Quantcast

Agur eta ohore

Uztailaren 15etik artikulu hau buruan, baina ezin hitzak topatu, aita.

Bi hilabete pasa dira jada. 2 hilabete Gasteizko ZIUn hil zenetik. Maite zaitugunez inguratuta. Guztiok batuta, besarkada amaigabeetan murgilduta. Astea ere hala pasa zenuen, anai-arreba eta ilobez inguratuta. Leku hotza epel bihurtu zuten guztiek, belarrira xuxurlatutako abesti iraultzaileekin, irrintziekin, barre algara eta eskertza sentikorrenekin.

Guztiok agurtu nahi zintugun, aita. Maite zaitugula esan, guri eta komunitateari emandako guztia eskertu… eta iristea nahi ez genuenari aurre egiten saiatu. Halaxe darraigu.

2 hilabeteotan errekonozimendu hitzak jaso eta jaso ari gara, oraindik ere tantaz tanta iristen ari direnak. Kooperatiben mundutik, euskalgintzatik, herrigintzatik… Baina baita hainbeste lagundu zenienen eskutik ere. Izan ere, herrigintzak izan zintuen, baina baita familiak eta gertukoek ere. Nola lortu zenuen, oraindik ez dakit.

Lasai egon zaitezke, aita. Ondo ikasi dugu mundu hau hobetzea guri ere badagokigula. Komunitatea txikitasunetik eta umiltasunetik indartuz. Hitzetatik harago, utopia ekintzetatik eraikitzen segiko dugu. Bakoitza bere txokotik, gizarte justuagoa ipar. Euskalduna, abertzalea, langilea… eta feminista. Iraultza horri ere gogoz helduko diogu, aita. Zuk emandako tresnak egungo erronka handiei aurre egiteko erabiliz.

Eta, nola ez, Joanes txikiak ere ezagutuko zaitu. Mundu justuagoarekin zenuen konpromisoa transmititzen ahaleginduko gara. Utopiaren errealista izaten saiatuko gara, txikigintzaren ameslariak, zu moduan.

Mila esker, aita. Mila esker zeuri ere, ama. Aita zena, zuri esker izan zelako. Mila esker etxekoei, lehengusu eta osaba-izebei, lagunei, malkotan eta irribarretan lagun izan zaituztegunoi. Eta Gasteizko profesionalei, bidelagun goxo izan zaretelako.

Seme-alaben diktadura

Duela 3 astetik bat gehiago gara etxean, prozesu eder baina gogorraren ondoren. Ustez “emakume oso” egiten nauena bete dut, behingoaz, eta Virginie Despentes-ek “King Kong teoria” liburuan deskribatutakoa frogatu: seme/alabekiko maitasun erromantikoaren diskurtsoa buruan sartzen digute; baita erditze ondorengo egunetan ere, prozesuaren idealizazioa inposatuz.

Dena dela, emakume zein gizon, etxeko guztioi aldatu zaigu bizitza azken asteotan. Planak malgutu zaizkigu, ordutegiak, loa, otorduak… bizitza bera beste baten menpe dago orain. Enpresa askotako patroi-langile harremanen pare, bai horixe! Langile gara, patroiaren nahien menpe; eta, era berean, bere ongizatea bermatzeko, patroia gure lanaren menpe dago.

Badira aste batzuk zutabe honetan bertan langileon eskubideak murrizten dituen lan erreforma goraipatu zela. Are gehiago, enpresek langileei ezartzen dizkien eskubideetan malgutasun handiagoa aldarrikatu zen, kontratuen behin-behinekotasunarekin amaitzeko ezinbestekoa omen. Virginiek ongi deskribatzen duen emakumeei inposatzen zaigun maitasun erromantikoaren pare, umearekiko beharrean, langileek enpresariarekiko izan beharreko mugarik gabeko maitasuna, malgutasuna, dedikazioa eta menpekotasuna aldarrikatuz.

Enpresariak eta nagusiak, baina, ez dira gure seme-alabak. Berdinen arteko harremanak izan behar genituzke, interes komun errealak izan, guztion ongizatea bilatu. Ez dugu printzipe urdinarekiko harremanik nahi, ez dugu eredu horrengan sinesten. Eta ez gaude horretara kondenatuta egoteko prest. Kolektibo ahulenetatik hasita (ahul bihurtutakoak, hobe esanda), ahalduntze prozesuak behar ditugu, bizitza erdigunean jarriko dituzten ereduak garatu behar ditugu. Interes ekonomikoen nahien menpe izan eta bizi baldintza “malguak” izatera kondenatu.

Behar dugun agenda

Itsasondoko mediku etxean Koro sendagilea eta Arantxa erizaina soilik egoten dira, inguruko herri txikietakoei arreta paregabea ematen. Egun batzuz, baina, Iratik egin du bertan lan. 11 urte darama Osakidetzan, nondik deituko dioten zain, inongo egonkortasunik gabe. Administrazio publikoko beste milaka langilek bezala.

Hala ere, gaur egun inork gutxik hitz egiten du behin-behinekotasunaz, administrazio publikoa ABLE (ETT) garrantzitsuena bihurtu izanaz. Ezta hauteskunde garaian ere.

Izan ere, agenda sozial eta ekonomikoa eskuin erradikalak ezarri digu. Eta gobernuek eskuineko politika erradikalak aplikatzen dituzten bitartean, ez da hiltzen gaituen kapitalismoaren aurrean behar ditugun alternatibei buruz hitz egiten. Ez dira ezberdintasun sozialak murrizteko benetako politikak planteatzen. %99ak behar dituen politika erradikalak.

