Ukazioa printzipio gisa

Datuek balio dute egoerak deskribatzeko, gertatutakoak azaltzeko, estatistikak egiteko… Baita errealitatea eraldatu eta hobetzen saiatzeko ere.

XIX. mende erdialdean, Manchester hiriko langile auzoetan bizi-itxaropena 26 urtekoa zen. Industrializazioak ekarritako bizi baldintza gordinen erakusgarri da datua, eta ez da imajinazio handiegirik behar orduko miseriak irudikatzeko. Garai hartan sortutako kontsumo kooperatibak errealitate hori eraldatzeko tresna gisa ulertu behar ditugu.

Gatozen azken asteotako beste datu batera. Ekopol ikerketa-taldeak jakinarazi duenez, Zubietako erraustegian egindako isurketen neurketetan lortutako datuen arabera, 2020an bi mila aldiz gainditu zen kutsadura muga. Kasu honetan ere, datua erabil genezake alternatibak bilatu eta egoera eraldatzeko; esaterako, Zubietako errauskailuan dauden akatsak eta irregulartasunak aztertu eta dagozkion neurriak hartzeko. Edo, bestela, egin dezakeguna da datuak ukatzea, sailburuak egin duen moduan guraSOSi datuak “modu arduragabean” nahastea eta “alarma soziala” sortzea egotziz, adibidez.

Errauskailuko isurien gisara, segregazio datuak ere izugarriak dira. Eta, jarrerak ere, parekoak. Urte batzuk behar izan ditu Jaurlaritzak ikastetxeen artean segregazioa dagoela ukatzetik neurriak planteatzera. Neurri eraginkorrak aplikatzeko, akaso, beste 5 urte itxaron beharko dugu. Bitartean, ikastetxeen arteko desorekek gora egiten segitzen dute, gure herrietan arrakala sozioekonomikoak are eta sakonagoak bihurtuz.

Heldutasunez eta arduraz egin behar genioke aurre egoerari, behingoaz ukazioaren fasea gaindituta. Herritar moduan ikastetxeei zein administrazio publikoei neurri eraginkorrak eskatzeko ordua aspaldi iritsi zen, herrigintza dugulako jokoan. Eta, herrigintzarekin, euskalgintzaren oraina eta etorkizuna.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude