Hileko artxiboak: abuztua 2005

CASAR DE CACERES – PLASENCIA (Caceres)

Goizeko 6:30etan jaiki gara izerditan blai. Ez da girorik egokiena lo ondo egiteko.

Ia 30 km egin ditugu herririk ikusi ere egin gabe, besteak beste Tajo ibaiaren gainetik pasatu gara, Alcantarako urtegiaren inguruan.

Hasiera bidetik egin dugu, oso polita, paisaia pixka bat monotonoa izan arren eta gero zati batzuk, amaiera barne, errepidez egin ditugu.

Lehenbiziko herria Cañaveral izan da, bertan neska aragoiarrak aurkitu ditugu, zulatu bat izan dute eta gurpila konpontzen. Taberna baten kokakola bana hartu eta bertako tabernariarekin hitzaspertu bat egin dugu, argazki bat atera ere bai.

Hemen hasi dira komeriak, bidea ez zegoen batere ondo markatuta, hala nola heldu gara Grimaldora. N-630 bidea autobidea bihurtzen da eta hor izan ditugu tirabirak. Galisteo herrira joatea nahi genuen, baina ez dugu aurkitu bidea. Azkenean lortu dugu Plasenciara iristea. Gaur ere ur falta berdina, berotuta. Euria ere egin digu, errepidea busteko beste ere ez.

Plasencian izugarrizko beroa egiten du, gainontzean bezala. Jente guztiak beroagatik hiritik ihes egiten ei du eta taberna ia guztiak itxita daude. Jatetxe bat aurkitu dugu plazan eta eguneko menu on merke jan dugu. Gredos jatetxea.

Hostal batera joateko gomendatu digute, Hostal Real, baina oso garestia zelako kanpinera abiatu gara, 1000 izarreko hotelean lo egin behar dugu, Camping la Chopera, ta kanpin dendarik ez dugunez.

Kanpinak igerilekua dauka eta nola ez, bertan igaro dugu arratsaldearen zati eder bat. Hemen irlandarrak ugari daude.

Gero hiri ezagutzea abiatu gara, hasieran autostop egiteko asmotan, justu oinez abiatzera gindoazenean Kanpineko harreragile pasatu eta hirira hurbildu gaitu.

Oso polita da Plasenciako alde zaharra, argazki batzuk ere atera ditugu, horietako bat katedralaren aurrean.

Plazako beste taberna baten afaldu, izozki eta guzti, eta taxian kanpinera abiatu gara. Taxilaria Urnietan 20 urtez bizi ondoren hona itzulitakoa zen, eta agi denez damututa dago hori egin beharraz.

Hemen inguruan jentea ez da isiltzen, baina 12etan “toke de keda” egongo al da…??

MERIDA – CASAR DE CACERES (Caceres)

Oso gaizki egin dugu lo, kristoren beroa egiten zuen eta. Goizeko 6:30etan jaiki gara, gaur bero handia egin behar zuela baitzegoen iragarrita. Irtetzerakoan bi gizakume etorri dira, Igorrekoak, oinez egin behar dutela bidea, eguneko 50 km inguru, egingo dutela uste dut, itxura ona baitzeukaten, astero mendira joaten diren horietakoak.

Akueduktoaren ondotik pasatzean derrigorrezko argazkiak atera ditugu. Preserpino urtegiruntz abiatu gara, bere garaian erromatarrek egindakoa. Hasiera Bidea jarraituta egin dugu. Urtegi inguruan Julenek zulatua izan du, denbora asko joan zaigu konpondu bitartean. N-630 errepidera irtetzean beste zulatu bat izan du Julenek gurpil berean. Azkenean erabaki dugu falta zena errepide nazionaletik egitea.

Bide zuzena, kurba gutxi, hasieran goruntz ta gero beheruntz, etapa ona. Gaur ere beroa nagusi izan dugun arren.

Caceresera heldu aurretik 2 gaztelu ikusi ditugu bata bestearen ondoan, oso politak.

Caceresera iristean Eroski hipermerkatua dagoen Ruta de la Plata merkatal zentrura joan gara, bertan urdaiazpikoa, txorizoa, ogia, … erosi eta itzaletan bazkaltzera, izugarrizko beroa egiten baitu.

Bazkalostean hiri erdiruntz joan gara, bertako kafetegi baten garagardo pare bat hartuz. Hor ginela bi neska azpeitiar etorri dira, Ruta de la Plata alderantziz egiten ari direnak. Salamanca aldean hotz egiten duela esan digute, ea horrela den gu hara iristean.

Caceresko alde zaharra, Gizatasunaren Patrimonio Kulturala dena, bisitatu dugu. Ikusteko ederra. Bertako eliza baten ezkontza “rociera” bat ospatu dute eta bertako bi gonbidatuekin batera argazki bat ere atera dugu, hauek 2 emakume ziren flamenka jantzita.

Lo egiteko ondoko herrira abiatu gara, izugarrizko beroa izan dugu 10 km egiten, lehortu egin gara!!

Heldu gara Casar de Caceresera, bi neska aragoitar batera heldu dira, aurrekoan pasatu ziguten bi aita semeak (zaharrena aitapontekoa zena azkenean, sevillarrak), Iria donostiarra eta Aitor bilbotarra (Meridan ezagututakoak) eta oinez doan alemaniar bat elkartu gara albergean.

Afaltzera Majuca jatetxera joan gara, oso ondo afaldu dugu, bakoitzak 8€ ordainduta soilik. Sevillako bikoteak ere afaltzera leku berdinera joan da, uste zuten doain zela eta zerbitzaria albergera etorri da, gaizki ulertu bat izan dute.

Gaur lotarako ere gaizki, bero egiten baitu.

VILLAFRANCA DE LOS BARROS – MERIDA (Badajoz)

  1. km baino gutxiago daude bi herri hauen artean, baina Merida barruan hara eta hona ibili garenez gehixeago dira.

Gaurko lehenengo 30 kilometroak lauak izan dira, Villafranca de ls Barros herrira jeitsi gara eta gero ia batere errebuelta gabe Almendralejo alde batera utzita Torremejiara heldu gara. Betiko lez ura erosi dugu denda batean eta bertan zeuden agure batzuekin hitzegiten egon gara, hauek dute hitzegiteko gogoa. Oso gustora aritu gara, katxondeoa eta guzti egon da euren artean. Azkenean argazki bat atera dugu beraiekin, eta bidaltzeko konpromezua hartu dugu. Agureak gainera bere izena eman beharrean bere goitizena eman digu, Bacalao.

Herri honetara iritsi aurretik bi bizikletadunek pasatu gaituzte, ez dira saludatzeko ere geratu.

Meridara heldu gara azkenean, monumentu batzuk ikusi, informazio bulegotik pasatu eta albergera. Albergean 2 euskaldunekin elkartu gara, mutila Bilbokoa eta neska Donostiakoa, hain justu Sevillan ikusi egin genituen kale baten pasatzen.

Meridan izugarrizko beroa egiten du, ay la calor!! Nano jatetxean bazkaldu dugu, oso ondo nahiko merke gainera. Jatetxearen jangela oso dotorea da, eta gainera erromesa zarela esanez gero askoz hobeto tratatzen zaituztela esan digute albergean.

Bazkalostean kafetegi baten egon gara, ondoen barruan, zeren kanpoan ezin da egon egiten duen beroarekin. Lasai asko egon gara egunkariak irakurtzen garagardotxoa hartuz.

Ondoren beste informazio bulego batera joan gara, aurrekoan baino laguntza gehiago eman digute. Azkenean, esan digutenetatik erromatar antzerkia eta anfiteatroa eta beste aztarna batzuk ikusi ditugu. Antzerkia eta anfiteatroa oso politak, zalantzak izan ditugu berritua eta orijinala bereizten. Gero Foroa eta Dianaren tenplua ikusi ditugu, ederrak benetan.

Pizzeria batean afaldu dugu, ondo eta merke, eta gero albergera; lo egiteko ere ez du freskatzen.

EL REAL DE LA JARA – VILLAFRANCA DE LOS BARROS (Badajoz)

Gaur etapa nahiko luzea izan dugu, baina atzokoa baino hobeto, gauza txar bakarra ur falta izan da, ez dago urik!!

El Real de la Jaratik irtetzean, goialdean dagoen gaztelura joan gara, eraberrituta dago ia %100ean, oso polita da, gainera bertatik herri osoa ikusten da.

Bidera itzuli eta ondoren beste gaztelu txikiago baten ondotik pasatu gara, lehenxeago Extremaduran sartu gara. Gaztelu hau ia erortzen dago. Baso bide batetik aurrera jarraituta N-630 errepidearekin topo egin dugu. Justu leku horretan obretan ari dira, eta derrigorrez errepidea hartu behar. Gogoratu behar, gure hasierako nahia ahalik eta errepide gutxien erabiltzea zela.

Errepide hau Santa Cruzeko gaineruntz doa, berriz aldapan gora, baina erritmoan igotzeko modukoa. Gainera iritsi ondoren jeitsiera Monesteriora.

Ondoren Fuente de Carlos pasatu dugu eta Calzadilla de los Barrosera heldu gara. Herri honetan jaiak dira, guztia dago banderatxoekin josita. Hemengo igerilekuara joan gara, ia hutsik aurkitu duguna, jaiengatik. El Dioni tabernan bazkaldu dugu ondoren.

Hurrengo herriruntz abiatu gara, tabernan boteilatxoak ur freskoz bete ondoren, gainera bitxikeri bezala urak garagardoak irtetzen duen antzeko tutu batetik irten du, horregatik egongo zen horren freskoa.

Puebla de Sancho Perez, Zafra eta Los Santos de Maimona pasatu ditugu. Zafrara lehortuta iritsi gara, supermerkatu baten ura eta kokakola erosi eta han egon gara, itzaletan patxadan.

Azkenean gaua pasatzera bidean ikusi dugun erromes batek gomendatu digun lekura, Albergue de la Almazara, lehenago olio errota bat izandakoa. Erromes hau, Catalunyako Santiago bideen Lagunen Elkarterko presidentea zen gainera.

Alberge hau mutil batek darama, 31 urte dituela esan digu eta 3 mutikotxoren aita da, baina gazteagoa dirudi. Alberge honetan beste erromes bat dago, alemaniarra, honekin nire alemana pixka bat praktikatzeko aukera izan dut.

Afaldu lauok batera egin dugu, espagetiak, entsalada, “patatas con choco” eta gero tortila frantsesa, dena oso ona.

Albergeko mutilarekin egon gara gero solasean, zelaian katutxoek intsektuak nola harrapatzen zituzten ikusten genuela. Mutilak Jose Antonio du izena eta ostalaritza ikasi zuen 91-92 bitartean Donostian, Euskal Herria zerbait ezagutzen duela horregatik. Berak esan digu Hegoaldeko jentearen irekitasuna azalekoa dela, euskaldunok lagunak egiten ditugunean benetakoa izaten dela gehiago kostatu arren hasieran.

Gaua ondo joan da, gainera amaieran txupito batera gonbidatu gaitu. Urrian Euskal Herri aldera joango omen da eta Oñatitik pasatzeko aholkatu diogu.

SEVILLA – EL REAL DE LA JARA (Sevilla)

Goizeko 7:30etan jo du iratzargailuak, jantzi eta bizikletako gauza denak prestatutakoan, gosaltzera jeitsi gara, albergeko jangelara. 8retan puntuan ireki dute bertako atea.

Indarrak hartu ondoren bagoaz, hemen hasten da benetako abentura. Sevillako kaleak gurutzatu, katedral ingurura iritxi, eta hortxe lehenbiziko maskorra paretan eta gezi horiak, Donejakuerako bidearen erakusgarri. Berriz kale estuetan zehar aritu ondoren eta Triana pasatuta, irten dugu hiritik. Lehenago Trianako denda batean biderako fruitu lehor batzuk eta ura erosi ditugu.

Lehenengo herria Camas, beste munduko ezer berezirik gabea. Ondoren Santiponce, hemen benetan merezi izan duen geldialdia egin dugu, Italicako arrasto arrasto erromatarrak. Oso polita. Mosaiko bat ikusi gabe geratu gara, baina eguzkiak gero eta gehiago berotzen zuen eta mugitu beharra geneukan. Irten aurretik anfiteatroan argazki bat atera dugu. Sarreran zegoen emakumea guztiz harrituta geratu da gu euskaraz mintzatzen entzutean, inoiz halakorik aditu gabea antza.

Hemendik aurrera soro artean bide ona Guillenaraino, baina hemendik aurrera bide oso txarra, harea asko eta aldapatxoak non-nahi, olibondo artean.

Kostata baina heldu gara Castilblanco de los Arroyosera, lehenengo gauza igerilekua bilatzea, bertako batek esan baitigu bazela bat. Eguneko unerik onena izan da. Bainu ederra hartu eta gero gustora bazkaldu dugu, bokadilo zistrin bat, baina gustora.

Barrua bete ondoren berriz martxa, arratsaldeko 4rak aldean. Aldapa gora ugari eta beheruntz oso gutxi, Calvario gaina pasatu dugu eta ondo kostata heldu gara El Real de la Jarara.

Gaur zulatu bat eduki dut, gero kubierta ondo begiratu arren ordezko kamara ere zulatu egin dut, gelditu egin behar hiruzpalau aldiz berriz puzteko, arazoak ematen zituen ta.

Almaden de la Platako gasolindegian hartu ditugun kokakola eta ura uste baino hobeto sartu dira. Baina hori guztia hartu arren beroa ganoraz igarri dut, eta ura gastatu egin zaidanez oso gaizki ibili naiz. Usabiagak esango luken bezala txakalaldiarekin, eta gure kuadrilan esaten den lez txorituta.

Albergeko giltza udaletxean lortu dugu, dena guretzako dugu. Dutxatu ondoren afaltzera aurrez gomendatu diguten jatetxera abiatu gara, baina justu gaur jaieguna zeukaten. Taberna baten galdetu dugu non afaldu daiteken, eta urruti zegoen hauek gomendaturiko lekua. Azkenean bertako andreak esan digu ogirik ez duela baina edukiz gero gertatuko dizkigula otarteko batzuk. Bere senarra bidali du ogitara eta filete otarteko eder bana gertatu digu. Hantxe egon gara taberna kanpoan, tabernakoekin eta herritar batzuekin, guztiak 60 urtetik gorakoak, tertulian, oso interesgarria izan da, denak oso irekiak baitira. Eguna alaitu digute.

Albergera bidean Joseba agure batekin geratu da hitzegiten eta gu ordu bat zain egon gara lotara joateko. Bukatu da lehenbiziko egun gogora.

SEVILLA EZAGUTZEN

Hiru oñatiarrek egindako bidaiaren hasiera bart arratsean izan zen Gasteizen, bertan hartu genuen Irun-Malaga linea egiten duen autobusa Sevillarako txartelekin.

Bizikletak sartzeko nahiko arazo izan genituen, kaxetan zeuden arren, dena maletaz josia baitzegoen. Hamabi ordu inguruko bidaiaren ostean heldu gara Sevillara, egia esan oso lo gutxi eginda, batere ez esatearren.

Bizikletak muntatzen ari ginela, bi polizia etorri zaizkigu, nortasun agiriak eskatuz, nere ustez euskaldunak ginelako, baina azkenean tipo jatorrak ziren, bidaia on bat opa digute azkenean.

Autobus geltokiko komunetan bizikletako erropak jantzi ondoren, hor abiatu gara Sevillan barrena alforja eta guzti. Gazteen albergean utzi ditugu alforjak, pisuz arintzeko, gazteentzako izan arren ez da batere merkea.

Sevillako auzo eta monumentu desberdinak ikusi ditugu, Katedrala, Giralda, Triana auzoa, Betis futbol taldearen ikurrez josita; La Macarena, La Cartuja, La Torre del Oro, dena oso polita, baina niri gehien gustatu zaidana, agian Plaza de España izan da.

Hauek guztiak ikusi ditugunean, bizikleta gainean aritu gara, eta ez dugu larregiko berorik igarri, baina abuztu hasieran gaude eta Sevilla oso beroa da. Eta hain zuzen ere, bero honegatik babesteko, kale batzuek toldoak dituzte teilatutik teilatura jarrita, eta egia esan igartzen da tenperatura aldea.

Egun bat gutxitxo iruditu zait Sevilla ondo ezagutzeko, hurrengo baten itzultzeko gogoa gelditu zait.