Ozen entzuten dira, baina, antolatuak eta borrokalariak kriminalizatzen dituzten ahotsak, Gipuzkoan Markel Olanok Tabakalerako grebalariei buruz esandakoa adibide. Eta eraso horien aurrean, ezkerra ezkerrean behar dugu.

Arrazakeria eta xenofobia ardatz duten diskurtsoen aurrean gehiengoaren interesak defendatuko dituen ezkerra behar dugu.

EAJri esker Madrilen onartu zen eta ezberdintasun sozialak biderkatzen dituen gastu arauari buruz hitz egingo digun ezkerra. Martxoaren 8an kontrakoa aldarrikatu arren, egunero emakumeenganako diskriminazioa eta arrakala handitzen dituen gobernuak salatuko dituena. Erresidentzietako emakumeentzako eta komisaldegi eta epaitegietako garbitzaile grebalarientzako benetako soluzioak eskainiko dizkion ezkerra. Eta, nola ez, eragile sozialen kritikak modu eraikitzailean hartuko dituena.

Beldurrez baino, bozkatzera ilusioz joatera bultzatuko gaituen argumentu eta proiektu sakonak behar ditugu, eslogan hutsetatik harago.

Bagara-ri merezitako aitortza

Peluka eta toga jantzi genituen berriz ere. Eszenatokian Lope oñatiar edo aramaioarra, On Pru epailea, atsuak, baserritarrak… guztiak Bagara epaitzeko prest, bere itxiera ekitaldian. Sentimendu gazi-gozoz betetako uneak izan ziren. Urteotan bizitako une ederrak, proiektuak, erronkak… errepasatu genituen umore klabetan, hausnarketa hutsetatik harago, herrigintzan oinarritutako eraldaketa praktikan jarri izanaren sentsazioa nagusituz.

Izan ere, urteotan Bagararen bueltan proiektu oso interesgarriak gauzatu dira, proiektu puntualak zenbaitzuk, baina guztiak beharrezko dugun eraldaketa sozialerako oinarriak finkatzeko ezinbesteko. Umorez bustitako toberak ekarritako terapia kolektiboak izan ditugu (indibidualismoa egurtuz, sasi-punkitasunaz barre eginez…), baita urte luzez hain ahantzita izan dugun elikadura burujabetzaren aldeko proiektuak garatu ere; Arrasateko azoka biziberritzeko prozesu parte-hartzaileak egiteko modu horizontal eta kolektiboak erakutsi zizkigun (interes politiko-ekonomiko-ideologikoekin talka egin zuena ondoren), eta Ereindajan-ekin etorkizun oparoko lan-ildoa zabaldu zitzaigun, kontsumitzaile eta ekoizleak bertako eta sasoikoaren alde lankidetzan jarriz.

Erronka potoloekin segitzen dugu bailaran, eta burua burbuilatik ateratzen dugunean, are errealitate gordinagoak ikus ditzakegu. Debagoienan badago pobrezia, kooperatibetan ere lanpostu miserableak existitzen dira (emakumeen azpikontratatutako lanak, kasualitatez), interes ekonomikoek mugitzen dituzte erakunde gehienak, gizarte klasistan bizi gara, heteropatriarkatuak emakumeak bortxatu, hil eta zapaltzen gaitu…

Fase berri honetan aliatuak izan gaitezkeen eragile anitzak saretzeko beste aukera bat dugula uste dut, alternatiba errealetan sinesten dugunok lankidetzan aritzekoa. Bizi! berri bat, akaso.

“Amul been nit ku leegalul”

Eraldaketa eta alternatiben bueltako hamaika azoka sozial izaten ditugu inguruan. Azaroaren 17an Ordizian izandakoak, baina, aipamen berezia merezi du. Koloretruk kulturen arteko topaketak egun bizi ditugun erronkak modu integralean lantzeko aukera eman zuen. Ez ziren soilik bildu bertan ohiko eragileak (Goiener, Izarkom, Olatukoop…). Pausu bat harago joan, eta Ordiziako eragile sozial anitzek (gaztetxea, mugimendu feminista, gastronomia txokoak…) eta, bereziki interesgarria dena, migratzaileen komunitate zabalak hartu zuen parte bertan. Esperientziak partekatzeko guneak izan ziren, “munduko arrozak” poltsiko guztientzako bazkaria… baita kolektibo ezberdinen arteko elkarrizketa bultzatzeko txokoak ere.

Estitxu Eizagirrek Mbolo proiektua aurkeztu zuen aste hasieran. Inork lanik eman nahi ez, eta garbitzaile kooperatiba sortu duten senegaldarrei buruz aritu zen, eta Argiak beraiekin batera aurrera eramandako proiektua aurkeztu: “Inor ez da ilegala”, edo wolof hizkuntzan “Amul been nit ku leegalul” kamisetak. Zapalduen arteko indarraz hitz egin zuen Estitxuk, goitik beherako harremanez harago, migranteen kolektiboa gure aliatu ikusteari buruz.

Izan ere, zapalduak bi kolektibook gara, euskaldunak zein migranteak, emakumeak zein beltzak. Zapalkuntza hau aitortu, eta kontzientzia horretatik babeserako komunitateak sortzeko beharra azaleratu zuen, alternatibak eraikitzeko zapalduen arteko elkarlanaren indarra azpimarratuz.

Zapalduak garen kolektibook “ahulagoa dena” zapaltzen segitzen dugun bitartean ez dugu gizarte alternatiborik sortuko. Ezinbesteko dugu harreman horizontaletatik sinergiak bilatu eta komunitatea indartzea, txuri euskaldunen hautatzeko eskubidea lehenetsi eta segregazioa bultzatzen segi ordez. Bide horretan, euskarak eta wolof-ak batuko gaituzte.

loading