Detektibearen izaeraz

Ikertzailearen disekzioa. Chandler. Gutunak.

James Sandoe-ri

1949ko maiatzaren 12an

Ametitzen dut ezin bada detektibe aski dominatzailerik sortu, konpentsa litekeela hau, hein handi batean, istorioaren arrisku eta emozioetan inplikatuta; halaber, horrek ez dakar aurrerapausorik, izan ere, atzerapausoa da eta. Garrantzitsua dena da detektibea existitzea osorik eta pieza bateko eta ez dezala hau aldatu gertatzen den ezerk; izan ere, detektibea istoriotik at baitago eta baita gainetik ere, hala egongo da beti. Horregatik, inoiz ez da neskarekin geratuko, inoiz ez da ezkontzen, ez du bizi pribaturik salbu nonbaiten jan eta lo egin beharra duelako eta baita arropa ere gorde. Bere indar moral eta intelektuala da ez duela beste ezer jasotzen bere soldata ezik, eta, horren truke, errugabea babestuko du gaiztoa suntsituz, eta hau mundu ustel batean egin beharra irabazi ziztrin batzuen truke da aparte mantentzen duena. Aberats aspertu batek ez du ezer galtzekorik bere duintasuna ezik; profesionala hiri zibilizazioaren presio denen menpean da eta hauengandik goratu beharra du bere lana egiteko. Batzuetan legea hautsiko du, berak justizia ordezkatzen duelako eta ez legea. Zauritu dezakete eta baita engainatu ere, gizakia delako; behar gorrian, erahil lezake ere. Baina ez du ezer bere kabuz egiten. Jakina, detektibe gisa hori ez da existitzen mundu errealean. Mundu errealeko detektibe pribatua Burns Agentziako epaile txiki xuhur bat da, edota abokatu bat edota iruzurti arrakastatsu bat. Trafiko kartel batek besteko tamaina morala du, gutxi gorabehera.

Polizia nobela ez da eta ez da izango inoiz “detektibe bati buruzko nobela”. Detektibea soilik sartzen da katalizatzaile gisa. Eta ateratzen da zehazki sartu aurretik zen bezalakoa.

Raymond Chandller handiaren gutun hau ageri da A mis mejores amigos no los he visto nunca (Debolsillo 2013, originala 1945ekoa da, itzultzaileak Cesar Aira eta Juan Manuel Ibeas) lanean. Mesanotxean eduki dut bi urte luzez, Irati Jimenezek gomendatuta. Ezingo diot inoiz nahikoa eskertu aholku hori.

Orain, behin liburua inprentara bidean dudala. Apalategira bueltatzeko ordua da. Espero dut, aurki, nahkoa gaitasun edukitzea aitzakiaren bat asmatu eta liburua berriro ere mesanotxera bueltatzeko.

(Gutunaren itzulpena nirea da).

Bidezidorra

Heltzea. Heltzea, bigarren adiera batean. Martin i Serra.

Badira liburu batzuk, hain ederrak eurak, beti pentsatzen duzula okertuko direla uneren batean. Alegia, horrenbeste edertasun ez dela mundu honetakoa, eta, horrenbestez, zerbaitek edo norbaitek (idazleak, kasu honetan) zigortuko gaituela hamaika penuriekin. Judu eta kristauak gara, baita mezatara joaten ez garenok ere, eta susmo horrekin bizitzea tokatu zaigu. Zer egingo diogu bada.

Hori sentitu dut Miquel Martin i Serraren La drecera (Edicions del periscopi, 11. ediizioa, 2021) irakurtzean. Bertan, narratzaileak, haur bat da protagonista Empordàko herri batean duela berrogei bat urte, bere ingurunea deskribatzen digu bere begi zoli eta eskuzabalekin. Mutikoaren gurasoak txalet bat zaindu eta zerbitzatzen duten morroiak dira, kostak eta landa eremuak bate egiten duten tokian, eta etxeko nagusien jiran antolatua dute bizitza. Bartzelonako aberatsen uhinak iristen baitira haraino, horien iate, filipinar neskame, luxu eta gaztelaniazko hitzekin.

Narratzailea, protagonista dena, haurtzaroa eta nerabezaroaren arteko atea zeharkatzekotan da eta zoriontsu da bere guraso, lagun eta bizilagunekin. Alboko Mas Bou etxaldeko Pituk animalien zaintza nola erakutsiko dio. Aitak orduan nola aritu eta baita bizitzarako aholku baliotsuak eman ere.Amak mandatatura bidaliko du eta baita gauza goxoak sukaldean prestatu ere.

Heltze horretan narratzaileak sexualitatearen pizkundea ezagutuko du, laguntasunean aldaketak pertzibitu eta sufrituko du, baita majo sufritu ere, tragedia baten ondorioz. Halere mutil majoa da, sano askoa, eta uste dut hori dela orriz orri transmititzen dena. Garai baten, bizimodu baten erretratua baita obra eta nabari da, bai, egileak heldu nahi diola eskuetatik ihes egin dion iragan bati. Jada ez dago halako herririk. Jada ez dago halako gizatasunik, Paco pertsonaia zeharo maitakorra da zentzu horretan, eta geratzen zaiguna da iragana ahalik eta era aberatsenean kontatzea, eder, ondorengoek leihoa ireki eta izan ginena ikus dezaten.

Irakurketa atsegina eta oso gomendagarria da.

PS: oso hizkera aberatsa darabil eta sufritu du katalan ikasle honek, baina horrek ez dit gozamenean kalterik ekarri.

Heroi baten bila

Hugo Pratt. Corto Maltese. Artea.

Corto Maltese Arrasateko Bibliotekari esker ezagutu nuen. Beste behin blog honetan eskertu behar diet haien begi zolia literatura onari aldare bat eraikitzeko orduan. Liburu gehienak irentsi nituen, nola ahaztu La balada del mar salado hura, Rasputin bezalako pertsonaia gogoangarriez betea eta Stevensonen unibertsoari elemento bisualak gehitzen dizkiona. Gogan dut marrazkien irekitasuna, orrialdetako bineten banaketa zurruna, beti lerro zuzena ezkerretik eskuinera eta horizontalki.

Thierry Thomasen La aventura soñada -Un retrato de Hugo Pratt (Siruela 2022, Regina López Muñozek itzulia, Goncourt Biografia saria 2020) liburuari esker dakit Londresen egon zela Pratt akuarela teknika lantzen akademian. Hori, eta komikilari eta gidoilariaren beste hainbat bitxikeria eta sakonkeria ezagutu ditut.

Izan ere, begiak itxi eta irudika dezaket Genovatik abiatu den tren batean sartuta Hugo Pratt, bere bizitza apaletik ateratzeko garrantzitsua den lan elkarrizketara bidean. 1970 urtea da Berrogei urte bueltan du, esperientzia komikilari gisa, baita bere talentua ez da “lehertu”, bertsozaleek esango luketen maneran. Heroia falta omen zitzaion horretarako Thomasen arabera, artean Corto eta Hugok ez zuten elkar ezagutzen.

Liburuan kontatzen zaigu Veneziak izan zuen garrantzia Hugoren bizitzan, baita bere aitona faxistaren itzala ere, Afrikan soldadu hil zitzaion aita, Argentinara eginiko bidaia eta abar. Hugo Pratt ageri da Stevensonen altxorren bila, Hugo Pratt komikilari totala, Wagnerren antzera musika/marrazkia eta letrak banaezinak direla uste duena.

Interesgarria da liburua eta iradokitzailea, uste dut hori dela adjektiboa. Ez espero kontakizun linealik, ezta kronologia esturik. Amaierako orrietan salbu non baden urteekin lotura bat, idazleak bere oroitzapenak, irudimen ariketak eta Pratten bizipenak nahasten ditu. Komikigintzari eta sormenari buruz gehiago jakin nahi duenarentzat interesgarria.

Heroi bat behar da batzuetan, bai horixe. Zortedunak dira hura aurkitzeko gai direnak.

Bartzelonako indiarrak

Bartzelona. Nopca. Ipuinak.

Bartzelonako indiarrei abesten zien Manu Chaok Mano Negra taldean.

Welcome anywhere you come from
You’ll lose your life or find a home here
Cause some do it right some do it wrong
Some are talkin’ wise some they’re running their tongues

Zer geratzen da Bartzelona hartatik? Welcome hori benetakoa zen? Izatekotan Forum aurretik zen hura. Artan Maria Mercè Marçal bizirik zegoen eta Princesa zinema zutik. Independentistak lau katu ziren. José Montilla ez zen artean Presidenta. World Mobile Congress ez zen kimera besterik. HIri hura da gaur egungoa? Bai eta ez, Jon Maiaren Bilbo oraindik zaharra den beste.

Hiri garrantzitsua da Bartzelona, hori ezin uka.

Jo du eguzkiak ordutik, sarreran aipatu dudan kantutik hona. Milurte hasieran gizendu eta kolpean mehetu ziren mendebaldeko gizartearen betierezko hazkunde ametsak. 2008ko krisiak kolpatu gintuen denok eta zerbait hautsi zen atmosferan, Friends moduko serie baten planteamendua zerbait ulertezina, edo are okerrago dena, naifa, bihurtzeraino. Krisi urteetako testuinguru horretan bikote harreman heterosexualei idazten die Jordi Nopcak Puja a casa (l’altra editorial 2014, Documenta saria urte berean) ipuin bilduman.

Liburua oso-oso-oso-oso-oso ona da. Ez dut lotsarik halako laudorioak botatzeko. Baditu akaso ipuin batzuk ez direna borobil-borobilak, kirrinka egiten duen amaieraren bat edo beste, baina oro har dituen une argitsuak hain dira distiratsuak merezi duena lausengu oro. No te’n vagis, En Fèlix Palme i l’Angels Quintana tenen problemes edota Navalla suïssa ipuin apartak dira. Pertsonaien izaera, atmosferen deskribapena, argumentuen benetakotasuna… hain dira ederrak! Narraziotan garratza izan gabe guztiz, Euskal Herrian maiz dugu hartarako joera, idazleak ondo konbinatzen ditu askotariko zaporeak. Akaso beste itsatso baten ertzean daudelako, beste argi bat dute han, zer dakit nik, baina ez zait pareko obrarik okurritu gurean. Eta behar dugu halakorik, bai horixe.

PS: Ciutat Invisible liburudendako dendariak aholkatu zidan obra, zorretan nago berarekin. Moltes gràcies.

Aztarna faltsuak

Western. Geruzak. Komikia.

Frank aktorea da eta turistentzako ikuskizun batean 15 urtez Jake Johnson marshalaren papera antzeztu du. Baditu justiziaren eta zorroztasun historikoaren zaintzaren nozioa zeharo barneratuta. Halaber ez dio askorik balioko horrek, goizetik gauera krudelki langabezian uzten dute eta: zaharregia da, indarkeria transmititzen omen du (yankeeak halakoak dira, tiroteo bat antzezten duen aktoreari indarkeria jariatzea egozteko bezain zinikoak) eta gainera psikiatra batek diagnostikatu du ez dituela ondo bereizten fikzioa eta errealitatea.

Lankideek errukituta lana galdu duen gizonari ibilbide turistiko bat oparituko diote basamortuan John Houston eta beste hainbatek famatu eginiko bazterrak ezagutzeko. Komikia da Bruno Duhamelen Aztarna faltsuak (Harriet Ediciones 2022, Miel A. Elustondok euskaratua) eta esan beharra dago sorpresa atsegina izan dela niretzat. Izan ere, a priori sinplea den istorio batetik abiatuta lortzen du egileak egungo mendebaldeko gizarteen (ala gizartearen?) erradiografia egitea westerna bezalako genero klasiko bati arnasa ematearekin batera. Frank protagonista marine ohi batengana hurbilduko da, hura ere bidaide duena ibilbide turistikoan eta indarkeria antzerkian baino hurrago ezagutu duena, eta partekatuko du bidaia cliché izan gabe gizarte poliedrikoa marrazten duten norbanakoekin. Abentura eta kalentura artean indiarrak, Las Vegas eta mendebalde urruneko beste hainbeste bazter ezagun azalduko zaizkigu, legez kanpoko migrazioa eta antzeko beste hainbat gai garaikiderekin uztartuta.

Ez du nire ustez egileak lan honekin helburu handirik (helburu handiak gainbaloratuta daude literaturan) baina era berean balio digu entretenitzeko, hausnartzeko eta mundu horretan barneratzeko. Joder, horregatik beragatik oso liburu ona da! Marrazkiak gustatu zaizkit, pertsonaiak ondo marraztuak daude (Franken noraeza agerikoa bikaina da eta gida turistikoa aparta) eta zer gahiago esan, tarte ona pasa dudala irakurtzen.

Bukatzeko itzulpena ere gustatu zait, Elustondorena, eta eskertzekoa da halako komikiak euskaraz irakurri ahal izatea. Euskarazko liburu edizioa heroikoa den bitartean halakoak esan beharra dagoela deritzot.

Txoferraren semeak

Alfons Quintà. Jordi Pujol. Kazetaritza.

