Etorkizuna amesten

Mahai-inguru, elkarrizketa eta bazkalosteko hitz aspertuetako galdera: Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Erantzuna? Norberaren zamek eta momentuko umoreak baldintzatua, zalantzarik gabe. Horregatik, erantzun azkarra ekidin, eta amesteko eta imajinatzeko postura hartu dut tarte batez. Ezkerrera eta gora joan zait begirada. Ezkerrera, eta gora. Ez dakit hori den amesteko postura ohikoa, edo hautu pertsonal ez-kontzientea den. Dena den, ez didazue ukatuko baduela irakurketa politikoa. Honek ere bai.

“Geure gainetik, izarrak bakarrik”… diote Iruñea aldean. Artikulua idazteko erritmo biziegia du soinu bandak, baina erakusten dit norabidea. Etorkizuna imajinatzeko, ezinbestekoa dugulako pentsatzea geure gainetik izarrak bakarrik ditugula. Ez dugula ezta kristalezko sabairik ere. Amestu behar dugulako lehen pertsona pluralak nahi duena lor dezakeela. Sistema desafiatu dezakegula, ze demontre!

Halaxe irudikatzen dut etorkizuna, lehen pertsona pluralean. Irudikatzen dut, irudikatu nahi dut, erakunde eta ekimen kooperatiboz betea, aberatsa, gizartearen gehiengoaren beharrak estaltzeko alternatibak bilatuko dituena. Saretua, gizarteko eragile anitzak elkarlanean dituena. Bizitza erdigunean izan, eta zaintza prekarietatetik aterako duena. Eta hor kokatzen ditut kooperatibak eta mugimendu kooperatiboa. Bizitza erdigunean izateko apustua egiten.

Horregatik, etorkizuna imajinatzean slogan hutsetan gelditzea erdibidean gelditzea da. Berrikuntza, ikerketa, nazioartekotzea, ekintzailetza… hitz potoloak, baina, onenean, norabiderik erakusten ez dutenak. “Zertarako?” da galdera. Zer lortu nahi dugu? Nola irudikatu nahi dugu geure ingurua? Beste kontu bat da nola egingo dugun. Ba… ahal dugun bezain ondoen; batzuetan asmatuta, eta beste batzuetan geure inkoherentzietan are gehiago sakonduta.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude