EUSKAL HERRIA BIZIKLETAN, GIDA

Berriz datoz bueltan nire blogera Mikel Bringas eta Rosa Lizaso. Arrazoia, kaleratu berri duten “Euskal Herria en Bici” gida, momentuz gazteleraz atera dutena baina egunen batean euskarazko bertsioa ikusiko dugun esperantzarekin.

Larunbat honetan izan zen liburuaren aurkezpena, Donostiako Ernest Lluch kulturetxean, baina hori arratsaldeko 5etan izan zen, eta horren aurretik gauza asko gertatu ziren.

Goizeko 10etan Donostiatik irten zuen jenteak trenean, bizikletekin noski, bikote hau ezagututa ez da batere harritzekoa. Bidaiaren helburua Orio zen, eta han geunden beste batzuk hainbat tokitatik joanda. Aretxabaletako kuadrila bizikletan joan zen Elgoibarreraino, eta handik trenez Oriora, beste batzuk, ni tartean, kotxean Orioraino eta han bizikletak aterata. Nik mendiko bizikleta eramateko asmoa nuen, baina azkenean paseokoa eramatea erabaki nuen, eta ederki damutu zitzaidan…

Orioko plazatik abiatu zen martxa, hiruzpalau tandem, eta beste guztia bizikletak, tamaina eta kolore guztietakoak, beraien jabeen antzera, toki anitzetakoak, Euskal Herriko jenteaz gain, Catalunya, Burgos, Madril, Aragoi eta beste hainbat lekutatik etorritako jentea baitzegoen.

Orion bidegorrian egin genuen tartea laua zen, baina Igeldora doan bidea hartu genuenean amaitu zen lautada. Nire paseoko bizikletaren plato txikia, handiegia zitzaidan, eta kostata igo nuen, zati bat baino gehiagotan bizikleta eskuetan hartu beharra ere izan nuen.

Hainbat malda igo eta jeitsi ostean, iritsi ginen bazkaldu behar genuen tokira, Usurbilgo Arratzain sagardotegira. Bazkaldu aurretik, nahi zuen ororentzat sokatira saioa, eta orokorrean jenteak erropak aldatzeko baliatu zuen tarte hau. Bazkaltzeko 80 bat lagun elkartu ginen, gehienak bizikletan joanak, baina ba zegoen kotxea aukeratu zuenik ere haraino joateko. Bazkarian giro ona, eta jatekoa ere gustukoa, entsalada, kabratxo pastela, sahieskia patatekin, postre gozoa, eta kafea. Haurrentzako aldiz, ugariak ziren hauek, espagetiak eta okela patatekin. Sagardoari buruz zer esan, hobeak dastatu ditudala.

Bazkaria amaitzean bizikletak hartu eta Donostiara, nik 100 metro ere ez nituen egin ondo, pedala apurtu baitzitzaidan, maldan behera joan daiteke, baina lauan eta batez ere goruntz ezinezkoa da. Bazkaltzera kotxean igo zuten batzuei esker, bizikleta furgoneta baten eta ni beste kotxe baten heldu ginen Donostiara. Eskerrik asko bi ibilgailu hauen jabeei!

Ernest Lluch kulturetxearen kanpoan jentea zain zegoen, eta atzerapen apur batekin hasi zen liburuaren aurkezpena. Mahaian,

Calapie taldekoak oroitarazi zigun, aurreko egunean txirrindulari bat hil zela kamioiak harrapatuta, eta kontzentrazioa zegoela Aldundiaren aurrean hori salatzeko. Ea azkenengo kasua den hau.

Liburua 2 urte eta erdiko lanaren fruitua izan da, beraien seme  Ekiren ikuspuntutik, aurkezpen polit batekin Euskal Herriko hainbat toki erakutsi zizkiguten, batzuk ezagunak, eta beste batzuk ez hainbeste, halakoetan konturatzen da bat zelako gutxi ezagutzen duen Euskal Herria, eta aldiz oporretan kilometro pila bat egiten ditugu beste herri batzuk ezagutzeko.

Amaitzean liburu pilatxoa saldu ziren, baina esan zuten bezala, liburu hau erabiltzeko izan dadila, eta gure Euskal Herri maitea hobeto ezagutzen lagundu dezala.

ZORIONAK MIKEL, ROSA ETA EKI!! Eta nola ez, Eskerrik asko bihotzez halako egun zoragarri bat antolatzeagatik!!

EUSKARAZ ZERGATIK EZ?

Aste baten barruan 2 inkesta egin dizkidate. Lehenengoa Eusko Jaurlaritzak egin duen bat gizarte laguntzari buruzkoa. Bigarrena Mondragon Unibertsitateak egin duena, bertan ikasitako jendeari.

Lehenengoa egiteko, inkestagilea etxera etorri zen, galdera sorta luzea nuen aurretik. Etxean sartu zenetik gazteleraz mintzatu zitzaidan, eta berak esan zidanez kanpokoa zen, beraz normala da ez jakitea euskaraz, ez dena normala Eusko Jaurlaritzak agintzen duen inkesta bat gaztelera hutsean izatea, eta inkesta egin behar dutenak euskaraz ez jakitea.

Bigarren inkesta telefonoz izan zen, jakinaren gainean nengoen inkestaren bat egin beharko nuela, hilabete lehenago jasotako eskutitzagatik. Hau ere gaztelera hutsean izan zen, Mondragon Unibertsitatea erakunde pribatu bat da, konforme, baina Euskal Herriko erakundea den aldetik gehiago eskatu behar zaio euskararen erabilerari dagokionean. Bertako hizkuntza baino garrantzitsuagoa da ingelesa unibertsitatean, eta hau ere aldatu egin beharko litzateke.

METROBILBAO PORTUGALETEN

Atzo ikusi nuen albistegietan eguneko berri garrantzitsuena, metroa Portugaleteraino heldu dela!! Poztekoa da horrelakoak entzutea, garraio publikoa bultzatzeko ekimen bat baita.

Lehenengo bidaian, Ibarretxe buru zela, agintariak joan ziren, bagoi guztia eurentzako zen, ez zeuden estututa, eta gainera irten zutenean kazetariak zain zituzten inaugurazio zinta nola mozten zuten ikusteko.

Lehenengo bidaia hau egin zenetik ordu batzutara ireki zen jendearentzako zerbitzua. Orduan estuxeago bidaiatuko zuten. Eta egongo dira egun batzuk, metroan bidaiatzea sardina lata baten barruan joatea bezalakoa izango dela, batez ere ordu puntetan, baina orduan Ibarretxe eta konpainiak beraien auto ofizialetan bidaiatuko dute, beraien txofer ofizialek gidatuta.

ERREIBINDIKAZIOAK

Atzo San Mamesen izan ginen, Euskadiko selekzioaren partidua ikusten, espero dut egunen batean Euskal Herriko selekzioa deituko dela, eta partidu ofizialak izango direla. Jokalariek egin zuten beraien erreibindikazioa, OFIZIALTASUNA eskatuz.

IƱaki de Juanaren aldekoak ere egon ziren, AHTren kontrakoak ere bai, medioetan zabalpen handiagoa edo txikiagoa izango zuten. Nik AHTren aurkakoa aipatu nahi dut. Partiduaren amaiera aldera Serbiako atezainaren atzekaldean, “Txikizioa Gelditu, AHTrik EZ!!” pankarta zabaldu zuten, konturatu orduko mutil batek bere erreibindikazioa egin zuen, porteriaren zutoin batean lotu zuen bere burua. Jende asko ez zen konturatu ere egingo partidua gelditu zuten arte. Orduan segurtasunekoek katea moztu zuten, eta kanpora atera zuten mutila. Guk metroa hartu behar genuen, eta partidua amaitu aurretik irten genuen San Mamesetik, orduan ikusi genuen zutoinari lotu zen mutila segurtasuneko bi langileren artean, ertzainengana zeramatela. Pentsatzen dut mutil honek gaua kalabozoan pasako zuela, nahiago dut horrela ez izatea, baina espero dut ez zitzaiola ezer gertatuko. Hau irakurtzen baduzu mutil, animo!!Ni ere zurekin bat nator, beste jente pila baten antzera, nahiz eta zure besteko adorea ez eduki, AHTrik EZ!!TXIKIZIOA GELDITU

NEGUA

Orainartean ez dugu elur askorik ikusi gurean, nahiz eta bazterrak zuritzeaz izotza arduratu den. Bizikleta erabiltzailea naizen aldetik, esan behar hotzak atzerakada egiten duela, baina ondo jantziz gero bizikletan pedaleatzea sanoa da.

Aurreko batean “Mejor con Bici”  kanpainako triptikoa hartu nuen, eta hemen asko dugu ikasteko beste leku batzuetako jendearengatik, batez ere Europa iparraldekoengatik. Hemen kotxean goazenean bizikletaduna beste ibilgailu bat bezala ikusten hasten garenean, asko aurreratuko dugu.

Urte berri on!!

GANBERROKERIAK

Urriaren 28an izugarrizko atsekabea hartu nuen, beti lotzen dudan
postearen kontra, nere bizikleta falta zen!!!Beno, baina hasieratik
hasiko naiz….

Paseoko bizikleta zahar bat da, zaborretara botateko zegoena, eta
denbora askoan konpontzen aritu naizena. Duela hilabete batzuk amaitu
nuen guztiz konpontzen, pintura guztia kendu, nire gustuko koloreekin
margotu lagun baten laguntzaz, kable guztiak aldatu, eta berriz muntatu
nuen bizikleta osoa. Nire ustetan oso polita gelditu zen, gorrixka eta
beltza. Dinamoak ere funtzionatzen zuen, beraz argidun bizikleta bat
neukan, primerakoa lantokira joateko, etxetik 5 minututan han nintzen.
Nire ibilgailua zen, kotxea hartzea eragozten zidan. Denborarekin
otzara bat jarri nion aurrealdean, erosketak eta egiteko.

Orain 10 egun arte ez dut arazorik eduki. Nik ez daukat garajerik,
kamara bai, baina ez da erosoa egunero kamaratik gora ta behera
ibiltzea bizikleta sorbaldan duzula, beraz etxe ondoko tutu baten
kontra lotzen nuen egunero, hori bai badaezpada ere asteburutan
kamarara jasota. Larunbatetan azokara joatea atsegin dut erosketak
egitera, beraz ostiraletan kanpoan gelditzen zen bizikleta batzutan.
Baina larunbat horretan guztia aldatu zen…

Goizeko 10ak baino lehenxeago, etxetik irten nuen Arrasatera joateko,
kotxeruntz nindoala konturatu nintzen bizikleta ez zegoela utzitako
tokian, txarrena pentsatu nuen, LAPURTU DIDATE!!!Itzuli nintzenean
berriz, bizikleta bere tokian zegoen, gerturatu nintzenean auzolagun
batek esan zidan kanpoko mutil kuadrila bat mozkortuta zegoela eta
bizikletarekin jolasten hasi zirela, katea puskatzea lortu zuten, han
zegoen lurrean. Gurpil biak zelabait, atzeko argi erreflektantea
suntsituta, desastre bat! Momentu horretan neukan umorearekin, hori
egin zuena aurkituz gero jo ta txikitu egingo nuen, eta ni ez naiz
biolentoa, ez diot inori inoiz jo, haurretako gaiztokeriak ezik…

Gero kalean bizilagun batekin elkartu nintzen, eta berak esan zidan
nola ikusi zuen bizikleta etxe inguruko jolas parke batean, eta nola bi
mutikotxo hura goitik behera botatzen ari ziren, hauek ez dute
halakorik egingo beraien bizikletekin.

Kontua da, hamar egun beranduago, bizikleta itxuroso xamar jartzea
lortu dudala, ematen zuena baino larritasun gutxiago zeukan egindako
kalteak. Orain atzekalderako argitxo bat erosi beharko dut, eta nola
ez, beste kate bat bizikleta lotzeko!

Nik uste dut ganberrokeriak guztiok egin ditugula noiz edo noiz, kalte
txikiago edo handiagoekin, baina ez dugu pentsatzen gauzek jabeak
dituztela edo bestela guztionak direla. Nire bizikleta apurtu zenuten
horiek, ez dakit hau irakurriko duzuen edo ez, baina hurrengoan
mozkortzen zaretenean, egin nahi duzun guztia inoren gauzak puskatzen
hasi barik.

HEGOHAIZEA

Udazkena benetan atsegin dut, garai honetan basoan eta mendian dauden
koloreak oso politak izaten dira, eta eguzkitan oso gustora egoten da,
ez baitu larregi berotzen.

Eta zer esan Hegohaizeari buruz, ehiztariak honen zain egoten dira urte
osoan zehar, berak ekartzen ei ditu usoak hemendik. Uste dut oraindik
hemengo inguruetatik ez dela batere usorik pasatu behintzat. Ni ez naiz
ehiztaria, baina aita bai, eta baita osaba eta lehengusuak ere, eta
aitortu behar dut ehizatutako usoak, edo galeperrak, edo dena delakoa
dendan eros ditzakezunak baino askoz hobeagoak direla. Zaporea
gogorragoa da, agian haragi xamurretara ohituta dagoen jendearentzat
larregikoa.

Diotenez Elgeako haizerrotak jarri zituztenetik  uso gutxiago
pasatzen ei dira hemen ingurutik, eta orain Aizkorriko parke naturala
delako, ehiza guztiz debekatuko dutela dirudi ingurune horietan. Ikusi
egin beharko da.

PERRETXIKOAK

Azkenaldi honetan perretxikoak ugari ei daude basoan, eta nik uste perretxiko bilatzaileak ugariagoak direla.

Niri ere gustatzen zait perretxikotara joatea, goiza edo arratsaldea
pasatzeko beste era bat bezala, eta beti da gustukoa poltsak beteta
eramatea etxera. Baina hor dago koska, badago jendea iaztik hozkailuak
perretxikuz josita duena, eta oraindik perretxiko gehiago batu behar
dute, ez al dute nahikoa? Gaztelerazko esaerak dio, “La avaricia rompe
el saco”, eta perretxikoekin hori gerta daiteke, poltsa apurtzea
larregi bete dituzulako, eta gainera lesio muskularrak etor daitezke
pisu larregi eramateagatik eskuetan.

Beste alde batetik Boom bat dago perretxikoak direla eta ez direla,
inoiz basoa zapaldu gabeko jendea ere perretxikotara joaten da, ez
dituzte basoak ezagutzen, ezta perretxikoak ere. Gaur bertan aditu dut
irratian atzo gizonezko bat galdu zela perretxikotan zebilenean Irabia
inguruan, Nafarroan, eta itxura danez Otsagabia inguruan aurkitu dute,
kilometro pila bat oinez egin ostean. Ez dakit zer gertatuko zitzaion
gizonezko horri, biharko egunkaritan agian jakingo dugu.

MIKEL ETA ROSA

Mikel Bringas eta Rosa Lizaso 2004 urteko aste santuan ezagutu nituen, Euskal Herrian zehar antolatu zuten bizikleta martxa baten. Martxa hau agur jaialdi bat zen, beraien oso lagunak ziren Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberena hain zuzen ere. Bikote honek Mundua Hurbilduz proiektua aurrera darama, tandem batekin munduari itzulia ematen ari dira, eta bisitatzen dituzten herrialdeetan hainbat proiektu egin behar dituzte, bisitatu www.munduahurbilduz.com informazio gehiago nahi izanez gero.

Antolatu zuten ibilbideak beraien abizenak dituzten bi mendi lotzen zituen, Okabe Iratin, eta Etxebarrieta Araban, eta etapak horrela izan ziren: Gasteiz-Okabe(autobusez), Okabe-Elizondo, Elizondo-Irun, Irun-Lekunberri, Lekunberri-Murgia, eta Murgia-Etxebarrieta. Egun hauetan denetik izan genuen, euria, elurra, beroa,… Hemen ezagutu nuen Aretxabaletako talde bat, eta ordutik harremana mantendu dugu, ez agian oso jarraia, baina kontaktuan segitu izan dugu.

Kontua da, larunbat honetan, ekainaren 10ean, Rosa eta Mikel ezkondu egin zirela, eta beraien ezkontzara gonbidatuta geunden. Ezkontza ez zen batere arrunta izan, ez zegoen korbatarik, ezta soineko distiratsurik, hauen ordez bizikletak ugari. Hitzordua goizeko 9:45ean zen Donostiako Haizeen Orrazian, ni Aretxabaleta, Arrasate eta Bergarako taldetxoarekin batera joan nintzen, eta guztiok soinean oroigarri bezala ateratako kamiseta, udaltzainen txalekoen kolorekoa, hori horia.

Han zeuden Mikel, Rosa, eta beraien mutikotxoa, Eki, hirurak txuriz jantzita. Azaldu ziguten orduan, batzuk bazekitena, Euskal Herriko itzulia egin behar dutela tandemean, atzean gurditxo batean Eki eramanaz, eta ezkon-bidaia bezala hartu zutela. Argazkiak eta atera ondoren, han abiatu ginen. Lehenengo Mikel, Rosa eta Eki, lorekin apaindutako tandem zahar batean, eta atzetik gu, txirrindulari ilara. Bizikletan ez zirenak joan Txu-Txu trenean egin zuten bidea. Helburua, Donostiako udaletxea, bidea berriz hondartzen ondotik doan bide-gorria.

Ezkontza Ramon Etxezarreta zinegotziak egin zuen, ekitaldi polit bezain hunkigarria izan zen. Kanpora irten zutenean ezkonberriek, han ginen zain 3 tandemekin arku bat egiteko. Hau ere originala. Ondoren bazkaltzera, hori bai, alde zaharrean trago pare bat hartuta aurretik. Hasiera batean bazkaria eta ondorengo jaia Uliako albergean izatekoa zen, baina astean su hartu du honek eta planak aldatu beharra eduki dute. Bazkaria Euskal Herriko Unibertsitateen ikasle egoitzaren ondoko zelaian jarritako karpa baten azpian izan zen, eta jaia, eta gaua pasatzeko tokia La Sirena albergean.

Bazkaria ona izan zen, bestelako bodetatik ezberdina. Aurrez diapositiba batzuk erakutsi zizkiguten, beraien bizitzen berri emanez. Eta kopuruz haur txikiak helduen antzera ziren, hura zen ume pila hura! Bazkalostean La Sirena albergera jo genuen, jaiak han jarraitzen baitzuen. Han afaldu ostean alde zaharrera, bizikleta poteoa ematen zuen, jente guztia guri so gelditzen zen, niki horiez gain bizikletan bait gindoazen.

Igandean, kosta zitzaigun jaikitzea, baina ala ere lortu genuen. Gertatu, bizikletak furgonetan sartu, eta Aretxabaletako taldea, Hondarribiko Haritz, Burgosko bikote bat beraien ume bikiekin eta txakurrarekin, eta Rosa, Mikel eta Eki Andoainera abiatu ginen, han bizikletak atera, gerorako bazkaltzeko zerbait erosi, eta Plazaola trenbidea izandakoa hartu genuen, helmuga Leitzan zen. Oso ibilbide polita da Plazaolakoa, hainbat tunel ere pasatzen dira, batzuk gainera ilun-ilunak. Leitza baino lehentxeago dagoen zelai baten mahai bat dago gerizpetan, bertan barbakoa egiteko lekua eta guzti dago, jabetza pribatua den arren, inor ez zegoenez, bertan bazkaldu genuen, hori bai, amaieran dena txukun utzita.

Bazkalostean Leitzaraino joan ginen, hango taberna bateko kanpoaldean jarri, eta tertulia eginaz, garagardo fresko batzuk hartu genituen, bero egiten zuen eta ia guztiok lehortuta geunden ordurako. Guk Andoainera itzuli beharra genuen, aldiz Mikel, Rosa eta Ekirentzako lehen etaparen amaiera zen. Beraien bidaiari buruzko informazio gehiago: www.bizibidaia.net .

Leitzatik Andoainerako bidea joanekoa baino askoz azkarrago egin genuen, hautsa ere sendo jan genuen. Baina bide hori ezagutzea gomendatzen diot jente guztiari, Euskal Herrian bertan leku eta paraje oso politak bait ditugu, eta kanpokoak gehiago ezagutzen ditugu zoritxarrez.

GATZAGAN EUSKAL BIZIKLETA

Aurrekoan komentatu bezala, Gatzagan izan nintzen atzo Euskal Bizikletako etapa ikusten. Bizikletan joan nintzen haraino, eta lehenengo pasaera Marulanda inguruan ikusi behar izan nuen, motorrek geldiarazi nindutelako, eta bigarrena berriz Gatzaga herrian.

Kamioi ugari errepidean, eta orokorrean trafiko ugari, batez ere Epeleko bidegurutzetik Gatzagarako bidegurutzeraino. Agian autopista ez da trafiko arazoentzako konponbidea izango, baina nire ustez Arrasatetik Gasteizera doan tartea zabaltzean, bizikletan ibiltzeko hobeto egongo dira errepide hoiek.

Badakit Eskoriatzako jentea ez dagoela batere gustura autopistarekin, eta beste jente asko ere ez, ez dakit zenbateraino zaintzen den ingurumena autopista honen eraikuntzan, baina ni izango naiz aurrena autopista hartzen Gasteizera joan beharra daukadanean, Gatzagako bide bihurrietatik ez pasatzearren, eta Arlabango portu “eternoa” kentzearren. Erosotasunak gustatzen zaizkigu guztioi.

Etapari dagokionez, lehenengo pasaeran talde handi batek liderraren taldeari 4 minutuko aldea ateratzen zion, bigarren itzulian berriz Euskaltel eta batez ere Saunierrekoen lanari esker, ezerezean gelditu zen diferentzia, eta Koldo Gil liderrak indartsu zegoela erakutsi zigun guztioi. Garaipena ordea aurrean kilometro mordoxka egin zuen Villegasentzat, merezi zuen bai!