Marketina eta euskara

Ez dut Facebook faltan botatzen, oro har. Erabaki politikoa izan zen kontua ezabatzea, ardura sozialetik egina. Izan ere, lasai asko esaten diogu edonori norekin eta zertaz aritzen garen, gure datuen erabilerak dituen arriskuei ezikusi eginez.

Dena den, sare sozialetan murgilduta segitzen dut. Azken hilabeteotan, adibidez, LinkedIn-i (sare profesionalagoari) kasu egiten hasi naiz. Eta hau begitako mina! Erabiltzen dituen algoritmoei esker akaso, baina neure kontaktu euskaldun gehienak euskaraz ez beste hizkuntzetan aritzen direla ikusi dut. Are nabarmenagoa da “bertako” erakundeen kasua.

Urte batzuk pasa ditut lanpostuan sare sozialak kudeatzen. Dozena bat orri eta kontu kudeatu ditut. Guzti-guztietan, euskarari gutxienez % 50eko presentzia eman diogu. Publikoa bertakoa eta euskalduna ere badelako, eta erakunde bat bertakoa dela erakusteko modu argiena erabilitako hizkuntza delako.

Sareotan nagusitzen (ari) den joerak, baina, bertakoan sinesten dugun publikoa gutxiesten du. Hautu politiko eta soziala da sareotan eta komunikazioan, oro har, erabiltzen den hizkuntza. Zer bilatzen dugun eta zer izan nahi dugun erakusteko modua. Uler dezaket norbanakoena ikuspegi profesionaletik hartutako hautu pertsonala izatea, norberaren burua ze posiziotan kokatu nahi duen erabakitzea. Estrategia eta praktikarekin ados egon ez arren. Bertako erakundeen politika, baina, ez zait onargarria iruditzen.

“Eusko labela” izan arren, erakundeok lekukotasuna alde batera utzi dute; ustezko profesionaltasunaren aitzakian euskara hirugarren postura eramatea erabaki dute, gaztelania eta ingelesari lehentasun nabarmena emanez. Baita marketin kanpainetan ere. Baita papereko karteletan ere.

Ziur aski artikulu honek bide motza izango du, akaso ingelesez jende gehiagok irakurriko luke. Zer egingo diogu ba!

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude