Lantegia herrigile?

Gure autoan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskoak dira protagonista. Hala ere, bakarrik noanean Mondragon-en sinfonia kooperatiboa entzuten dut. Ez dakit norbaitek hainbestetan entzun duen diskoa, baina horietako bat bazara, “Sinfoniaren kluba” sor dezakegu elkarrekin!

Bada abesti eder bat dioena “herria lantegi, lantegia herrigile, lantegia herri”… Duela gutxi irratian entzundako elkarrizketa batek pentsarazi zidan, baina, ahaztu zaigula akaso zer den herria, zer den elkartasuna. Irakaskuntza publikoko irakasleak pribilegiatuak direla zioen hizlariak, lan baldintzak hizpide. Ahaztuta, akaso, kooperatibista asko pribilegiatuak garela, soldatapeko milaka langilerekin konparatuta. Galdetu bestela paperik gabe ia esklabotzan dauzkagun etxe zaintzaileei, edota Senegaldik iritsi berritan euripean galtzerdiak saltzen ari den Abduli.

Diskurtso hori errotik eta lehenbailehen uxatu behar dugu. Langile borrokari esker lortu ditugulako gero eta makalagoak diren zerbitzu publikoak, pribatizatzen ari zaizkigunak. Testuinguru latz horretan kokatu behar ditugu hezkuntzako grebak, guraso gisa harrotasunez betetzen nautenak. Harrotasunez, bereziki gure txikiak jasotzen duen hezkuntza politikoagatik, eraldaketarako ezinbesteko duguna.

Pribilegiatuak ez dira langile borrokalariak, interinitatean bizi direnak. Pribilegiatuak iruzur fiskala berme osoz egiteko gaitasuna duten horiek dira. Pribilegiatuak kale gorrian gelditzeak beldurrik ematen ez dien horiek dira. Piramidearen gainean daudenak. Gorbatadunak eta heteronormatiboak, oro har.

Bereziki mikrofonoak hurbil dituzuenoi, eskatu nahi dizuet ez ditzazuela orain eskuinaren diskurtsoak zeuenganatu. Lantegia herrigile aldarrikatu nahi badugu, has gaitezen langile borrokari aitortza egitetik eta langileen arteko elkartasuna sustatzetik.