Itxaropen kolorea

Antifrankistak. Nafarroa. Alonso

Jon Alonsoren Hodei berdeak (Susa, 2003) nobela (?) hau Naparra: kasu irekia irakurri ostean hartu izanak hobeto laguntzen dit ulertzen Alonsoren gaitasun handien katalogoa. Blog honetan bertan lore ugari eskaini izan dizkiot egileari eta ez dut uste beraz hortan gehiegi sakondu beharra dagoenik, baina obra honetan bere narratzaile eta ikertzaile bertuteak erakusten ditu.

Has gaitezen liburuaren egituratik, izan ere, ez da ohikoa euskal literaturan halakorik. Joseba Jaka bekaren magalean idatzi zituen lerrook Alonsok eta bi ahotsetan kontaturiko istorio honetan narratzaile bat beka baten aitzakian nobela ari da idazten eta bestea, bere lehengusua dena, ikerketa historikoa. Bi ahotsak txirikordatzen dira eta honela muga lausoa ezartzen du Alonsok fikzioa eta historiaren artean, pertsonaia errealak eta asmaturikoak nahastuz besteak beste.

Narratzaile fina da idazle iruindarra. Har dezagun 279. orrialdeko paragrafo hau adibide gisa: Ia inor ez dabil kalean. Goiz da, eta euriaren promesa ez da ibiltariak animatzeko akuilurik onena. Hodei berunkarek kontzientzia txar batek adina pisatzen dute. Sabelean dauzkan tximeletek barrenak gardosten dizkion su dantza itxurako bat hasi dute, orain, hitz egingo balu, hodeiek iragartzen duten trumoiaren orroa bezala izango zen, ez halabeharrez ozena, baina bai askatzailea; zainak atezutik askatuko zituzten berbak izango ziren, itomena arinduko zioten ukendua. Hau formari buruzko adibidea da baina edukian ere ez da besamotza Alonso, urrutira joan gabe, aparta egin baitzait Irurtzungo Bi Aizpe arrokatan ezarritako ikurrina ezarpen klandestinoaren kontakizuna. Inguruabar tekniko konplexuak bikain eta sinesgarri narratzen ditu. Edota, beste itsaso baten ertzean, Uruguaien Hego Konoko diktadura odoltsuen bezperatan lanean ari diren CIAko agenteen ibilerak.

Historialari gisa ere badu bere mamia egileak. EAJren borroka antifrankistaren narrazioa egiten du gerraondotik hasita, mosaikoa osatuz Iruñeko irabazle nahiz galtzaileen bizitzen zipriztinekin. Ondoren Beroiz familia ardatz hartuta 1962ko Municheko “kontubernioa”, alderdiko erbesteratu zahar-ekintzaile gazteen arteko konponezinak, bonbak jartzea, hautu gisa zilegi jo zuen EGI hura, Eusko Bazterraren praxia, Artajo eta Asurmendiren heriotza, OPUSen sorrera, Urmeneta eta euskaltzaletasuna, CIA edo CESIDen infiltrazio susmoak erresistentzia antifrankistan… Hainbat hipotesi uzten ditu lerro artean Alonsok, ulertu nahi duenak uler dezan.

Zeharo gomendagarria gure herriaren iragan hurbila Iruñetik ulertzeko, egileak gure historiari buruz uzten dizkigun hausnarketa interesgarriez pentsatzeko (Euskal Herria tablero handiago baten pieza besterik ez da) eta irakurriz gozatzeko.

United colors of Black

Alonso. Nobel beltza. Saiakera.

Batzuetan liburu egokia iristen zaizu une aproposean. Orduan, mendeak eta segundua gurutzatzen diren unean, dena borobiltzen da. Zure susmo batzuk betetzen dira, oker batzuk agerian geratu eta mundua ikus dezakezu betaurreko aproposekin. Halako zerbait pasatu zait niri Jon Alonsoren Beltzaren koloreak (Susa, 2016) liburuarekin.

