Quantcast

Beldurrak aukera bihurtuz

Birusa. Gaixotuak. Babes elementurik gabeko erresidentzietako langileak. Konfinamendua. Banatzailearen osasunaren gainetik online erositako bizikletak. Osasungintzaren kolapsoa. Hildakoak. Birusa. Gaixotuak… etenik gabeko espirala.

Helduko da, baina, “normaltasun berria”. Eta, berarekin, espiral eta beldur berriak: langabezia, murrizketa berriak, (aspaldi ahoan genuen) krisia, askatasun galera, kontrol sozial eta poliziala…

Hala ere, hilabeteotan ikasitakoa baliagarri izango zaigu etorriko denari aurre egiteko. Besteak beste, ikasi dugulako urteotan osasungintzan egindako murrizketek hildakoak biderkatu dituztela, zaharren egoitzen pribatizazioak bertako bizi baldintzak nabarmen kaltetu dituztela, eta gobernari eta enpresari gehiegik lana bizitzaren gainetik jartzen dutela (besteen bizitzen gainetik, jakina). Eta, nola ez, ikasi dugu ere zailtasunen aurrean elkartasun sareak direla gakoa.

Hotzari aurre egiteko babes sareak josten segi beharko dugu, bai, baina epe ertainean ez genuke sarea asistentzialismora mugatu behar. Bizitza erdigunean jarri nahi badugu, eraldaketa soziala bultzatuko duten egiturak indartu beharko ditugu. Indartu batzuetan, eta errautsetatik eraiki bestetan, dozenaka enpresa berreskuratutan egin izan duten bezala.

Beldurrez mantapean gordeta geldi gaitezke, baina etorkizuna eraikitzeko aukera zabaltzen ari zaigu parez pare. Beharra aukera bilaka dezakegu, eta kolektibo kaltetuenei laguntza puntualak eman baino, autoeraketarako tresnak eta baliabideak guztion eskura jarri. Sare sozialik gabekoak ehunduz, baina beti norbanako eta kolektiboen ahalduntzea oinarrian jarriz.

Murrizketak bizitzaren gainetik jarri dituzten birusentzako txertoa topatu dugu: eraldaketa soziala.

Jostorratzak prest!

Erosketak bukatuta, etxera bidean Famarekin elkartu naiz. Jaiegunetan Senegalgo arropa biziak janzten ditu, baina gaur ez zuen horretarako indarrik. Kontatu dit Ordiziako zaharren egoitzan “bere aiton-amonak” hiltzen ikusten dituela tantaz tanta. Ez dit esan zabor poltsak erabiltzen dituztela babeserako, baina bai beldurtuta dagoela. Oso. Baina zaindu egin behar dituela, “zeinek egingo du bestela”.

Etxean jada, “osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka” bilatu behar dela entzun diet agintari politiko eta ekonomikoei. Famaren begi negartiak ditut buruan. Etxetik ezin irten dauden gure guraso eta aiton-amonak. Bakarrik hiltzen diren horiek, eta beraien familiak. Eta ezin dut. Ezin dut sinetsi bizitzaren gainetik ekonomia dagoela entzun izana, guztiok ulertzeko moduan gainera.

Arnasa sakon hartu, eta haserrea eta mina alde batera uzten saiatu naiz. Ez da erraza, Zaldibarko zabortegiaren suak ere gogoan segitzen baitu. Baina noizbait etxetik irtengo gara, eta une horretarako indarra gorde behar dugu. Topatuko ditugulako miseriak, pasa beharreko doluak, galdutako eskubideak. Eta barruraino sartutako beldurra. Krisi ekonomikoari, langabeziari, bankuko zorrei.

Baina aizue, etxetik irteterakoan bizitza ospatzeko aukera ere badugu. Asko ikasi dugulako hilabeteotan. Ikasi dugu bizitzak behar duela erdigunean. Ikasi dugu esker txarreko lanak direla oinarrizkoenak: osasungintzako langileena, egoitzetakoena, dendariena, garbitzaileena, garraiolariena. Eta ikusi dugu elkar behar dugula. Elkar zaindu behar dugula.

Ezer ez da berdina izango, ez. Lehengoak ez garelako. Lehentasunak aldatu zaizkigulako. Egoera gogorrenei kolektiboki aurre egiten ikasi dugulako. Jostun lanetan segitzeko ordua da, babes-sarerik ez dutenengana iritsi eta guztion artean bizitza erdigunean jartzea lortu arte.

Indartuko gaituen sarea

2.000 karaktere inguru. Tonu kritikoan, zirikatzailean. Nahiko erraza zirudien. Baina ordenagailua piztea ere kosta zait, orri zuriarengandik ihesi. Artikulua idaztea Goierrira bizitzera etortzea baino zailagoa izan dela ere esango nizueke. “Kanpokoa” izateagatik herriko plazan jasotako begiradak txiki uzten ditu plaza berri honek. Baina beranduegi da atzera jotzeko.

Gaindegia-ren webgunera jo dut datu bila, eta ez, Debagoiena eta Goierri ez dira hain ezberdinak. Bietan industriak jan ditu lur emankorrenak, Euskal Herrikoekin alderatuta langabezia-tasak baxuagoak dira, eta biztanleko BPGak, berriz, Gipuzkoako altuenak. Jakina, bi eskualdeetan emakumeenak dira datu txarrenak.

Datu esanguratsuadakar Gaindegiaren 2019ko txostenak: Debagoienak du Gipuzkoako errenta desoreka txikiena, kooperatiben mugimenduak eskualdean duen pisu ikaragarriari esker. Goierriri buruz ez dio halakorik, baina hemen ere kooperatibek pisu nabarmena dute ekonomian: %9koa. Ez da datu makala.

