Hileko artxiboak: ekaina 2006

MIKEL ETA ROSA

Mikel Bringas eta Rosa Lizaso 2004 urteko aste santuan ezagutu nituen, Euskal Herrian zehar antolatu zuten bizikleta martxa baten. Martxa hau agur jaialdi bat zen, beraien oso lagunak ziren Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberena hain zuzen ere. Bikote honek Mundua Hurbilduz proiektua aurrera darama, tandem batekin munduari itzulia ematen ari dira, eta bisitatzen dituzten herrialdeetan hainbat proiektu egin behar dituzte, bisitatu www.munduahurbilduz.com informazio gehiago nahi izanez gero.

Antolatu zuten ibilbideak beraien abizenak dituzten bi mendi lotzen zituen, Okabe Iratin, eta Etxebarrieta Araban, eta etapak horrela izan ziren: Gasteiz-Okabe(autobusez), Okabe-Elizondo, Elizondo-Irun, Irun-Lekunberri, Lekunberri-Murgia, eta Murgia-Etxebarrieta. Egun hauetan denetik izan genuen, euria, elurra, beroa,… Hemen ezagutu nuen Aretxabaletako talde bat, eta ordutik harremana mantendu dugu, ez agian oso jarraia, baina kontaktuan segitu izan dugu.

Kontua da, larunbat honetan, ekainaren 10ean, Rosa eta Mikel ezkondu egin zirela, eta beraien ezkontzara gonbidatuta geunden. Ezkontza ez zen batere arrunta izan, ez zegoen korbatarik, ezta soineko distiratsurik, hauen ordez bizikletak ugari. Hitzordua goizeko 9:45ean zen Donostiako Haizeen Orrazian, ni Aretxabaleta, Arrasate eta Bergarako taldetxoarekin batera joan nintzen, eta guztiok soinean oroigarri bezala ateratako kamiseta, udaltzainen txalekoen kolorekoa, hori horia.

Han zeuden Mikel, Rosa, eta beraien mutikotxoa, Eki, hirurak txuriz jantzita. Azaldu ziguten orduan, batzuk bazekitena, Euskal Herriko itzulia egin behar dutela tandemean, atzean gurditxo batean Eki eramanaz, eta ezkon-bidaia bezala hartu zutela. Argazkiak eta atera ondoren, han abiatu ginen. Lehenengo Mikel, Rosa eta Eki, lorekin apaindutako tandem zahar batean, eta atzetik gu, txirrindulari ilara. Bizikletan ez zirenak joan Txu-Txu trenean egin zuten bidea. Helburua, Donostiako udaletxea, bidea berriz hondartzen ondotik doan bide-gorria.

Ezkontza Ramon Etxezarreta zinegotziak egin zuen, ekitaldi polit bezain hunkigarria izan zen. Kanpora irten zutenean ezkonberriek, han ginen zain 3 tandemekin arku bat egiteko. Hau ere originala. Ondoren bazkaltzera, hori bai, alde zaharrean trago pare bat hartuta aurretik. Hasiera batean bazkaria eta ondorengo jaia Uliako albergean izatekoa zen, baina astean su hartu du honek eta planak aldatu beharra eduki dute. Bazkaria Euskal Herriko Unibertsitateen ikasle egoitzaren ondoko zelaian jarritako karpa baten azpian izan zen, eta jaia, eta gaua pasatzeko tokia La Sirena albergean.

Bazkaria ona izan zen, bestelako bodetatik ezberdina. Aurrez diapositiba batzuk erakutsi zizkiguten, beraien bizitzen berri emanez. Eta kopuruz haur txikiak helduen antzera ziren, hura zen ume pila hura! Bazkalostean La Sirena albergera jo genuen, jaiak han jarraitzen baitzuen. Han afaldu ostean alde zaharrera, bizikleta poteoa ematen zuen, jente guztia guri so gelditzen zen, niki horiez gain bizikletan bait gindoazen.

Igandean, kosta zitzaigun jaikitzea, baina ala ere lortu genuen. Gertatu, bizikletak furgonetan sartu, eta Aretxabaletako taldea, Hondarribiko Haritz, Burgosko bikote bat beraien ume bikiekin eta txakurrarekin, eta Rosa, Mikel eta Eki Andoainera abiatu ginen, han bizikletak atera, gerorako bazkaltzeko zerbait erosi, eta Plazaola trenbidea izandakoa hartu genuen, helmuga Leitzan zen. Oso ibilbide polita da Plazaolakoa, hainbat tunel ere pasatzen dira, batzuk gainera ilun-ilunak. Leitza baino lehentxeago dagoen zelai baten mahai bat dago gerizpetan, bertan barbakoa egiteko lekua eta guzti dago, jabetza pribatua den arren, inor ez zegoenez, bertan bazkaldu genuen, hori bai, amaieran dena txukun utzita.

Bazkalostean Leitzaraino joan ginen, hango taberna bateko kanpoaldean jarri, eta tertulia eginaz, garagardo fresko batzuk hartu genituen, bero egiten zuen eta ia guztiok lehortuta geunden ordurako. Guk Andoainera itzuli beharra genuen, aldiz Mikel, Rosa eta Ekirentzako lehen etaparen amaiera zen. Beraien bidaiari buruzko informazio gehiago: www.bizibidaia.net .

Leitzatik Andoainerako bidea joanekoa baino askoz azkarrago egin genuen, hautsa ere sendo jan genuen. Baina bide hori ezagutzea gomendatzen diot jente guztiari, Euskal Herrian bertan leku eta paraje oso politak bait ditugu, eta kanpokoak gehiago ezagutzen ditugu zoritxarrez.

GATZAGAN EUSKAL BIZIKLETA

Aurrekoan komentatu bezala, Gatzagan izan nintzen atzo Euskal Bizikletako etapa ikusten. Bizikletan joan nintzen haraino, eta lehenengo pasaera Marulanda inguruan ikusi behar izan nuen, motorrek geldiarazi nindutelako, eta bigarrena berriz Gatzaga herrian.

Kamioi ugari errepidean, eta orokorrean trafiko ugari, batez ere Epeleko bidegurutzetik Gatzagarako bidegurutzeraino. Agian autopista ez da trafiko arazoentzako konponbidea izango, baina nire ustez Arrasatetik Gasteizera doan tartea zabaltzean, bizikletan ibiltzeko hobeto egongo dira errepide hoiek.

Badakit Eskoriatzako jentea ez dagoela batere gustura autopistarekin, eta beste jente asko ere ez, ez dakit zenbateraino zaintzen den ingurumena autopista honen eraikuntzan, baina ni izango naiz aurrena autopista hartzen Gasteizera joan beharra daukadanean, Gatzagako bide bihurrietatik ez pasatzearren, eta Arlabango portu “eternoa” kentzearren. Erosotasunak gustatzen zaizkigu guztioi.

Etapari dagokionez, lehenengo pasaeran talde handi batek liderraren taldeari 4 minutuko aldea ateratzen zion, bigarren itzulian berriz Euskaltel eta batez ere Saunierrekoen lanari esker, ezerezean gelditu zen diferentzia, eta Koldo Gil liderrak indartsu zegoela erakutsi zigun guztioi. Garaipena ordea aurrean kilometro mordoxka egin zuen Villegasentzat, merezi zuen bai!