Zergatik ez dudan lehenago bere berri izan? Batek daki, itsasoa goldatzen arituko nintzen akaso. Kontua da irakurri dudala eta benetan gozatu dut bertan esaten direnekin. Izan ere, modu sinple baina eraginkorrean, gaiaz irakurri eta pentsatu duenaren autoritatez baina akademizismotan erori gabe, nobela beltzaren disertazio bikaina egiten du Alonsok. Hasiera batean 2015eko Hilbeltza ziklorako hitzaldi zena ondoren osatutakoa da liburua, egileak berak orriotan aitortzen duenaren arabera. Bertan, generoaren sorreratik abiatuta, Hammett, Chandler, McCoy eta enparauek osatutako lehen belaunalditik, ondorengo Highsmith edo Lew Archerreraino. Lantzen du ere generoak europartzeko izan dituen arazoak eta nola ikusi den literatura genero honetan gizartearen bilakaera poliziarekiko pertzepzioan. Horri esker dakit, besteak beste, Hondar Ahoak sariduna polizia sozialdemokrataren genero beltz aroan kokatzen dela eta deskribatzen du zergatik egiten zaigun zenbaitzuri sinesgaitz Ertzainek gazte eta sindikalistak jipoitzen dituzten egunotan polizia dezente bat dagoena sinestea. Barrenak behar baitira gero horrelako polizia baten parte izanda zuzenbidezko estatuaren alde zaudena esateko. Ojo, eta ez nabil esaten ondo egina ez dagoenik telesaila. Badaezpada ere.

Liburua motza eta irakurtzeko atsegina da, pasarteka antolatua eta zuzeneko zita eta erreferentzia ugareriduna bai nobeletatik bai elkarrizketetatik hartuak. Literaturari buruzko komentario bikainak ere uzten ditu ogi apurren antzera, maitemindu nauen hau modukoak (75 or):

Kritikari batzuek, ordea, sinesgarritasun ezaren zigorra inarrosten dute oraindik, Camilleriren Uraren forma nobelarena bezalako premisetatik urruntzen diren proposamen literarioak epaitu behar dituztenean. Euren eskema ideologikoetan sartzen dena sinesteko gauza ez, eta “sinesteko” gogo gutxi, nonbait. Hau da, konturatuta edo konturatu gabe, kritika ideologikoa egiten ari dira, gehienetan, sinesgarritasunaren mamua paseatzera ateratzen dutenean.

Amen.

Edukiontziak

Alonso. Lambas. Euskaltzaindia.

Gipuzkoako hiri hondakin biltze sistemen inguruko gatazka etorkizunean nola ikusiko dutenari buruz pentsatzen dut maiz. Bergarako historiako manifestazio handienak. Bandera bat zikintzat dutenek balkoia hondakin poltsez apaintzea. Zaborra ateratzea beti emazte nahiz seme-alaben esku delegatu duten gizonen bat-bateko interesa gaiarekiko. “Noiz jango dugu arraina?” galdera airean. Arrasate Garbi taldea, Alex de la Iglesiak behiala asmaturiko Limpia Madrid taldearen arrastoan. Lehen bai lehen.

Jon Alonsok berriro ere atera zuen kalera Enekoitz Ramirez Lambas ikertzaile, preso ohi, lapur ohi, arte saltzaile ohi eta bon vivanta kalera mandatua betetzera Hiri hondakin solidoak (Txalaparta, 2015) nobelan. Euskaltzaindia mehatxatzen ari diren mezu anonimo batzuen ikerketatik abiatuta gogoeta sakona egingo du Alonsok hizkuntzak duen gehiegizko arautzeari buruz, unibertsitateari egurra banatuko dio sendo eta Txillardegiri omenaldi xumea egin berak Azkue hil omen zuen susmoaren eldarnioari tiraka.

Jakina, ikerketa erraza zirudiena korapilatuko da eta korapilo horretan harrapatu Euskaltzain historikoen imitatzaileak, kazetari freelanceak, katedradun ilun eta anbiziodunak, Europako diru laguntza eta ikerketek puztutako puxika, Kataluniako independentistak, kolore askotako poliziak, prostitutak, lapurrak… Batzuetan iruditu zait gogoeta nahiak jaten duela istorioa, baina hain dira interesgarriak eginiko gogoeta batzuk ez diola erasaten gozamenari. Izan ere, Alonsok hel diezaioke Bartzelonak gentrifikazioari eta gero Akademiako diru kontuen izaera opakoari eta airoso atera. Liburu arras gomendagarria da.

Bereziki gozagarriak Lambasen Etxauriko etxeko komuneko apalategia ardatz duten pasarteak, irakurgai une ederren ahalbidetzaile da altzaria, eta Kataluniako jatetxeei buruzko pasarteak. Gozamenari, plazerari, eginiko monumentua iruditzen zait. Ederra oso.

Bukatzeko, nire egiten dudan pasartea, Lambas Bartzelonako literatura beltzean espezializatutako dendan sartzen denekoa:

Apalategiko materiala ikuskatu nuen. Hainbat liburu aukeratu eta sal-mahaian ipini nituen. Ongi etorriko ziren komuneko apalean, sendotasuna emateko.

-Le Carré gustatzen, e?

Panamako sastrea irakurri nuen 96an; fantasmada hutsa zela uste izan nuen, harik eta, 7 urte geroako Irakeko inbasioa etorri zen arte. Orduan konturatu nintzen zeresan handiko idazlea dela.

Duda aire batek harrapatu ninduen.

-Ordea, nobela beltzean espezializatutako liburu-denda batean… Le Carrérena nobela beltza da, zinez?

-Jakina. Nobela beltzak kolore guztietakoak izan litezke.

Kasu irekia

Naparra. Alonso. Memoria.

Jon Alonsok bere izenez kale bat izendatzea merezi du. Ez etorbide arranditsurik, ondo jaten den jatetxez, auzoko tabernaz eta denda txikiz hornitua den kale dotorea. Liburu denda batekin? Jakina. Bere literaturak merezi du. Bere jarrerak merezi du. Naparra kasu irekia, Elkar 2020, ikerketa liburuak merezi du.

Jose Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra” gazte iruindarra protagonista den bi krimen kontatzen ditu liburuan Alonsok. Lehena, Naparra militantearen beraren bahiketa eta desagerpena. Bigarrena, berrogei urtean honen familiak bizi izan duen kalbarioa. Oso ondo egiten du idazleak bi krimenak bereizten, batak ez dezan bestea jan. Sortu den mina, oraindik egunero kasua argitzen ez den bitartean sortzen den mina, gutxietsi ez dadin.

Alonsok lau urtez ikertu du kasua. Etxeberria Alvarez eta biak belaunaldikide izanik Iruñea grisean abiatutako haurtzaroa, eskola konpartitua, iraultza gosea, denborak urratutako amets handiak. Orrialde bidean bada denetik: frankismo bukaerako Iruñearen erretratu ederra, belaunaldi oso baten erradiografia zintzo eta era berean amultsua, Naparraren konpromisoaren eboluzioaren analisi zehatza, giro politikoaren deskribapena, Estatuen estolderiaren kiratsa, (in)justiziaren itsukeria, familia baten bakardadea, hemengo erakundeen kamutsa biktima batzuekiko, polizia ororen izaera zakurtia, desagerpena den krimen lazgarri horri buruzko gogoeta eta abar. Hau guztia zintzo, paraje hauetan oso arraroa den honestitatez, bustiz, akats propioei iskin egin gabe. Irakurri paragrafo hau, horrren adibide aparta da:

Zerbaitek pena ematen badit, liburu honen gaia dela-eta, Naparra kasuak ni baino idazle hobea eduki ez izana da. Hau bezalako lurralde batean sartzea puntu kardinalik gabeko oihan sarri batean sartzea bezalakoa da, non bat erraz desorientatzen eta emozionalki ezdeus sentitzen baita aurkitzen duena eta aurkitzen duenaren ondorioak kudeatzeko.

Oso apala da Jon. Dokumentazio lan eskerga egin du. Hamaika elkarrizketa. Lan erraldoia da eta inplikatu den moduan inplikatu gabe ezinezkoa dena. Bihotzez idatzi du eta liburu honengatik jaso duen Tene Mugika saria erabat merezi du.

Niri bi atalak gustatu zaizkit, asko. Ikasi dut trantsizio deritzon epealdi horretan gazte ameslari zirenei buruz gehiago. Komando Autonomoei buruz baita ere. Errefuxiatuen bizitzari buruz zertzelada interesgarriak aurkitu ditut lerro artean. Baina, era berean, hain da handia Etxeberria Alvarez sendiaren duintasuna “oso goian” amaitzen dela liburua. Kemenak eta duintasunak aurre egiten diote injustiziari.

Pasa dira berrogei urte Naparra desagarrerazi zutenetik. Denbora luzeegia da. Liburuan gogorarazten den moduan, ez dadin delitu bat preskribatu komeni da ekimen judiziala hartzea noizean behin eta urratsak eman. Liburu honek gure gizarteari gogorarazten dio lanak ditugula egiteke eta ezin ditugula hainbat min artxibatu, egia, erreparazioa, justizia eta berriro ez errepikatzearen bermea eduki arte.

Jon Alonso kalera itzuli naiz mentalki. UNESCOk dio tentuz jokatzeko izendegitan norbanakoen izenak jartzeko tenorean. Ados, uler dezaket hori. Baina, erakunderen batek ulertzekotan Alonsok liburu honetan egin duen lanaren garrantzia hori Nazio Batuen Erakundea da. Lan hau irakurrita ulertuko duzue zergatik. Izan ere, ez dakit herri honetan memoria iluntasunetik argitara ekartzen lanean diharduten lanaren garrantziaz, erakundeek albo batera utzi duten lana bide batez, jabetu garen.