Hala ere, Goierrin ez dut topatu eskualde mailako sare kooperatiborik, ekimen kolektiboak bultzatuko dituena. Kooperatibek sarri arrakasta ekonomikoa sozialaren gainetik jarri dutela jakitun gara, barne hausnarketek ere hori diote. Debagoienean, berriz, hutsune horri aurre egiteko eskualdean lanketa bat egin da urteotan, eraldaketa soziala paperetik errealitatera eramateko saiakera.

Eredu propioa bultzatuta, Goierrik ere badu horretarako aukera. %9 horiez da ekonomia sozialak eskualdean duen pisu erreala, ez; eraldaketa sozialaren alde lanean ari diren erakundeak ez direlako soilik kooperatibak, eta izaera juridikoak ez duelako erakundea kooperatibo bihurtzen. Diskurtso hutsetik harago, kooperatibismoak eredu aldaketa bultzatu nahi duelako, eta ez gauzak “etikoago” egin.

Eraldaketa soziala ipar duten eragile asko ditugu eskualdean, badugu sare kooperatiboa sortzeko nahikoa oinarri. Badago aukera, eta badago beharra. Handia. Bizitza erdigunean jarriko duen eredua behar dugulako, aberastasunaren edo jatorriaren arabera sailkatuko ez gaituena, zaborpean lurperatu edota birikak errautsez beteko ez dizkiguna.

Gelditu ditzagun makinak!

Grebak ezertarako ere balio ez duela sinestarazi digute. Lan eskerga egin dute borrokaren antzutasunaren mezua zabaltzen. Hala ere, garaipen txiki eta handiekin errelatoa piskanaka aldatzen gabiltzala iruditzen zait maiz. Jada inork gutxik jartzen du zalantzan garbitzaile edota erresidentzietako emakumeek greba egiteko duten zilegitasuna, eta jakin badakigu lehenago edo beranduago, baina garaipena lortuko dutela. Denbora kontua da, hori soilik.

Hala ere, Gobernuaren makinaria propagandistikoa martxan da etenik gabe. Azken asteotan ere nabarmen: euskal eskuinak Espainiako Kongresuan lortu ez zuen protagonismoa, hurrengo egunetan EiTB-n lortu zuen. Kate guztietan izan ziren, elkarrizketaz elkarrizketa, ezkerrak lortutako protagonismoari buelta eman nahian. Matuteren hitzaldi borobilak listoia altu jarri zuen, baina.

Ez naiz lehena komunikabide publikoen partzialtasuna salatzen, bertako langileek ere hala egin dute behin baino gehiagotan. Mugimendu sozial eta sistema suntsitzailearen aurrean alternatibak aldarrikatzen ditugunok, geure mezua zabaltzeko sekulako zailtasunak ditugu. Are gehiago greba orokorraren aurrean martxan jarri duten ofentsibaren aurrean (hemen ez baitugu Frantziako komunikabide publikoek izandako jarrerarik espero).

Komunikabide txikiek, baina, aukera ematen digute azaltzeko zergatik egin behar dugun greba urtarrilaren 30ean: bizitzaren duintasuna guztiaren gainetik dagoelako. Guztiontzat lan baldintza duinak, bizirik mantenduko gaituztenak, behar ditugulako. Geure buruek, maite ditugunek, behar handiena dutenek, behar gaituztelako. Bizitza osoan lanean aritu direnei zor diegulako.

Interes indibidualen gainetik, nik ere ongizate kolektiboa lehenetsiko dut. Guztion artean zapaltzen gaituen makina geldi dezakegulako. Eta hori, makinaren jabeak ere badaki.

Zaintza zainduz

Adinean aurrera goazelako batetik, eta bizitzaren eta lan merkatuaren irakurketa feministak bultzatuta bestetik, ezin azken aldian zaintza lanen krisia burutik kendu: adinekoen egoitzen prekarizazioa, etxeko langile ikustezinek sufritzen dituzten “bizi” baldintzak… Emakumeak gehienak, etorkinak asko. Erresidentzietako grebako pankartak jartzen ikusten ditugu batzuk, beste batzuk, aldiz, kalera irteteko aukerarik ere ez dute. Guztiak borrokalariak, indartsuak, eta zapalduak.

Hain zuzen ere, zerbitzu publikoen pribatizazioak bideratu du zaintzaren prekarizazioa, langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea gero eta okerragoak bihurtuz. Bide batez, eta oker ez banaiz, Debagoieneko hainbat adineko egoitza azken urteotan pribatizatu egin dituzte. Erabaki horien ondorioak positiboak direla ezin esan, beste hainbat kasu ezagututa behintzat (testigantza gordinak, esaterako, erresidentzietako langileek Foru Aldundian emandakoak: https://labur.eus/egoitzak).

Hala ere, ez da soilik prekarizatu emakumeon laneko duintasuna edota zerbitzua, guztioi prekarizatu digute gure bizitzaren azken fasea. Maitasunez, duintasunez eta goxotasunez betea beharko luke zahartzaroak, eta ez fardelak aurreztea lehentasun duen enpresa baten interesen menpekoa.

Zaintzaren krisiari modu komunitario eta kooperatiboan nola egingo diogun aurre, akaso hori izango da gaur egun esku artean dugun erronka handienetakoa. Lan horretan eragile sozial anitzak saretzea ezinbestekoa izango zaigu, batez ere ikustezinak diren horiek parte aktibo bihurtuta. Txuri euskaldunon eraldaketa proiektuek akaso ez dituztelako paperik gabekoen beharrak beteko, ezta egunean 22 ordu etxe barruan lanean aritzen diren emakumeen irakurketak jasoko ere. Eta hala, bide batez, gure zapalkuntza propioak aitortzeko aukera izango dugu.

loading