Hileko artxiboak: urria 2006

HEGOHAIZEA

Udazkena benetan atsegin dut, garai honetan basoan eta mendian dauden
koloreak oso politak izaten dira, eta eguzkitan oso gustora egoten da,
ez baitu larregi berotzen.

Eta zer esan Hegohaizeari buruz, ehiztariak honen zain egoten dira urte
osoan zehar, berak ekartzen ei ditu usoak hemendik. Uste dut oraindik
hemengo inguruetatik ez dela batere usorik pasatu behintzat. Ni ez naiz
ehiztaria, baina aita bai, eta baita osaba eta lehengusuak ere, eta
aitortu behar dut ehizatutako usoak, edo galeperrak, edo dena delakoa
dendan eros ditzakezunak baino askoz hobeagoak direla. Zaporea
gogorragoa da, agian haragi xamurretara ohituta dagoen jendearentzat
larregikoa.

Diotenez Elgeako haizerrotak jarri zituztenetik  uso gutxiago
pasatzen ei dira hemen ingurutik, eta orain Aizkorriko parke naturala
delako, ehiza guztiz debekatuko dutela dirudi ingurune horietan. Ikusi
egin beharko da.

PERRETXIKOAK

Azkenaldi honetan perretxikoak ugari ei daude basoan, eta nik uste perretxiko bilatzaileak ugariagoak direla.

Niri ere gustatzen zait perretxikotara joatea, goiza edo arratsaldea
pasatzeko beste era bat bezala, eta beti da gustukoa poltsak beteta
eramatea etxera. Baina hor dago koska, badago jendea iaztik hozkailuak
perretxikuz josita duena, eta oraindik perretxiko gehiago batu behar
dute, ez al dute nahikoa? Gaztelerazko esaerak dio, “La avaricia rompe
el saco”, eta perretxikoekin hori gerta daiteke, poltsa apurtzea
larregi bete dituzulako, eta gainera lesio muskularrak etor daitezke
pisu larregi eramateagatik eskuetan.

Beste alde batetik Boom bat dago perretxikoak direla eta ez direla,
inoiz basoa zapaldu gabeko jendea ere perretxikotara joaten da, ez
dituzte basoak ezagutzen, ezta perretxikoak ere. Gaur bertan aditu dut
irratian atzo gizonezko bat galdu zela perretxikotan zebilenean Irabia
inguruan, Nafarroan, eta itxura danez Otsagabia inguruan aurkitu dute,
kilometro pila bat oinez egin ostean. Ez dakit zer gertatuko zitzaion
gizonezko horri, biharko egunkaritan agian jakingo dugu.