SALAMANCA – MONTAMARTA (Zamora)

Goizeko 7ak, jaikitzeko ordua, justu euria hasi duen unea. Korrika eta presaka guztia jaso eta gosaltzera joan gara kanpineko tabernara.

Zirak jantzita abiatu gara Zamora aldera N-630etik, bidetik baino hobeto joango garelakoan, izan ere egiten duen eguraldiarekin. Hiri irteeran batez ere baina errepide osoan zehar kotxe eta kamioi ugari. Laister atertu du.

Bidean Julenek beste zulatu bat egin du eta Joseba eta biak konpontzen gelditu diren bitartean, nik aurrera egin dut Iria eta Aitorrekin batera. Zamorara bidean Meridan ezagutu genuen madrildarra, Oscar, harrapatu dut eta berarekin batera joan naiz Zamora hiribururaino. Hiri sarreran Julen eta Josebaren zain gelditu gara.

Julen eta Joseba heldu direnean, gure bideak banandu egin dira, Oscar Granja de Moreruelaruntz, Iria eta Aitor aurreruntz eta gu komertzialgune batera. Jatekoa erosi eta ondoko parketxo baten bazkaldu dugu. Gero beste komertzialgune batera Julenek gurpil berria erosi behar zuelako.

Zamorako hirigunea ikusten geratu gara, oso polita benetan. Erromaniko estiloko katedrala eta beste eraikuntza pila bat ditu, tartean zubi erromatar eder bat.

Beranduago N-630 errepideari jarraitu diogu, haize ugari eta kotxeak ere gutxi ez. Montamartaraino joan gara, errepidearen, kotxeen eta haizearen kontra borroka egin ondoren.

Montamartan Iria eta Aitorrekin elkartu gara berriro. Tabernan zigilua bota eta bertan igerilekua doan dugula esan digute. Hotz xamar egiten duen arren eta ura ere hotza dagoen arren hantxe egon naiz ur barruan, beste biak dutxatu bakarrik egin dira.

Afaltzeko Rosamari jatetxea gomendatu digute. Jatetxera bidean biharko gosaria erosi dugu dendatxo batean. Jatetxeko andreak Santurtzin bizi dela esan digu, mundua txikia da gero. Oso ondo afaldu dugu, espinakaz beteriko piperrak, entsalada eta filetea, postrean berriz izozkia.

Herri honetan albergerik ez dago, eta udaletxeko eraikin baten gaude, hain justu herrian kultura astea ospatzen ari dira eta lo egin behar dugun gelaren ondoan zinea dago. Joseba eta biok ikustera joan gara besteak berriz lur gainean lo egitera joan direnean. Pelikula Piratas del Caribe, entretenigarria.

Pelikula amaitzean lotara, gu baino lehenxeago heldu ziren bi oinezkoetako bat zurrungaka ari da, hori da zarata hori. Ea lo egiterik dugun lurzoru gogor honetan.

Salamancatik hona heldu bitartean, honoko herriak pasatu ditugu:
– Aldeaseca de Armuña
– Castellanos de Villiquera
– Calzada de Valdeunciel
– Izcala
– El Cubo de la Tierra del Vino
– Villanueva de Campeán
– San Marcial
– ZAMORA
– Roales del Pan

Izen bitxiak benetan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude