Laguna

Dolua. Galera. Nunez.

(spoiler trazak ditu jogurt honek, kontuz)

Nobela perfektua da Sigrid Nunezen (Anagrama, Mercedes Cebriánek itzulia, 3. edizioa 2021ekoa) El amigo. Eta, biziki gomendatu behar diot, bigarrenez, Uxue Razquin Ereineko editoreari hura sareetan gomendatu izana.

Nobelako protagonista New Yorken bizi da eta idazlea da, literatura eskolatan irakasle izateaz gain. Ezustean lagun bat galtzen du, laguna baino gehiago da egia esan, eta hori gutxi balitz traumatizaturik duen bere daniar handi arrazako zakurraren kargu egin beharko da.

Liburuan maistratasun handiz tartekatzen ditu laguntasunari, bikote heteronormatiboen errealitateari, maitasunari, literatari edota suizidioari buruzko gogoetak. Lortzen du idazle izateko ametsa izan dugunon edo dugunon jakinmina piztea eta, aldi berean, laguntasunari buruzi inoiz irakurri ditudan orri ederrenetakoak idaztea. Halakorik ez nuen sentitzen nerabe koxkor izan eta Astrid Lindgrenen nobelak irakurtzen nituenetik.

Eskatu, erosi, irakurri. Benetan merezi baitu.

Erdiko aurrelaria

Carvalho. Vazquez Montalbán. Bartzelona.

(jogurt honek spoiler arrastoak ditu)

Bartzelonaren arnasa eta Pepe Carvalhorena bat dira. Baten taupadak bestearen bularrean egiten du oihartzun. Eta, akaso horregatik, Vazquez Moltabanek gorpuzten du Bartzelonaren bilakaera bere detektibe ikonikoaren larruan.

Horrenbeste esan da dagoeneko gai honi buruz ez dakidala zer gehitu. Akaso, hemen horren futbolzaleak diren idazle gehiago egotea ona litzakeela.

El delantero centro fue asesinado al atardecer (Originala 1988koa, nik irakurri dudan edizioa 2017koa da, Planeta argitaletxeko Booket kolekziokoa) obran ondo ikusten da Joko Olinpikoek ekarriko zuten -eta zinez, ekarri zuten- eraldaketa inmobiliarioa eta gutxi batzuentzako aberastasuna. Hala, bi futbol taldetako aurrelari biren bizitzak nahastuz, bata aberatsa, bestea txiroa, kontatzen du nola hiri baten arima sal litekeen gutxi asko. Hori izan baitzen trantsizioa, batzuek pribilegioak mantentzeko ireki zuten atea beste gutxi batzuk aberastu zitezen.

Niri nobela gustatu zait, sagako beste batzuk baino hobea baita. Erritmoa du, pertsonaia ederrak -ze ederra den bi aurrelarien arteko kontrastea- eta kontatzen digu modu onean nola bati hiria muturren parean ebasten dioten bitartean hil litekeen lagun on bat. Bromuro, faltan edukiko zaitugu.

Freddie Mercuryren biharamuna

Carvalho. Samaranch. Montalban.

Ziur asko Carvalho sagako nobela txarrena da Sabotaje olímpico (orijinala 1993, Planetako nire edizioa 2022koa), eta, halaber, lortu du irria eragitea uneren batean. Pertsonaia eta tramak deliranteak dira eta delirantea zen ziur asko 1992an Bartzelonak arnasten zen kapitalismo garailearen mozkorraldia. Frankista olinpikoak, serbiar kulturistak eta Corcuera ministroa dira fikzio pertsonaien arteko batzuk, hain justu, Carvalhoren ohiko pertsonaiak hilik daudenean (Bromuro), sasi-erbestean (Biscuter) edo higuinduta (Charo). Hirian gertatzen ari zen antzaldaketa eta pertsonen kanporatzeaz du lotura, nire ustez, boluntario edo inboluntarioki.

Carvalhoren zale bazara saiatu, baina ez dadila zure lehen liburua izan. Bill Clinton Boris Yeltsinen ateraldiekin barrez lehertzen zen garaian idatzia da.

Carvalho Euskadin

Vazquez Montalban. Alonso. Maitasuna.

Polita izan da Jon Alonsoren Euskal Karma (Susa, 2003) eta Carvalho Euskadin (Susa, 2023) nobelak denbora tarte laburrean irakurri ahal izatea. Izan ere, iruditzen zait, Alonsok egile katalanari dion aprezioa nolabait borobiltzen duela azken lan honek -aprezioa diot ez delako debozioa, Euskal Karma irakurrita ondo uler litekeen moduan-, zeina jada ageri den kexu tartean ezkutaturik 2003ko liburuan.

Pepe Carvalho eta Enekoitz Ramirez, bi detektibe ikoniko ogitarteko formako trama duen nobela batean, bi hari osagarri eta bi garai politiko: milurte hasiera eta ETAren ondoreneko Euskal Herria. Kanpo begirada gure herriarengan eta herriaren erraiak ezagutzen dituen Lambas. Finean omenaldi bat da maitasunez betea genero beltzari, pertsonaia borobilak dituena -Sanchez Godin eta Guadalupe Agirre dira nire gustukoenak, Uriarte gutxietsi gabe-, eta gizarteari eginiko erradiografia zehatz eta zorrotzak.

Asko gozatu dut irakurketa eta, gainera, egilearen esfortzua goraipatu nahi dut: ahalegintzen baita Montalbanen estiloa garatzen eta, aldi berean, trama literario handiago baten parte bihurtu ahal izan du ahalegin hori. Chapeau.

Bukatzeko, kontu bitxi bi. Batetik, deigarria da 2023ko bi nafar egileren lanetan -Carvalho Euskadin eta Ura ez baita beti gardena- zein garrantzia eduki duen Uxue Barkosen Aldaketaren Gobernuko gertakizunak, tramaren elementu garrantzitsu baitira. Bestetik, adjektibo berri bat gehitu dut nire katalogora eta hori Alonsori zor diot: hanseatiko. Hemendik aurrera prestatu begirada hanseatikoa zuen bezalako esaldiak irakurtzeko.

Beltzaren zale zaretenok gozatuko duzue irakurketa.

Bekatari

Bekatua. Belaunaldia. Labandibar.

Ramiro Pinilla nobela labur lehiaketa irabazi zuen Goiatz Labandibarrek, ordura arte batez ere ipuingintza jorratua zuen Oiartzungo idazleak lan honen ernamuina zen idazlan bati esker. Eta, horri esker, irakurleok eskura dugu Bekatua (Erein, 2023), istorio fresko eta ederra. Sinopsia, spoiler arrikusrik gabekoa, honakoa da: 36 urteko Garazi, bikoteduna, bezperan ezagututako 19 urteko Mattinen ohean esnatu da. Hortik aurrerakoak dira, denak Garaziren burmuineko zurrunbiloaren fruitu direnak, apenas 95 orrialdetan kontatzen direnak. Arratsean irrati saioko elkarrizketa entzuten ari nintzela erabaki nuen goiz ala berandu irakurri nahi nuela, asko gustatu zitzaidan eta.

Horrez gain, Nora Arbelbidek 111 Akademiarako eginiko elkarrizketa honetan Labandibarrek kontatzen duenez “niretzat garrantzitsuena tonu zigortzailea ez izatea zen”. Eta, esan beharra dago, lortzen duela. Era berean, bat egiten dut elkarrizketatzailearen azpimarra batekin: emakume baten gogoetak ez ezik belaunaldi baten kontakizuna ere bada. Izan ere, bete-betean ikusi dut hor nire belaunaldia, gure erreferentzia, bizi momentu eta ajeekin. Gure pozak eta gure miseriak, Garazi protagonistaren hurbileko hainbat pertsonen -eta Garaziren norberaren- gorputzetan haragiztatuak. Gurasotasuna, bikote heterosexualen eguneroko mixeriak, harreman irekien zailtasuna… Hori guztia Garazik eztabaidatuko duen bitartean ea altxa eta ospa egin beharko zukeen edo ez, ea tekila-fresaren errua den edo ez.

Irakurketa gozamen hutsa izan da eta arratsalde eder askoa oparitu zidan. Kasik ukitu egin baitaiteke hezur-haragi-kontraesanezko Garazi hori. Uste dut edonor interesatzeko moduko istorioa ondu duela idazleak -meritua da hori- eta gainera uzten dituela ondoren bakoitzaren barne hausnarketareko aski hari mutur.

Gomendagarria oso.

Francis Baconen triptiko bat

Apurtu. Kontatu. García Molina.

Ez dut gogoan noiz, non eta nola erosi nuen liburua. Akaso ONA liburu dendan erosia izan zen, Bartzelonan katalanezko azterketa egin nuen 2023ko maiatzeko asteburuan. Baliteke ere asteburu bereko ostiralean Hedoi Etxarteren “Els orientals” liburuaren aurkezpenean feriatu izana Calders liburu denda betean. Edo, nork daki, agian hilabete beranduago Lleida hiriburuan erosi nuen udako solstizio egunetan, katalandegiko azterketa egin nuen beste aldi gogoangarri hartan.

Ez dut uste faldoiak -uste dut izen hori duela- erakarri ninduenik, Premi Llibreter 2023 jarri arren. Gorroto dut liburuei paperezko kortse itsusi hori ezartzea eta erosteaz bat kentzea izan ohi da nire zeregin obsesiboetako bat. Gorroto dut baita ere gorroto dudan horren izenaz zalantza edukitzea, gorrotoaren hartzaile den horren izenarekin segurtasun eza edukitzeak nire gorrotoa bera ezbaian jartzen baitu.

Cristina García Molina idazle puska bat da eta, Els irredempts (La breu edicions, 2022), liburu zoragarria. Idazleak hitz hurrenkere bitxi eta indartsuak sortzen ditu. Baitaa tmosfera itxi eta biziak ere, estuasun txupito direnak. Irakurri aukera baduzue, benetan. Hemen lagin bat:

La poesia és un exili. L’oblit és un exili. La bogeria és un exili. La felicitat dels altres és un exili. L’èxtasi és un exili. La mort és un exili. El coneixement és un exili, el més gran. L’exili és un exili.

Miangolarratarrak

Erbestea. Eskuzabaltasuna. Literatura.

Idazle gutxi dago gurean ofizioa Patxi Zubizarretak bezain ondo dominatu eta ezagutzen duenik. Bere liburu bakoitza literaturari eginiko gorazarre bat da eta sentsibilitate nahiz ezagutza printzak uzten ditu nonahi.

Halakotan gerta liteke ere edertasunaren esklabu izatea idazlea eta lirikotasunaren estartatan galtzea istorioaren mamia. Ez dakit konparazioa zilegi den, bertso saioetatik hartua baita, non zuzenekotasuna eta kolektibotasuna batzen diren, baina liburu batzuk ederrak izanagatik ere “ez dira lehertzen”. Alegia, badagoela batzuetan prosa mota bat non marabilla ukitzen den eta era berean mokadua eginda ahoa bete gabeko sentsazioa geratzen zaizun.

Hala sentitu naiz ni Miangolarratarren uberan (Txalaparta, 2023) obra irakurtzean. Liburua eder-ederra da eta dudarik gabe merezi du irakurtzea. Kontatzen ditu Zubizarretak ezagunak (eta niretzat behintzat) hain ezagunak ez direnak: Sota familiaren nondik norakoak, erbestea eta haren paradoxak (arrakasta eta porrota izan baitaitezke berdin gaitzezgarri erbestean direnentzat sorterrian geratu direnen begietara) eta Euskal Herrian gutxi izan arren funtsezko izan den jende klase baten kasta: mezenas diskretu eta eskuzabalean.

Izan ere Miangolarra-Gorostiaga familia hainbat saltsatan nahasturik egon da modu erabakigarrian Venezuelako deserritik itzuli ostean: dela Vasconia liburuaren publikazioa, Ez dok amairuko diska grabazioak Groseko estudio klandestino batean, Herri Gogoa diskoetxea, Jon Miranderen poemen argitalpen berantiarra…

Azken mende erdiko epika abertzale nagusi bietan hanka bana zuten (epika instituzionala jeltzalea eta erreformarekiko disidentea zen abertzaletasunaren herrigintza epika) Miangolarratarren istorioak jakin ditu Zubizarretak nahasten hainbat pasadizo ederrekin: Huidobroren behiaren kontuak, Cernudaren olerkia mutiko bati, Maria Callas Bilbon egon zenekoa… Nik faltan eduki dut apur bat gehiago arakatzea gizon-emakume horien psikologian eta nolabaiteko sakontasun handiagoa eskertuko nuke hainbat pasartetan. Halaber, hau ez da “baina” txiki bat besterik ortu ederrean.

Gauez harrizko zubiaren azpian

Perutz. Praga. Juduak.

Ez nekien zenbat behar nuen liburu hau eskuetan eduki dudan arte. Orain badakit zeinen ederra den eta trobalari mediebalek Okzitanian aipatzen zuten añorançaren antzeko zerbait bizi izan dut arrotz zaidan, ezagutuko ez dudan eta liburuetan soilik existitzen den Pragako auzo juduarekiko.

Hala baita Leo Perutz idazle judu txekian jaio eta Austrian hazitakoaren Gauez harrizko zubiaren azpian (Elkar, 2019, Txiliku eta Joxe Mari Berasategik euskarara itzulia) ipuin liburu nobelatua.

Nobela historikoa da? Bai. Ipuin liburua da? Baita ere. Nobela erromantikoen zakuan sar liteke? Hala egingo nuke nik. Ez dago kontraesanik esan dudan horretan, kontrakoa dirudien arren.

Izan ere begitantzen ahal zaigu hari solte gabeko narrazioak direla baina barren-barrenean hor ageri dira hiru pertsonaia nagusi eta haien arteko maitasun triangelu bat, non batzen diren Mordechai Meisl judu filantropo boteretsua, honen emazte Esther -ederretan ederrena- eta Rudolf II. enperadorea -zeina mandatari txiroa, alkimia zalea eta katoliko porrokatua zen-. Eta Perutzek jakingo du umorea sartzen hainbat unetan tristura handi baten arrakalatan -juduekiko pertsekuzio eta jazarpena-, are gehiago dakigunean obra Palestinako erbestean idatzia izan zela II. Mundu Gerran zehar -sionismoarekiko kritikoa izatea eskertu behar diot Perutzi egungo sarraski sionistaren testuinguruan- eta hirigintza modak tarteko suntsitua zen unibertso bat zuela ardatz, Pragako auzo judua deritzona.

Ipuinak soltean ederrak dira, bukaeran ordenarik gabeko nobela eder bat osatzen dute eta niri lagundu dit errealitatearen zama apur bat arintzen. Ez dakit zer gehiago esan. Ederra dela, irudimena pizten duela eta aspaldian irakurri ez dudan maitasun istorio konpletoenetariko bat biltzen duela dituen 300 pasa orrialdetan.

Zure landen zabalera

Noir. Lasa. Erribera.

Benitoren kanta. HIruzpalau topiko. Eta hor amaitzen da erromatarrek eta euskaltzaleek Ager deritzoten eremuko hegoaldeari buruz dakidana.

Akaso horregatik heldu nion atera bezain laster Irun Hiriko Kutxa Literatur Lehiaketa Saria 2023. urte honetan irabazi duen Xabi Lasaren Ura ez baita gardena (Elkar, 2023) obrari. Beno, horregatik eta maiz badudalako radarra ezarria Euskal Herriko eta inguruneko nobela beltzetan. Asko ikasten dut irakurriz, konparatuz eta, kasu honetan bezala, gozatuz.

Sara Zaldaiz teknikari gaitu, prestu eta zorrotza da. Ardura postua du Nafarroako gobernu berrian –Uxue Barkosen aroari egiten dio erreferentzia obrak fikziozko izenekin, toponimoak eurak ere fikziozkoak direlarik- eta Lurribar herrira joan beharko da hango NAK -UPN izendatzeko beste modu bat- alderdiko alkateak deituta: uraren kontura sestran ari da nekazariekin eta Nafar Gobernua inplikatu nahi du soluzioan. Hor korapilatuko da kontua eta Sarak, gure Sara gisa izendatu dezakegunak, bere bizitza lasaia emozioz nola betetzen den ikusiko du.

Gogorarazpen lagunkoia: lasai, ez baitut spoilerrik egingo. Segi dezakezue irakurtzen.

Ea, gustatu zaizkidanak eta beste era batera egingo nituzkeenak zerrendatuko ditut.

Batetik, gustatu zait protagonista, Sara. Badu izakera gogorra, badu heroiaren traza eta, jakina, uste dut ondo egokituko litzatekeela Ainhoa Sanzekin -hamabost minutuz asko jota, baina tira-. Gustatu zait ere Erriberako informazioa ematea -hango trikimailu politikoak, nekazarien indarra etab- eta oso ondo deskribatzen du idazleak gobernuko barruko martxa, ziur asko berari hori ezagutzea tokatu zaiolako. Eta, batez ere, liburuak engantxatu nau: egon da tramak kirrinka egin didan uneren bat edo beste, baina hala eta guztiz ere ezin izan diot irakurtzeari utzi. Harrapatu nau eta oso positibotzat dut hori.

Erabilitako hizkerak dudak eragin dizkit hasieran. Jasoegia edo. Baina, kontrara, eragin didan galdera da ea nola hitz egingo luketen maila sozial horretako, enpresa garrantzitsuen ordezkariak edota goi mailako politikariak, euskaraz eta dudan erreferente falta horiek zer dioen gure hizkuntzaren egoera pattalaz. Halaber gainditu dut hori eta faltan bota dut gero Erriberako daturen bat gehiago edo beste: hango batek bakarri jakingo lituzkeen gauzak, adibidez. Horrek niri behintzat laguntzen dit hobeto murgiltzen idazleak planteatzen digun eskenatokian.

Kontu txiki gehiago ale nitzakeen akaso -bukaerari buruz esaterako-, baina uste dut eskertzekoa dela idazle berri bat plazaratzea eta espero izatekoa hasiera honek jarraipena edukitzea. Egin dezagun topa horren alde!

El noi del sucre

Salvador Seguí. Xavier Diez. Anarkismoa.

Salvador Seguí margolaria, langilea, autodidakta. Salvador Seguí bizizalea, mitinlari prestua, barrikadako lehen lerroko kide eta era berean irekia. Salvador Seguí mitikoa, gazte hila Sindikatu Libreko -patronalak artifizialki elikatutako sindikatua CNT desinflatzeko- soldatapeko pistolarien eskutik, eta orain Xavier Diez irakasleak El pensament polític de Salvador Seguí liburuan (Virus, 2016) pentsalari gisa erreibindikatua.

Salvador Seguíren ibilbidea aletzeaz batera bere pentsamendu politikoa erreibindikatzea da idazlearen asmoa, izan ere, ekintza gizona zen heinean soilik espetxealdiko barealdia -nolabait esatearren- baliatu izan baitzuen patxadaz idazteko.

Gustatu zait Seguí eta gustatu zait Diez. Lehenak bazuelako ezohikoa den gaitasun eta ikuspegi estrategikoa, alimaleko gaitasuna langile klasearen beharrak identifikatzeko eta baita ere unean uneko gertakari historikoen -sobieten iraultza adibidez- analizatzeko. Era berean gai zen aliantzak proposatu eta errazkeriari izkin egiteko. Bigarrenak liburu mardul eta mamitsua egin du erreferentzien aldetik eta, era berean, irakurtzeko gustagarria dena.

Pena dut Seguíren erailketaren mendeurreneko erakusketa ez ikusi izana ekainean -aukera edukita ere ez bainintzen joan- Bartzelonako Palau Roberten eta, orain, nahiko nuke gehiago jakin gizon horri buruz. Zortez, baditut lagun katalanak lagun nazaketenak bilaketa horretan eta baita ere obra honen bibliografia zerrenda oparoa ere.

Animatzen zaituztet leiho bat irekitzera urruna eta era beran aktuala den pertsonaia eta borroka horri.