Thomas Mannen heriotza Venezian

Mann. Venezia. Itoiz.

(Puntua aldizkarian 2020ko irailaren 25ean argitaratutako testua)

Izan zitekeen Itoiz taldearen aurreneko kontzertuen egoitza izan zen Mutrikuko diskoteka ezaguna, Venezia. Akaso, orain TVEren artxibo amaiezinak Itoitzen diskotan ez jasotako bi kanta argitaratu dituen honetan, harira letorke fantasia. Ezin den ukatu moduan gaur egun ETB sortzen ez dabilen zuzeneko musika artxiboak leku gutxi beharko duela biharraren tiraderan. Ez dator harira baina beti komeni da gogoan hartzea kontu hau.

Itzul gaitezen Veneziara Thomas Mannek, 1929ko literatura Nobel saridunak, beste Venezia batean kokatzen du bizitzaren amaiera. Tintoretto, Tiziano, Veronese eta turista izurrien gurutzaldi ontzien egoitzan.

Heriotza Venezian, 1992an Xabier Mendiguren Bereziartuak itzulia euskarara, oso nobela aktuala da, ikusiko duzuen gisan. Gustav Von Aschenbach, idazle sonatua Alemanian, inspirazio faltan dago. Ez du aurkitzen, bere helduaroaren ordekan, idazteko grina piztuko dionik.  Hor dago, ziur asko, arrakasta jasan duen askoren madarikazioa, ez jakitea egin denaren gakoa non dagoen. Eta horrek errepikaezin egiten du edertasuna, iruzurti suzi hori altxatzen duena.

Venezian dago, txiripaz, baina ez da denok espero dugun Venezia. Zingira kirasdun eta ustela da, erdipurdiko pertsonaia groteskoz josia. Hor daude marmolezko balkoi dotoreak, zubi harroak eta Markos Deunaren enparantza beti polita. Hori ezin ukatu, ezin den ukatu moduan gondola beltzek zeharkatzen dutela hiria behin eta berriz, hilkutxa dantza frenetikoan, eta zeruak ez duela urdinik.

Izurriak jotako hirian egia esanez gero turismoa uxatuko da. Izurria da Italiak ekialdearekin dituen harreman komertzialen prezioa. Jendea ihesi doa eta gutxi batzuk geratu; hor ere badira beti hobeto informatuak eta gezurraren sinesberak, hurrenez hurren. Von Aschenbachek ezin du ihesik egin. Tadzio gaztearen edertasunak liluratua du, bere adin eta posizioko gizon bati dagokion egonarria dantzan jartzeraino. Zerbait piztu da Aschenbachen barruan, kitzikadura berriak, argiak eta ilunak, bizipen aski patetikoak. Venezia hori baita, ez gehiago, zingira kirasdunean ezarria den marmolezko hiri distiratsua.

Oreina

Poesia. Sua. Bihotza.

Orein burezurra egongelan izanik hazi naizen mutikoa naiz. Haur izanik banbi ikusi eta ehizarekiko eta aita ehiztariarekiko distantzia emana. Urte batzuk igaro ziren Donostian ertzainei cervatillos hitzak entzun nienetik. Gugatik ari ziren, jakina. Garai hartan Arrasateko gaztetxera gindoazela ertzainek hormaren aurka jarri eta mendira eroan eta torturatzearekin mehatxatu gintuzten lagun bat eta biok. Nire telefonoa pintxatu zuten eta jarraipenak egiten zizkidaten, zizkiguten. Astelehenetan ez genuen lo ondo egiten. Sarekaden loteriako bonboaren kirrinka hor dago, apenas entzun daitekeen arren, ez da isildu. Isildu direnak dira torturak aldatu dituen lagunak, antsietate krisiek zartatutako ezagunak, espetxetik irten eta bizitza sozialetik aldendu direnak. Galdu dugun hori ikaragarria da.

Hau guztia jakinda indarkeria ez dudana gustuko, ez nik egitea ezta inguruan somatzea ere. Bi aldiz egin dut borrokan, biak haurra nintzela. Nigar handiak egin nituen borroka ondorenean etxera joan nintzenean, min eman nielako besteei. Nire arerioetako baten lagun handia naiz egun, besteari oraindik kolpe gehiago emango nizkioke baina ez nizkion eman. Borrokarako grina falta horrek ez nau santu egiten, jakina, eskubaloi jokalari orok baitaki non utzi belauna nabaritu gabe besteari min egiteko. Eta uste dut horretan datzala gure gizarteak, arbitroa begira ez den une horretan gertatzen denaz. Borroka agerikoak salatuz zangotraba zangotrabarekin kateatzeaz.

Indarkeria ez gustuko izanda indarkeria praktikatu duten lagun asko maite ditut. To kontraesana. Eta ez dut hori aldatzeko asmorik. Bestalde, indarkeria praktikatu duen beste askorekin, nire aurreko belaunaldikoak kasu, oso gogorra izan naiz. Horratx bigarren kontraesana. Horretaz jabetu naiz Mikel Soto Nolascoren Suak pizten direnean, Elkar 2020, poesia lan bikaina irakurri dudanean. Uste dut testigantza ezinbestekoa dela, literatura noblea. Orriok duten indarra, honestitatea, tristura eta alaitasuna, ez da kontraesana azken hau Joxe Ripiauk erakutsi gisan, ikaragarriak dira zentzurik onenean. Liburu hau etorkizunean irakurriko da, aztertuko da. Ikertzaile zintzoek, honestitatez jarduten dutenek, ijitoen hitzak zuzenean irakurtzeari ekiten diotenean Albako Dukesa ijitozalaleen txorradak albo batetara utziz.

Memoria mosaikoa da. Hori ikasi dut bizitzan. Memorian bakoitzak bere ekarpena egiten ez badu besteek ez diote egingo. Ez eskatu Patriari emateko prest ez dagoenik. Sandra Carrascok ez du nire testigantza entzun, nik berea bai, prime timean gainera.

Ez dut zerurik espero.

Mikel Sotoren lehen lan hau ez dut literarioki aztertuko, merezi duen arren. Kolpatu egin nau, irentsi egin dut, osotasunari bakarrik erreparatuko diot. Aurreko belaunaldien su eta ke anabasa ulertzeko gakoak eman dizkit. Orden beharrari buruzko nire uste batzuk kolokan jarri ditu, hunkitu egin nau.

Irudi luke gure baitan kabitzen zen

su guztia ari ginela metatzen

zetozen urte luze eta hotzetarako.

Aspaldi kendu zuten gurasoek orein burezurra. Orain koadro bat dago bere lekuan, historia tristea duen preso ohi batek egina. Ez dut hemen azaldu nahi baina kontraesan eta sinbolismoz betetako metafora da. Ez naiz ehiztari bihurtuko baina beste begi batzuekin behatzen dut ehiza.

Suak piztu ziren eta gure belaunaldiari errautsak tokatu zitzaizkion. Hor ere bada zer kontatu, albait gehiago kontatu hobe. Urte luze eta hotzak sutondoan irakurriz igarotzea kontsolagarri baita.

Gudalariak

Morales. Antzerkia. Granada.

Cristina Morales, Granada 1985, lehen nobela izan zen Los Combatientes, Anagrama 2020, 2012ko INJUVE sariaren irabazlea.

Gaztea da etorri zaidan lehen hitza nobela birgogoratzean, gazteriaren XX. mendeko konstrukto soziala desegiten ari den une honetan salbuespenekoa. Gazteak dira protagonistak, prekarioak, krisian koskortuak, gauzak ezberdin egiteko gogoa dutenak, muturreraino gauzak eroan nahi dituztenak.

Horren froga da Granadan duten antzerki esperimental konpainia. Tranpaldoan larrua jotzen dute, zuzenean. Beraien entseguak Sarak gidatzen ditu, Beckett eta Quevedo dantzan jartzen dituzte. Cristinak Juan Bonillari maitasun zauriez hitz egin nahi die. 15Mko suminduen aurrekariak dira. 15Mko suminduak boy scout taldea dira beraien aldean.

Pasada bat da Cristina Moralesen estiloa, ze gaitasun duen bere pertsonaia amorratuen, bereziki pertsonaia amorratuak iruditzen zaizkit bere bestiarioko onenak, indarra orrietan islatzeko. Ispilu aurrean jarri nau nire unibertsitate urteak gogoratzean. Inbidia sentitu dut.

Adi, bizi guztiko lagunak eta lezioak eskaini zizkidan unibertsitateak. Bandera batzuk eusten xahutu genituen indarrak, batzuetan boy scouten lehengusu sentitu arren.

Desde que van al suelo y terminan de follar pasan entre cinco y siete minutos. Si pasados como mucho doce minutos sólo se ha corrido uno o ninguno de los dos se ha corrido, dejan de follar para que dé comienzo la siguiente parte de la obra. Si a Borja no llega a ponérsele dura, ni siquiera cuando Patri se la mama, entonces ella se masturba si tiene ganas, o Borja la masturba o le como el coño, si tiene ganas, y si no, se relajan y la escena acaba antes. Cuando estrenamos en el aula Magna de Filosofía y Letras creamos cierto estupor entre la élite académica, aunque ellos sí que disimulan, porque es una señal de distinción intelectual el no alarmarse ante la sexualidad explícita.

Bereziki ona da protagonista emakume idazleen mahai inguru batera gonbidatzen dutenekoa, gizon batek dinamizatuta. Horrek bakarrik justifikatzen du liburua irakurtzea.

Banderak

Pasolini. Edertasuna. Komunismoa.

Pier Paolo Pasolini ezagutu izan banu zoriontsua nintzateke. Ziur asko, hitz egiten arituko ginateke. Ez ni bereziki interesgarri aurkituko ninduelako, bere eskuzabaltasunak muga gutxi zuelako baizik. Pasolinik Vie nuove aldizkari komunistan saila izan zuen, 1960tik aurrera astero beharginen galderei erantzuteko. Galderak izan zitezkeen Tolstoi edo Dostoievskiren artean idazle hobea nor zenaren eztabaida ebazteko, zentsurari buruz zuen iritzia galdetzeko, D’ Annunziori buruz, erlijio katolikoari buruz (mundiala da seme-alaba bautizatu behar ote dut galderari erantzuna)…

Maitasun osoz erantzuten du eta horrek ez du esan nahi beti goxoa denik. Gogorra ere tarteka, zorrotza, egin dioten galderaren tonuaren arabera. Gazteekin jator, zalantzatiekin ulerkor eta faxismoarekin gupidagabea da.

Ikaragarri disfrutatu dut Las bellas banderas, díalogo con los lectores vol1 obra (Ediciones el salmón, 2019, Salvador Coboren itzulpena). Bertan jasotzen dira 1961 arte emaniko erantzunak, batzuk hau bezain ederrak:

Usted apelando a la censura, lleva a cabo un acto típico: demuestra que, en su perfecta buena fe, en realidad quiere <<reprimir>>, esto es, llevar a cabo un acto moralmente ilícito y clínicamente ineficaz, incluso peligroso. No se reprime; se educa. La censura es un acto monstruoso de deseducación, porque recurre a la fuerza, y no a la persuasión; a la coacción, y no a la colaboración. Usted tiene hijos, así que debería haber comprendido lo estúpido que resulta usar con ellos la fuerza y la coacción en lugar de la persuasión y la colaboración. Es evidente, sin embargo, que los delitos deben ser castigados. Pero para esto existe un código penal. Le daré un ejemplo familiar. Usted a su hijo pequeño debe decirle: <<Mi niño, no robes la mermelada, porque está feo hacerlo, y además puedes hacerte daño, etc>>, dicho lo cual, con el debido amor, usted hará bien en dejar la despensa abierta si quiere que el cariño entre usted y su hijo sea recíproco. Si después, y a pesar da la obra de amorosa convicción, de colaboración, y a pesar de la confianza depositada en él, vuelve a robar algún dulce, entonces se le tendría que castigar, desde luego. Esta es la diferencia entre la censura -que es algo monstruoso- y la justicia, que es algo humano.

Horrelako hamaika adibide dago. Italiak atzean utzi du Bigarren Mundu Gerra, faxismoa eta partisanoak, eta lehenak mutatu diren bitartean bigarrenak mututu dira. Kapitalismoaren fase berriaren eta kontsumismoaren lehen urratsak hasiak dira nabaritzen eta garai oso interesgarria da. Passolinik duen jarrera, nekez errepikatu ahalko litzateke egungo jarrera erkinekin. Galderak eta erantzunak aldatu dira, bainea batez ere hauek planteatzeko modua, postureoa baita nagusi.

Igandea

Switft. Mirabea. Askatasuna.

Maiz aipatzen da belaunaldi loriatsu baten baitan (McEwan, Rushdie, Barnes…) eta ohoretik beste du ezkutatzetik horrek niretzat, zoritxarrez. Arrasateko bibliotekak aholkatuta, baditu hainbat obra nabarmenduta ate ondoko apaletan, eta bi metrotik gertu dauden begien parean tokatu zitzaidanetik Últimos Tragos nire egile gustukoenetakoa da Graham Swift.

Oraingo honetan Ser irratiko programa baten gomendioari esker deskubritu dut bere El domingo de las madres (Anagrama 2017, Jesús Zulaikak itzulia) nobela. Bertan Jane Fairchild neskame umezurtzaren mataza apur bat askatzen du idazleak, batez ere Nivendarren etxean lanean ari den urteetako haria. 1924a da, gerrak eroan zituen mutil gazte ugari eta aberatsak behea jotzetik ez oso urrun daude. Jane, neskameak, Paul Sheringam aberats kumearekin duen harremana ez dago momentu onean mutila ezkontzear baita.

Itzela da narrazioa, batez ere nola gehitzen dituen ore geruzak Jane eraikitzeko: klase sozialen indarra, zurztasuna, prostituzioa, maitasuna, hezkuntzaren garrantzia, liburuen gakoa, idazlearen bulkada… Eta nire ustez narrazioan datza ederraren funtsak, era habilean harilkatzen dituelako denborak eta pasarteak Janen kontakizunean. Beste edonork porrot egingo zukeen lekuan erdiesten du arrakasta Swiftek.

Amen igandean kokatzen da istorioa, narratzaileak berak dioen moduan 1924an gainbeheran egon arren oraindik indarrean zen jai eguna, morroi nahiz neskameei jai ematen zitzaienekoa haien amak bisitatzeko. Zein da umezurtzaren ibilera hain data seinalatuan?

Así que para acudira a su cita con un libro -con Joseph Conrad- torció hacia la izquierda y luego volvió a torcer hacia la izquierda: así llegaría a Beechwood antes de lo necesario, aunque no directa y rápidamente. Aún podría disfrutar de aquel sol glorioso y de la emoción que emitía un zumbido y un runrún. Algo que podría guardar grabado en la memoria para siempre.

Bizikleta askatasun haizea zen emakumeentzat bigorexiak maskulinoak zanpatu arte, gure inguruotan behintzat. Hartu liburua, Etxeondoko maillotean aise kabitzen den modukoa, ez duzue damurik hartuko.

Lo non ho paura

Haurtzaroa. Pobrezia. Ammaniti.

Ez nuen ezagutzen Niccolò Ammaniti idazlea, nahiz eta artikulu ezberdinetan irakurri ahal izan dudan bera dela italiatik kanpo ezagunenetakoa den idazle garaikidea (1966an jaioa da). Opari batek mundua zabal diezaioke bati, oparitua den hori liburua bada, jakina.

Amannitik sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar, garrantzitsuenetakoak direlarik Strega eta Viareggio. Azken hau irabazi zuen irakurri berri dudan No tengo miedo (Anagrama, 2011, Juan Manuel Salmerónek itzulia) liburuari esker.

Istorioa miseriaren mapan kokatzen da, Accqua Traverse herrixkan. Bertan iparraldera joaterik izan ez duten familiak geratzen dira, galsoro eta udako sargori artean. Michele Amitrano da protagonista eta narratzailea, bederatzi urteko haurra. Mutiko honek badu arreba txikiagoa, baditu gurasoak. Badu ere lagun taldea, bortitza. Michele sentiberagoa da bere lagunetako asko baino, bereziki Calavera baino. Barbarari larrutik ordainarazten diote gizena izatea eta neska bakarra.

Naturaltzat dute hori, momentuz.

Egun batean Michelek, istripuz, bera baino askoz lazgarriagoa den zerbaitekin egingo du topo. Horri aurre egiteko modu bakarra, beraz, haur fantasiaz baliatzea da. Zoritxarrez, ezta munduko fantasia denarekin ere ezingo ditu estali bere herriko errealitate zikoitza, bere aita zaputza, bere aita gizagaixoa. Soilik bere amaren figura indartsuak mantentzen du bere lekuan mutikoa, esango nuke, ekaitzaren erdian.

Gustatu zait liburua, bereziki tonua. Jolas artean, haur begiradaz, asko esan liteke. Eta Michele moduko haurren tema, ausardi eta eskuzabaltasunari buruz, gehiago.

Iba caminando casi sin respirar y sin dejar de mirar a mis espaldas. Temía que la garra afilada de un monstruo se me clavase en el cuello. Ahora que iba a pie oía un montón de ruidos, susurros, golpes y sonidos extraños. A mi alrededor sólo había una masa negra y compacta que hacía desaperecer el camino. Me mojé los labios resecos; tenía en la boca un sabor raro.

Eztia

Georgia. Haurtzaroa. Dolua.

Zapore berria dakar idazle berrien haizeak. Hala behar du izan, bestela ez baita ez haize ez berri. Haize hori ez dator bakarrik, haize hori euren etxeetan lanean ari diren norbanakoen gogoetek harrotzen dute. Badatoz, badira. Eta eskerrak eman dizkiegu euren eskuzabaltasunagatik, kasu honetan Oihane Amantegiri Ibaiertzeko ipuina, Elkar 2020.

Liburuak Estatu Batuetako hegoalde mitikora garamatza, ibaiertzekin lotua den kultura batera. Neskatila baten bizitzak tragedia kutsua du hasiera hasieratik. Bere gurasoak Ochlockoneen instalatzen dira eta gogor ekiten diotel lanari, zoragarria da tupelo eztiaren pasartea, ibaiaren uholdeek markatutako erritmoan.

Haurtzaroari eginiko gorespena iruditu zait eta lortu du nik irudikatzea etxaldea, armonika doinuak aditzeea eta emakume beltzaran mardulen barreez kutsatzea. Kontrara, faltan bota dut gurasoen arteko harremanean zertzeladaren bat gehiago, arrazakeriari aipuren bat edo beste (akaso hemen errua nirea da, Arde Mississipi bezalako filmen eraginagatik) eta Karonteren kondaira greziarraren erabilerak ez nau konbentzitu. Akaso hobe mitologia propioa garatzea kasu honetarako, nire ustez beti ere.

Zorionak egileari eta liburu askotarako!

Ez aurrera ez atzera

Nobela. Chirbes. Gogoetak.

Hala itzultzen du Elhuyarrek perplejo: ez aurrera ez atzera. Hainbat molde gehiago eskaintzen ditu hiztegiak eta halere ez naute ase. Ez baitzait iruditzen Chirbes ez aurrera ez atzera zebilen norbait. Harrritua zena bere inguruan gertatzen zen horrekin, ziur asko, baina nora zioan ondo zekiena.

2002koa du lehen edizioa Rafael Chirvesen El novelista perplejo lanak, Anagrama. Bere hainbat artikulu eta hitzaldietarako testu batzen ditu lanak, gehien gehienak 90ko hamarkada amaieran eta hurrengoaren hastapenetan idatziak.

Merezi du Chirbesen obra ezagutzeak, merezi du bere lan oparo eta zorrotzengatik (La buena letra, Crematorio, En la orilla…), gutxik deskribatu baititu altxamendu faxistaren ondorioak eta honen errautsetatik sortutako demokrazia maxkal eta ustela. Liburu honek bere obra ulertzeko gakoak eskaintzen ditu xehetzen dituen irakurketen bidez, partekatzen dituen gogoetei esker eta eskuzabal biluzturiko pertsona baten distiraz. Bere jaiotzako Valentzia, Max Aub edo Francis Baconen obra, Flaubert eta Prousten anekdotak, Juan Marsé, Boris Pilniak… Hizkuntza aniztasunaren eta hiztun gutxiko hizkuntzen defentsa eder-ederra ere aurki liteke orriotan.

Artikuluen artean niri gehien gustatu zaizkidanak dira El novelista perplejo, Una novela al acecho, La resurrección de la carne (Bacon)… Eta Zafrako institutuko ikasleei apirilaren 14 batez eskaintzen dien oparia. Horkoa da pasartea. En cambio, si lo que uno quiere contar es algo tan íntimo como puede serlo una historia de amor, debe saber que o la cuenta, o esa historia no habrá existido: aún más, si no cuenta esa historia muy bien, la convertirá en mediocre, ya que una historia de amor no es más que lo que uno sea capaz de contarse a sí mismo, contarle al amante, o contarles a los demás. Fuera de eso no existe, es aire.

Idazle aparta zen Chirbes. Hobe genuke guztiok, Urko Azpitartek egin bezala, bera oroitzea abuztuaren 15eko bazkalondoan, Canorekin duen elkarrizketa berrikusiz eta bere obra berriz eskuetan hartuz.

Egunak eta gauak

Muga. Pertsonak. Negozioa.

Manuel Tiago idazle portugaldarraren, Alvaro Cunhal da gaitzizenaren atzean dagoen idazle eta politikari komunista, lana da 5 egun, 5 gau, Katakrak 2020, obra.

Liburuaren haria da Lambaça kontrabandistak (giza trafikatzaile hitza omititzen du kontrazalak, ‘pasatzaile’ darabil Amets Arzallus Antiak hitzaurrean) eta migratu beharra duen André gazteak eginiko ibilaldia. Andréren estuasuna biziko dugu gure baitan, bere ezjakintasuna, Lambaçaren iluntasuna, leku bakarti eta ezezagunek sortzen duten ezinegona. Espainiako muga pasatzea da helburu eta horretarako ibilgailuz eta batez ere oinez ariko dira gauez, geldialdiak eginaz eta geldialdi hauetan txirotasunak dituen hamaika aurpegietako batzuk ezagutzen.

Euskal literaturan etorri bazait pareko obra bat hori Pello Lizarralderen Larrepetit da. Han ere bikotea baitoa, bata zaharra eta iluna, gaztea bestea, ihesi eta gauez. Biak ala biak obra aberatsak dira naturaren deskribapenean, Cunhalen kasuan gaia esplizituagoa delarik migrazioaren (erbestearen) deskribapenan eta topo egiten dituzten pertsonaien egoera azaltzeko orduan.

Azpimarratzekoa Iñigo Roque Eguzkitzak euskarara itzultzen eginiko lana, zumirikiak ere barne hartzen baititu bere euskara aberatsak. Pasarte apartak ditu.

Mendirik mendi ibili ziren arratsalde osoan, Lambaça presarik gabe zebilen, geldialdi luzeak eginez. Aldarte onean ageri zen, arestiko pasadizoa barkatu nahian bezala. Irudi zuen bat-batean lagunarenganako interesa piztua zitzaiola, eta, ondoz ondo zebiltzala, berari zeharka begira harrapatu zuen batean baino gehiagotan.

Halako toki batean, ur-xirripa baten ondoan, Lambaçak errebolber zilarkara handia atera zuen sakelatik, eta, deskagartu ondoren, kolpekaria eta morroiloa aztertzen hasi zen.

Manuel Tiagok amaieran Pirinioak aipatzen ditu. Euskal Herria ere ez baitago askotan dirudien bezain urrun Portugaldik. Gu ere saltsan, ezkutuko errealitatea azalarazteko balio du obrak. Horretarako du hitzostea ere. Nik ez dakit sartuko nukee, baina interesgarria bada.

Eta obra, guztiz gomendagarria. Baduelako gainera istorio nagusiaz gain itsaso bidezko migranteen egoera azaltzen duen ipuina. Afrika ginenekoa, Europa Piriniotan hasten zen garaian.

Antipodak

Uriarte. Benidorm. Literatura.

Hitz kuriosoa. Antipodak. Australia datorkit gogora. Buruz behera bizi den jende klase hori ea antipoda dugun. Badirudi historia kolonialean ez garela hain arrotz. Arrazakeria estrukturala herrialde bietan dugu. Klima? Berotze globalak izango du azken hitza, edo Sahararen hedapenak.

Baina halere antipoda deitzen diogu Australiari. Nik hari horri tiraka antipoda dei diezaioket Iñaki Uriarteri ere, eta, hala eta guztiz ere, bere egunerokoak interesgarri egin zaizkit. Akaso horregatik, hain juxtu.

New Yorken jaio zen Iñaki Uriarte, erbesteratutako familia jeltzale boteretsu baten eta migrante galiziarren baitan. Haur kozkorra zela, Donostiako Ondarretako villa batera lekualdatu zen familiak jende ilustrea gordetzen zuen etxean, jet-set kutsuz. Tenisa gustuko zuen eta Deustun ikasi.

Bi liburu batu ditu batean Logroñoko Pepitas de Calabazak, Diarios Iñaki Uriarte (2019), epilogo bat gehituta, 1999tik hasitako egunerokoa 2010a arte. Liburuaren edizio fina aipagarria da.

Iñaki Uriarte, donostiar bilbotartua, jeltzale familia baten baitan hazitako PSOEko botu emalea, Montaigneren zale sutsua, lana eta lan diziplinaren aurkako militantea, burges praktikantea, Benidormen goreslea, Ezker Abertzalearen gorrotatzailea, El Correoko literatur kritikaria, gautxori erretiratua, luma zorrotzaren jabea, deskribapen finen egilea eta literatura nahiz bidaien deskribatzaile gozoa.

Euskararen aurkako pasarteak terribleak dira, mingarriak. Zinegotzi ohi hau honezkero ez da izutzen bere hautu politikoari eginiko kritikekin. Bere pentsamendu soziala, bestalde, zentrokoa izan liteke aipatzen dituen lagunen pasarteekin alderatuta. Literaturan aldiz humanoago iruditu zait, zintzoago. Gehiago gustatu zaizkit, bere buruarekiko zintzotasunarekin batera.

Pasarte honek ondo islatzen du nire ustez egunerokoen tonua: Por otro lado: ¿Por qué los misioneros tienen siempre ese aspecto tan estupendo? Suelen aparecer retratados en medio de un grupo de desarrapados y son los que mejor cara tienen, los más sonrientes, los que parecen más sanos y alegres de todos. Hay ahí algo mosqueante.

Nik gozatu dut irakurmena. Akaso gehiago gozatuko nuke, hasiera batean egin zen bezala, bi liburutan banaturik aterako balitz obra. Luze xamar egin liteke egunerokoen liburukotea irakurtzea. Eta halere, irakurri berri ditudan hiru dietarioien artean, Erro, Pavese eta Uriarte, azken hau da ezbairik gabe interesgarriena.

Apalean egin diot lekua, antipoden, edo guk antipodatzat jotzen ditugun bizilagunen, kartografia gisa. Elkar ezagutzeko ez bada ere.