Komunitateak

Albistegietako lehen lerrora egin dute jauzi komunitateek bat-batean; beno, energia-komunitateak dira modan jarri direnak. Izan ere, komunitatea erdigunean izatea, behar sozialak lehentasun bihurtzea, komunitateak ahalduntzea… hori guztia ez dago modan, eta ez dela sekula egongo esango nuke. Horregatik, ezinbesteko dugu ongi bereiztea zer den ekimen komunitario bat, eta zer den negozio estrategia, auzolanari eta erantzukizun sozialari gertatu zaiena ez gertatzeko. Izan ere, slogan politiko hutsean gelditu da bata, eta bestea, negozio basati eta zikinenak estaltzeko marketin tresna bikaina bihurtu da.

Energia-komunitateentzat egitura juridikoa proposatu dute erakunde publiko eta enpresa handiek. Pozgarria da kooperatibak izatea beraien proposamena, definizioz kooperatibak ekimen komunitarioak baitira. Dena den, kooperatiba bat sortzeak ez du jarduera bera komunitario bihurt’zen. Hau da, energia-komunitate bat sortzeko ez da nahikoa kooperatiba bat sortzea, edota norbanakoen artean plaka batzuk instalatzea. Energia-komunitateen oinarrian eredu energetikoaren iraultza dago, eta iraultza hau modu komunitarioan bultzatzea prozesu konplexua da. Izan ere, bestelako jarduerak kooperatibizatzean gertatzen den bezala, lehenbizi oinarriak finkatu behar dira.

Ekimen kooperatibo/komunitario bat arrakastatsua izateko subjektua sortu eta indartzea ezinbestekoa da. Helburu komunak lortu nahi baditugu, kolektiboa eta norbanakoak ahalduntzea eta saretzea lehentasunen artean izan behar dugu. Era berean, errotutako ekimena bihurtu dadin, prozesuari eman behar diogu garrantzia handia. Egitura juridikoa baino garrantzitsuagoa baita gauzak nola egiten diren, prozesuaren lidergoa zeinek eta nola hartzen duen, eta zeintzuk diren erabiliko diren parte-hartze mekanismo eta prozesuak.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude