Hileko artxiboak: apirila 2007

ASTE SANTUA

Aste Santuaren hasieran gaude, eliza katolikoaren jai bat da egia esan, nahiz eta jente gero eta gutxiago joaten den mezetara, denak desiratzen egoten gara noiz iritsiko, egun batzuk lasai hartzeko. Baten batzuek aurreko ostiraletik jai edukiko dute, beste batzuek bihartik asteartera, eta  datorren aste osoa jai dutenak ere egongo dira gure tartean.

Ni bigarren multzoan sartzen naiz, gaur azkenengo laneguna izango da, eta asteartean itzuli beharko dugu. Aurreko urteetan ez naiz etxean geratu, iaz esaterako Londonen izan ginen, baina aurten hemendik ibiliko gara, Euskal Herriko txoko ezkutuak ezagutzeko asmoarekin. Hainbat toki dugu gurean ez ditugunak ezagutzen eta munduko leku desberdinetara jotzen dugu askok bidaietan.

Nire adibidea jarriko dizuet, egona naiz Berlinen, Amsterdamen, Parisen, Bruselan, Londonen, Dublinen, … baina ez ditut ezagutzen Karrantza, Valderejo, Asteasu, Maule, Eunate eta hainbat eta hainbat leku eta txoko berezi. Bihar adibidez Iparraldera joateko asmoa dugu, ea eguraldiak laguntzen digun. Datozen egunetarako ez dakit, baina astelehenean Gorlara joatea nahiko nuke, handik pasatzen bait da Euskal Herriko Txirrindularitza itzuliko lehenengo etapa.

Ongi dago mundua ezagutzea, baina har ditzagun egun batzuk gertukoena ezagutzeko.