Aurkezpen gutuna

2021eko irailaren 14an Euskadi Irratiko Baipasa saioan egindako kolaborazioa da honakoa.

Kaixo, arratsalde on.

Naroa Elortza Gorrotxategi nauzue, Goierrin bizi den arrasatearra. Eta akaso… aurkezpena gehiago luzatzerik ez du merezi.

Idatzizko zein ahozko artikulu bakoitza baita aurkezpen gutun bat bere baitan, are gehiago ezizenik onartzen ez den medioetan. Halaxe hasi dut ba gaurko hitzartzea, anonimotasun ezak emandako zama gainetik kendu nahian.

Arrasatearra izateak badu, inplizituki, “kooperatibismoaren kalitatearen Q-a”. Aitortuta ere, geure herrian badugula kooperatibismoaren inguruan zer hausnartu.. Zer izan zen, zer den, zer lortu eta deskuidatu den… Luze eta sakon hausnar genezake.

Baina, autokritikak autokritika, geure mugak onartu behar ditugu. Norbanakook geure inkoherentzia propioak baldin baditugu, zer esan orduan norbanakoz osatutako erakundeez. Egiteko formak berrikusi, helburuak kuestionatu, patroiak eraldatu, botere harremanak aztertu… Erakunde komunitarioenek ere baditugu etxekolanak.

Azken aldian, baina, bada zerbait benetan arduratzen nauena: kooperatibismotik eta eraldaketatik urrun, oso urrun, esango nuke antipodetan dauden hainbat eragile nola ari diren “diskurtso sozialak” bereganatzen.

Enpresetako erantzukizun sozial korporatiboarekin gertatu zitzaigun duela urte asko. Gaur egun erakunde esplotatzaileenek ere dute beraien plana, urteko memoria, eta horri esker, pentsa, inbertsio fondoetan ere agertzen dira enpresa sozialki arduratsu gisa.

Baina, muga hori gainditu, eta orain kooperatibez, komunitateaz, auzolanaz, hitz egiten digute; hain justu eredu horien aurka dauden berberek. Bai enpresek, baita alderdi politikoek ere. Negozioa da helburua, eta eraldaketa soziala marketinerako tresna hutsa.

“Sortu ezazu kooperatiba bat gurekin!”. Eslogan hori ere entzun dugu medioetan azken aldian. Pentsa. Kooperatibismoa guztiz perbertitzera iristen ari dira. Goitik behera eta komunitatea kontuan hartu gabeko produktuak saltzen dizkigute. Eta, horren aurrean… isiltasuna. Badirudi ez dagoela inor mugimenduok zalantzan jartzen dituena. Badirudi diskurtso politikotan ere hankamotz gelditu garela; eta, behelaino horretan, Hamelingo flautistaren doinu ederrekin konkistatu gaituztela.

Ez, lagunok, korporazio handiak eta agintariak, oro har, ez dira ari gure hobebeharrez. Jatorrak gara, bai, baina ez zaie hori ere gehiegi axola.

Geure eredu propioa garatzen segi behar dugu. Behetik gora, komunitatearen beharrak identifikatu eta gehiengoaren bizitzak hobetzeko alternatibak eraikitzen segi behar dugu. Ez dugu foku handirik edo alfonbra gorririk jasoko, baina eraldaketa txikitik handira egin beharrekoa da. Formula azkarrek bide motza dute.

Eta honaino, nire aurkezpen gutuna. Bizitza handiena delako, elkar zaindu dezagun.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude