Quantcast

Errepidean barna

Sekula ez zait gustatu Formula 1-a. Erruberak eta gasolina gastatzeko modu absurdua iruditzen zait, tinpanoak hautsi eta ingurugiroa kutsatzeko afizio bitxia.
Errepidean emozioa sentitzeko ez da beharrezkoa Formula 1-a. Nahikoa da N-1 eta GI-632 errepideak zeharkatzea. Zuloak. Zikinkeria. Errepide bazterreko belarrak. Putzuak. Eta guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiz. Ahaldun Nagusiaren eta Bide Azpiegituretako Diputatuaren erabakiz. Izan ere, beraien erantzukizuna da herritarron bide segurtasuna bermatzea. Herritarrona, eta errepidean lanean ari direnena. Beraien bizitza arriskuan jarriz gure segurtasunaz arduratzen direnena.

Abuztuan beste istripu bat izan zuen langileetako batek. Zerbitzu minimoak baino gehiago betetzen ari zen langileetako batek. Zerbitzu minimoak diot, 6 hilabetez greban direlako errepideen mantentze lanetako langileak.
Eta 6 hilabeteko greba ez da 6 hilabetez oporretan egotea. 6 hilabeteko greba oso gogorra da. 6 hilabeteko greban nekea sentitzen da, etsipena. Eta amorrua. Amorrua, Aldundiaren “Pertsonen Gipuzkoan” grebalariez paso egiten delako. Amorrua, komunikabideek greba etengabe ezkutatzen dutelako. Amorrua, grebalarien ordezkapen ilegalak baimentzen direlako.

Niri ez zait gustatzen Formula 1-a. Baina are gutxiago gustatzen zaizkit beraien erantzukizunez ihes egiten duten agintari eta politikariak. #errepideakgreban, #prekarietateariSTOP.

4 paretetatik harago

Inork ez ninduen zoriondu. Gutxi batzuek ulertu zuten. Horrela hasi nuen ELAko ibilbidea. Eta hala pasa ditut lehen hilabeteak: ingurukoei ulertarazten zergatik utzi nuen kooperatiben mundua, eta nola egin nuen salto sindikalgintzara.

Sindikatu eta kooperatiben arteko lotura estua azaltzen orduak pasa ditut. Prekarietatea egon badagoela esaten. Oso egoera latzak badaudela baita Debagoienean ere. Eta sindikatuak horren kontra borrokatzen duela. Neure soldataren %90a afiliatuen poltsikotatik datorrela, langile prekario eta pobreen poltsikotatik. Hain zuzen ere, prekario horiek dira kooperatiba batzuen jarrera salatzera etorri zaizkigunak. Hitzarmen estatala aplikatu nahi dietela beldurrez esaten digutenak. Orduko 5 euro kobratuko dituztenak.

Mariak beste kooperatiba handi bati buruz itzelak esaten dizkit. Berak telemarketineko azpikontrata batean egiten du lan, baldintza miserableetan. Ahalegin handia eginez, kooperatiba hori defendatzen saiatzen naiz. Baita estatalizazioaren aldeko dagoen kooperatiba ere, ez zirela ondorioez ohartuko arrazoituz. Baina berdin dio. Bihotza erdibituta daukat.

Eredu kooperatiboan sinesten dut. Benetako alternatiba dela uste dut. Baina kooperatibak ezin dira edonola bultzatu. Ez da onargarria bazkideen soldatak bermatzeko esplotazioa erabiltzea. Eraldaketa 4 paretetatik harago doalako. Langile klase osoaren ongizatea delako helburua, ez gutxi batzuena.

Biolentzia

Kutxazain bat garbitzeagatik 31 minutu. Logela bat garbitzeagatik 2’5 euro. Diru publikoarekin finantzatutako obretan 12 ordu eta orduko 5 euro. Astean 10 orduko lan jardunak. %50eko behin-behinekotasuna denda handietan. Udaletxeetan bertakoak baino azpikontratatutako langile gehiago. Afiliatzeagatik kaleratzeak. Lan jardun amaigabeak. Komunera joateko baimena oihuka eskatu beharra. Makina hutsak.

Berogailua pizteko dirurik ez. Kontziliazioaren eta bizirautearen artean hautatu beharra. Beldurra. Nekea. Duintasun galera. Bizirauteko indarra nonbaitetik atera beharra. Inpotentzia. Bakardadea.

