SEVILLA EZAGUTZEN

Hiru oñatiarrek egindako bidaiaren hasiera bart arratsean izan zen Gasteizen, bertan hartu genuen Irun-Malaga linea egiten duen autobusa Sevillarako txartelekin.

Bizikletak sartzeko nahiko arazo izan genituen, kaxetan zeuden arren, dena maletaz josia baitzegoen. Hamabi ordu inguruko bidaiaren ostean heldu gara Sevillara, egia esan oso lo gutxi eginda, batere ez esatearren.

Bizikletak muntatzen ari ginela, bi polizia etorri zaizkigu, nortasun agiriak eskatuz, nere ustez euskaldunak ginelako, baina azkenean tipo jatorrak ziren, bidaia on bat opa digute azkenean.

Autobus geltokiko komunetan bizikletako erropak jantzi ondoren, hor abiatu gara Sevillan barrena alforja eta guzti. Gazteen albergean utzi ditugu alforjak, pisuz arintzeko, gazteentzako izan arren ez da batere merkea.

Sevillako auzo eta monumentu desberdinak ikusi ditugu, Katedrala, Giralda, Triana auzoa, Betis futbol taldearen ikurrez josita; La Macarena, La Cartuja, La Torre del Oro, dena oso polita, baina niri gehien gustatu zaidana, agian Plaza de España izan da.

Hauek guztiak ikusi ditugunean, bizikleta gainean aritu gara, eta ez dugu larregiko berorik igarri, baina abuztu hasieran gaude eta Sevilla oso beroa da. Eta hain zuzen ere, bero honegatik babesteko, kale batzuek toldoak dituzte teilatutik teilatura jarrita, eta egia esan igartzen da tenperatura aldea.

Egun bat gutxitxo iruditu zait Sevilla ondo ezagutzeko, hurrengo baten itzultzeko gogoa gelditu zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude