Etiketaren artxiboa: jaurlaritza

EUSKARAZ ZERGATIK EZ?

Aste baten barruan 2 inkesta egin dizkidate. Lehenengoa Eusko Jaurlaritzak egin duen bat gizarte laguntzari buruzkoa. Bigarrena Mondragon Unibertsitateak egin duena, bertan ikasitako jendeari.

Lehenengoa egiteko, inkestagilea etxera etorri zen, galdera sorta luzea nuen aurretik. Etxean sartu zenetik gazteleraz mintzatu zitzaidan, eta berak esan zidanez kanpokoa zen, beraz normala da ez jakitea euskaraz, ez dena normala Eusko Jaurlaritzak agintzen duen inkesta bat gaztelera hutsean izatea, eta inkesta egin behar dutenak euskaraz ez jakitea.

Bigarren inkesta telefonoz izan zen, jakinaren gainean nengoen inkestaren bat egin beharko nuela, hilabete lehenago jasotako eskutitzagatik. Hau ere gaztelera hutsean izan zen, Mondragon Unibertsitatea erakunde pribatu bat da, konforme, baina Euskal Herriko erakundea den aldetik gehiago eskatu behar zaio euskararen erabilerari dagokionean. Bertako hizkuntza baino garrantzitsuagoa da ingelesa unibertsitatean, eta hau ere aldatu egin beharko litzateke.