MOMBUEY – A GUDIÑA (Ourense)

Bapo egin dugu lo, bart izan genuen izugarrizko zarata ahazten badugu, ez dugu batere zaratarik eduki, ni behintzat ez naiz konturatu ere egin. Kontua da txaranga antzeko bat pasatu zela alberge ondotik eta zarata galanta atera zuela, baina une horretan bakarrik.

Atzo erosita geneukan gosaltzeko janaria hartu dugu eta hasi gara, baina 2 kilometro egin aurretik berriz geratu behar izan dugu, Julenek beste zulatu bat egin baitu.

Gaur ondo joan gara bidetik La Puebla de Sanabriaraino eta baita Requejoraino baina Padorneloko gaina bidetik igotzea erabaki dugu eta hankasartze handia izan da. Oinezkoentzako bidea politto dago baina bizikletan joateko oso gaizki, bide estuak, harri ugari,…

Padorneloko gainetik jaistean izen bereko jatetxean gelditu gara, filete otarteko bana eta kokakola bikoitza bakoitzarentzat, ondoren izozkia, dena ondo irabazitakoa.

Atseden pixka bat hartu ondoren, berriro martxa. Ia dena aldapa beheran izan dugu, nahiz eta zati batzuetan igo egin behar. Ni ez noa batere gustora, eserita min baitaukat.

Galizan sartu gara A Canda gaina pasatzean eta azkenean tobogan batzuk pasa ondoren heldu gara A Gudiñara. Iria eta Aitor 2 ordu lehenago heldu dira eta esan digute albergean ezin dela sartu bertako arduradunari deitu aurretik. Ez dugu tipo horrekin kontaktatzerik lortzen. Itxaroten gauden bitartean zulatutako kamarak konpondu ditugu.

Gero afaltzera irten dugu, herriko batzuek Hostal Restaurante Oscar-era joateko gomendatu digute, eta ondo jan dugun arren ez da gomendagarria, menuak aukera gutxi zituelako eta gainera zerbitzaria oso lehorra.

Lo egiteko beroegi dagoela dirudi. Ea nola moldatzen garen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude