MERIDA – CASAR DE CACERES (Caceres)

Oso gaizki egin dugu lo, kristoren beroa egiten zuen eta. Goizeko 6:30etan jaiki gara, gaur bero handia egin behar zuela baitzegoen iragarrita. Irtetzerakoan bi gizakume etorri dira, Igorrekoak, oinez egin behar dutela bidea, eguneko 50 km inguru, egingo dutela uste dut, itxura ona baitzeukaten, astero mendira joaten diren horietakoak.

Akueduktoaren ondotik pasatzean derrigorrezko argazkiak atera ditugu. Preserpino urtegiruntz abiatu gara, bere garaian erromatarrek egindakoa. Hasiera Bidea jarraituta egin dugu. Urtegi inguruan Julenek zulatua izan du, denbora asko joan zaigu konpondu bitartean. N-630 errepidera irtetzean beste zulatu bat izan du Julenek gurpil berean. Azkenean erabaki dugu falta zena errepide nazionaletik egitea.

Bide zuzena, kurba gutxi, hasieran goruntz ta gero beheruntz, etapa ona. Gaur ere beroa nagusi izan dugun arren.

Caceresera heldu aurretik 2 gaztelu ikusi ditugu bata bestearen ondoan, oso politak.

Caceresera iristean Eroski hipermerkatua dagoen Ruta de la Plata merkatal zentrura joan gara, bertan urdaiazpikoa, txorizoa, ogia, … erosi eta itzaletan bazkaltzera, izugarrizko beroa egiten baitu.

Bazkalostean hiri erdiruntz joan gara, bertako kafetegi baten garagardo pare bat hartuz. Hor ginela bi neska azpeitiar etorri dira, Ruta de la Plata alderantziz egiten ari direnak. Salamanca aldean hotz egiten duela esan digute, ea horrela den gu hara iristean.

Caceresko alde zaharra, Gizatasunaren Patrimonio Kulturala dena, bisitatu dugu. Ikusteko ederra. Bertako eliza baten ezkontza “rociera” bat ospatu dute eta bertako bi gonbidatuekin batera argazki bat ere atera dugu, hauek 2 emakume ziren flamenka jantzita.

Lo egiteko ondoko herrira abiatu gara, izugarrizko beroa izan dugu 10 km egiten, lehortu egin gara!!

Heldu gara Casar de Caceresera, bi neska aragoitar batera heldu dira, aurrekoan pasatu ziguten bi aita semeak (zaharrena aitapontekoa zena azkenean, sevillarrak), Iria donostiarra eta Aitor bilbotarra (Meridan ezagututakoak) eta oinez doan alemaniar bat elkartu gara albergean.

Afaltzera Majuca jatetxera joan gara, oso ondo afaldu dugu, bakoitzak 8€ ordainduta soilik. Sevillako bikoteak ere afaltzera leku berdinera joan da, uste zuten doain zela eta zerbitzaria albergera etorri da, gaizki ulertu bat izan dute.

Gaur lotarako ere gaizki, bero egiten baitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude