Umorearen dibanean

Komikia. Gauld. Literatura.

Umore fina du Tom Gauld komikigile eskoziarrak. Oraingoan, bere En la cocina con Kafka bikaina eta gero, La venganza de los bibliotecarios (Penguin Random Houseko Salamandra Graphic, 2022, Carlos Mayorrek itzulia) obra dakart hizpide. Pandemia garaiko tira komikoen bilduma honetan, besteak beste The Guardian egunkariko edota New Yorker aldizkariko kazetari-marrazkilaria da Gauld, literaturaren bueltako aktoreak batu dira: idazleak, editoreak, irakurleak… Erreferentzia freskoz josia, sormen prozesua eta irakurtzearen plazera bikain jasotzen ditu, bueltan-bueltan dagoen postureo barregarriaz trufatzearekin batera.

Txiste bat dakarkizuet ausaz hartua. Imajinatu, zinema estudio erraldoi baten erdian, kromarako tela berde baten parean, bakarda osoan aktorea dago. Urrunetik, zuzendariak, megafonoz ondorengoa diotso: “El estudio no acaba de decidir si quiere una adaptación de Austen o de Tolkien, así que de momento tú pon cara de sorpresa y luego, ya si eso, añadimos o un pretendiente o un árbol encantado”.

Atsegina, tarteka zorrotza, barrea eragiten duena, literatura maite dugunontzako une ederrak opari ditzakeen komiki tira sorta. Marrazkiak eta koloreak ere asko-asko gustatu zaikit, bereziki nola tartekatzen dituen definizio gabeko pertsonen silueta beltzak eta aurpegia nahiz bestelako elementuak definituta dituztenak. Efektu polita sortzen du. Zeharo gomendagarria.

Bada Mikel Laboa

Artelana. Larratxe&Cano&Iturriaga. Laboa.

Aezkoan artelan berbak baditu adiera bi: auzolana eta artearen plasmazioa den zera hori. Kasu honetan, Joseba Larratxe, Harkaitz Cano eta Unai Iturriagak ondu duten komikiak adiera biak hartzen ditu bere baitan. Izan ere, ederra da, oso, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar, 2022) komikia.

Egileek arriskua hartu dute, baina, bestalde, arrisku hori hartu gabe akaso ez luke zentzurik izango obrak. Izan ere ez zen edozein abeslari Antiguokoa eta norbaiti kronologiaren zama astuna egiten bazaio hori hari da. Arriskua aipatu dudan arren, ziur asko Izagirre eta Fanok Elgetarekin hartutakoa baino puska bat txikiagoa da. Izan ere, Laboa, bere konplexutasun osoan,askoz ezagunagoa da trikitixa berritu zuen umezurtza baino eta berari buruz idatzi nahi duen orok bide ertzeko lorediak araka ditzake irakurleak bidea dakiela jakiteak dakarren lasaitasunaz.

Hori baita hiru birtuoso hauek -digresioa onartzen badidazue ze konplikatua den batzuetan talentu handidun jendea batu eta taxuzko zerbait egitea, galdetu diruz kirol taldeak eraiki nahi dituzten presidente aberats megalomanoei- lortu dutena: Laboaren izakera, inguruabarrak, giroa… orri artean preso harrapatzea. Bereziki miragarria da kolorearen erabilerarekin lortzen dutena -soilik une puntualetan ageri da, irakurle- eta uste dut luzaroan geratuko zaizkidala Yupanquiren ametsa eta Donostiako Erviti denda uztartzen dituen pasartea, Lekeition gerratik ihesi bizi izandakoen kontakizuna, azkeneko orrietan kontatzen den grabazioaren edertasun tristea, zer ondo islatzen den abeslariak publikoan abesteari zion izua…

Zortedun sentitzen naiz komikiekin, aspaldian gauza oso onak ari bainaiz irakurtzen euskaraz: Adur Larrea, Zerocalcare, marabilla bat egiteko gai den hirutasun deabruzko hau… Segi dezala festak!

Lekukoa

Zerocalcare. Shengal. Komikia.

Labetik atera berri-berria dator -txalogarria da Farmazia Beltzaren lana, nola euskaratu duten 2022an bertan argitaratutako komiki originala trebeziaz eta bizkortasunez- Michele Rechen, Zerocalcare gisa ezagunagoa, No sleep till Shengal (Farmazia Beltza 2022, Koldo Izagirrek itzulia) komiki lana.

Bigarren kronika-komikia du egileak Ekialde Hurbila deritzon nahasmahas horretan, 2020ko Kobane Calling gogoangarria eta gero, eta oraingoan ere ISISaren kontra demokrazia, askatasuna, bizia eta bakea armak hartuta borrokatzen duten horiek ditu hizpide. Ezidiarrak bizi dira batez ere Shengalen, Irak iparraldean, arabiar, turkmeniar, siriar eta kristauekin batera, eta PKKko buru den Abdullah Ocalanek teorizatutako konfederakuntza demokratikoaren sistema ezarri dute. Edo ezarri nahian ari dira, bederen. Irakek ez du nahi horrelako eredu autonomorik haren herrialde barruan, ezta Turkiako presidente den Erdoganek edota Irak barruko Kurdistango presidente Barzanik ere. Elkar hartuta hauspotzen dute ISIS eta bonbardatu autonomia ahalegin oro.

Saltsa-maltsa horretara joango da Zero brigadista gisa, testigantzak jaso eta testigantza eman asmoz, bere kontzientziako Karteski filosofiak planteatzen dizkion dilema moral eta anbibalentzia ebidentziei aurre eginaz. Onak dira dialogo horiek eta hala, orrialde batean, Zerok akusatzen du Karteski garuna kakaztu nahi izateaz eta honek erantzuten dio pentsarazi besterik ez nahi diola egin, eta hein batean denok dugunez Karteski bat barruan (edo ia denok, akaso orokorkeria hau sobera dago), ondo azaltzen du munduan kausa justu batzuk babesteko batzuetan ageri dugun uzkurtasunaren jatorria.

Komiki moduan akaso ez nau ase, nahiz eta baduen pertsonaia bat mundiala, Irakeko zerbitzu sekretuetako ofiziala, eta checkpoint ugarien eta Aita Santuaren erreferentziak genialak dira, baina ukaezina da Zerocalcareren konpromiso artistiko eta politikoa Shengaleko sarraskiak salatu eta bere altaboza baliatuta borroka bat munduari ezagutzera ematekoa. Aspektu horretan Joe Saccoren lanik onenen jaraunsle da nire begietara Rech marrazkilari italiarra.

Bukatzeko, ezin aipa gabe utzi Koldo Izagirreren hizkuntza lana. Gustuko dut oso eta izaera oso berezia ematea lortu du Zerocalcareren obrari. Niretzat Izagirreren itzulpenak eta Zeroren marrazkiak bat dira eta ezin litezke banandu. Gozamen hutsa.

Ohoinen ohorea

Konbentzio gerra. Iraultzaren itzala. Adur.

Gure herriaren lurra orbanez betea da. Irakurri Pablo Antoñanaren obra eta Lizarraldeko karlista guduetan isuritako odolak zargalduko dizu begitartea. Barojaren lanak hartu esku artean eta Bidasoa aldeko kontuek aurpegia ilunduko dizute. Eresiak entzunda Mondragoe bazter hauetako pasadizioak eta Mexikoko narkoenak alderatuko dituzu. Rafael Chirbesek euskaldunon pultsio kainita deituko dio. Nire lagun batek, ziur asko begi zoliagoz, kolonizatutako herrialdeetan gertatzen diren dinamikak ikusten ditu.

Kasu honetan Lurbinttoko Ohoinak (Adur Larrea, Elkar, 2022, EKE sormen bekaren irabazlea) lanak Lapurdiko penuriak kontatzen ditu. Adur Larrea jada eskarmentuduna den komikigilea da eta besteak beste Antzara eguna (Txalaparta, 2019) komiki ederraren marrazkilaria.

Komikia ekintzaz betea da, bizia, eta halere ondo dokumentatua historian eta hizkuntzan. Kontatzen ditu nolako ifrentzua eduki zuen Frantziar Iraultzak Euskal Herrian eta nola ordaindu zuen prezio altu bat batetik erakunde propioak galduz eta bestetik muga lurralde gisa inoren gerratan inplikatuz. Komikian ondo kontatzen da landetaratuen tragedia -Euskal Herrian nire ustez aski ezaguna ez den gertakizun lazgarria-, desertoreen patua -gudaroste batetik ihes egin beste batean amaitzeko- eta irabazleen errepresio gordina. Ohoinena -lapurrena- ez zen izan superbibentzia estrategia besterik, lapurreta eta pobrezia eskutik helduta doazenaren seinale -jakina, hemen ez ditut aipatzen boterearen arpilatzeak, horiek beti irteten baitira airos-.

Gustatu zait nola marraztu duen akzioa, Adurrek berea duen estiloari eutsita gainera, eta bereziki flipatu naute herri, baserri eta beste hainbaten marrazki eder askoek. Gidoia, aipatu dudan arren merezi du errepikatzea, landua da eta istorioa, aldiz, tragedia bati dagokiona bezain bibrantea. Berrehun urte besterik ez dira pasa,apur bat gehiago, gertakari horietatik. Gezurra dirudi zenbat gauza gertatu diren ordutik. Baina hain da aktuala kontakizuna, hain da garrantzitsua jabetzea eguzki indartsuenak ere proportzio berean sortzen duela kontrako duen itzala, ezinbestekoa dela berau irakurtzea. Nire aldetik egileari eskerrak ematea dagokit, besterik ez.

Heroi baten bila

Hugo Pratt. Corto Maltese. Artea.

Corto Maltese Arrasateko Bibliotekari esker ezagutu nuen. Beste behin blog honetan eskertu behar diet haien begi zolia literatura onari aldare bat eraikitzeko orduan. Liburu gehienak irentsi nituen, nola ahaztu La balada del mar salado hura, Rasputin bezalako pertsonaia gogoangarriez betea eta Stevensonen unibertsoari elemento bisualak gehitzen dizkiona. Gogan dut marrazkien irekitasuna, orrialdetako bineten banaketa zurruna, beti lerro zuzena ezkerretik eskuinera eta horizontalki.

Thierry Thomasen La aventura soñada -Un retrato de Hugo Pratt (Siruela 2022, Regina López Muñozek itzulia, Goncourt Biografia saria 2020) liburuari esker dakit Londresen egon zela Pratt akuarela teknika lantzen akademian. Hori, eta komikilari eta gidoilariaren beste hainbat bitxikeria eta sakonkeria ezagutu ditut.

Izan ere, begiak itxi eta irudika dezaket Genovatik abiatu den tren batean sartuta Hugo Pratt, bere bizitza apaletik ateratzeko garrantzitsua den lan elkarrizketara bidean. 1970 urtea da Berrogei urte bueltan du, esperientzia komikilari gisa, baita bere talentua ez da “lehertu”, bertsozaleek esango luketen maneran. Heroia falta omen zitzaion horretarako Thomasen arabera, artean Corto eta Hugok ez zuten elkar ezagutzen.

Liburuan kontatzen zaigu Veneziak izan zuen garrantzia Hugoren bizitzan, baita bere aitona faxistaren itzala ere, Afrikan soldadu hil zitzaion aita, Argentinara eginiko bidaia eta abar. Hugo Pratt ageri da Stevensonen altxorren bila, Hugo Pratt komikilari totala, Wagnerren antzera musika/marrazkia eta letrak banaezinak direla uste duena.

Interesgarria da liburua eta iradokitzailea, uste dut hori dela adjektiboa. Ez espero kontakizun linealik, ezta kronologia esturik. Amaierako orrietan salbu non baden urteekin lotura bat, idazleak bere oroitzapenak, irudimen ariketak eta Pratten bizipenak nahasten ditu. Komikigintzari eta sormenari buruz gehiago jakin nahi duenarentzat interesgarria.

Heroi bat behar da batzuetan, bai horixe. Zortedunak dira hura aurkitzeko gai direnak.

Aztarna faltsuak

Western. Geruzak. Komikia.

Frank aktorea da eta turistentzako ikuskizun batean 15 urtez Jake Johnson marshalaren papera antzeztu du. Baditu justiziaren eta zorroztasun historikoaren zaintzaren nozioa zeharo barneratuta. Halaber ez dio askorik balioko horrek, goizetik gauera krudelki langabezian uzten dute eta: zaharregia da, indarkeria transmititzen omen du (yankeeak halakoak dira, tiroteo bat antzezten duen aktoreari indarkeria jariatzea egozteko bezain zinikoak) eta gainera psikiatra batek diagnostikatu du ez dituela ondo bereizten fikzioa eta errealitatea.

Lankideek errukituta lana galdu duen gizonari ibilbide turistiko bat oparituko diote basamortuan John Houston eta beste hainbatek famatu eginiko bazterrak ezagutzeko. Komikia da Bruno Duhamelen Aztarna faltsuak (Harriet Ediciones 2022, Miel A. Elustondok euskaratua) eta esan beharra dago sorpresa atsegina izan dela niretzat. Izan ere, a priori sinplea den istorio batetik abiatuta lortzen du egileak egungo mendebaldeko gizarteen (ala gizartearen?) erradiografia egitea westerna bezalako genero klasiko bati arnasa ematearekin batera. Frank protagonista marine ohi batengana hurbilduko da, hura ere bidaide duena ibilbide turistikoan eta indarkeria antzerkian baino hurrago ezagutu duena, eta partekatuko du bidaia cliché izan gabe gizarte poliedrikoa marrazten duten norbanakoekin. Abentura eta kalentura artean indiarrak, Las Vegas eta mendebalde urruneko beste hainbeste bazter ezagun azalduko zaizkigu, legez kanpoko migrazioa eta antzeko beste hainbat gai garaikiderekin uztartuta.

Ez du nire ustez egileak lan honekin helburu handirik (helburu handiak gainbaloratuta daude literaturan) baina era berean balio digu entretenitzeko, hausnartzeko eta mundu horretan barneratzeko. Joder, horregatik beragatik oso liburu ona da! Marrazkiak gustatu zaizkit, pertsonaiak ondo marraztuak daude (Franken noraeza agerikoa bikaina da eta gida turistikoa aparta) eta zer gahiago esan, tarte ona pasa dudala irakurtzen.

Bukatzeko itzulpena ere gustatu zait, Elustondorena, eta eskertzekoa da halako komikiak euskaraz irakurri ahal izatea. Euskarazko liburu edizioa heroikoa den bitartean halakoak esan beharra dagoela deritzot.

Liburu lapurra

Paris. Daniel Brodin. Lizarra.

(Adi, post honek spoiler arrastoak ditu).

Aurreiritziak hurkoarentzat txarrak badira ere batez ere norberari egiten diete kalte. Aurreiritziek bizitza sinpletu (ez beti erraztu) nahia omen dute xede eta horrek kostua dakarkio bati ezinbestean. Esate baterako, liburu eder bat irakurri gabe geratzeko arriskua. Zortez, baten irakurle gosea handiagoa da aurreiritziak baino eta horregatik sartu nintzen Lizarrako Dragon komiki dendara. Friki klasikoentzat (hau bai kontzeptu lausoa, ezta?) tenplua espero nuen eta bai, hori ere bada, baina hori baino gehiago badela ere aurkitu nuen: komiki eskaintza oso zabala duen denda eta ezagutza izugarria duen komiki saltzaile euskalduna (hori lotsa lehen hitza gaztelaniaz egin nionean eta hark euskaraz erantzun). Eskatu nion gomendatzeko komiki bat literaturari buruz eta hark hiru atera zizkidan, hirurak ezagutzeke nituenak. Ausaz bat aukeratu eta hori gozatua hartu dudana Alessandro Tota gidoilariaren eta Pierre Van Hove marrazkilariaren El ladrón de libros (Elmonolibre,2021, originala 2015ekoa frantsesez eta itzulpena Isabel Pérez Van Kappelena) irakurtzean.

Bertan kontatzen zaigu 1953. urteko Parisen Daniel Brodin ikasleak bizi duen eraldaketa literatura munduan leku bat egin nahi izateko ahaleginean. Mutila herri txiki batetik Parisera bizitzera joan da, osaba-izeba komunisten etxera, zuzenbide fakultatean ikasi nahi duelako. Alabaina, larritasunak eragindako plagio ekintza batek eragin dion famak eroango du mutila ikasketak utzi, lana mespretxatu, literatura stablishmentaren aurka dauden taldeak ezagutu eta hauen lagun egitera. Langile soilak eta burgesak, biak, mespretxatzen ditu eta berak idazle bohemio izan nahi du denaren gainetik.

Mutila aurkezten zaigu poeta eta liburu lapur gisa. Ondoren loria ukituko du engainu bidez, gerra osteko Pariseko literatura mundutxoan murgilduko da eta lagunak egingo ditu, tragediaren eta gaztetasunak dakarren grin euforikoaren artean balantzak dabiltzanak. Emakume bat ezagutuko du, ikasketak utzi, literatura stablishmentari barre egin eta baita legeari iseka ere. Tartean galdera bat etengabe protagonistak buruan bueltaka duena:

-Zergatik batzuek lortu dute arrakasta literaturan eta nik ez?

Horra honetan gabiltzanoi maiz burura datorkigun galdera. Homer Simpsonek ere egin zuen hausnarketa bera, nahi gabe arte garaikidea sortu zuen kapitulu gogoangarri batean. Kalitatea, fama, merezimendua eta justizia. Akuilu batzuetan, urkamendiko soka gehienetan, den gogoeta-bidea.

-Zergatik nik ez?

Zaila da erantzun bakar bat aurkitzea. Komikiko pertsonaia nagusiak arrakasta nahi du denaren gainetik, ondo idaztea baino gehiago akaso. Nor izan. Nire ustez, literaturarekiko maitasuna da bidea, frustrazioa eta inbidia aldiz galbidea. Halaber erraza da hau esaten, ez beti egiten.

Liburua gomendagarria da zeharo, irentsi egiten da,eta eskapatu zaidan arren erreferentziaren bat (ez dut Frantziako abangoardien historia guztiz menperatzen) gidoia izugarri ona iruditu zait. Akaso marrazkien estiloa ez da nire gustukoa, punta zorrotz gabe borobiltasun hori, baina zuri-beltzezko emaitza ona ez ezik oso ona da.

Azken puntu bat. Barregarria da nola poetagaia, Daniel Brodin gazte malapartatua, jabetzen denean talentugabea dela horretarako nobela bat idazteko helburuaz hasten den. Barre asko egin dut horrekin, oso zirto aproposa da.

Literaturarena klub itxia da, liburuena ez. Horra nik urteekin ikasi dudana.

Gaueko langileak

Matz&Chemineau. Jacob. Frantzia.

Alexis Nolent (AKA Matz) narratzailaren gidoia eta Léonard Chemineauren marrazkiak ditu Jacob gaueko langilea (Txalaparta 2021, itzulpena Bego Montoriok egina, lehen edizioa frantsesez 2017koa) komikiak.

Lan honek kontatzen ditu Marius Jacob anarkista frantsesaren ibilerak. Hasteko nola ekin zion gaztetan lanari marinel gisa eta han jasandako tratu txarrek eta munduan ikusitakoak betiko markatu zuten; horren froga da Amiensen epaitu zutenean esan zuen <<ikusi dut mundua eta ez da ederra>>. Pirata ere izan zen tarte batez, krudelegia iritzi ziolako utzi zuen ogibidea, eta ondoren anarkistengana hurbildu ahala militantzia politikoari ekin zion. Militantzia hastapenetan lehergailuekin eta kolpe txikiekin aritu bazen ere, atxiloketa eta ihesaldi ikusgarri baten ondoren bere jarduteko modua aldatu zuen: “Gaueko langileak” izeneko lapur banda ospetsua eratu baitzuen hainbat kiderekin batera (kalkulatzen omen da 150-500 lapurreta artean egin zituztela) eta oso famatu egin ziren Arsene Lupin pertsonaia inspiratzeraino. Hauek ziren lapur bandaren printzipioak (Wikipediatik hartua):

Lehenik, kosta ahala kosta odola isurtzea ekiditea, haien bizitza eta askatasuna babesteko ez bazen, eta kasu horretan poliziak soilik erasotzea. Bigarrenik, bidegabeko gizartearen defendatzaileei soilik ebastea (enpresariak, epaileak, soldaduak, elizgizonak), eta sekula ez lanbide baliagarrietan aritzen zirenei (arkitektoak, medikuak, artistak, irakasleak, etab.). Lapurtutako diruaren ehuneko jakin bat kausa anarkistari eta premia duten kideei ematen zitzaien, eta horrek, jakina, hainbat arazo sortu zizkien. Anarkista idealistekin lan egitea saihesten zuten (taldekideen ustez, anarkista haiek erreakzionarioegiak omen ziren, eta ez oso pragmatikoak) eta klase apaleko jendearekin elkartzen ziren.

Komiki ona iruditu zait, gidoia erraz jarraitzen da eta marrazkiak asko gustatu zaizkit askotariko egoerak ondo islatzen dituelako eta koloreen erabilera biziki trebea duelako. Ikustea besterik ez da nola bereizten dituen itsasoko urteak, Frantziakoak edota Guyanakoak.

Irakurketa guztiz gomendagarrai da Jacob eta anarkismoari buruz gehiago jakin nahi duenarentzta edota, besterik gabe, tarte atsegin bat pasa nahi duenarentzat. Pasarte apartak ditu, Pierre Loti idazlearekin zerikusia duena delizia bat da, eta baita kritika sozial zorrotza ere, presoei agindutako lan behartuekin lotua dena adibidez. Eskertzekoa da horrenbestez Txalapartak, Pol·len eta beste argitaletxe batzuekin batera hainbat hizkuntzatan aldi berean lana argitaratzeko erakutsi duen ekimena.

Amaitzeko, galdera bat: Jacob ez da bakezalea, bere lapurretatan indarkeria arbuiatu arren. Aurretiaz bera izorratu zuen preso doilor bat hiltzen du duda-muda handirik gabe berriro elkartu eta horretarako aukera duenean. Poliziak tirokatzen ditu baita ere. Indarkeriaren irakurketa modu absolutuan egiten den Euskal Herrian halako komiki bat egingo litzaioke pertsonaiari edota besterik gabe isilduko litzateke bere existentzia? Beldurra diot erantzunari.

Belar printza

Keum Suk Gendry-Kim – Korea – Belar printza batean

(Kontuz, spoiler arrastoak ditu).

Irakurria dut Una mujer en Berlín, anonimoa dena. Primo Leviren trilogia. Goethe Dachauen, Nico Rostena. Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean. Eta beti eduki dut prest analisirako esaldiren bat, iruzkin abiapuntu bat. Zerbait.

Oraingoan ez dut jakin egun askoan zer esan Keum Suk Gendry-Kimen Hierba (Reservoir Books 2022, Joo Hasunek itzulia, originala koreeraz 2017an argitaratua) komikia irakurri ondorenean. Kointziditu du gainera obra irakurri izana hedabide eta batez ere sareetan meritokraziari buruzko eztabaida antzu, gaizto eta sugekara baten erdian.

Lee Ok-Sunen bizitza da egileak komikira daroana. Eskolara joatea ukatzen dioten neskatilaren historia, gurasoek eurek lanerako saldu eta esplotatzen dutena, japoniarrek sexu esklabu gisa baliatzen dutena egunero dozenaka soldadurekin oheratzera behartuz. Terriblea da neskatxa guzti horiei egin zietena eta zer gutxi hitz egiten den Japoniak egin zituen basakeria horiez! Eta bukaeran, kontakizunaren bukaeran, bere gobernuak akordio ustel baten ondorioz saltzen duen atsoa da Lee Ok-Sun.

Komikia are ilunagoa balitz, protagonistak min eman ziotenekiko gorrotoa balu eroangarriagoa litzaidake irakurketa. Ez ditu maite min eman ziotenak Lee Ok-Sunek, hori ez, baina ez dut uste gorroto dituenik ezta. Izan ere duintasuna dario istorioari, eta mina, mina tonaka, eta horrek are gogorragoa egiten du ezer txarrik egin ez eta gosea umetatik ezagutu zuen neskatilaren zorigaitzeko patua. Meritokrazia diote gero batzuek.

Obrara itzulita, uste dut egileak eginikoak balio handia duela, epilogoan kontatzen baitu nola hainbat ahalegin ziren bera baino lehenago hau kontatzen eta ez zuten lortu. Ez baitu soilik kontatzen, ondo kontatzen du, iluntasunean eta errazkerian erori gabe. Aipatu dudan kontatze ona horren adibide da japoniarrek gerra galdu eta sobietarrak datozenean nola marrazten dituen hauek. Hain pintzel trazo sinpleaz nola adierazi litekeen hainbeste! Sobietarrak askatzera datoz, baina askapen bidea doilorkeriaz beteten dute. Gerrak ez du emakume aurpegirik akaso, baina emakumeei aurpegi okerrena erakusten die.

Nire kasuan pastelaren ginda, katalanek esango luketen moduan, familiak behin emakumearen iragana ezagututa Lee Ok-Suni emaniko tratu ankerra da. Giza kondizioa zer den.

Oleg

Barrura begira. Frederik Peeters. Komikia.

Zaila zuen Frederik Peetersek Pilula urdinak komiki ahaztezin horri jarraipena ematea. Obra horren borobil batek irentsi lezake egilea eta horretaz jakitun, egoerari buelta eman eta jarraipen autokontzientea egitea ez zait soluzioetan txarrena egiten. Autokontzientearean diot obran, hirugarren pertsonan idatzia egon arren berari buruz ari da komikigilea, hainbatetan galdetzen diotelako Oleg komikigileari ea noiz aterako duen bere obra arrakastatsuaren bigarren zatia.

Ez da erraza Oleg (Astiberri 2021, Lucía Bermudezen itzulpena) zeri buruz doan azaltzea. Kontrazalak esaten dituen gauzak ez baititut atzeman orrialdeotan: ultarmodernotasun teknologikoaren eragina eta pentsamendu atzerakoia, azalkeriari gurtza, autentikotasunaren bilaketa, gauza materialen gehiegikeria eta konfusioa. Azken hau akaso bai, niri interesgarri egin zaidana sortzaile gisa duen konfusioa delako. Bere segurtasun eza karrera arrakastatsua eduki arren, bere nahasmena ez duenean istorio baten bidea argi ikusten. Hor, emaztearekin dituen elkarrizketatan sormenari buruz, daude niretzat genialtasun txinpartarik argitsuenak.

Liburua utzi didan lagunari nire eskerrik beroenak. Ez da akaso obra borobila, badu nire ustez gai batzuk hobeto harilkatzeko beharra, baina hasierako orrialdeak benetan onak dira. Niretzat kontsolagarri eta lagungarri izan dira eta horretarako daude lagunak eta liburuak, hala behar direnean.