Le Tour

Txirrindularitza. Pasioa. Izagirre.

Narratzaile aparta da Ander Izagirre idazle eta kazetaria. Direla bere prentsa zutabeak, bere erreportaje turistikoak edota bere liburuak -izan kirolari buruz izan gai sozialei buruz, Potosí bikaina kasu-, duen estiloa, tonua eta joskera apartak dira. Altzoan eroaten zaitu paragrafoz paragrafo eta lortzen du transmititzea idazleari soilik barren-barrenetik atera dakioken hori: pasioa, gezurretakoa izanez gero horren kartonplumazko ageri den emozio hori.

Blog honetan bertan iruzkindu nuen Giroari buruzko bere beste obra eder bat, hemen, eta oraingoan Tourraren txanda da, krologikoki azken hau lehenagokoa bada ere, 2012koa. Liburua Plomo en los bolsillos (Ander Izagirre, Libros del KO, nire alea 13. edizioa da, 2021ekoa) da eta badu zer eskaintzekorik baita ziklismoa gustuko ez duenarentzat ere. Izan ere, lehen orrialdeak irakurtzeaz bat, ezinezkoa da ez maitemintzea erdi arlote erdi alproja ziren aitzindari horiez eta ez eskandalitzatzea erdi alproja erdi arlote ziren ziren egunkari jabe horiez. Anekdotak badira mota guztietakoak: dibertigarriak, txundigarriak, gogorrak, autokritikoak… eta denak, txirrindularitzari buruzko bere hurrengo liburuan hutsune hori zuzendu bazuen ere, emakumerik gabeak.

Nik gozatu dut eta ikasi dut liburuarekin, kasik orriak azpimarratu beste. Bai literaturaren baliogatik bai kirolarekiko afinitateagatik. Izan ere, bizikletarekin maitasun-gorroto harremana duen idazle honek, ezin du ulertu txirrindularitzarik gabe bere bizitzaren parte bat: aurreneko BH bizikleta, txakalaldiak eta erorketak, ia pedalkadarik eman gabe maldan behera udako egun sargorian haizeak freskatzen zaitueneko orooitzapena, ezkontza batean Reynoldseko txirrindulari gazte batekin topo egin eta senideek xaxatuta autografoa eskatu nionekoa -elkarte gastrononomikoan dugu orduan ezezagun zen gazte nafar haren koadroa paretan eskegia-, uztailetako arratsaldeak telebista aurrean, Arrasaten Gianni Bugnok sinadura eman zidanekoa eta nik Chiapuccirena nahi nuen, nola ikusi genuen Marco Pantani kronoigoeran hegaka Leintz-Gatzagako malda gogorretan gora…

Badakit baduela liburuak euskarazko edizioa, 2015ean Julen Gabiriak euskaratutakoa, baina beste baterako utziko dut irakurketa hori. Nire ustez bada liburua berriz irakurtzeko modukoa, besteak beste egilearen pasarte autobiografikoa jasotzen duen epilogo umoretsu, zintzo eta apartaz gozatzeko bada ere.

Sasi arteko lore

Komikia. Elgeta. Fano&Izagirre.

Jazinto Rivas, Elgeta ezizenez ezagutua, bere hauspoan euskal hogeigarren mendea dantzan jartzeko beste haize gordetzen zuen artista handia. Joxean Agirrek duela bost urte argitaratu zuen Elgeta liburu ederra 111 Akademiaren eskutik, hemen duzue informazio apur bat, eta esan liteke Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak argitaraturiko Sasi artean Elgeta (Koldo Izagirre, Dani Fano, Garluk, 2021) komikia Agirreren nobelarekin primeran uztartzen den pieza dela.

Hau diot komikia bera bakarrik irakurrita kosta egiten delako Elgetaren bizitzako hariari jarraitzea honen biografia pixka bat ezugutu gabe. Hor daude, zertzelada eta txinparta biziz kontatuak Elgetaren bizitzako mugarri inportanteenak baina batez ere bukaera, gizonaren hondar urteak, lauso ez ote den geratzen dut duda. Hain justu urte horietan du indarra Joxean Agirreren lanak eta horregatik diot bi lanak onddoa eta arrautza direla.

