Goitik behera

Arrotzak zaizkit goitik beherako ereduak. Arrotzak, baina ezagunak.

Eremu eta maila guztietan ditugu goitik beherako ereduak: harremanetan, kudeaketa ereduan, mugimendu sozialetan, herrigintzan bertan. Gune horizontal eta seguruak behar luketenak sarri bertikal zaizkigu, kudeaketa, praktika eta eredu ez demokratikoa dutenak.

Badauzkagu pertsonen eta kolektiboen arteko goitik beherako harremanak, bata bestearen gainetik dagoela irudikatzen dutenak. Besteak beste, intersekzionalitatea eta askotariko zapalkuntzak ditugu atzean.

Baditugu talderik gabeko taldeko erabakiak, baita ustez horizontalak eta demokratikoak diren erakundeetan ere. Botere harremanak sartzen zaizkigu tartean, eta erabakitze eskubidean zuzenean eragiten du ezagutza eta informazio arrakalak. Izan ere, demokrazia ez da eraikitzen soilik boto bat emanez edo iritzia emanez. Eta erabakiak hartzeko tresnak guztion eskura izan eta hori posible egiteak soilik egingo ditu erabakiak kolektibo.

Eta, nola ez, baditugu erabat bertikalki izendatutako lider eta kudeatzaileak, talde eta erakunde bateko dinamikak baldintzatzen dituztenak. Kanpotik lidergo partekatuaren itxura izan arren, lidergoa demokratiko izatetik urrun dena.

Zentzu horretan, oso kuriosoak zaizkit zerrenden gaineko bozketak, bereziki zerrenda itxien gainekoak. Aukera bakarra dago hauetan: edo batzuk erabakitako aukerari baiezkoa eman, edo (traizioa egin eta bizkarra emanez) printzipio indibidual eta desadostasunekin koherente izan.

Erakunde eraldatzaileetan, alternatibak izan nahi dutenetan, ezinbestekoa dugu lidergoei buruz hausnartzea. Gizarte eta politika demokratikoak aldarrikatzen baditugu, koherente izan eta erakunde barruan ere lidergo demokratiko eta partekatuaren aldeko apustu garbia egin behar dugu; bai kudeaketa praktiketan, baita hautatze prozesuetan ere.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude