Uno dei più grandi

Verdi. Opera. Italia

Nabucco, Il trovatore, Macbeth, La traviata, Aida, Otelloo, Falstaff, Rigoletto… Ugari dira Giuseppe Verdi XIX. mendeko operagile italiarraren obra ezagunak. La Roncole herrian 1813an jaiotako musikagilea, familia xume baten semea, aberastu eta desklasatu ostean lurjabe handi bihurtutakoa. Kontraesankorra, antiklerikala eta apur bat katolikoa, diruaren jagole xuhurra eta familia txiroen laguntzailea, nagusi zekena eta bere obren egiletza eskubideak musikari zaharren egoitza finantzatzeko utzi zuena, politikaria eta politikari kasu handirik egiten ez ziona, lotsatia bezain harroa, Italiako nazioari ez ezik estatuaren jaiotzari musika jarri ziona, maisua izanik ere beti ikasteko prest zena, tentea eta aldi berean entzuten zekiena…

Ezaugarri horiek eta gehiago jaso zituen Itziar Gilleneak Verdi (Elkar Biografiak, 2007) lan mardulean. Ez zen erraza izango, maisuaren bizitza pribatuaz askorik ez dakigulako, baina eskertzen diot egile gisa Gilleneari bere iritziak eta hipotesiak plazaratzea.

Gustura irakurri dut eta lagundu dit operari, Verdiri eta hainbeste maite dudan Italiari buruz apur bat gehiago ezagutzen. Gomendagarria.

Euskaliptus

Euskalia. Alvarez Sarriegi. Umorea.

Umorea mailua izan liteke. Uste dut esaldia Mikel Alvarez Sarriegi irakurri diodala hor nonbait. Uste dut. Baliteke. Akaso ez, baina axola al dio horrek? Ze umorea mailua bezala darabil idazle goierritarrak bere Euskalia (Elkar, 2022, 2021 urteko Zubikarai sariaren irabazlea) obran.

ADI, HEMENDIK AURRERA SPOILERRAK BAITAUDE

Euskalia nobela deskojono handi bat da. Gure buruaz, gure psikodramez, gure ezinez eta, zergatik ere, gure indarguneez ere ari da barrezka Mikel Alvarez Sarriegi. Balizko Euskalia ahalguztiduneko tokiek dituzten izenak? Kattalin Miner kalea, Kiliki Frexko campusa, Hedoi Etxarte etorbidea… mundialak dira. Santa Klara uharteko errebelde dunkandutarrak? Genialak. Putos Euzkitzez deitzea Euskalia deritzon tortillaren beste alde horretako agintari hegemonikoei? Barre galantak egin ditut.

Adi, arinkeria horrek -eta ez dut zerbait negatibotzat arinkeria- ez die kalterik egiten nobelako pertsonaien osaera eta garapenari. Hasierako Eñauten kapituluan zer ondo deskribatzen den betigazte ganoregabe hori marabilla bat da edota nolako trebeziaz kontatzen duen idazleak Igonerengan -zer ona den neskato psikopata hori- ase ezina den odol egarri hura. Portzierto, puntazoen artean dago azken honen belarri mozketa konpultsiboa, Eñautek Telmori eskainitako epitafio antologikoa -“Sekula ezagutu dudan izokinik jatorrena zinen“- edota Eñautek egiten duen Dut taldearen balizko disko berriei buruzko galdera Erkuden denbora bidaiaria dela jakin berritan.

Egiturari dagokionez hainbat narratzaile erabili izanak freskatu egiten du irakurketa eta denbora-lerro narratiboan dauden saltoak hainbat izan arren ez dut behin ere sentitu galdu naizenik. Gainera, maiz pentsatu dut: nola ez dut tramaren bira hau aurreikusi, pistak hor zeuden eta? Mundiala!

Bada hori, bukatzeko, egileari zorionak ematea besterik ez zait geratzen eta oxala halako nahiz bestelako abentura gehiago eskaintzea! Zoritxarrez, gisa honetako testu gutxi idatzi ohi da gurean, beti hain serios eta traszendetal baikara, eta argitaratzera ausartzea bera tenpluko lapurrei ostikoa jotzea dela iruditzen zait (neroniri barne, jakina).

PS: Egileak onartzen badit lerro hauen ausardia, nire proposamena Euskaliptusi buruz idaztea da, koala-pirata euskaldunen planeta zozoa dena, non rona edan, altxorrak lurperatu edo aldameneko planeten ontziak erasotu ordez egun osoa eztabaidan ematen duten adarretako animalia suminduek haien hizkuntzako txikikeriei buruz, egur ekoizpen enpresek planeta, uhartea, haritz inbaditzailez bete nahi dieten bitartean.

Atzera begira

Memoriak. Alemania. Enzensberger.

Un puñado de anécdotas (Anagrama, 2021, Maria Garcia Pinosek itzulia) da Hans Magnus Enzensbergerren memoria liburuaren izenburua. Apur bat tranpatia dena, nire ustez eta dena esaten hasita, pentsa dezakelako irakurleren batek elkarren arteko haririk ez duten bizitza txatalak direla. Ezta gutxiago ere: edozein pertsonak bere bizitzaren hondarrean atzera begiratuta egiten duen memoria bereizketa kontuan harturik ere, nabari da kronologiaz gain badela beste hari bat, egilearen haurtzaro eta gaztaroa ez ezik bizi osoa markatu duena: Weimarko Errepublikaren amaiera, nazismoa eta Bigarren Mundu Gerra.

Hasteko, oso bitxia da Enzensbergerrek egiten duen ume mimatuen aldeko bindikazio ariketa. Halakotzat zuen idazleak bere burua, funtzionario ez apal baten -aski apal nazismoarekin guztiz ez inplikatu behar izateko eta aski garrantzitsu gerran ez mobilizatzeko, karguagatik eta zuen posta eta telefonia arduragatik- seme zaharrena izaki nahi beste jostailu eduki omen baitzuen eta baita bestelako kapritxo ugari ere. Irakurri eta epaitu zuek dionaren pertinentzia eta balio estetikoa, epaitu beharrik bada, ez baitut uste halakorik egitea niri dagokidanik eta.

Hortik aurrera tragedia baten itzala ageri zaigu, Nürenbergen bizi baitzen eta hura ez zen edozein hiri nazientzat, gerraren eztandaz lehertzen dena, eta horrekin batera koskortzen doan mutiko baten bizipenak.

Nik gustura irakurri dut, tarteka pasarte batzuk flojoagoak iruditu arren, eta badut sentsazioa espero ez nuen idazle bat agertu zaidala, ez behintzat haren Espainiako anarkismoari buruzko liburu ezaguna irakurre ostean irudikatutakoa.Bukatzeko, pasarte bat, luze xamarra bada ere, nire ustez zuekin partekatzea merezi duena (itzulpena nirea da):

Gerra amaitu zenetik, zinema komertziala eskaintzen zuten azken aretoek atea itxi zuten. Errendizioa eta gero, publikoak ez zuen lastategiak edo gimnasioak besterik eta egurra eraman behar zuten, pizgailuren batekin batera, hotzak hilko ez baziren.

Alemania okupatuan pelikula guztiz diferente bat ari ziren proiektatzen, ez zena inoiz ikusi UFA-Palast areto batean. Ezta ejertzitoko emakumezko talde auxiliarrek ere, zeintzuek informazioa pasa zuten sototik aliatuen hegazkin bonbaketari flotei buruz, ez zuten ezagutzen.

Egun batean, W.ko nerabe talde bat eraman zuten, soinean zeramatzaten gaizki tindaturiko txaketak, garagardo zaharmindu kiratsa zerion taberna areto batera. Euretariko inor ez zen joan propio hala erabakita, baina sarrera librea zen eta ez zitzaion inori egurrik exigitzen.

M. eseri zenean beste ikusleekin batera eta lehenengo irudiak agertu pantailan, bat-batean gela guztiz mututu zen. Filmeko zuri-beltzezko irudi granulatuetan, euria ari zuela igartzen zen, ageri ziren hondakindegi batera botatako zaborra bailiran pilatzen ziren gorpuak. Hildakoak lurrean zeuden biluzik, hezur eta azal ziren. Ondoren birizik atera zirenak erakusten zituen pelikulak zaintza dorreen, alanbre hesien, arma patio hutsen eta abandonaturiko barrakoien parean. Arraiadun piltzarrez jantziak zeuden, eta, norbaiten laguntzari esker, kamararantz hurbiltzen ziren bilin-bolonka. Kosta egiten zuen sinestea orainidik bizirik egon zitezkeenik, hain baitzeuden zargalduak, eta haien aurpegiak… Egun, jakina, jende guztiak ikusi ditu halako imajinak. Batzuetan emititzen ziren errutinazko zerbaiten gisara, gaueko sesioan. Badirudi inork ez duela oroitzen halako zer edo zer ikusi zuen lehen aldia.

M.k gezurra esango luke esango balu biktimekiko pena sentitu zuenik, okerragoa izan zen. Ikusteak goragalea sentiarazi zion. Sentsazio hori bere gorputz osoaren jabe egin zen, inboluntarioki eta batere hausnartu gabe. Egunetan ezin izan zuen ezer ere ez jan ahal izan sentitzen zuen nazkagatik eta sentsazio hori ezin izan zuen guztiz alboratu.

Sentsazio aurre-moral mota hori indartsuaga da hiltzaile gizarte batean jaio izanagatiko senti litekeen kulpa sentimendu lausoa baino. Nazka sentimendu antisoziala da, ezein definizio nazional edo ulergarritik at dagoena; bere baitan hartzen du estutzen dena sinpleki espezi beraren parte izateagatik.

Konmozio horren eraginak luzaro iraun zuen Une horretan, M. jada ezin zen joan medikuarenera aurrez haren iraganaz informatu gabe. Mesfidantza kronikoz hartzen zituen adin jakin bateko epaileak, poliziak eta irakasleak. Bere susmoak askotan justifikatuak ziren, espero zitekeen bezala, baina gero eta gehiago ikertu, gero eta liburu irakurri eta barurago sakondu dokumentaletan, iragana obsesio ari zitzaion bihurtzen. Denbora igarota jabetu zen, bere aldetik ezer egin gabe, bakarrik kointzidentzia zortedunetan oinarrituta, beti egon zela alde onean. Krimenaren unean ezin izan zuten inbolukratu zuen adinagatik.

Le Tour

Txirrindularitza. Pasioa. Izagirre.

Narratzaile aparta da Ander Izagirre idazle eta kazetaria. Direla bere prentsa zutabeak, bere erreportaje turistikoak edota bere liburuak -izan kirolari buruz izan gai sozialei buruz, Potosí bikaina kasu-, duen estiloa, tonua eta joskera apartak dira. Altzoan eroaten zaitu paragrafoz paragrafo eta lortzen du transmititzea idazleari soilik barren-barrenetik atera dakioken hori: pasioa, gezurretakoa izanez gero horren kartonplumazko ageri den emozio hori.

Blog honetan bertan iruzkindu nuen Giroari buruzko bere beste obra eder bat, hemen, eta oraingoan Tourraren txanda da, krologikoki azken hau lehenagokoa bada ere, 2012koa. Liburua Plomo en los bolsillos (Ander Izagirre, Libros del KO, nire alea 13. edizioa da, 2021ekoa) da eta badu zer eskaintzekorik baita ziklismoa gustuko ez duenarentzat ere. Izan ere, lehen orrialdeak irakurtzeaz bat, ezinezkoa da ez maitemintzea erdi arlote erdi alproja ziren aitzindari horiez eta ez eskandalitzatzea erdi alproja erdi arlote ziren ziren egunkari jabe horiez. Anekdotak badira mota guztietakoak: dibertigarriak, txundigarriak, gogorrak, autokritikoak… eta denak, txirrindularitzari buruzko bere hurrengo liburuan hutsune hori zuzendu bazuen ere, emakumerik gabeak.