Komikiaren gidoia Koldo Izagirrerena da eta zer esango dizuet bada jada ez dakizuenik? Aparta da darabilen hizkera, euskalkiaren domeinua, elkarrizketa bizi eta aje gabekoen segida gozagarria, koplek komikiari ematen dioten txinparta. Ez da Zerocalcare komikian egiten duen hizkuntza bitarteko despliegea, ziur asko horretarako beharrik ez duelako, baina oso-oso ondo funtzionatzen du eta meritua aitortu behar zaio. Eibar bera hiri fetitxea da Izagirrerentzat, 1985 urrun hartan Kalabaza Tripontzia filmerako Juanbau Berasategirekin batera erretratatu zuenean langile gorri euskaldunen gune gisa. Ordutik hainbat aldiz errepikatu du greba kanta eta antzekoak euskaraz Eibar moduko guneetan soilik izan direla posible eta purismo euskaldunaren antidoto gisa konjuratu du ez Gipuzkoa ez Bizkaia den zoko hori. Hain justu hortik ez beste edononondik atera behar zen Elgeta, sekula ez Izagirrerentzat infernu den Loiolatik, fox-trot doinuak kabaretean trikitiaz jotzeko gai zen erdi baserritar-erdi maketo sasiko mutila.

Nabarmendu nahiko nituzke ere Dani Fanoren marrazkiak,itzelak dira! Azalak berak, espartinak mahai gainera igota kea zerura eta ahoa munduari zabalik, horrenbeste adierazten du protagonistari buruz! Gustura irakurri nituen Marmolen ibilerak baina Elgetari buruzko lan honetan goia jo duelakoan nago. Gehitu horri Xabiroien egiten ari den lan oparoa (errekonozitzen ote zaio Ikastolen Elkarteari nahikoa arlo honetan egiten ari den ahalegina?) eta garai gozoa ari da bizitzen sormenari dagokionean dudarik gabe.

Bukatzeko, esanikoa, Elgetari buruz zerbait aurretik jakinda esperientzia gozagarriagoa da. Komentatu gabe ezin utzi ere komiki modernoa dela, feminismoak duen garrantziari dagokionean behinik behin, eta pertsonaia galeria paregatea duela: Txapasta pilotaria, Luzifer tabernaria eta hiru alproja karlista horiek, haien doilorkeria eta guzti. Gozatu!

Pedal kolpeka

Txirrindularitza. Italia. Izagirre.

Haurtzarotik dago presente txirrindularitza nire bizitzan. Batetik, edukitako bizikleta bakoitza gogoratzen dut, motoreta urdinetik hasita Connor borgoinaraino. Bestetik, nire biografiako alde eguzkitsuaren puntu garrantzitsuak dira patrikan urtutako goxoki batek zapuztu arren Arrasaten lortutako Gianni Bugnoren sinadura, ezkontza batean Reynolds taldeko etorkizun oparodun txirrindulari batekin topo egitea (Miguel Indurain), Leintz-Gatzagako kronoigoera batean Pantani hegan ikusi izana, egun sargorietako telebista eserialdiak tourra ikusten, orga jasotzaile bat kontratatu eta komertzial gisa Julian Gorospe ikustea, Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da liburu aparta…

Tiffosia izan gabe txirrindularitzaz maitemintzen laguntzen duen liburua da Ander Izagirreren Cómo ganar el giro bebiendo sangre de buey (Libros del KO, 2021). Izagirre kazetari ona izateaz gain idazle aparta da, horren froga dira aurretik irakurria nion Potosí edo prentsarako idazten dituen iritzi artikulu edo erreportajeak. Kasu honetan Giroaren historia idazten du bere begietatik eta eskertzen da hori. Filtro definitua du, Alfonsina Stormiren kapitulua da lekuko, eta horrek mesede egiten dio narrazioari. Bere bihotzetik idazten du, kriterioa erakusten du eta horrek beti du balioa. Horrela hasierako etapen epika komikoak liluratuko gaitu, Bartali-Coppi lehiak harrapatu, Torrianirekiko debozioak harritu, Pantaniren bizitzak hunkitu, dopinak larritu…

Udarako liburu guztiz gomendagarria da. Datutan ito ordez narrazio, anekdota eta pasarteetan harrapatzen zaituena. Eta ez nabil honekin esaten dokumentazio lanez apala denik, justu kontrakoa, idazlearen bertutea da oinarri sendoa edukita irakurtzeko horren ederra izatea. Bukatzeko, Italia zale naizen honentzat bikain jasotzen du herrialde horren izaera. Italia, herrialde gaztea, alkandora beltz, komunista eta apaiz artean lehiatua XX. mendean. Italia, lasterketa ausart, ero, eder eta bolkanikoak planteatzeko gai den herrialdea. Italia, tranpati eta pikaroa. Italia, mendiko bortuetan bultzakada beste zaletu dituena…

Ez galdu aukera, txirrindularitza zale izanik dudarik gabe. Eta zale ez izanda ere nork daki, akaso leihoa irekiko dizu mundu berri batera.

Armadilo galderak

Helduaroa. Zerocalcare. Rebibbia.

Ez dakit jabe garen Farmazia Beltza egiten ari den lan eskergaz. Dabid Zapirain eta Koldo Almandozek gidatzen duten botikak honezkero baditu sendagai solbente batzuk, amamaren belar tradizionalak eta laborategi germaniar modernoetako kimika dosiak, irakurle askorentzat gozagarri. Plazer handia da irakurle garenontzat hori eta jada Michele Rech edo Zerocalcareren euskarazko laugarren komikia esku artean eduki ahal izatea luxu komunala da, Beñat Irasuegik esango zukeen gisara. Aipu merezia eta berezia irabazia du ere Koldo Izagirrek itzulpenarekin eginiko ahaleginak, beste batzuk teorizatzen dutena praktikan jartzen ahalegintzen baita. Arrakasta lortuz nire ustez, modu eraginkorrean.

Zerocalcare-Armadiloaren igarkizuna (Farmazia Beltza, 2021) komikian, izenburuak berak dioen moduan, igarkizuna dago barren-barrenean. Armadilloaren igarkizuna: horrela esaten zaio logikaz eta objektibotasunez mozorrotutako argudio subjektiboak edo irrazionalak erabiliz menderik mende mina, ezina eta etsipena elikatzen dizkigun aurreikuspen baikor orori. Amen. Kasu honetan argumentuan Hertzainak musika taldeak ez pentsa gehi, esaiok horrekin laburbildu zuena dago agerian, baina askoz gehiago barren-barrenean.

Izan ere, agerikoa bada ere Camilleri gustuko duela esateko Zerok duen ezintasuna, komikiak beste hamaika gai lantzen ditu. Gure heziketa sentimentalaz jarduten du gure maskulinoaz batez ere, lan prekarietateaz, gaztetako lagun taldeen desegiteaz, blokeo emozionalak ekar dezakeen utzikeria pertsonalaz, gazte hiltzen den lagun batek egiten digun itaunaz eta abar. Gainera, biziki maite dut hori Zerocalcareren kasuan, pasada bat da Erromako aldirietako gazte batek eta naizen Musakolako gazte honek adinkide izanik zenbat gauza partekatu dugun: bideojokoak, filme nahiz musika erreferentziak, maskulinitatearen eraikuntza…

Zerocalcarek umorez jarduten du. Umorez bere buruari buruz eta umorez inguruneari buruz, nabarmentzeko modukoa da arlo honetan indie azokaren deskribapena. Halaber, algara artean, karga sakoneko galderak jaurtitzen ditu. Niri hau geratu zait iltzatuta: badakigu nola agurtu poliziak hil duen laguna baina ez anorexiak hildakoa. Zer pentsa emango dit hurrengo egunetarako armadiloari izkin egitea lortzen badut, minduko garenaren beldur bizitzaren fruitu gozoak ukatzen dizkigun piztia zeken horri.