FUENTEROBLE DE SALVATIERRA – SALAMANCA

Gaur albergean erregeen bezala egin dugu lo hiruok, baita Aitor eta Iriak ere. Hauek guk baino lehenago ekin diote bideari, baina laister harrapatu ditugu. Parke eoliko batera igo dugu, igoera gogorra baina ederra, merezi du benetan goian dagoen paisaiak. Goian argazki batzuk atera ditugu, lehenengoa izan da Iria eta Aitorrekin batera.

Bidean bostok batera jarraitu dugu, noizean behin bikotea atzean geratzen zen arren. Salamancara batera sartu gara. Bidean zezentzarrak eta txerri baltzak ugari ikusi ditugu.

Salamancan sartzean Plaza Mayorera joan gara, bertan argazki bat atera dugu Udaletxearen aurrean. Plaza guztian zehar erregeen irudiak daude balkoietan. Aurreko batean gomendatu ziguten plaza honetako Francoren irudiaren azpian dagoen tabernara joateko, tapa oso onak ematen dituztela ta. Lokalizatu dugu, gero etortzeko.

Turismo bulegora joan gara informazio eske, eta lo egiteko onena Kanpinera joatea dela erabaki dugu. Turismo bulegoaren kanpoaldean bikote batekin hitzegin dut, neska Barcelonakoa eta mutila Budapestekoa, hauek ere Ruta de la Plata egiten ari dira.

Kanpinera bidean merkatal zentro batera joan gara, Julenek eta Iriak bizikletan zituzten arazoak konpondu dituzte Forum-eko tailerrean. Ondoren gertuko taberna baten bazkaldu dugu bostok, oso merke.

Gero kanpinera abiatu gara, eta hemen egin dugun lehenbiziko gauza igerilekura joatea izan da, eguneko onena. Kanpinaren izena Riejo da eta autobus linea baten geltokia dago atarian Salamanca erdigunearekin lotzen duena. Autobus horretan joan gara Gran Viara.

Salamanca erdian gaudela, lehen ikusi dugun tabernara joan gara, Los Escudos deitzen da, baina ematen du tapak aparte ordaindu behar direla, hemengo pintxoen bezala, guri behintzat ez digute ezer atera.

Katedrala, unibertsitatea, liburutegia, La Casa de las Conchas, … ikusi ditugu. Katedraleko ate batean dagoen astronauta erraz aurkitu dugu eta beste eraikin batean dagoen txantxikua ere bai, kuriosoa benetan.

Plater konbinatu bana jan dugu bostok, eta ondoren kanpineruntz abiatu gara, gaur ere gogorraren gainean egin behar dugu lo. Zerua lainotuta dago eta badirudi euria egingo duela. Arratsaldean ezagutu dugun azkoitiarrak esan digu euria eginez gero bere dendaren ondoko toldopean lo egin dezakegula. Azkoitiar honek hitzegiteko izugarrizko gogoa duela dirudi, eta erraztasuna ere bai.

Iriak eta Aitorrek kanpin denda daukate, guk berriz 1000 izarreko hotela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude