejetarianoa zen, eta jana ona zegoen arren guri gutxitxo iruditu zaigu.

Bazkaltzen ari ginela heldu dira Iria eta Aitor. Iriak autobusa hartu behar izan du, norbaiti komentatu dio eta erromesen bulegokoak aditu, ez diote Compostelana eman eta ia Aitorri ere ez baina azkenean bai. Iriak esan digu berari berdin diola, buruan duela egindakoa, baina beste jende askok baino gehiago merezi duela garbi utzi digu bidaiak iraun duen denboran.

Turismo bulegoan informazioa eskatu eta hiriko mapa bat eman digute, ibilbide bat markatuta duena. Hau jarraituta hiriko eliza eta moumentu ezberdinak ikusi ditugu. Alameda parkean geldialditxo bat eginaz. Bista izugarria dago hemendik eta lasai asko egon gara.

Ibilbideari jarraitu diogu eta argentinarrak ziruditen bi titiritero ikusi ditugu, artista ederrak. Aste osoan omen daude halako ekintzak, goizean ere ikusi ditugu beste batzuk kale antzerki antzeko bat egiten.

Arratsaldean berriz elkartu gara Iria eta Aitorrekin, batera trago bat hartu ondoren gu afaltzera abiatu gara. Menua jan dugu, aurretik pulpoa eta hau ez digute kobratu, despistatu samarra zerbitzaria gure mesedetan.

Autobusa hartzera joan gara. Zenbaki berda duen autobusa hartu dugun arren, beste norabidean zihoana zen eta nonbaiten galduta egon gara, Txoferrak ere esan digu galdetu egin behar genuela norantz zihoan autobusa, azkenengo geltokian utzi gaituenean. Azkenean beste autobusen bat agertuko zenentz alferrik itxaron ondoren taxi bati deitu behar. Nahikoa komeria!

OURENSE – SANTIAGO COMPOSTELA (A Coruña)

Goizeko 8etan irten dugu albergetik eta hiritik irten orduko 5 bat kilometro egin ditugu. Hiriaren irteeran dena maldangora eduki dugu, jaitsiera laburrak, haizea kontra, behelainoa…

Cearaino errepidez joan gara, hemen bidean sartzeko saiakera egin dugu, baina oso gaizki dago. Azkenean guztia errepidetik egitea erabaki dugu, N-525 jarraituta.

Bide guztian maldak izan dira nagusi, ez dugu kilometro bat jarraian lauan egin.

Santiagotik 25 bat kilometrora dagoen errepide ondoko jatetxe baten jan dugu, menua 8€, pasta entsalada, oilasko petxugak eta flana, oso ondo. Zerbitzariak oso jatorrak dira, batez ere bat, gurekin hitzegiten egon dena. Bizikletan asko ibiltzen omen da.

Jatetxetik Santiagoraino oso luzea egin zaigu bidea, neri batez ere, malkartsua eta haizetsua gainera. Azkenean ondo kostata baina iritsi gara.

Obradoiro plazan argazkia atera dugu eta gero erromesaren bulegora joan gara. Pixka bat itxaroten egon eta gero, azkenean heldu da gure txanda. Kasu egin digun neska oso jatorra da, euskaldunak garela eta asko gustatu zaio antza denez. Gure galdera guztiei ondo erantzun die eta gure atzetik zeudenek itxaron egin behar izan dute, guk aurrez itxaron dugun bezala.

Gazte albergeruntz abiatu gara, nonbaiten dago berau, Monte do Gozon, 6 bat kilometrora, eta aldapa batzuk igo eta gero. Gazte albergean esan digute erromesen albergera joateko, hobeto irtengo digula. Hona joateko baina, gehiago igo behar.

Heldu gara azkenean, hemen dagoen gizona kristoren pertsonajea da, euskaraz ere badakizki hitz batzuk. Gauean taberna batera joateko gomendatu digute, gainera deskontu bale batzuk eman dizkigu.

Dutxatu eta jantzi ondoren, Santiagora jeitsi gara, Santiago Apostol hotelean garagardo bat hartu ondoren. Izan ere autobusa hotelaren aurrean gelditzen da eta denbora aldetik ere ondo goaz.

Franco kalean abiatu gara jatetxe bila, kale guztia jatetxez beteta dago, prezio onak zituen bat aukeratu dugu azkenean. Oso ondo jan dugu bertan eta bidaia honetan lehendabizikoz Ribeiroa edan dugu.

Gero taberna batean trago bat hartu ondoren, Obradoiro plazaruntz joan gara. Arkupetan tunoak ari dira abesten, Julen eta Joseba gustora egon dira entzuten baina nik ez ditut gustuko.

Parranda hasi dugu arratsaldean aurkitu ditugun oñatiarrak eta beste euskaldunak berriz aurkitu ditugunean. Oso ondo joan da dena galiziar batek gutako bati belarrondoko bat eman dion arte, jaleista batzuk ziren antza.

Monte do Gozora taxian joan gara, ia goizeko 6etan, eguna argitzean izango dira komeriak, 10etarako utzi egin behar baitugu.

A GUDIÑA – OURENSE

Eguna ez dugu ondo hasi. Julenek gurpila puztean balbula apurtu du eta aldatu egin behar. Azkenengoak izan gara albergea uzten.

Bidetik hasi dugu gaurkoa, asfaltaturiko bideak dira, bigarren mailako errepideak. Oso paisaia polita ikusten dugu ibilbidean zehar, urtegi eder bat ere bai tartean, bertan atera ditugu Galizako lehenengo argazkiak.

Lezara bidean albergean zeuden oinezkoak pasatu ditugu, eta Iria eta Aitor harrapatu. Kilometro batzuk batera egin ditugu, baina gero atzean gelditu dira.

Erretako baso baten ondotik ere igaro gara, beranduago esan digutenez aurreko igandean izan zen sutea eta handik zihoazen bi erromesek deitu omen zuten suaren berri ematen.

Lezatik aurrera Alberguerias gaina igo behar genuen, oso luzea egin zait, beste biek hamaika bat minutuz itxaron didate goian. Hona igotzen hasi aurretik bati galdetu diogu ea nondik joaten zen, eta kontua da bera Ermuan bizi dela. Beste euskaldun bat gehiago.

Xunqueiran jan dugu, aurretik bidetik saiakera batzuk eginda, baina oso bide txarra zegoen bizikletan joateko. Esan behar jan dugun tokian merke eta ondo jan dugula.

Bazkalostean jarraitu dugu Ourense aldera, bidea gehienbat aldapabeheran baina beti aurkitzen dituzu maldak.

Ourensera heldu gara baina albergeraino asko dago oraindik, gainera igo egin behar da. Horrez gain ez noa batere eroso eserita, atzo bezala min baitaukat.

Albergea oso ondo dago, araudi zorrotz samarra du, normala iruditzen zaiguna. Gaueko 10:30etan ateak ixten ditu, goizeko 8etarako utzi egin behar da. Ordaintzeko borondatea eman behar da eta kredentzialean zigilua jasoteko NANa eskatzen dute, atzokoan bezala.

Julenek Iriari deitu dio eta Villar de Barriosen daudela esan dio, egun bat beranduago iritsiko direla Santiagora.

Ourensetik bueltatxo bat eman dugu, biharko gosarirako gaiak erosi eta gero katedrala ikustera. Eukaristiari buruzko erakusketa bat zegoen, oso elizkoia. Ourensek bestela ez dauka ia ezer ikusi edo bisitatzeko.

Albergeko gizonak gomendatu digu Las Vegas jatetxean afaltzeko eta hara joan gara. 7€ren truke makarroiak, oilaskoa eta izozkia, elegante. Albergekoak legatza galiziar erara aukeratzeko gomendatu digu, baina ez zegoenez legatzik dagoenarekin konformatu behar.

Garagardo bat hartu dugu Lizarran tabernan, “frankizia” bat dela dirudi, Saloun ere ba omen dago bat. Zerbitzaria ez dugu gustukoa. Han geundela Josebarekin batera lan egiten duen bat azaldu da, hori kasualitatea.

Albergeruntz etorri gara, 10:30etan itxi aurretik. Bero egiten du hemen, ea ondo lo egiterik dugun.

MOMBUEY – A GUDIÑA (Ourense)

Bapo egin dugu lo, bart izan genuen izugarrizko zarata ahazten badugu, ez dugu batere zaratarik eduki, ni behintzat ez naiz konturatu ere egin. Kontua da txaranga antzeko bat pasatu zela alberge ondotik eta zarata galanta atera zuela, baina une horretan bakarrik.

Atzo erosita geneukan gosaltzeko janaria hartu dugu eta hasi gara, baina 2 kilometro egin aurretik berriz geratu behar izan dugu, Julenek beste zulatu bat egin baitu.

Gaur ondo joan gara bidetik La Puebla de Sanabriaraino eta baita Requejoraino baina Padorneloko gaina bidetik igotzea erabaki dugu eta hankasartze handia izan da. Oinezkoentzako bidea politto dago baina bizikletan joateko oso gaizki, bide estuak, harri ugari,…

Padorneloko gainetik jaistean izen bereko jatetxean gelditu gara, filete otarteko bana eta kokakola bikoitza bakoitzarentzat, ondoren izozkia, dena ondo irabazitakoa.

Atseden pixka bat hartu ondoren, berriro martxa. Ia dena aldapa beheran izan dugu, nahiz eta zati batzuetan igo egin behar. Ni ez noa batere gustora, eserita min baitaukat.

Galizan sartu gara A Canda gaina pasatzean eta azkenean tobogan batzuk pasa ondoren heldu gara A Gudiñara. Iria eta Aitor 2 ordu lehenago heldu dira eta esan digute albergean ezin dela sartu bertako arduradunari deitu aurretik. Ez dugu tipo horrekin kontaktatzerik lortzen. Itxaroten gauden bitartean zulatutako kamarak konpondu ditugu.

Gero afaltzera irten dugu, herriko batzuek Hostal Restaurante Oscar-era joateko gomendatu digute, eta ondo jan dugun arren ez da gomendagarria, menuak aukera gutxi zituelako eta gainera zerbitzaria oso lehorra.

Lo egiteko beroegi dagoela dirudi. Ea nola moldatzen garen.

MONTAMARTA – MOMBUEY (Zamora)

Gaur ez dut larregiko ondo lo egin. Gainera gertatzerakoan konturatu naiz aurreko gurpila zulatuta dudala. Gosaldu, gurpila aldatu eta abiatzeko orduan atzoko oinezkoetako bat etorri zaigu esanez bere lagunak betaurrekoak ahaztu dituela, 5etan irten da, eta ea eramango dizkiogun bera iada etxeruntz doala ta. Badaezpada bien telefono zenbakiak eman dizkigu.

Gaur bidetik goaz, beraz hirukoa gara berriro, Iria eta Aitor errepidetik baitoaz. Bidea oso polita da eta denbora gutxira konturatu naiz aurreko gurpila, lehen konpondu dudana, berriz ere zulatuta dagoela, kamara txarra itxuria.

Granja de Moreruelara bidean ia hutsik dagoen urtegi bat ikusi dugu. Hemendik aurrera N-630 ez dugu gehiago ikusiko, bidea ezkerruntz baitoa.

Tábara herrira iristean eman dizkiogu betaurrekoak gizakumeari, han pasatu behar ei du gaua. Hemen iturri baten ondoan gizontxo bat ikusi dugu asto gainean, argazkia irabazi du gainera.

Tábaratik aurrera egin dugu Santa Croya de Terara iritsi arte. Hemen bazkaldu eta ondoren zelaian botata egon gara.

Bazkalostean bideari ekin diogu berriz. 40 bat kilometro egin ditugu, bide onetik gainera. Erreka, kanal eta urtegi ondotik pasatu gara. Azkenengo pasatu dugun urtegia gainera oso polita zen, jendea bertan bainatzen ari zen.

Mombueyra iristean a ze ezustekoa, oñatiarrak aurkitu ditugu, hobeto esanda beraiek ikusi gaituzte. Palacin bandakoa eta bere koinatu igeltseroa, Josebaren “Caravanas Oñate” mailota ikustean tabernatik irten dute eta Coca Cola batera eta txanpinoi errazio batera gonbidatu gaituzte.

Hemen berriz ere elkartu gara Iria eta Aitorrekin. Abixatu digute gainera albergea beteta dagoela, ohe bakarra libre. Lau mutil eta neska bat daude txakurrarekin, Boxer amerikarra, oso polita, egunean 50 bat kilometro egiten dituztenak eta oinezko bat ere badago.

La Rapina jatetxean bapo jan dugu, zerbitzariak siku samarrak ziren arren. Garagardo bana hartu dugu bikotearekin batera eta lotara.

SALAMANCA – MONTAMARTA (Zamora)

Goizeko 7ak, jaikitzeko ordua, justu euria hasi duen unea. Korrika eta presaka guztia jaso eta gosaltzera joan gara kanpineko tabernara.

Zirak jantzita abiatu gara Zamora aldera N-630etik, bidetik baino hobeto joango garelakoan, izan ere egiten duen eguraldiarekin. Hiri irteeran batez ere baina errepide osoan zehar kotxe eta kamioi ugari. Laister atertu du.

Bidean Julenek beste zulatu bat egin du eta Joseba eta biak konpontzen gelditu diren bitartean, nik aurrera egin dut Iria eta Aitorrekin batera. Zamorara bidean Meridan ezagutu genuen madrildarra, Oscar, harrapatu dut eta berarekin batera joan naiz Zamora hiribururaino. Hiri sarreran Julen eta Josebaren zain gelditu gara.

Julen eta Joseba heldu direnean, gure bideak banandu egin dira, Oscar Granja de Moreruelaruntz, Iria eta Aitor aurreruntz eta gu komertzialgune batera. Jatekoa erosi eta ondoko parketxo baten bazkaldu dugu. Gero beste komertzialgune batera Julenek gurpil berria erosi behar zuelako.

Zamorako hirigunea ikusten geratu gara, oso polita benetan. Erromaniko estiloko katedrala eta beste eraikuntza pila bat ditu, tartean zubi erromatar eder bat.

Beranduago N-630 errepideari jarraitu diogu, haize ugari eta kotxeak ere gutxi ez. Montamartaraino joan gara, errepidearen, kotxeen eta haizearen kontra borroka egin ondoren.

Montamartan Iria eta Aitorrekin elkartu gara berriro. Tabernan zigilua bota eta bertan igerilekua doan dugula esan digute. Hotz xamar egiten duen arren eta ura ere hotza dagoen arren hantxe egon naiz ur barruan, beste biak dutxatu bakarrik egin dira.

Afaltzeko Rosamari jatetxea gomendatu digute. Jatetxera bidean biharko gosaria erosi dugu dendatxo batean. Jatetxeko andreak Santurtzin bizi dela esan digu, mundua txikia da gero. Oso ondo afaldu dugu, espinakaz beteriko piperrak, entsalada eta filetea, postrean berriz izozkia.

Herri honetan albergerik ez dago, eta udaletxeko eraikin baten gaude, hain justu herrian kultura astea ospatzen ari dira eta lo egin behar dugun gelaren ondoan zinea dago. Joseba eta biok ikustera joan gara besteak berriz lur gainean lo egitera joan direnean. Pelikula Piratas del Caribe, entretenigarria.

Pelikula amaitzean lotara, gu baino lehenxeago heldu ziren bi oinezkoetako bat zurrungaka ari da, hori da zarata hori. Ea lo egiterik dugun lurzoru gogor honetan.

Salamancatik hona heldu bitartean, honoko herriak pasatu ditugu:
– Aldeaseca de Armuña
– Castellanos de Villiquera
– Calzada de Valdeunciel
– Izcala
– El Cubo de la Tierra del Vino
– Villanueva de Campeán
– San Marcial
– ZAMORA
– Roales del Pan

Izen bitxiak benetan…

FUENTEROBLE DE SALVATIERRA – SALAMANCA

Gaur albergean erregeen bezala egin dugu lo hiruok, baita Aitor eta Iriak ere. Hauek guk baino lehenago ekin diote bideari, baina laister harrapatu ditugu. Parke eoliko batera igo dugu, igoera gogorra baina ederra, merezi du benetan goian dagoen paisaiak. Goian argazki batzuk atera ditugu, lehenengoa izan da Iria eta Aitorrekin batera.

Bidean bostok batera jarraitu dugu, noizean behin bikotea atzean geratzen zen arren. Salamancara batera sartu gara. Bidean zezentzarrak eta txerri baltzak ugari ikusi ditugu.

Salamancan sartzean Plaza Mayorera joan gara, bertan argazki bat atera dugu Udaletxearen aurrean. Plaza guztian zehar erregeen irudiak daude balkoietan. Aurreko batean gomendatu ziguten plaza honetako Francoren irudiaren azpian dagoen tabernara joateko, tapa oso onak ematen dituztela ta. Lokalizatu dugu, gero etortzeko.

Turismo bulegora joan gara informazio eske, eta lo egiteko onena Kanpinera joatea dela erabaki dugu. Turismo bulegoaren kanpoaldean bikote batekin hitzegin dut, neska Barcelonakoa eta mutila Budapestekoa, hauek ere Ruta de la Plata egiten ari dira.

Kanpinera bidean merkatal zentro batera joan gara, Julenek eta Iriak bizikletan zituzten arazoak konpondu dituzte Forum-eko tailerrean. Ondoren gertuko taberna baten bazkaldu dugu bostok, oso merke.

Gero kanpinera abiatu gara, eta hemen egin dugun lehenbiziko gauza igerilekura joatea izan da, eguneko onena. Kanpinaren izena Riejo da eta autobus linea baten geltokia dago atarian Salamanca erdigunearekin lotzen duena. Autobus horretan joan gara Gran Viara.

Salamanca erdian gaudela, lehen ikusi dugun tabernara joan gara, Los Escudos deitzen da, baina ematen du tapak aparte ordaindu behar direla, hemengo pintxoen bezala, guri behintzat ez digute ezer atera.

Katedrala, unibertsitatea, liburutegia, La Casa de las Conchas, … ikusi ditugu. Katedraleko ate batean dagoen astronauta erraz aurkitu dugu eta beste eraikin batean dagoen txantxikua ere bai, kuriosoa benetan.

Plater konbinatu bana jan dugu bostok, eta ondoren kanpineruntz abiatu gara, gaur ere gogorraren gainean egin behar dugu lo. Zerua lainotuta dago eta badirudi euria egingo duela. Arratsaldean ezagutu dugun azkoitiarrak esan digu euria eginez gero bere dendaren ondoko toldopean lo egin dezakegula. Azkoitiar honek hitzegiteko izugarrizko gogoa duela dirudi, eta erraztasuna ere bai.

Iriak eta Aitorrek kanpin denda daukate, guk berriz 1000 izarreko hotela.

PLASENCIA – FUENTEROBLE DE SALVATIERRA (Salamanca)

Azkenean lo ondo egin dugu, erreka kontra asko freskatzen baitu. Goizeko 6:30etan jaiki gara, iratzargailuaren ordua aldatzea ahaztu zitzaidan, berez beranduago jaikitzea espero genuen. Ez zaigu gaizki etorri hala ere goiz jaiki beharra, etaparik luzeena gaurkoa izan baitugu.

  1. bat kilometro egin ditugu ia ezer jan gabe. Aldeanueva del Caminora heltzean erosi ditugu gosaltzeko gauzak eta bertako plazan bapo jarri gara.

Aurrera jarraitu dugu eta Extremadurako azkenengo herrian, Baños de Montemayorren Aitor eta Iriarekin elkartu gara. Puerto de Bejar eta gero Bejarrerainoko bidea batera egin dugu. Bejarren gu itzuli egin gara, erromatar galtzadatik joateko gomendatu baitigute, 14 bat kilometro extra egin ditugu, eskerrak eguraldi onari, orain arteko onena bizikletan aritzeko.

Galtzadako bidea ondo dago, batez ere paisaia. Julenek 2 aldiz zulatu du eta denbora dezente egon gara geldi.

Galtzadaren paralelo bide bat doa, eta guk ez genekien leku berberera zihoan edo ez. Azkenengo zatiak bide hobeago horretik egitea erabaki dugu.

Calzada de Bejar, Valverde de Valdelacasa eta Valdelacasa atzean utzi ditugu eta azkenean iritsi gara Fuenterroble de Salvatierrara. Oso nekatuta hiruok. Aitor eta Iria ere hemen dira.

Arratsalde lasaia egin dugu, gaua ere halakoa izango al da.