Irteerak (eta ez-irteerak)

Zurrumurruak soilik iristen zaizkigu Goierrira Ulma eta Orona kooperatiba taldeak Mondragonetik irteteko hartu duten erabakiaren inguruan. Sare sozialetan Mondragon-en sedukzio saiakerak batetik, eta Ulmako Kontseilu Errektoreek egindako salaketak, bestetik. Lurrin goxotik urrun, guztia.

Ulmarena tristuraz bizi dudan horietako bat naiz, aitortuko dizuet. Gogoan dut oraindik nola bizi izan genuen Irizar eta Amporen irteera, botere eta interes talken irakurketa eginda. Ez dakit oraingoan ere botere talkak dauden atzean, gorbata gehiegi dauden esparruetan ohikoa den moduan. Ziur aski denetik izango da, baita interes ekonomikoak ere. Dena den, bada behintzat elementu komun bat irteera hauen artean: ez da inondik inora Lagun-Aro, EPSV-tik irtetea planteatzen. Eta neuretzako behintzat, hau oso esanguratsua eta garrantzitsua da. Ez diodalako zentzurik topatzen sareari uko egitea alde batetik, baina sarearen tresna batzuei eustea, bestetik (arren, argudia dezala norbaitek).

Lagun-Aro izango da, ziur aski, Arrasateko Kooperatiben Esperientziak ekarritako tresna interesgarrienetako bat. Tesi garaietan landutako aurkezpen hau eta Ekonomiaz-en argitaratutako artikulu hau akaso baliagarri izango zaizkizue bere pisua ulertzeko. Azken finean, kooperatiben gorabeherei malgutasunez erantzuteko interkooperazio tresnak biltzen ditu Lagun-Arok, langileen birkokapenak barne. Esaterako, Fagor Etxetresna Elektrikoak erori zenean, bazkide mutualisten birkokapenei esker milaka lanpostu mantendu ahal izan ziren… bazkide mutualisten lanpostuak, hori bai. Dena den, nahikoa idatzi nuen inkoherentzia hauei buruz duela 10 urte.

Lagun-Aro, EPSV-ren 2021eko memoriaren arabera, Ulma taldean 2.410 mutualista ziren bertako kide, eta Oronaren kasuan, 1.720. Bere garaian Mondragon Korporazioa utzi zuten Irizarrek eta Ampo-k ere bertan segitzen dute gaur egun, 717 eta 390 mutualistekin. Honek zer esan nahi du? Ba, Mondragoneko kooperatiba izan gabe ere, Lagun-Aroko kide diren kooperatiben artean ongi definitutako enpleguari laguntzeko elkartasun neurriak aplikatzen direla, bere dimentsio ezberdinetan (ordutegi mugikorra, birkokapenak… guztia webgunean bertan labur azalduta).

Arrasateko Kooperatiben Esperientziak eta bere bilakaerak hobetzeko gauza asko ditu, ziur, baina proiektuaren erresilientzia eta garapenerako tresna hauek ikasgai garrantzitsua dira, beste sareek ere kontuan izan beharrekoak. Akaso, beraien biziraupenari begira ez diete kooperatibek tresnei uko egin nahiko. Logikoa bada, behintzat.

2 comments

  1. Kaixo.
    Lagun Aro, kooperatiba zerbitzuak ematen duen kooperatiba pribatu bat da. MCC barruan egoteak ez du esan nahi beraiena dela baizik eta bere nortasun agiria dauka. Zu, kooperatibista izan gabe, hartu dezakezu bere zerbitzuak.
    Ulma taldea, MCCn sartu aurretik darama Lagun Arorekin lanean eta Laboral Kutxarekin ere, zergatik utzi beharko zuen ba beraiekin lan egitea ba? Akaso Ulmako bazkideek ez dira sekula gehiago Eroskira joango erosketak egitera… edo hopotekak Laboral kutxatik kenduko dituzte? Mila adibide…
    Ez ditzagun gauzak bere lekutik atera mesedez. Ulmak 20 urteko ibilbidea egin du MCC barnean eta orain beste garai berri bat zabaltzea tokatzen da.
    Ulma, Orona, Irizar eta Ampok, MCC barruan dauden beste kooperatiba pila batekin egiten dute lan, baina noski, horiek ez dute hainbesterainoko izenik…
    Utzi dezagun honi bueltak amateari eta bakoitzak egin dezala bere bidea.

    1. Kaixo!
      Lehenik eta behin, eskerrik asko zure mezuagatik.
      Ulertzen dut esan nahi duzuna, eta batez ere, azken esaldiarekin ados. Dena den, uste dut Lagun-Aroren izaerari eta tresnari buruz jarritako erreferentziak ez dituzula kontuan izan. Lagun-Aro, EPSV ez da negozio bat, interkooperazio tresna bat baizik. Arrasateko Kooperatiben Esperientziak hainbat ikasgai utzi dizkigu, eta mutualismo eta elkartasun tresnak biltzen dituen arkitektura osoa erakutsi digu, ULARCO taldearen hasieratik. Are gehiago, esango nuke ULGORen sorrerarekin hasi zirela ekimen interkooperatiboak sortzen. Caja Laboral Popular, Lagun-Aro EPSV, ULARCO bera, División Empresarial, zerbitzu zentralak… Mugimendu kooperatibo honek interkooperazio tresnak ditu izar, kooperatiben garapenerako ekosistema osoa aurreikusi eta eraikitzea: hezkuntzatik hasita, finantza tresna propioetara.
      Lagun-Aro EPSV-ren interkooperazio tresnei egiten nien erreferentzia artikuluan, birkokapen sistemari, egutegi malguari eta langabezia ekiditeko tresnei. Horri buruz nenbilen, ez zuk hitz egiten zenuen harira. Uste dut beste dimentsio bat dela, eta Lagun-Aro EPSV bai edo bai Mondragon Korporazioarekin lotu behar dela. Mondragon baita, azken finean, interkooperazio tresna horiek sustatu eta eusten dituena, bertako kooperatibekin batera.
      Dena den, ados, bakoitzak bere bidea egin ditzala, duen onenetik mugimendu kooperatiboa indartuz.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude