Hileko artxiboak: urtarrila 2012

Hotza datorrela

Irratian entzun berri dut, ostegunetik aurrera izugarrizko fronte hotz bat ei dator, 1956tik ez dela iragartzen den besteko hotzik jaso inguru hauetan. Moskun bertan -30º eduki dituztela, eta hemen -10ºra iritsi daiteke.

Otsaila izaten da inguru hauetan hilabeterik hotzena, motzena izateaz gain. Bufandak, eskularruak, txapelak, eta txamarra potoloak, guztiak gertu eduki beharko ditugu, baina kontu haundiagoa izan beharko dugu egunero errepidean ibiltzen garenok, izotza egongo delako.

Benetako negua hasten dela ematen du, Sunbillan, Iturenen eta Zubietan ihauteriak hastearekin batera!

Eta kalean egoteko hotz larregi egiten badu, etxean goxo goxo egoteko aprobetxatu behar, eta adoretsuenentzako tabernetako terrazetan dauden berogailuak!

Fitipaldixak

Aurrekoan etxerakoan gazte bat ikusi genuen bere 4×4 kotxean Fitipaldirenak egiten, gaueko 11:30ak ziren gutxi gora behera, eta trafiko eza aprobetxatuz nahi zuen bezala zihoan, eskufrenoa jaso, beste errailera pasatu, eta nola ez, hiri barrurako jarrita dagoen 50 km orduko mugatik gora.

Zorionez ez zen ezer gertatu, guk dakigula behintzat, baina zoritxarrez ohituegiak gaude horrelakoak ikustera. Gazteleraz “conducción temeraria” bezala ezagutzen dena ohikoa da, eta askoz arrikutsuagoa izaten da herri barruan baldin bada.

Autobide on baten 130-140 km orduko baldin bazoaz, isuna eduki dezakezu, nahiz eta zu bakarrik joan trafikorik ez dagoelako, gaur egungo kotxeak abiadura horretan joateko ondo gertatuta daudenean.

Aipatu bi kasuak ez dira legearen barnean sartzen, baina zeinek ditu isunak jasotzeko aukera gehiago?

Errege bezperako bertso saioa

Aspaldian ezer idatzi gabe nengoen hemendik, eta ea bizi apur bat ematen diodan blogari gaurtik aurrera, egunero zerbait idaztea zaila izango den arren.

Atzo Oñatin urteroko bertso saioa eduki genuen, errege bezperako oparia izaten dena. Tablatu gainean Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Julio Soto eta Amets Arzallus, hauei gaiak jartzen Egoitz Aizpuru, herriko bertso eskolaren izenean. Harmailetan berriz jendea lepo, Egoitzek bota zuen bezala neurrira eginda zegoela zirudien.

Bertso onak entzun genituen, barre egitekoak, apur bat serioagoak, … eta ezin aipatu gabe utzi Julioren ahotik jaso genuen historiako ikasgaia, Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira, bertso bikainak iruditu zitzaizkidan.

Oñatiko bertso eskolako kideek Oñatiko udalaren laguntzaz urtero antolatzen duten jaialdi honek, izan dezala jarraipena, eta Egoitzek esan zuen bezela, urtean zehar bertso gehiago entzuteko aukera izango dugu.

Euzkitzek esaten duen moduan, “bejondeizuela!”.