Uno dei piĆ¹ grandi

Verdi. Opera. Italia

Nabucco, Il trovatore, Macbeth, La traviata, Aida, Otelloo, Falstaff, Rigoletto… Ugari dira Giuseppe Verdi XIX. mendeko operagile italiarraren obra ezagunak. La Roncole herrian 1813an jaiotako musikagilea, familia xume baten semea, aberastu eta desklasatu ostean lurjabe handi bihurtutakoa. Kontraesankorra, antiklerikala eta apur bat katolikoa, diruaren jagole xuhurra eta familia txiroen laguntzailea, nagusi zekena eta bere obren egiletza eskubideak musikari zaharren egoitza finantzatzeko utzi zuena, politikaria eta politikari kasu handirik egiten ez ziona, lotsatia bezain harroa, Italiako nazioari ez ezik estatuaren jaiotzari musika jarri ziona, maisua izanik ere beti ikasteko prest zena, tentea eta aldi berean entzuten zekiena…

Ezaugarri horiek eta gehiago jaso zituen Itziar Gilleneak Verdi (Elkar Biografiak, 2007) lan mardulean. Ez zen erraza izango, maisuaren bizitza pribatuaz askorik ez dakigulako, baina eskertzen diot egile gisa Gilleneari bere iritziak eta hipotesiak plazaratzea.

Gustura irakurri dut eta lagundu dit operari, Verdiri eta hainbeste maite dudan Italiari buruz apur bat gehiago ezagutzen. Gomendagarria.