A GUDIÑA – OURENSE

Eguna ez dugu ondo hasi. Julenek gurpila puztean balbula apurtu du eta aldatu egin behar. Azkenengoak izan gara albergea uzten.

Bidetik hasi dugu gaurkoa, asfaltaturiko bideak dira, bigarren mailako errepideak. Oso paisaia polita ikusten dugu ibilbidean zehar, urtegi eder bat ere bai tartean, bertan atera ditugu Galizako lehenengo argazkiak.

Lezara bidean albergean zeuden oinezkoak pasatu ditugu, eta Iria eta Aitor harrapatu. Kilometro batzuk batera egin ditugu, baina gero atzean gelditu dira.

Erretako baso baten ondotik ere igaro gara, beranduago esan digutenez aurreko igandean izan zen sutea eta handik zihoazen bi erromesek deitu omen zuten suaren berri ematen.

Lezatik aurrera Alberguerias gaina igo behar genuen, oso luzea egin zait, beste biek hamaika bat minutuz itxaron didate goian. Hona igotzen hasi aurretik bati galdetu diogu ea nondik joaten zen, eta kontua da bera Ermuan bizi dela. Beste euskaldun bat gehiago.

Xunqueiran jan dugu, aurretik bidetik saiakera batzuk eginda, baina oso bide txarra zegoen bizikletan joateko. Esan behar jan dugun tokian merke eta ondo jan dugula.

Bazkalostean jarraitu dugu Ourense aldera, bidea gehienbat aldapabeheran baina beti aurkitzen dituzu maldak.

Ourensera heldu gara baina albergeraino asko dago oraindik, gainera igo egin behar da. Horrez gain ez noa batere eroso eserita, atzo bezala min baitaukat.

Albergea oso ondo dago, araudi zorrotz samarra du, normala iruditzen zaiguna. Gaueko 10:30etan ateak ixten ditu, goizeko 8etarako utzi egin behar da. Ordaintzeko borondatea eman behar da eta kredentzialean zigilua jasoteko NANa eskatzen dute, atzokoan bezala.

Julenek Iriari deitu dio eta Villar de Barriosen daudela esan dio, egun bat beranduago iritsiko direla Santiagora.

Ourensetik bueltatxo bat eman dugu, biharko gosarirako gaiak erosi eta gero katedrala ikustera. Eukaristiari buruzko erakusketa bat zegoen, oso elizkoia. Ourensek bestela ez dauka ia ezer ikusi edo bisitatzeko.

Albergeko gizonak gomendatu digu Las Vegas jatetxean afaltzeko eta hara joan gara. 7€ren truke makarroiak, oilaskoa eta izozkia, elegante. Albergekoak legatza galiziar erara aukeratzeko gomendatu digu, baina ez zegoenez legatzik dagoenarekin konformatu behar.

Garagardo bat hartu dugu Lizarran tabernan, “frankizia” bat dela dirudi, Saloun ere ba omen dago bat. Zerbitzaria ez dugu gustukoa. Han geundela Josebarekin batera lan egiten duen bat azaldu da, hori kasualitatea.

Albergeruntz etorri gara, 10:30etan itxi aurretik. Bero egiten du hemen, ea ondo lo egiterik dugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude