Ez da lehenengo aldia Adegi-ren adierazpenek goiza
muturtu didatena. Guibelaldek dio Gipuzkoako Bilduk ez dituela inoiz
lanpostuak sortu, eta orain lanpostuak arriskuan jartzen ari direla,
aberastasunaren gaineko zerga aplikatuz enpresariak larrituz. Osasun
mental eta emozionalaren kalterako, twitterreko erabiltzailearen TLra jo dut, eta perlatxoak topatu.
Con impuestos ¿quien va asumir el riesgo de iniciar una actividad empresarial en Gipuzkoa?.#EnpresaEguna
— ADEGI (@ADEGI) May 29, 2014
Ea ba. Zergak. Bere zentzua eta helburuak. Aldeko eta kontrako
iritziak izanda ere, egun zergen funtzioa da gizartearen beharrei
erantzutea. Alde batetik, behar “sozialei”: osasuna, hezkuntza edota
gizarte zerbitzuak, besteak beste. Bestetik, garapen sozioekonomikorako
egitasmoei. Sozio azpimarratu nahi izan dut, enpresak eragile
sozioekonomiko gisa ulertzen ditudalako, eraldaketa eta ongizate
sozialera bideratutakoak. Hala, Adegik hainbeste kritikatutako zergek
badute eragina eta laguntzen diete enpresei, bai berrikuntza programak
bultzatuz, baita enpresa egitasmo berriak sustatuz ere. Era berean,
esango nuke Adegi berari ere laguntzak ematen dizkietela, eta
funtzionamendurako beharrezko baliabideak eskuratzen dituztela. Ez dut
ulertzen, beraz, zergatik halako arazoak aberastasunaren gaineko zergak
aplikatzearekin.
Con la nueva cultura de empresa, queremos cambiar hacia una cultura del acuerdo, para ganar todos, empresarios y trabajadores. #EnpresaEguna — ADEGI (@ADEGI) May 29, 2014
Con transparencia, comunicación y participación d ls trabajadores construiremos proyectos compartidos basados en la confianza. #EnpresaEguna
— ADEGI (@ADEGI) May 29, 2014
Bi txioak bata bestearen ondoren jarri ditut, apropos.
Ezaguna da Adegik langileen parte-hartzea sustatzeko asmoak eta
plangintzak jarri dituela martxan. Kooperatibek, besteak beste, urteak
daramatzate parte hartzea aldarri izaten. Orain arte, baina, enpresa
konbentzionaletan (salbuespenak salbuespen, eta guztiak Adegi-rekin
parekatzeko inongo helburuarekin) ez da langileria aintzat hartu.
Langileria soilik obeditzeko izan da maiz (eta bada zenbait kasutan),
ahotsik gabeko tresna. Estrategia enpresarialetik begiratuta, huts
ikaragarria. Izan ere, langilea enpresaren parte sentitzea lortzen badu
enpresariak, lanerako motibazioa handituko du, efizientzia eta
errentagarritasuna handitzeko aukera handiak sortuz. Alde batera utzi
nahi ditut oraingoan ardura soziala eta pertsonen garrantzia, apropos.
Termino enpresarial hutsei begiratu nahi diet. Eta termino enpresarial
horiekin bat dator zergen afera.
Beraz, bi txio horiek, langileriaren parte-hartzearen aldeko mezuak, termino enpresarial hutsetan kokatuko nituzke nik. Make up
pixka batekin (ingelesa erabiltzeko moda horri keinu), botere ekonomiko
hutsa helburu duen estrategia pertsonen ardura bihurtu nahi dute,
kanpora begira behintzat.
Parte-hartze finantzarioa proposatzen dute Adegiko enpresariek,
enpresak langileen jabetzakoak bihurtuz, enpresa komunitarioa lortu
bidean-edo. “Zenbait” guruk gauza berbera proposatzen dute, “pertsonen”
garrantzia tonu erasokor eta bortitzean zabalduta izanda ere (funtsean
langileriaren erabakitze ahalmena hutsaren hurrengora mugatzen duten
arren). Jabetza finantzario elkarbanatua gauza handia da, bai horixe.
Kooperatiben gakoetako bat ere bada. Ekonomia ulertzeko modu bat da,
demokrazia ekonomiko aldarri duena. Larritzen nauena da, baina, galeren
sozializazio garaian jartzea martxan halako egitasmoak, irabazien
indibidualizazioak amaitzean. Askoz ere ebidenteagoak iruditzen zaizkit
helburu enpresarial hutsak, irabazien banaketarik egoteko aukerarik ez
dagoenean eta langileriari enpresaren onerako sakrifizioak eskatu behar
zaizkionean.
Enpresa guztiona dela sinesten dut, gakoa dela iruditzen zait
proiektu komunitarioak indartu eta sustatzea. Hala ere, ez dut uste mezu
eta jarrera horiekin bide onetik doanik Adegi. Inteligentzia
enpresarial hutsetik bada ere, langileriaren alboan daudela antzeztu
behar lukete.