Baina nola kexatuko naiz ni? Gutxienez lana dut. Ondokoa baino hobeto nagoen bitartean, dena ondo. Baina gaur lanpostu duina dena bihar prekario izango da. Nirea ere bai. Eta badakit. Baina bitartean lasai nago. Iraungo dut. Jasango dut.

Ez dakit zein den biolentziaren definizioa. Baina badakit gaur egungo langileen eta lan baldintzen egoera eta zapalketa biolentzia dela. Biolentzia da gure eskubideak aldarrikatzeko beldurra izatea. Biolentzia da lan miseriarekin aberasten diren pertsonaia publikoak ezkutatu, eta gure egoeraren erruduna albokoa dela sinestaraztea: Oinarrizko errenta jasotzen dutenak. Etorkinak. Prekarietatea sufritzen dutenak. Beharbada, etorkizunean ni neu.

Eta biolentzia babestea da prekarietateari aurre egiteko Herri Ekimen Legegilea (HEL) baztertzea. Etekin ekonomikoak lan baldintzen, pertsonen, gainetik jartzea da.

Lehenengo bi asteak

Lanpostuz aldatu dut ikasturte hasierarekin batera. Lanki utzi, eta ELA sindikatura egin dut jauzi. Aldaketa orok dakartzan beldur eta urduritasunei aurre egin, eta Bilbora joan-etorriak hasi nituen irailaren 14an.

A8ko bihurgunez betetako bi asteotan, bilera informal eta formalez bete zait agenda. Eta errealitate ezberdinez bete zait koadernoa.

Besteak beste, garbikuntza sektoreko bilera batean egoteko aukera izan dut. Lan-baldintza gogorrak eta bidegabeak sufritzen dituen sektorea da. Ikusezina. Eta emakumeena, nola ez. Ez da sektore bakarra, baina ikaragarri eragin didan errealitatea izan da. Ez nuen orain arte bere gordintasuna ezagutzen.

Langileen parte-hartzeari buruz hitz egin dut txoko honetan, eraldaketa sozialari buruz, alternatibei buruz… baina barneak ez dit halakorik egiten uzten gaurkoan. Ezin da langileen parte-hartzeaz hitz egin garbikuntza sektoreko errealitatetik (besteak beste). Balio kooperatiboak, formazio kooperatiboa, interkooperazioa… Zein urrun geratzen zaizkidan bat-batean hitzok. Eta ze gertu aldarrikapena, borroka, duintasuna eta… eskubideak. Irribarrez eta indarrez berreskuratu  beharreko eskubideak.

Bekatuak bekatu

Wikipedia kontsultatuz hasi naiz artikulua idazten. “Sindikatu” hitza bilatu dut, aitzakia perfektua azken egunotan prekaritateak erail dituen langileak aipatzeko.

Euskarazko Wikipediaren arabera, sindikatuaren helburua da langileriaren interes sozial, ekonomiko eta profesionalak defendatu eta sustatzea. Gaztelaniazkoak dio bere lana erabakiak hartu aurretik langileak informatu eta kontzientziatzea ere badela.

Definizioak irakurri eta ahalduntzea datorkit burura, autogestioa, norbanakoaren eta komunitatearen ongizatea, pertsonaren duintasuna… eta kooperatiba.

Bai, kooperatiba eta sindikatua, biak lotu ditut. Baina mesedez, ez iezaiozue inori esan. Ondo dakizuen bezala, gure bailaran bekatua da kooperatibagintza eta sindikalgintza lotzea.

Ustez, eredu kontrajarriak. Baina funtsean, eskutik helduta behar luketenak.

Egia da kooperatibetan sindikatuek ez dutela lekurik, ez behintzat langile bazkideen ordezkari gisa (ez ditzagun ahaztu ebentual eta azpikontratatuak). Bateraezinak izanda ere, eraiki beharko genituzke zubiak kooperatibak eta sindikatuak aliatu bihurtzeko. Eredu sozioekonomiko alternatiboa eta erreala nahi dugunok, bi eragile indartsuok elkarlanean behar ditugu. Baita komunitatetik sortu eta eraldaketarako bokazioa duten beste eragileak ere.

Izan gaitezen gu ere Grezia, eta saia gaitezen eredu sozioekonomiko bidegabe eta krudel hau aldatzen. Utz ditzagun ezberdintasunak alde batera, eta has gaitezen eraikitzen.

loading