Grebak, sistema eraldatzeko

ARGIAren efemerideen kanalean topatu dut berri zaharra: 1918ko apirilaren 23an, Irlandako langileek greba orokorra egin zuten I. Mundu Gerrarako derrigorrezko erreklutamenduaren aurka. Langileen eta independentziazaleen erantzunari esker, Britainia Handiak atzera egin behar izan zuen.

Ez gara hain urrun joan behar, baina, greba arrakastatsuak aipatzeko. Horietako bat da Amazon-en SDR azpikontratan izandako garaipen handia, SDR Amazon. Erraldoia belauniko liburuan topatu dezakezuena. Langileen duintasuna lortzeaz gain, Amazonek duen azpikontrata-sarean pitzadura sortu du, eta kapitalismo bortitzaren ikurretako bat kolpatu eta borrokarako aukerak biderkatu ditu.

Langileon antolakuntzaren indarraz kontziente, borroken kriminalizazioa egunerokoa dugu komunikabideetan. Behin eta berriro helarazten zaizkigu sindikatuen eta greben aurkako mezuak, sotil batzuetan, baldar gehiegitan. EAEko Hezkuntza Saila, esaterako, baldar xamar ikusi dugu azken aldian; hilabeteotan, gurasooi eta langileei bidalitako eskutitzak jaso ditugu, sailburua entzun dugu esaten irakasleei soldatak bakarrik axola zaizkiela, baita hori dela-eta legebiltzarrean gezurretan aditu ere. Gainera, negoziazio mahaian joko zikina izan dela jakin dugu sindikatuen eskutik: elkarrizketa bilateralak, batasun sindikala hausteko saiakerak, edukirik gabe deitutako bilerak… Hezkuntza publikoaren alde baino, beste interes batzuen alde nabari da Hezkuntza Saila.

Borroka honi esker gure txikiak jasotzen ari diren hezkuntza politikoaz harro, kalitatezko hezkuntza publikoaren alde alboan izango gaituzue, guraso eta langile gisa, zuen borroka gurea ere badelako. Ea berandu baino lehen hezkuntza publikoko grebalarien garaipena jasotzen duen liburu bat gomendatu dezakegun, joko zikinaren kronika eta guzti.

Honakoa Argia aldizkarirako egindako kolaborazioa da, cc-by-sa egile eskubideekin ekarrita. Originala, hemen.