SEVILLA – EL REAL DE LA JARA (Sevilla)

Goizeko 7:30etan jo du iratzargailuak, jantzi eta bizikletako gauza denak prestatutakoan, gosaltzera jeitsi gara, albergeko jangelara. 8retan puntuan ireki dute bertako atea.

Indarrak hartu ondoren bagoaz, hemen hasten da benetako abentura. Sevillako kaleak gurutzatu, katedral ingurura iritxi, eta hortxe lehenbiziko maskorra paretan eta gezi horiak, Donejakuerako bidearen erakusgarri. Berriz kale estuetan zehar aritu ondoren eta Triana pasatuta, irten dugu hiritik. Lehenago Trianako denda batean biderako fruitu lehor batzuk eta ura erosi ditugu.

Lehenengo herria Camas, beste munduko ezer berezirik gabea. Ondoren Santiponce, hemen benetan merezi izan duen geldialdia egin dugu, Italicako arrasto arrasto erromatarrak. Oso polita. Mosaiko bat ikusi gabe geratu gara, baina eguzkiak gero eta gehiago berotzen zuen eta mugitu beharra geneukan. Irten aurretik anfiteatroan argazki bat atera dugu. Sarreran zegoen emakumea guztiz harrituta geratu da gu euskaraz mintzatzen entzutean, inoiz halakorik aditu gabea antza.

Hemendik aurrera soro artean bide ona Guillenaraino, baina hemendik aurrera bide oso txarra, harea asko eta aldapatxoak non-nahi, olibondo artean.

Kostata baina heldu gara Castilblanco de los Arroyosera, lehenengo gauza igerilekua bilatzea, bertako batek esan baitigu bazela bat. Eguneko unerik onena izan da. Bainu ederra hartu eta gero gustora bazkaldu dugu, bokadilo zistrin bat, baina gustora.

Barrua bete ondoren berriz martxa, arratsaldeko 4rak aldean. Aldapa gora ugari eta beheruntz oso gutxi, Calvario gaina pasatu dugu eta ondo kostata heldu gara El Real de la Jarara.

Gaur zulatu bat eduki dut, gero kubierta ondo begiratu arren ordezko kamara ere zulatu egin dut, gelditu egin behar hiruzpalau aldiz berriz puzteko, arazoak ematen zituen ta.

Almaden de la Platako gasolindegian hartu ditugun kokakola eta ura uste baino hobeto sartu dira. Baina hori guztia hartu arren beroa ganoraz igarri dut, eta ura gastatu egin zaidanez oso gaizki ibili naiz. Usabiagak esango luken bezala txakalaldiarekin, eta gure kuadrilan esaten den lez txorituta.

Albergeko giltza udaletxean lortu dugu, dena guretzako dugu. Dutxatu ondoren afaltzera aurrez gomendatu diguten jatetxera abiatu gara, baina justu gaur jaieguna zeukaten. Taberna baten galdetu dugu non afaldu daiteken, eta urruti zegoen hauek gomendaturiko lekua. Azkenean bertako andreak esan digu ogirik ez duela baina edukiz gero gertatuko dizkigula otarteko batzuk. Bere senarra bidali du ogitara eta filete otarteko eder bana gertatu digu. Hantxe egon gara taberna kanpoan, tabernakoekin eta herritar batzuekin, guztiak 60 urtetik gorakoak, tertulian, oso interesgarria izan da, denak oso irekiak baitira. Eguna alaitu digute.

Albergera bidean Joseba agure batekin geratu da hitzegiten eta gu ordu bat zain egon gara lotara joateko. Bukatu da lehenbiziko egun gogora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude