Ohoinen ohorea

Konbentzio gerra. Iraultzaren itzala. Adur.

Gure herriaren lurra orbanez betea da. Irakurri Pablo Antoñanaren obra eta Lizarraldeko karlista guduetan isuritako odolak zargalduko dizu begitartea. Barojaren lanak hartu esku artean eta Bidasoa aldeko kontuek aurpegia ilunduko dizute. Eresiak entzunda Mondragoe bazter hauetako pasadizioak eta Mexikoko narkoenak alderatuko dituzu. Rafael Chirbesek euskaldunon pultsio kainita deituko dio. Nire lagun batek, ziur asko begi zoliagoz, kolonizatutako herrialdeetan gertatzen diren dinamikak ikusten ditu.

Kasu honetan Lurbinttoko Ohoinak (Adur Larrea, Elkar, 2022, EKE sormen bekaren irabazlea) lanak Lapurdiko penuriak kontatzen ditu. Adur Larrea jada eskarmentuduna den komikigilea da eta besteak beste Antzara eguna (Txalaparta, 2019) komiki ederraren marrazkilaria.

Komikia ekintzaz betea da, bizia, eta halere ondo dokumentatua historian eta hizkuntzan. Kontatzen ditu nolako ifrentzua eduki zuen Frantziar Iraultzak Euskal Herrian eta nola ordaindu zuen prezio altu bat batetik erakunde propioak galduz eta bestetik muga lurralde gisa inoren gerratan inplikatuz. Komikian ondo kontatzen da landetaratuen tragedia -Euskal Herrian nire ustez aski ezaguna ez den gertakizun lazgarria-, desertoreen patua -gudaroste batetik ihes egin beste batean amaitzeko- eta irabazleen errepresio gordina. Ohoinena -lapurrena- ez zen izan superbibentzia estrategia besterik, lapurreta eta pobrezia eskutik helduta doazenaren seinale -jakina, hemen ez ditut aipatzen boterearen arpilatzeak, horiek beti irteten baitira airos-.

Gustatu zait nola marraztu duen akzioa, Adurrek berea duen estiloari eutsita gainera, eta bereziki flipatu naute herri, baserri eta beste hainbaten marrazki eder askoek. Gidoia, aipatu dudan arren merezi du errepikatzea, landua da eta istorioa, aldiz, tragedia bati dagokiona bezain bibrantea. Berrehun urte besterik ez dira pasa,apur bat gehiago, gertakari horietatik. Gezurra dirudi zenbat gauza gertatu diren ordutik. Baina hain da aktuala kontakizuna, hain da garrantzitsua jabetzea eguzki indartsuenak ere proportzio berean sortzen duela kontrako duen itzala, ezinbestekoa dela berau irakurtzea. Nire aldetik egileari eskerrak ematea dagokit, besterik ez.