Hileko artxiboak: martxoa 2007

EUSKAL HERRIA BIZIKLETAN, GIDA

Berriz datoz bueltan nire blogera Mikel Bringas eta Rosa Lizaso. Arrazoia, kaleratu berri duten “Euskal Herria en Bici” gida, momentuz gazteleraz atera dutena baina egunen batean euskarazko bertsioa ikusiko dugun esperantzarekin.

Larunbat honetan izan zen liburuaren aurkezpena, Donostiako Ernest Lluch kulturetxean, baina hori arratsaldeko 5etan izan zen, eta horren aurretik gauza asko gertatu ziren.

Goizeko 10etan Donostiatik irten zuen jenteak trenean, bizikletekin noski, bikote hau ezagututa ez da batere harritzekoa. Bidaiaren helburua Orio zen, eta han geunden beste batzuk hainbat tokitatik joanda. Aretxabaletako kuadrila bizikletan joan zen Elgoibarreraino, eta handik trenez Oriora, beste batzuk, ni tartean, kotxean Orioraino eta han bizikletak aterata. Nik mendiko bizikleta eramateko asmoa nuen, baina azkenean paseokoa eramatea erabaki nuen, eta ederki damutu zitzaidan…

Orioko plazatik abiatu zen martxa, hiruzpalau tandem, eta beste guztia bizikletak, tamaina eta kolore guztietakoak, beraien jabeen antzera, toki anitzetakoak, Euskal Herriko jenteaz gain, Catalunya, Burgos, Madril, Aragoi eta beste hainbat lekutatik etorritako jentea baitzegoen.

Orion bidegorrian egin genuen tartea laua zen, baina Igeldora doan bidea hartu genuenean amaitu zen lautada. Nire paseoko bizikletaren plato txikia, handiegia zitzaidan, eta kostata igo nuen, zati bat baino gehiagotan bizikleta eskuetan hartu beharra ere izan nuen.

Hainbat malda igo eta jeitsi ostean, iritsi ginen bazkaldu behar genuen tokira, Usurbilgo Arratzain sagardotegira. Bazkaldu aurretik, nahi zuen ororentzat sokatira saioa, eta orokorrean jenteak erropak aldatzeko baliatu zuen tarte hau. Bazkaltzeko 80 bat lagun elkartu ginen, gehienak bizikletan joanak, baina ba zegoen kotxea aukeratu zuenik ere haraino joateko. Bazkarian giro ona, eta jatekoa ere gustukoa, entsalada, kabratxo pastela, sahieskia patatekin, postre gozoa, eta kafea. Haurrentzako aldiz, ugariak ziren hauek, espagetiak eta okela patatekin. Sagardoari buruz zer esan, hobeak dastatu ditudala.

Bazkaria amaitzean bizikletak hartu eta Donostiara, nik 100 metro ere ez nituen egin ondo, pedala apurtu baitzitzaidan, maldan behera joan daiteke, baina lauan eta batez ere goruntz ezinezkoa da. Bazkaltzera kotxean igo zuten batzuei esker, bizikleta furgoneta baten eta ni beste kotxe baten heldu ginen Donostiara. Eskerrik asko bi ibilgailu hauen jabeei!

Ernest Lluch kulturetxearen kanpoan jentea zain zegoen, eta atzerapen apur batekin hasi zen liburuaren aurkezpena. Mahaian,

Calapie taldekoak oroitarazi zigun, aurreko egunean txirrindulari bat hil zela kamioiak harrapatuta, eta kontzentrazioa zegoela Aldundiaren aurrean hori salatzeko. Ea azkenengo kasua den hau.

Liburua 2 urte eta erdiko lanaren fruitua izan da, beraien seme  Ekiren ikuspuntutik, aurkezpen polit batekin Euskal Herriko hainbat toki erakutsi zizkiguten, batzuk ezagunak, eta beste batzuk ez hainbeste, halakoetan konturatzen da bat zelako gutxi ezagutzen duen Euskal Herria, eta aldiz oporretan kilometro pila bat egiten ditugu beste herri batzuk ezagutzeko.

Amaitzean liburu pilatxoa saldu ziren, baina esan zuten bezala, liburu hau erabiltzeko izan dadila, eta gure Euskal Herri maitea hobeto ezagutzen lagundu dezala.

ZORIONAK MIKEL, ROSA ETA EKI!! Eta nola ez, Eskerrik asko bihotzez halako egun zoragarri bat antolatzeagatik!!