Fatty

Hollywood. Nadar & Julien Frey. Komikia.

Gure zinemaren historia petrala bada, hala dio liburu batek, Hollywoodena ez da distiratsua. Baina, estatubatuarrek badakite, eta guk ez, petralkeriaren distira saltzen. Are gehiago, haien artelan ugari petralkeria ardatz dutenak dira, esate baterako, Mc Carthy zekenaren zerrenda beltzekin lotutako Good Night, and good luck film ederra datorkit gogora.

Nik ez nekiena zen Gerra Handirarte behintzat Frantzia zenik zinemaren jaun eta jabe. Egia da han asmatu zela kontua baina hain da produktu estatubatuarra zinema nire iruditerian ez nuela suposatu ere egin. Baina etorri zen gerra eta fandangoaren buelta berarekin. Eta urrezko aro berri hartan bazen artista bat Chaplin baino famatuago eta Buster Keaton baino maiteago: Roscoe Arbucle, ‘Fatty’ gaitzizenaz ere ezagutua, aktore, zuzendari eta sortzailea, artista erabatekoa. Urteko milioi bat dolar irabazten lehen aktorea, moralkerian gora zihoan estatu batean -alkoholaren debekua mamitu zen garaia zen- bere umore itsusia bezain publikoak maitatua zen -gaur egungo kanonen arabera zalantzagarria ere bada haren txiste katalogoa, bide batez-. Eskandalu handi batek harrapatu zuen tartean, William Randolph Hearstek bota zuen egurra sutara -Kane Hiritarra artean ez zen sortua- eta polizia ustelaren laguntzaz txikitu egin zuten. Keaton bakarrik geratu zitzaion alboan eta biek egin behar izan zioten aurre erauntsiari.

Julien Frey gidoigileak eta Pep Domingok (Nadar) frantsesez argitaratu zuten aurrena eta gero gaztelaniara itzuli Fatty -el primer rey de Hollywood (Astiberri, 2022) komikia. Bertan, lortzen dute irakurleak bat egitea Roscoeren bizipenekin eta marrazkiek, ze ona den koloreen erabilera nire ustez, zeresan handia dute horretan. Gustatu zait Nadar marrazkilaria, bai horixe.

Ba hori, istorio on bat, ez duena akaso distirarik eragiten baina bai lotzen zaituena irakurtzera.

Gauza dibertigarriak

Luxua. Foster Wallace. Iupi.

Ez da ohikoa ingelesez argitaraturiko liburu bat urte berean euskaraz edukitzea. Eta hala pasa zen, 2015ean, Pasazaite argitaletxeak David Foster Wallaceren Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (2015, Danele Sarriugarte Mochalesek euskaratu eta Iñigo Roque Eguzkitzak zuzendua) kaleratzean. Esan beharra dago, zortzi urte beranduago, ez dagoela egilearen beste lanik gure hizkuntzan.

Liburu honen jatorrian Harper’s aldizkariak egileari eginiko mandatu bat, Karibe itsasoko itsas bidaldi luxuzko baten narrazioa. Eta hala egiten du egileak serio demonio, behin eta berriz azpimarratuz zein martziano den bera testuinguru horretan, zein saturnotar diren era berean ekosistema horren kide guztiak eta nola kontsumoaren eta gehiegikeriaren tenplu horrek egin nahi duen zatika erortzen ari den bizimodu baten adabaki lana.

Benetan brillantea da idazle estatubatuarra bere ingurunea bisturiz zatitzen -ze kabroia den bere begirada eta nola biluzten duen oro- eta zeharo barregarriak diren erreferentzia eta keinuak ditu. Niri gehien gustatu zaizkidanak itsasontziko langileekin duen hartu-emana -terrore greziarraren erreferentzia der hori- da eta nola deskribatzen dituen banan-banan.

Ezin utzi aipa gabe, eta bukatzeko, itzulpen honek Danele Sarriugarteri ekarriko zizkion lanak. Esan beharrik ez da airosa ez ezik bikain ateratzen dela trantzetik.

Maiz protesta egiten dugu Getxo edota Pasaiko badiara halako luxuzko ontziak etortzen direnean. Masifikazioa, kutsadura eta xahutzea ukaezinak dira. Baina, horra gure bizitzako paradoxen artean bat, zabortegiek ere badute edertasunerako atea.

Paris

Scaraffia / Catel&Bocquet / Meza

Guretzat Estatu zapaltzaile dena izan liteke askatasunerako ate beste norbaitentzat, demagun, Josephine Bakerrentzat. Izan ere Paris, zeinak errege nafar baten meza entzunaldi baten balioa duen, Paris da.

Aurreneko aldiz blog honetan liburu ibilbide bat egingo dut. Hala, hilabetez mesanotxean bidaide eduki dudan Giuseppe Scaraffiaren La otra mitad de París (Periférica, 2023, Francisco Campillo Garciak itzulia) obrak eraman nau Josephine Baker komikira (Salamandra graphic, 2022, Catelen ilustrazio eta Bocqueten gidoia, Regina Lopez Muñozek itzulia).

Aurreneko liburua denbora jakin bateko -XX. mendeko gerra arteko Paris- idazleen pasarteak Pariseko mapan kokatzen dituen atlas monumentala da. Rilke, Genet, Gidé, Nin, Picabia, Proust, Simenon, de Beauvoir, Pound, Hemingway, Celine, Joyce… eta beste hamaika idazle toki eta aro berean batu zituen Paris miragarri hura bere errusiar zuri porrot eginiko, idazle neurotiko, putetxe ilun, moda diseinatzaile eskuzabal, dantzari felino, dandy lekuz kanpoko eta jite askotariko pertsonaia ahaztezinen habia. Benetan atsegina da irakurketa nahiz eta maiz, ziur asko baten ezjakintasunagatik, datu berri asko diren trumilka irentsitakoak eta hauek denak buruko armairu batean kokatzen nahikoa lan eduki.

Ba liburu horretan maiz aipatzen den pertsonaia bati buruzko komikia jarri zidan zoriak -asko esatea da zoria esan beharko nukeen tokian Arrasateko Bibliotekako langileen esku fina izan dela erantzulea, hile honetako interesgunean komiki biografikoak jarrita dituztelako- muturren parean. Hala, Josephine Bakerri buruzko komiki monumentala benetan gomendagarria da XX. mendeari buruz zerbait gehiago jakin nahi duen ororentzat. Familia beltz pobre batean jaiotako neskatilaren patu gogorra, arrazakeriaren gorria XX. mende hasierako Amerikako Estatu Batuetako hego ekialdean, nola dantzarako talentu izugarri batek eta pertsonalitate indartsu batek neska bat goratu zuen espektakuluaren olinpoa. Eta, bere jaioterrian kafetegi batean sartu ezin zen Josephine Parisen erregina bihurtu zen, mundu osoko pertsonalitate eta handiki askoren lagun, baina uko egin gabe bere izateko modu parekorik gabeari. Anekdota ugari daude zorroztasun historiko handiz kontatuak, horren froga dira azkeneko orrietako pertsonaia esanguratsuen biografiak, eta nik asko gozatu dut irakurraldiarekin.

Bada hori, Paris, euskaldunok herri gisa zanpatu nahi gaituen herri baten metropolia ez ezik badena zerbait hamaika idazle eta kulturgilerentzat. Biziki aholkatzen dizuet lan hauetara hurbiltzea.

Ahotsa

Sinatra. Amerikako Estatu Batuak. Musika

<<Mikrofonoa da nire lan tresna>>, hala esan omen zion Frank Sinatrak Pete Hamill kazetariari. Aipu hau eta halako gehiago jasotzen dituen liburua La voz – Por qué importa Sinatra (Pete Hamill, Jorge F. Hernandezek itzulia, Libros del Kultrum 2022, originala 1998koa).

Argitaletxea ez da txantxetan hartzeko modukoa. Liburu hau eta beste abeslari handi bati buruzkoa, Nina Simoneren bizitza jasotzen duena, artelan bi dira. Ordutik nire errespetua eta begirunea irabazi dute edizio zaindu eta txukun horiek.

Eta artista berriz itzela. Halaber, Sinatrari ezer kendu gabe, Hamillen meritua ere nabarmentzekoa da. Uste dut estatubatuarrak artista hutsak direla kazetaritzak eta narrazioak bat egiten duten munduan. Norman Mailer edota Pete Hamill bera benetan trebeak dira, eredugarriak, are gehiago genero hori gutxi landu dugun euskaldunontzat -lerrook idazten ari naizela Pako Aristiren Irunberriko Arroileko gertakariei buruzkoa ari naiz irakurtzen eta jo liteke arauaren salbuespentzat-.

Sinatra gizonari testuingurua eskaintzea da akaso liburuaren bertute nagusia. Haur bakartiaren sufrimendua, arrazakeria italiar jatorriko amerikarren aurka, McCarthyren paranoia. Eta bigarrena musika, musikak duen garrantzia, konposizioari eta ikasketen arloari eskaintzen zaion arreta. Dena idazlearen eta abeslariaren arteko elkarrizketek osatua, ematen diotenak errealitate printza bikainak.

Bukatzeko ez pentsa Sinatraren biografiaren arantzei muzin egiten dienik. Gurasoen itzala, emazte eta seme-alabekiko jarrera, bere izaera trumiltsua, mafiarekin izan zuen (balizko) hartu-emana, Ava Gardnerrekin edukitako harreman arantzatsua… Dena jabetzeko zer garrantzitsua izan zen abeslari hura Amerikarentzat eta baita ere bere abizena eutsita arrakasta edukitzea posible zela erakutsi zien etorkin edo etorkin seme-alaba italiar, irlandar, poloniar edota errusiarrentzat.

Azken tragoa zure omenez, Frank.

Laranja eta limoiak

Zitrikoak. Italia. Attlee.

Gogoan dut nola haurrak ginela Arrasaten abenduaren 6an, San Nikolas egunez, ohikoa zen etxerik etxe abestu ondorengo bolo-boloan sugus, almendra eta bestelako goxoki artean laranjak ematea. Bistan da 3 edo 4. solairutik jaurtitako fruta piezok ez zutela amaiera onik izaten eta asfaltoaren aurka lehertuta oroitzen ditut, zukua barreiatzen perimetro triste batean zehar. Urteetara entzungo nuen lehen, gerraostean, haur askoren Erregetako opari bakarra zela laranja, fruitu preziatu eta garestia.

Kontatu dudan pasadizoaren garaikide ziren gosarietan ohikoak ziren laranja zukuak. Eta goxoak izan arren ez zuten gutizia kategoria, are gutxiago altxorrarena, eta C bitamina emateagatik erosi ohi ziren batik bat. Sugusa eta laranjaren artean lehena aukeratuko genuke hamarretik bederatzik.

Ordutik ikasi dugu vermouthari on egiten diola laranja azalak eta ginkasari limoiak. Ikusi ditugu nola pasa diren modaz jantoki handidun jatetxe merkeen izozgailu barreneko limoi eta laranja bete izozkiak. Limak, klementinak eta beste hainbat fruitu batu zaizkio familiari. Baina niretzat oraindik ezezaguna da zitrikoen mundua, ziur asko Euskal Herrian ez dugulako halakoak landatzeko tradiziorik. Gure klima edo kulturak ez du bide hori jorratzen lagundu.

Bada ezjakintasun horri tirita txiki bat jartzen dio Helena Attleeren El país donde florece el limoneroLa historia de Italia y sus cítricos (Maria Belmontek itzulia, Acantilado, 2017) obrak. Italia ardatz hartuta nahasten ditu bizipen pertsonalak eta testigantzak, sukaldaritza errezetak, historia zertzeladak eta aholku praktikoak. Italiarekiko maitasuna dario alde guztiotatik -askok partekatzen duguna, bide batez- eta entretenigarri egiten du zitrikoen ehizarako proposatzen digun ibilbide geografikoa.

Lehen esan dut ez dugula klimarik zitrikotarako baina gure auzoan, Aretxabaletako Areantzan, bazegoen limoiondo txiki mehar bat hutsik den Txikinekue baserriaren horma kontra. Beroak ito zuen iazko uda lehorrean eta aurtengo neguan faltan eduki ditugu orri berde ilunen arteko urrezko aleak dilindan. Fruitu orori esaten omen zitzaion sagar antzina, hori da Attleeri ikasi diodana, eta fruta arbolarik gabe lorategia ezin liteke izan Hesperideena.

Limoiondo batek ematen duen pozaren bestekoa da liburu honek ematen duen plazera.

Aristotele

Grezia, filosofia, Hall

Ez nuen ezagutzen Aristotelen obra. Eskolan Platon eman genuen eta nire irakurketatan ez dira egile klasikoak gailentzen. Halaber, esan beharra dut, sorpresa atsegina izan dela eta Platon baino zati bat atseginagoa egin zaidala bere irakurketa. Edith Hall Erresuma Batuko historiagile eta dibulgatzaileak idatzitako obra da El camí d’Aristòtil (Anagrama, 2022, Anna Llisterrik itzulia) eta lortzen du filosofo greziarraren testuingurua eta pentsamendua azaltzeaz gain erreferntzia hurbilekin egungo testuingurura ekartzea. Hala, liburua kapitulu kontzeptualetan banatuta, haren obran sigi-saga dabil.

Kapituluak dira esaterako zoriontasuna, ahala, erabakiak, komunikazioa, norbere buruaren ezaguza… eta autolaguntzaren tonuan erori gabe uste dut elementu praktikoak dituela. Kosta zait irakurtzea katalanez, eguneko ordu txarrenak eskaini dizkiot irakurketari, baina oro har gomendagarria dela esango nuke. Euskaraz edukitzeko modukoa bai, behintzat.

Hastapena

Edgar Allan Poe. Dupin. Noir.

Paris, XIX. mende erdialdea. Chevalier Auguste Dupin pertsonaia (eta pertsona) berezia da: lehen detektibea izatearen meritua egozten diote. Liburuaren kontrazalari kasu eginez gero Sherlock Holmes edo Hercule Poiroten inspirazio iturri izan zen obra eta ez da harritzekoa, zientziaren ahaide nagusi eta dedukzio abstraktuaren maisu baita Allan Poeren pertsonaia: polizia ez da gai krimenak ebazteko, hiria handia eta basatia da eta abenturarik handienak etxetik atera gabe bizi daitezke. Beste era batean azaltzeko, etxetik atera gabe pistak -El misterio de Marie Roget kasuan egunkari zaharrak- arakatze soilarekin egia jakin liteke. Arrazionaltasuna, psikologia eta ezagutza ia entziklopedikoa dira detektibearen tresnarik onenak. Akabo Kixote eta Kixotekeriak, akabo kriminala ulertu gabe epaitu nahi duten justiziagileak: etorkizuna bestelakoa zen.

Hori guztia deduzitu eta interpretatu zuen Edgar Allan Poek eta merituzkoa da ikusita zer zoli jardun zuen. Niri gehien gustatu zaidan kasua aurrenekoa da, El Asesinato de la Rue Morgue, -1841urtekoa- baina hirurak dira bikainak.Liburua da Los Misterios de Auguste Dupin, el primer detective (Periférica 2020, Ángeles de los Santosek itzulia) eta Edgar Allan Poere trebezia finaren erakusgarri da, misterio eta detektibe nobelak maite ditugunontzat gozagarri.

Maigret droga gisa

Maigret. Simenon. Historia baten eraikuntza.

Jon Alonsok nobela beltzaren eboluzio ideologikoaz jarduten duenean plazera da hari entzutea. Hasiera batean gizarteari eta bere botere estamentuei (aberatsak, poliziak, epaileak) eginiko kritika gisa jaio zena nola joan zen urteekin eboluzionatzen poliziak “on bihurtu” arte. Eboluzio horretan koka liteke ziur asko Maigret inspektorea, Parisko inspektore ezaguna, zeinak bere baliabide guztiak erabiltzen dituen kriminalak zigortzeko. Badu gainera Simenonek bere moral kutsua ere, hain justu, istorioko bi detektibe printzipalen artean pizten den lehiakortasuna ebazteko orduan justifikatzen duelako sistema beti izango dela garaile: ez kriminalek ez ikertzaile outsiderrek ez dute zer eginiki Frantziako polizia ahalguztidunaren aurrean.

Baina, ideologia kontuak gora behera, istorio gisa bikaina da Maigret i la jove morta (George Simenon, Emili Manzanoren itzulpena, Navona 2022, originala 1954koa). Izan ere, abiatzen da misterio absolutu batetik (hilik agertu den emakumea, zeinari buruz ez dagoen batere pistarik) eta Maigretek, laguntzaile dituen polizien laguntzaile eta emaztearekin elkarlanean, hildakoaren soslaia eraikitziaz gain bere azken urratsak zirriborratu ditu. Oso ondo dosifikatzen du informazioa idazleak, erritmoa in crescendo moduko batean bizituz. Gainera badu kriminologia modernoaren erreibindikazio bat ere, aipatzen baitu behin baino gehiagotan garrantzitsua dela biktima eta kriminalen psikologia ulertzea.

Nik gustura asko irakurri dut eta irrikaz hartu dut liburua gauero. Egia da sarean kritikatu duten liburua dela itzulpenak dituen akatsengatik -nik bateren bat harrapatu diot baina nire katalan maila ez da horren jasoa- baina, halaber, euskaraz eskertuko nuke egile honen itzulpen gehiago balego.

Umorearen dibanean

Komikia. Gauld. Literatura.

Umore fina du Tom Gauld komikigile eskoziarrak. Oraingoan, bere En la cocina con Kafka bikaina eta gero, La venganza de los bibliotecarios (Penguin Random Houseko Salamandra Graphic, 2022, Carlos Mayorrek itzulia) obra dakart hizpide. Pandemia garaiko tira komikoen bilduma honetan, besteak beste The Guardian egunkariko edota New Yorker aldizkariko kazetari-marrazkilaria da Gauld, literaturaren bueltako aktoreak batu dira: idazleak, editoreak, irakurleak… Erreferentzia freskoz josia, sormen prozesua eta irakurtzearen plazera bikain jasotzen ditu, bueltan-bueltan dagoen postureo barregarriaz trufatzearekin batera.

Txiste bat dakarkizuet ausaz hartua. Imajinatu, zinema estudio erraldoi baten erdian, kromarako tela berde baten parean, bakarda osoan aktorea dago. Urrunetik, zuzendariak, megafonoz ondorengoa diotso: “El estudio no acaba de decidir si quiere una adaptación de Austen o de Tolkien, así que de momento tú pon cara de sorpresa y luego, ya si eso, añadimos o un pretendiente o un árbol encantado”.

Atsegina, tarteka zorrotza, barrea eragiten duena, literatura maite dugunontzako une ederrak opari ditzakeen komiki tira sorta. Marrazkiak eta koloreak ere asko-asko gustatu zaikit, bereziki nola tartekatzen dituen definizio gabeko pertsonen silueta beltzak eta aurpegia nahiz bestelako elementuak definituta dituztenak. Efektu polita sortzen du. Zeharo gomendagarria.

Atzera begira

Memoriak. Alemania. Enzensberger.

Un puñado de anécdotas (Anagrama, 2021, Maria Garcia Pinosek itzulia) da Hans Magnus Enzensbergerren memoria liburuaren izenburua. Apur bat tranpatia dena, nire ustez eta dena esaten hasita, pentsa dezakelako irakurleren batek elkarren arteko haririk ez duten bizitza txatalak direla. Ezta gutxiago ere: edozein pertsonak bere bizitzaren hondarrean atzera begiratuta egiten duen memoria bereizketa kontuan harturik ere, nabari da kronologiaz gain badela beste hari bat, egilearen haurtzaro eta gaztaroa ez ezik bizi osoa markatu duena: Weimarko Errepublikaren amaiera, nazismoa eta Bigarren Mundu Gerra.

Hasteko, oso bitxia da Enzensbergerrek egiten duen ume mimatuen aldeko bindikazio ariketa. Halakotzat zuen idazleak bere burua, funtzionario ez apal baten -aski apal nazismoarekin guztiz ez inplikatu behar izateko eta aski garrantzitsu gerran ez mobilizatzeko, karguagatik eta zuen posta eta telefonia arduragatik- seme zaharrena izaki nahi beste jostailu eduki omen baitzuen eta baita bestelako kapritxo ugari ere. Irakurri eta epaitu zuek dionaren pertinentzia eta balio estetikoa, epaitu beharrik bada, ez baitut uste halakorik egitea niri dagokidanik eta.

Hortik aurrera tragedia baten itzala ageri zaigu, Nürenbergen bizi baitzen eta hura ez zen edozein hiri nazientzat, gerraren eztandaz lehertzen dena, eta horrekin batera koskortzen doan mutiko baten bizipenak.

Nik gustura irakurri dut, tarteka pasarte batzuk flojoagoak iruditu arren, eta badut sentsazioa espero ez nuen idazle bat agertu zaidala, ez behintzat haren Espainiako anarkismoari buruzko liburu ezaguna irakurre ostean irudikatutakoa.Bukatzeko, pasarte bat, luze xamarra bada ere, nire ustez zuekin partekatzea merezi duena (itzulpena nirea da):

Gerra amaitu zenetik, zinema komertziala eskaintzen zuten azken aretoek atea itxi zuten. Errendizioa eta gero, publikoak ez zuen lastategiak edo gimnasioak besterik eta egurra eraman behar zuten, pizgailuren batekin batera, hotzak hilko ez baziren.

Alemania okupatuan pelikula guztiz diferente bat ari ziren proiektatzen, ez zena inoiz ikusi UFA-Palast areto batean. Ezta ejertzitoko emakumezko talde auxiliarrek ere, zeintzuek informazioa pasa zuten sototik aliatuen hegazkin bonbaketari flotei buruz, ez zuten ezagutzen.

Egun batean, W.ko nerabe talde bat eraman zuten, soinean zeramatzaten gaizki tindaturiko txaketak, garagardo zaharmindu kiratsa zerion taberna areto batera. Euretariko inor ez zen joan propio hala erabakita, baina sarrera librea zen eta ez zitzaion inori egurrik exigitzen.

M. eseri zenean beste ikusleekin batera eta lehenengo irudiak agertu pantailan, bat-batean gela guztiz mututu zen. Filmeko zuri-beltzezko irudi granulatuetan, euria ari zuela igartzen zen, ageri ziren hondakindegi batera botatako zaborra bailiran pilatzen ziren gorpuak. Hildakoak lurrean zeuden biluzik, hezur eta azal ziren. Ondoren birizik atera zirenak erakusten zituen pelikulak zaintza dorreen, alanbre hesien, arma patio hutsen eta abandonaturiko barrakoien parean. Arraiadun piltzarrez jantziak zeuden, eta, norbaiten laguntzari esker, kamararantz hurbiltzen ziren bilin-bolonka. Kosta egiten zuen sinestea orainidik bizirik egon zitezkeenik, hain baitzeuden zargalduak, eta haien aurpegiak… Egun, jakina, jende guztiak ikusi ditu halako imajinak. Batzuetan emititzen ziren errutinazko zerbaiten gisara, gaueko sesioan. Badirudi inork ez duela oroitzen halako zer edo zer ikusi zuen lehen aldia.

M.k gezurra esango luke esango balu biktimekiko pena sentitu zuenik, okerragoa izan zen. Ikusteak goragalea sentiarazi zion. Sentsazio hori bere gorputz osoaren jabe egin zen, inboluntarioki eta batere hausnartu gabe. Egunetan ezin izan zuen ezer ere ez jan ahal izan sentitzen zuen nazkagatik eta sentsazio hori ezin izan zuen guztiz alboratu.

Sentsazio aurre-moral mota hori indartsuaga da hiltzaile gizarte batean jaio izanagatiko senti litekeen kulpa sentimendu lausoa baino. Nazka sentimendu antisoziala da, ezein definizio nazional edo ulergarritik at dagoena; bere baitan hartzen du estutzen dena sinpleki espezi beraren parte izateagatik.

Konmozio horren eraginak luzaro iraun zuen Une horretan, M. jada ezin zen joan medikuarenera aurrez haren iraganaz informatu gabe. Mesfidantza kronikoz hartzen zituen adin jakin bateko epaileak, poliziak eta irakasleak. Bere susmoak askotan justifikatuak ziren, espero zitekeen bezala, baina gero eta gehiago ikertu, gero eta liburu irakurri eta barurago sakondu dokumentaletan, iragana obsesio ari zitzaion bihurtzen. Denbora igarota jabetu zen, bere aldetik ezer egin gabe, bakarrik kointzidentzia zortedunetan oinarrituta, beti egon zela alde onean. Krimenaren unean ezin izan zuten inbolukratu zuen adinagatik.