Etiketaren artxiboa: euskal

Euskal Herriko itzulia eta eguraldia

Bi egun falta dira aurtengo Euskal Herriko itzulia hasteko, diru arazoak medio ia ospatu gabe geratu dena, baina kirol hau maite dugun zorionerako urte pare baterako behintzat badaukagu munduko txirrindularirik onenak gure errepideetan ikusteko aukera. Aurten gainera Oñatin bukatuko da, eta ilusioz jarraituko dugu.

Orain dela urte batzuk ere Oñatin bukatu zen, oraindik azken etapa bi sektoretan banatuta zegoen, ostiral hartako arratsaldean erlojuaren kontra ez ezik eguraldiaren kontra borrokatu beharra izan zuten txirrindulariek, izugarrizko eurijasa bota baitzuen.

Eta ez da aldi bakarra euria bota duena, askotan errepide bustiarekin leihatu baitira, baita ia elurrarekin ere! Gure inguruan badago esaera bat, Euskal Herriko itzuliaren astean, eguraldi exkaxa egiten duela normalean, eta aurten ere horrelakoa ei dator, asteartetik aurrera txarrea datorrela esan baitu Urko Aristik.

Ea zorte apur bat daukagun, bai txirrindulariek, eta baita lasterketa ikustera errepideetara gerturatuko garenok!

San Miel Txikixak

Maiatzeko 1. asteburuan Olabartako jaixek emun otsain hasieria Oñatiko auzotako jaixei, ta oinguan berriz San Miel txikixak pasau dia. Egixa esan, Olabartan enintzan egon, gaztiauak ginanian egutegixan gorriz markauta eukitten geben fetxa hori, edadian kontuak izango dia.

Ba aurtengo San Miel txiki jaixak asko gustau xat, zapatuan ta domekan parte hartu neben jai giruaz, ta oso gustura geratu nintzan. Zapatuan euskal girua nagusi, taluak eitten Segurako talogile talde bat, sagardo kupela, eta gero erromeixia Tapia eta Leturian eskutik. Eurixa iñ arren, han egon giñan gustora!

Domekan herriko bertsolarixek saio original bat eskeini ebein, gehixenak bertsuekin pentsaitteko modurik egokixenian ez eutzen arren. Askotan entzun geben bixamona hitza, jaixen ezaugarrittako bat…

Gabian berriz, jaixei akaberia emuteko laburmetrai emanaldixa egon zan, ez zan jende larrei bildu, baina uste dot bertara agertutakuak gustora geratu ginala.

Oñatin ia “karrerilia” hartuta goiaz, aste honetan Kasablankan San Isidruak, Araotzen Trinitatiak, Arrasateko Ziar-Olan be jaixak, eta beste hainbat lekutan, hurringuan Oñatin Korpusak, hurringuan berriz Errekaldeko jaixak, gorputzak aguantauko ahal dosku?

Latzen Eskoriatzan

Zapatuan Latzen ikustera joan ginan Eskoriatzara, aurretik Aby-Kem eta Governors taldiek jo ebeiñ, lehenenguak ez dia nere estilokuak, baina onak dia euranian. Bigarrenak berriz gehixau gustau xaten, kontzertu oso ona izan zan.

Gero denboralditxo bat itxoin biharra euki geben Latzen hasteko, ta azkenian zain dauena kantsau eitten da, baina uste dot itxoitiak merezi izan ebela. Izugarrizko emanaldixaz gozatu ahal izan geben, aspaldixan entzun barik euki arren be akordaitten nintzan kantun batzukin, jente askok danak ekixen buruz, ni hainbesteaño enaiz allaitten.

Kontzertua akabo zanian, beste jente askon mouan autobusa hartzera urten geben, ta han pilatu zan jendetzia!! Jente danak lehenengo autobusa hartzera gura, ta ezin, mutikon batzuk autobusan atzeko atia zabalketan hasi zian, ta normala dan mouan, txoferra haserretu ein zan, bera lanian euen, ta ez dako bape kulpaik.

Beranduau beste autobus bat be etorri zan, ta 4rak alderako hirugarren bat, baina ez dakit nik oso ondo planifikauta euen hori, jakinekua zan ta joateazkuan kontran, jente dana batera urtengo zala kontzertua akabotakuan. Guk autobusak galdu gittun, egixa esan gure kulpatik, ta gero kotxian bueltau giñan, Ikerri eskerrak.

Aupa Etxebeste eta errealitate gordina

Aurrekuan Aupa Etxebeste! pelikulia ikusi neben ETBn, pantaila haundixan be ikusitta euki arren gustora egon nintzan telebista aurrian. Egixa esan, euskal zinian egoeria ez da oso ona, ta horren mouko pelikulak euskeraz egotea luxuzkua da, adibidez beranduau etorri da Eutsi, Nömadak TX be hor dau, dokumentala dan arren, ta besten batzuk be egongo dia, baina oñ ez naiz horreiñ izenburuekin akordaitten, seguru larrei be ez diala zoritxarrez.

Aupa Etxebeste! fikziua da, baina ze pentsaua emuten dau. Ez dakixenantzako esan bihar, diru barik geratu dan familixa baten istorixua kontaitten dauela pelikuliak, ta itxurak mantenketarren oporretara joaten dian itxuria eitten daue, baina etxian geraketan dia. Horrein antzera jende ugari ibiliko da, kalian “pielezko” abrigo dotoriekin, ta etxian argindar barik ez daueilako ordainketan, edo haundikeixa askokin ibili, ta gero janarixak erosteko diru barik.

Gaur egunian gainera, asteburun bat 3 egunekua izatea nahikua da hortik zihar joateko, orduan oporrak 2 edo 3 astekuak baldin badia, ze esanik ez! Gero negarrez, hipotekia ordainketan nabil, Euriborrak igo eiñ dau, baina beste aldetik oporretan Cuban egon gara, edo Italian edo Txinan, ahal dan urriñen hoba.

Ez da hobeto izango jentian aurrian itxura umilagua emutia, eta duintasunez bizittea??

ASTE SANTUA

Aste Santuaren hasieran gaude, eliza katolikoaren jai bat da egia esan, nahiz eta jente gero eta gutxiago joaten den mezetara, denak desiratzen egoten gara noiz iritsiko, egun batzuk lasai hartzeko. Baten batzuek aurreko ostiraletik jai edukiko dute, beste batzuek bihartik asteartera, eta  datorren aste osoa jai dutenak ere egongo dira gure tartean.

Ni bigarren multzoan sartzen naiz, gaur azkenengo laneguna izango da, eta asteartean itzuli beharko dugu. Aurreko urteetan ez naiz etxean geratu, iaz esaterako Londonen izan ginen, baina aurten hemendik ibiliko gara, Euskal Herriko txoko ezkutuak ezagutzeko asmoarekin. Hainbat toki dugu gurean ez ditugunak ezagutzen eta munduko leku desberdinetara jotzen dugu askok bidaietan.

Nire adibidea jarriko dizuet, egona naiz Berlinen, Amsterdamen, Parisen, Bruselan, Londonen, Dublinen, … baina ez ditut ezagutzen Karrantza, Valderejo, Asteasu, Maule, Eunate eta hainbat eta hainbat leku eta txoko berezi. Bihar adibidez Iparraldera joateko asmoa dugu, ea eguraldiak laguntzen digun. Datozen egunetarako ez dakit, baina astelehenean Gorlara joatea nahiko nuke, handik pasatzen bait da Euskal Herriko Txirrindularitza itzuliko lehenengo etapa.

Ongi dago mundua ezagutzea, baina har ditzagun egun batzuk gertukoena ezagutzeko.

EUSKAL HERRIA BIZIKLETAN, GIDA

Berriz datoz bueltan nire blogera Mikel Bringas eta Rosa Lizaso. Arrazoia, kaleratu berri duten “Euskal Herria en Bici” gida, momentuz gazteleraz atera dutena baina egunen batean euskarazko bertsioa ikusiko dugun esperantzarekin.

Larunbat honetan izan zen liburuaren aurkezpena, Donostiako Ernest Lluch kulturetxean, baina hori arratsaldeko 5etan izan zen, eta horren aurretik gauza asko gertatu ziren.

Goizeko 10etan Donostiatik irten zuen jenteak trenean, bizikletekin noski, bikote hau ezagututa ez da batere harritzekoa. Bidaiaren helburua Orio zen, eta han geunden beste batzuk hainbat tokitatik joanda. Aretxabaletako kuadrila bizikletan joan zen Elgoibarreraino, eta handik trenez Oriora, beste batzuk, ni tartean, kotxean Orioraino eta han bizikletak aterata. Nik mendiko bizikleta eramateko asmoa nuen, baina azkenean paseokoa eramatea erabaki nuen, eta ederki damutu zitzaidan…

Orioko plazatik abiatu zen martxa, hiruzpalau tandem, eta beste guztia bizikletak, tamaina eta kolore guztietakoak, beraien jabeen antzera, toki anitzetakoak, Euskal Herriko jenteaz gain, Catalunya, Burgos, Madril, Aragoi eta beste hainbat lekutatik etorritako jentea baitzegoen.

Orion bidegorrian egin genuen tartea laua zen, baina Igeldora doan bidea hartu genuenean amaitu zen lautada. Nire paseoko bizikletaren plato txikia, handiegia zitzaidan, eta kostata igo nuen, zati bat baino gehiagotan bizikleta eskuetan hartu beharra ere izan nuen.

Hainbat malda igo eta jeitsi ostean, iritsi ginen bazkaldu behar genuen tokira, Usurbilgo Arratzain sagardotegira. Bazkaldu aurretik, nahi zuen ororentzat sokatira saioa, eta orokorrean jenteak erropak aldatzeko baliatu zuen tarte hau. Bazkaltzeko 80 bat lagun elkartu ginen, gehienak bizikletan joanak, baina ba zegoen kotxea aukeratu zuenik ere haraino joateko. Bazkarian giro ona, eta jatekoa ere gustukoa, entsalada, kabratxo pastela, sahieskia patatekin, postre gozoa, eta kafea. Haurrentzako aldiz, ugariak ziren hauek, espagetiak eta okela patatekin. Sagardoari buruz zer esan, hobeak dastatu ditudala.

Bazkaria amaitzean bizikletak hartu eta Donostiara, nik 100 metro ere ez nituen egin ondo, pedala apurtu baitzitzaidan, maldan behera joan daiteke, baina lauan eta batez ere goruntz ezinezkoa da. Bazkaltzera kotxean igo zuten batzuei esker, bizikleta furgoneta baten eta ni beste kotxe baten heldu ginen Donostiara. Eskerrik asko bi ibilgailu hauen jabeei!

Ernest Lluch kulturetxearen kanpoan jentea zain zegoen, eta atzerapen apur batekin hasi zen liburuaren aurkezpena. Mahaian,

Calapie taldekoak oroitarazi zigun, aurreko egunean txirrindulari bat hil zela kamioiak harrapatuta, eta kontzentrazioa zegoela Aldundiaren aurrean hori salatzeko. Ea azkenengo kasua den hau.

Liburua 2 urte eta erdiko lanaren fruitua izan da, beraien seme  Ekiren ikuspuntutik, aurkezpen polit batekin Euskal Herriko hainbat toki erakutsi zizkiguten, batzuk ezagunak, eta beste batzuk ez hainbeste, halakoetan konturatzen da bat zelako gutxi ezagutzen duen Euskal Herria, eta aldiz oporretan kilometro pila bat egiten ditugu beste herri batzuk ezagutzeko.

Amaitzean liburu pilatxoa saldu ziren, baina esan zuten bezala, liburu hau erabiltzeko izan dadila, eta gure Euskal Herri maitea hobeto ezagutzen lagundu dezala.

ZORIONAK MIKEL, ROSA ETA EKI!! Eta nola ez, Eskerrik asko bihotzez halako egun zoragarri bat antolatzeagatik!!