Nik gozatu dut eta ikasi dut liburuarekin, kasik orriak azpimarratu beste. Bai literaturaren baliogatik bai kirolarekiko afinitateagatik. Izan ere, bizikletarekin maitasun-gorroto harremana duen idazle honek, ezin du ulertu txirrindularitzarik gabe bere bizitzaren parte bat: aurreneko BH bizikleta, txakalaldiak eta erorketak, ia pedalkadarik eman gabe maldan behera udako egun sargorian haizeak freskatzen zaitueneko orooitzapena, ezkontza batean Reynoldseko txirrindulari gazte batekin topo egin eta senideek xaxatuta autografoa eskatu nionekoa -elkarte gastrononomikoan dugu orduan ezezagun zen gazte nafar haren koadroa paretan eskegia-, uztailetako arratsaldeak telebista aurrean, Arrasaten Gianni Bugnok sinadura eman zidanekoa eta nik Chiapuccirena nahi nuen, nola ikusi genuen Marco Pantani kronoigoeran hegaka Leintz-Gatzagako malda gogorretan gora…

Badakit baduela liburuak euskarazko edizioa, 2015ean Julen Gabiriak euskaratutakoa, baina beste baterako utziko dut irakurketa hori. Nire ustez bada liburua berriz irakurtzeko modukoa, besteak beste egilearen pasarte autobiografikoa jasotzen duen epilogo umoretsu, zintzo eta apartaz gozatzeko bada ere.

San Fermingway

Hemingway. Jimenez. Eraikuntza.

Azkenaldian maiz akordatzen naiz duela urte gutxi hil zen Arrasateko Antxon Mendizabal irakasle eta idazleaz. Haren ile orrazkera aldrebesak, estilo informalak, eta protagonizatu zituen hainbat anekdota amultsuk, maiz lausotu zuten besteren begietara bere zorroztasun intelektuala. Haren artikuluak, liburuak -Hiruk argitaratu zionetatik bat eman zidan eta urrearen balioa du niretzat- eta batzarretako iruzkinak oso kontuan hartzekoak ziren egin zituenean eta baita gaur egun ere.

Esango nuke antzeko zerbait gertatzen dela Edorta Jimenezekin eta ez dela nahikoa aintzatesten jartzen haren ikerketa lana. San Fermingway -Otras historias de Ernest Hemingway (Txalaparta 2005, originala euskaraz, Susak 2003an) obra irakurtzean zera pentsatzen dut: hau lan mardula eta ondo egina! Izan ere, datu ugariz, prosa eraginkorrez, narratzaile tonu doituz, bi mirari txiki egiten ditu. Bata, guk geuk ere sinetsi dugun frankismoaren makillaje operazioa desarmatzen: Falangista eta enparauen neurrira eginiko Hemingway otzan, lau eta akritikoa ispilu aurrean jarri eta biluzik erakusten digu dokumentazio lan oparoari esker. Bestea, Hemingwayk euskaldun hainbatekin eginiko laguntasun harremana kontatu, baita Hemingway gure herriari buruz zekienari buruzko zantzu bibliografikoak eman ere, eta gerrak zartaturiko gizon-emakume ugariren biografia ezezagunak -bai irakurle honentzat gutxienez- argitara ematea.

Ernest Hemingwayen argi-ilunak agerian utziz, haren kontura diktadura justifikatu nahi zituztenak salatuz, operazio hura topikoz topiko irentsi zutenak lotsaraziz eta etorkizuneko balizko ikerketatarako galdera iradokitzaileak utziz, kontuan hartzeko moduko lana da, izenburuan aipatzen den idazlea maitatu nahiz gorrotatu.

Lekukoa

Zerocalcare. Shengal. Komikia.

Labetik atera berri-berria dator -txalogarria da Farmazia Beltzaren lana, nola euskaratu duten 2022an bertan argitaratutako komiki originala trebeziaz eta bizkortasunez- Michele Rechen, Zerocalcare gisa ezagunagoa, No sleep till Shengal (Farmazia Beltza 2022, Koldo Izagirrek itzulia) komiki lana.

Bigarren kronika-komikia du egileak Ekialde Hurbila deritzon nahasmahas horretan, 2020ko Kobane Calling gogoangarria eta gero, eta oraingoan ere ISISaren kontra demokrazia, askatasuna, bizia eta bakea armak hartuta borrokatzen duten horiek ditu hizpide. Ezidiarrak bizi dira batez ere Shengalen, Irak iparraldean, arabiar, turkmeniar, siriar eta kristauekin batera, eta PKKko buru den Abdullah Ocalanek teorizatutako konfederakuntza demokratikoaren sistema ezarri dute. Edo ezarri nahian ari dira, bederen. Irakek ez du nahi horrelako eredu autonomorik haren herrialde barruan, ezta Turkiako presidente den Erdoganek edota Irak barruko Kurdistango presidente Barzanik ere. Elkar hartuta hauspotzen dute ISIS eta bonbardatu autonomia ahalegin oro.

Saltsa-maltsa horretara joango da Zero brigadista gisa, testigantzak jaso eta testigantza eman asmoz, bere kontzientziako Karteski filosofiak planteatzen dizkion dilema moral eta anbibalentzia ebidentziei aurre eginaz. Onak dira dialogo horiek eta hala, orrialde batean, Zerok akusatzen du Karteski garuna kakaztu nahi izateaz eta honek erantzuten dio pentsarazi besterik ez nahi diola egin, eta hein batean denok dugunez Karteski bat barruan (edo ia denok, akaso orokorkeria hau sobera dago), ondo azaltzen du munduan kausa justu batzuk babesteko batzuetan ageri dugun uzkurtasunaren jatorria.

Komiki moduan akaso ez nau ase, nahiz eta baduen pertsonaia bat mundiala, Irakeko zerbitzu sekretuetako ofiziala, eta checkpoint ugarien eta Aita Santuaren erreferentziak genialak dira, baina ukaezina da Zerocalcareren konpromiso artistiko eta politikoa Shengaleko sarraskiak salatu eta bere altaboza baliatuta borroka bat munduari ezagutzera ematekoa. Aspektu horretan Joe Saccoren lanik onenen jaraunsle da nire begietara Rech marrazkilari italiarra.

Bukatzeko, ezin aipa gabe utzi Koldo Izagirreren hizkuntza lana. Gustuko dut oso eta izaera oso berezia ematea lortu du Zerocalcareren obrari. Niretzat Izagirreren itzulpenak eta Zeroren marrazkiak bat dira eta ezin litezke banandu. Gozamen hutsa.

Gaztelu baltza

Amaiur. Alonso. Hilbeltza.

Amayur gaztelu baltz ori

—berreun gudari oro sumin—

zaintzen zattuben zaldun onak

Naparra-aldez egin dabe zin

Pettiren ahotsean irakurtzen dut Lauaxetaren olerkia. Eta behin, duela dezente, sasi-arkeologo -alegia, erdipurdiko belartxar kentzaile- izan nintzen gazteluko indusketatan. Horra Amaiurko gazteluarekin eduki dudan hartu-emana. Badut orain beste helduleku bat, kasu honetan, zelulosa pastaz eginikoa, gaztelua baino gehiago hari buruzko kondaira (eta historia) protagonista duen liburua.

Sasoiko dator Jon Alonso 2022ko udazken-negu honetan, Baztanek bizi duen oparotasun sortzaileari gorazarre eginaz. Batetik Amaiurreko gazteluko gudutik milurte erdia pasa deneko ekimen sorta dela eta bestetik Hilbeltzako iturri odoltsu nekaezina, hauen abaroan dakar Alonsok Amaiur bat urtero (Hilbeltza, 2022) nobela beltz, fresko eta zirikatzailea.

Film handi bat ari dira grabatzen, euskal kultura miserableak artean ezagutu gabeko superprodukzioa, eta ustekabeko heriotza batek astindu ditu bai filmeko partaideak bai Baztango herritarrak. Narratzaile gisa pertsonaiak txandakatuz, bakoitzari dagokion ahotsa, hizkera eta erregistroa maisuki definituz -harrigarria da Alonsok duen hizkuntzaren domeinua- dinbi eta danba astintzen ditu gure lur triste honen leihatilak amaraun denak kendu arte. Baskoniako historia bat? Dinbi. Nafarkeria pedantea? Danba. Patria telesaila? Dinbi. Ustelkeria disimulatzeko mezenasgoa? Danba. Polizia torturatzaile birziklatuak? Dinbi. Eta horrela irakurtaldia arina, gozagarria eta gogoangarria egin arte.

Blog hau inoiz irakurri baduzue badakizue Alonso zalea naizena. Baina ez nuen espero hain ondo pasako nuekin irakurtzen. Bejondeiela berari eta berau argitaratu duten Hilbeltzakoei, besteak beste Gorka Arrese bera ere berreskuratu baitute lehen irakurle gisa.

Sherlock Hound

Sherlock Holmes. Conan Doyle. Aitor Blanco.

Umetan nire marrazki bizidun gustukoenetakoak ziren Miyazaki eta Mikuriyaren Sherlock Holmes (Sherlock Hound bertsio ingelesean). Bertan, animalia formako pertsonaiek -gehienak zakurrak ziren eta Holmes, berriz, azeria- misterioa, abenturak eta hainbat pasadizo bizi zituzten erritmo bizian. Moriarti zakur doilor eta era berean entrainablea, haren morroi mengelak, Watson -zeinak Hudson andereño xarmanta maite duen-, Lestrade komisarioa… Holmes argiz betea zen, azkarra, seduktorea, garbia eta haren kontrastea zen Londres kez betea, makina miragarriz josia eta grisa.

Urteetara etorriko zen Benedict Cumberbatchen serie aparta, hor bai ageri da liburuetako Holmesen izaera erratikoa eta eszentrikoa, eta baita beste hamaika moldaketa ere: House doktorea eta antzerakoak. Pelikuletan, aldiz, Bill Condonen Mr Holmes da nire gustukoena. Nork ez du maite Ian McKellen? Kontrara, nahiago dut Guy Ritchie eta Robert Downew Juniorren filmeei buruz hitzik ez egin.

Sarrera hau egin dut uste dudalako Sherlock Holmes dela literaturak eman duen pertsonaia emankor eta ederrenetakoa. Inspirazio iturri izan dena hainbeste eta hainbeste sortzailerentzat eta oraindik ere iturri emankorra dena sorkuntzan. Horren adibide da oraindik ere badela aski interes Conan Doyleren obrak itzultzeko eta hala Igela argitaletxeak iaz argitaratu zuen Sherlock Holmesen memoriak (Aitor Blancok itzulia, Igela 2021, Vitoria-Gasteiz itzulpen saria 2021).

Liburuan kontatzen dira Sherlock Holmesen hainbat kasu, denak Watsonen ahotsean, eta detektibearen zale garenenontzat gozoki goxoa da. Bere kasu ikonikoetako batzuk ageri dira eta hemen apunte labur batzuk irakurritakoari buruz:

-Harrigarria da ze gutxi aipatzen den Hudson andrea.

-Gauza bera esan liteke Moriarti profesorearen kasuan.

-Mycroft Holmesekin oso onbera da narrazioa, ondoren egin diren beste bertsio batzuekin alderatuta.

