Quantcast

Gu.

Lehen pertsona plurala. Ni-en taldea. Baina ez du zertan gutasuna-ren sinonimo izan. Ni-ek ez baitute sarri subjektu bat osatzen.

Hain zuzen ere, subjektuak aipatzen ditugu etengabe proiektu eraldatzaileei buruz ari garenean. Aldarrikatzen dugu subjektua dela oinarria, gutasuna. Eta helburua. Helburu kolektiboak direla prozesu komunitarioen funtsa. Eta halaxe izaten da proiektu gehienen hastapenetan. Egia da, hala ere, oinarrizko behar indibidualak aseta ez dauden bitartean zaila dela helburu komunak lehentasun izatea. Eta hortxe dago gakoetako bat, behar pertsonal eta kolektiboen arteko oreka bilatzea. Joko arauak definitzea eta arazoei nola aurre egingo diegun aurreikustea, zaintzatik eta zaintzarako.

Ondo errotutako proiektu kolektiboetan ere badago une bat joko arauen eta helburuen inguruko hausnarketa eskatzen duena. Bereziki proiektu eraldatzaileetan. Herri honetan ohituta baikaude produktibitate, ekoizpen eta eraginkortasunean zentratzera, oinarriei erreparatzeko tartea hartu gabe. Egiten, izan gabe. Eta egitearen poderioz, perspektiba ere galtzen dugu sarri. Egunerokotasuneko kontuetara mugatzen gara, interes pertsonalen eta kolektiboen arteko talkak behin eta berriz sufrituz.

Horregatik, ezinbestekoa dugu geldialdi hori egitea eta hausnarketari tarte bat eskaintzea. Proiektuak, subjektuak, komunitateak, ezinbesteko duelako gutasuna lantzea. Helburu komunak ezarri eta erdigunean jartzea, norbanakoen eta kolektiboaren zaintzarekin batera.

Ez da erraza, baina, geure buruak ispilu aurrean jartzea, proiektu handi edo txiki izan. Gure kontraesanak azaleratzeak ausardia eskatzen du. Geure buruak estu hartzen abilak gara gainera. Baina, zalantzarik gabe, zer garen eta zer izan nahi dugun hausnartzeak, eta guztion artean nondik gatozen eta nora goazen erabakitzeak gure proiektuak indartuko ditu.

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

loading