Hileko artxiboak: azaroa 2006

GANBERROKERIAK

Urriaren 28an izugarrizko atsekabea hartu nuen, beti lotzen dudan
postearen kontra, nere bizikleta falta zen!!!Beno, baina hasieratik
hasiko naiz….

Paseoko bizikleta zahar bat da, zaborretara botateko zegoena, eta
denbora askoan konpontzen aritu naizena. Duela hilabete batzuk amaitu
nuen guztiz konpontzen, pintura guztia kendu, nire gustuko koloreekin
margotu lagun baten laguntzaz, kable guztiak aldatu, eta berriz muntatu
nuen bizikleta osoa. Nire ustetan oso polita gelditu zen, gorrixka eta
beltza. Dinamoak ere funtzionatzen zuen, beraz argidun bizikleta bat
neukan, primerakoa lantokira joateko, etxetik 5 minututan han nintzen.
Nire ibilgailua zen, kotxea hartzea eragozten zidan. Denborarekin
otzara bat jarri nion aurrealdean, erosketak eta egiteko.

Orain 10 egun arte ez dut arazorik eduki. Nik ez daukat garajerik,
kamara bai, baina ez da erosoa egunero kamaratik gora ta behera
ibiltzea bizikleta sorbaldan duzula, beraz etxe ondoko tutu baten
kontra lotzen nuen egunero, hori bai badaezpada ere asteburutan
kamarara jasota. Larunbatetan azokara joatea atsegin dut erosketak
egitera, beraz ostiraletan kanpoan gelditzen zen bizikleta batzutan.
Baina larunbat horretan guztia aldatu zen…

Goizeko 10ak baino lehenxeago, etxetik irten nuen Arrasatera joateko,
kotxeruntz nindoala konturatu nintzen bizikleta ez zegoela utzitako
tokian, txarrena pentsatu nuen, LAPURTU DIDATE!!!Itzuli nintzenean
berriz, bizikleta bere tokian zegoen, gerturatu nintzenean auzolagun
batek esan zidan kanpoko mutil kuadrila bat mozkortuta zegoela eta
bizikletarekin jolasten hasi zirela, katea puskatzea lortu zuten, han
zegoen lurrean. Gurpil biak zelabait, atzeko argi erreflektantea
suntsituta, desastre bat! Momentu horretan neukan umorearekin, hori
egin zuena aurkituz gero jo ta txikitu egingo nuen, eta ni ez naiz
biolentoa, ez diot inori inoiz jo, haurretako gaiztokeriak ezik…

Gero kalean bizilagun batekin elkartu nintzen, eta berak esan zidan
nola ikusi zuen bizikleta etxe inguruko jolas parke batean, eta nola bi
mutikotxo hura goitik behera botatzen ari ziren, hauek ez dute
halakorik egingo beraien bizikletekin.

Kontua da, hamar egun beranduago, bizikleta itxuroso xamar jartzea
lortu dudala, ematen zuena baino larritasun gutxiago zeukan egindako
kalteak. Orain atzekalderako argitxo bat erosi beharko dut, eta nola
ez, beste kate bat bizikleta lotzeko!

Nik uste dut ganberrokeriak guztiok egin ditugula noiz edo noiz, kalte
txikiago edo handiagoekin, baina ez dugu pentsatzen gauzek jabeak
dituztela edo bestela guztionak direla. Nire bizikleta apurtu zenuten
horiek, ez dakit hau irakurriko duzuen edo ez, baina hurrengoan
mozkortzen zaretenean, egin nahi duzun guztia inoren gauzak puskatzen
hasi barik.