Oro har itzulpena fina, txukuna eta landua da. Akaso, bainaren bat jartzekotan, eta hemen arrazoia eman behar diot Irati Jimenezi hitanoaren erabilerak egungo narratiban sor ditzakeen problemengatik, Gloria Scott ipuinean kirrinka egin dit hitanoa nola baliatzen duen itzultzaileak. Izan ere, kasuko protagonista den gizonak hika egiten dio semeari eta aldiz zuka bere gaztaroko kideari. Arraroa egiten zait hori, esperientziak baitiost kontrara izan beharko lukeela, baina batek daki, nire zera ere izan liteke.

Alabaina, ez dadila baina hau sagarrondo bihurtu. Gogoa pizteko, gozatzeko eta nire kasuan berriz ere umetzeko aitzakia ederra izan da irakurketa. Eskerrik asko.

Ohoinen ohorea

Konbentzio gerra. Iraultzaren itzala. Adur.

Gure herriaren lurra orbanez betea da. Irakurri Pablo Antoñanaren obra eta Lizarraldeko karlista guduetan isuritako odolak zargalduko dizu begitartea. Barojaren lanak hartu esku artean eta Bidasoa aldeko kontuek aurpegia ilunduko dizute. Eresiak entzunda Mondragoe bazter hauetako pasadizioak eta Mexikoko narkoenak alderatuko dituzu. Rafael Chirbesek euskaldunon pultsio kainita deituko dio. Nire lagun batek, ziur asko begi zoliagoz, kolonizatutako herrialdeetan gertatzen diren dinamikak ikusten ditu.

Kasu honetan Lurbinttoko Ohoinak (Adur Larrea, Elkar, 2022, EKE sormen bekaren irabazlea) lanak Lapurdiko penuriak kontatzen ditu. Adur Larrea jada eskarmentuduna den komikigilea da eta besteak beste Antzara eguna (Txalaparta, 2019) komiki ederraren marrazkilaria.

Komikia ekintzaz betea da, bizia, eta halere ondo dokumentatua historian eta hizkuntzan. Kontatzen ditu nolako ifrentzua eduki zuen Frantziar Iraultzak Euskal Herrian eta nola ordaindu zuen prezio altu bat batetik erakunde propioak galduz eta bestetik muga lurralde gisa inoren gerratan inplikatuz. Komikian ondo kontatzen da landetaratuen tragedia -Euskal Herrian nire ustez aski ezaguna ez den gertakizun lazgarria-, desertoreen patua -gudaroste batetik ihes egin beste batean amaitzeko- eta irabazleen errepresio gordina. Ohoinena -lapurrena- ez zen izan superbibentzia estrategia besterik, lapurreta eta pobrezia eskutik helduta doazenaren seinale -jakina, hemen ez ditut aipatzen boterearen arpilatzeak, horiek beti irteten baitira airos-.

Gustatu zait nola marraztu duen akzioa, Adurrek berea duen estiloari eutsita gainera, eta bereziki flipatu naute herri, baserri eta beste hainbaten marrazki eder askoek. Gidoia, aipatu dudan arren merezi du errepikatzea, landua da eta istorioa, aldiz, tragedia bati dagokiona bezain bibrantea. Berrehun urte besterik ez dira pasa,apur bat gehiago, gertakari horietatik. Gezurra dirudi zenbat gauza gertatu diren ordutik. Baina hain da aktuala kontakizuna, hain da garrantzitsua jabetzea eguzki indartsuenak ere proportzio berean sortzen duela kontrako duen itzala, ezinbestekoa dela berau irakurtzea. Nire aldetik egileari eskerrak ematea dagokit, besterik ez.

Idazlearen bakardadea

Chirbes. Memoriak. Biluztasuna.

Kontsolamendua ekarri dit Chirbesen memorien bigarren zatiak, badirelako liburu batzuk iristen zaizkizunak momentu egokian. Zuri hala iristeko idatziak diruditenak. Kasu zehatz honetan, memoria liburu honen lehen alea oso gordina egin bazitzaidan ere, hemen dago horri buruz jarduen nueneko blogeko sarrera, bigarren honek aho zapore hobea utzi dit.

