Argindarraren prezioa. Zahar egoitzetako baliabide eta arreta falta. Segregazioa. Arrakala sozialak. Prekarietatea. Emakumeon aurkako indarkeria. Laneko heriotzak.
Amaigabeko zerrenda, baina kaleak hotz ditugu. Haserre eta amorrurik ez da nabari, zenbait bilkura, greba eta pankartez harago. Iluntasunera ohitu garelako izango da akaso. Nekea izango da bestela. Etsipena. Eta etsipen horretan, amestea ere ahaztu zaigu. Irudikatzea, sortzea, eraikitzea. Beharrez betetako garaiak ditugu, baina tresnak falta zaizkigula dirudi.
Hain zuzen ere, kooperatibismoaren rola beharrak estaltzea izan da bere hastapenetatik. Hor kokatu behar ditugu, esaterako, industrializazio garaian biderkatutako kontsumo kooperatibak: oinarrizko produktu eta elikagaiak langileen eskura jartzeaz gain, ehun soziala berreskuratzeko tresnak ziren beren baitan, komunitatea eraikitzeko erremintak. Kontsumo kooperatiben rol garrantzitsua ikusteko, baina, ez dugu zertan XIX. mendeko Ingalaterrako Rochdale hirira jo behar. Gertuago ere baditugu kontsumoa kooperatibizatzeko hainbat esperientzia sendo: energian, teknologian eta elikaduran, besteak beste. Goierri bera bada ekintzailea kontsumoa kooperatibizatzen… eta politizatzen. Izan ere, sendotu diren proiektuen oinarrian bada helburu politiko bat, bizirauteaz harago doana: kontsumoa eraldatu nahi da, demokratizatu, bizitza erdigunera eraman.
Gehiengoaren beharrak larriagotzen ari diren honetan, ezinbestekoa dugu alternatibak josten eta eraikitzen joatea, eta Goierrik arrakastarako osagai asko ditu. Baditu kontsumo kooperatibak, bai, baina baita ere lan elkartuko kooperatibak, eragile sozialak, komunitarioak, ehun industrial kooperatibo zabala… eta badu eskualde izaera, nortasuna. Horregatik, ezin diogu aukerari ihes egiten utzi. Eraikitzeko garai berriak datoz, freskoak, ilusioz betetakoak, eraldatzaileak, saregileak.