Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.
Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.
MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.
Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.