Liburua, Diarios – A ratos perdidos 3 y 4 (Rafael Chirbes, 2022, Anagrama) da eta 2005 eta 2007 urte arteko idazlearen memoriak biltzen ditu. Koadernoka dago obra antolatuta eta, berton, ageri da gizonaren bakardade eta sufrimendu biluzia. Izan ere, aurreneko atalean baino bareago bada ere, idazle izatea hautatu duen -hori hautatzerik balego bezala- gizon baten nondik norakoak ageri dira bizkarrean duen motxilaren zamarekin batera.

Idazleak egin behar dituenak bizirauteko aberatsa izan ezean -bidaiak, aurkezpenak, mandatuak-, orri zuriak berarekin dakarren izua, tesigile bizargabeko baten proiekzioak -ikasleak uste du Chirbesek jada amaitua duela bere nobelagile ibilbidea gizona beste nobela bat prestatzen egon arren- egiten duen itzala, irakurle goseti eta zorrotz baten menua… Eta nobela proiektu batek dakarren, dakarkion, angustia guztia.

Hain justu nire nobelaren zuzenketa fasean harrapatu nau irakurketak eta eskertu dut beste bati irakurtzea nigan sentitzen ditudan beldurrak. Jakina, Chirbesen kasuan ironikoa da, bere arrakasta handienetako baten zirriborroaz oso gogor jarduten baitu orrietan zehar, Crematorio nobelaz hain justu. Akaso ironikoa ez da hitza, akaso fokua jarri beharra dago zenbat buelta eta ñabardura eman eta egin zizkion nobelari, zenbat xehetasun eta kontu txiki hartu zituen aintzat.

Jakina, nik ez dut Crematoriorik idatzi. Txapela kentzen dut dut Chirbes nobelagile eta egunerokogilearen aurrean. Zintzotasun intelektuala, zorroztasun literarioa eta eskuzabaltasun irakurlea. Nahiko nuke nik bakoitzetik hark zuenaren hamarrena. Nobela inprentan dudan une honetan, irakurleek zer esango duten zain, aholku hau osten diot. Testuingurua da lagun batek aholkua eskatu diola nobela bati buruz, izan ere, Herraldek (Anagramako buruak) ez du ikusten. Egileak oso gustuko du ordea. Hau da Chirbesen erantzuna:

Intento razonarle lo que me gusta y lo que no. Le hablo con dureza y él a ratos me da la razón, pero no se trata de eso. Se trata de que yo creo que tiene un libro que puede ser precioso y que no lo es. Su misión, o su vocación, no tiene que ser adecentar la novela, sino despojarla de ganga para sacar a la luz la joya que hay dentro. Y no parece que esté por la labor. Le digo: Al único que debe gustarle el libro es a ti. Cuando decides publicar una novela y cuando te mueres estás solo. Nadie puede ayudarte. Si a ti te gusta y a Herralde no, que no te la publique, y a ti te toca pelearte por que lo haga otro editor. Le digo también que desconfíe de la opinión de los novelistas, somos malos lectores. Siempre leemos a los demás desde la novela que llevamos en nuestra cabeza. En fin, que uno nunca sabe cuándo obra bien y cuándo mal.

Zer ondo ulertu dudan bakardadearen zera hori. Ezin da ukatu hori. Bestearekin, argitaletxearen aurrean zure proiektua defendatu behar izate horrekin, ez da nire kasua. Babesa sentitu dut. Eta, hau esan arren, harea zakuak pilatzen aritu naiz azken egunotan lubakia eraikitzeko. Afrikako gerraren ajea da, oker ez banago. Baietz espero dut, pilatuko nituela nahikoa. Babes neurri oro da desiragarri, Euskal Herrian sotana bakoitzaren azpian aizto bat baitago.

Bukatzeko, apunte bi: Chirbesek ez zituen batere gustuko katalanak (hori ondorioztatu dut behintzat) eta euskaldunoi buruz elkar akabatzeko dugun sena aipatzen du behin eta berriz. Zergatik ote.