Ez ditut Kataluniako gorabehera politikoak guztiz kontrolatzen. Ez behintzat nahi beste. Horregatik ezin diet tamainarik hartu Josep Pla edo Jordi Pujol bezalako pertsonaiei. Zer diametro ote zuen aurrenekoak sortua zuen Kamelot horren mahai borobilak (Kamelot esaten dio egileak Plaren bueltako intelektual bilguneari, tartean Joan Fuster bera ere baitan hartzen zuena). Edo zer alturatakoa izan zen torturatua izan, banku baten bidez abertzaletasuna sustatu (sic, norbere poltsikoa eta hurbilekoean majo gizendu eta gero) eta president izanda ustelkerian hondoratu zen Icaroren hegaldia.

Eta halere ezagutza falta horrek ez dio Jordi Amaten El hijo del chófer (Tusquets, 2020) lanaren irakurketari gozamen izpirik kendu. Izan ere, egileak istorio harrigarri bat kontatzeaz gain lortzen du hitzostean aipatzen duen hori era bikainean transmititzea: kasua ezagutu ahala sortu zitzaion harridura. <<Baina nola izan zen hori posible?>> galdetzen baitzion bere kolkoari datu bat bestearekin lotu ostean. Izan ere, jakin ahala flipatzen duen gizonaren tonuan asmatu izana da da egilearen bertute nagusia, ez baita manikeismoan erortzen, eta horri gehitu behar zaio dokumentazio lan sakona. Gainera, akademiatik aldentzen den idazkerak on asko egiten digu guri, irakurleoi.

Eta zer kontatzen duen liburuak? Bada Alfons Quintàren bizitza, hasten dena bere aita laguntzen zuenean Josep Pla idazlearen etxera. Aita kabroia, hemen digresio txiki bat egingo dut, bere emazte eta semea benetan txarto tratatu zituena. Laguntzen zuen Josep Quintà aita hura literatura gizon ezagunaren mandatugile zelako, baita bukaerarako Plaren lagun ere, eta horri esker ezagutu zuen 1950 urtetik aurrera Kataluniako banka, hedabide eta jaiotzear zeuden alderdi politikoetan norbait ziren edo izango ziren horiek. Pajaro ederra Quintà semea. Hamasei urterekin Josep Plà txantajeatzeko bezain eskrupulurik gabea, psikopatia zantzuak zituen maitale toxikoa (bere bikote ohia akabatu ostean egin zuen bere buruaz beste), kazetari zorrotz nekaezina eta hamaika iturriduna, TV3eko lehen zuzendaria eta abar. Bere biziaren jarraipenak laguntzen du azaltzen nola egiten den gora inguruotan, kontaktu bidez, eta nola Banca Catalana auziaren bueltan izan zituen Quintàk bere argiak baina baita bere iluntasuneko hastapenak.

Bukatzeko kazetaritza ariketa ederra ere bada Amatek planteatzen duena eta medioei buruzko hausnarketa zorrotza. Erromantizismotik urrun, txorradarik gabe, medio eta ekonomia interesen arteko lotura estua kontatzen du. Dena den, detaile bat Quintàren alde: guztiz bat egiten dut TV3rako zuen helburuekin eta jefe negargarri eta despota bazen ere aurre egiten jakin zuen PSOEk katalanezko telebistari egotzi nahi izan zion folklore eta irrelebantzia kutsuari. Horregatik daude haiek dauden moduan eta gu, tamalez, gauden moduan.

Liburu lapurra

Paris. Daniel Brodin. Lizarra.

(Adi, post honek spoiler arrastoak ditu).

Aurreiritziak hurkoarentzat txarrak badira ere batez ere norberari egiten diete kalte. Aurreiritziek bizitza sinpletu (ez beti erraztu) nahia omen dute xede eta horrek kostua dakarkio bati ezinbestean. Esate baterako, liburu eder bat irakurri gabe geratzeko arriskua. Zortez, baten irakurle gosea handiagoa da aurreiritziak baino eta horregatik sartu nintzen Lizarrako Dragon komiki dendara. Friki klasikoentzat (hau bai kontzeptu lausoa, ezta?) tenplua espero nuen eta bai, hori ere bada, baina hori baino gehiago badela ere aurkitu nuen: komiki eskaintza oso zabala duen denda eta ezagutza izugarria duen komiki saltzaile euskalduna (hori lotsa lehen hitza gaztelaniaz egin nionean eta hark euskaraz erantzun). Eskatu nion gomendatzeko komiki bat literaturari buruz eta hark hiru atera zizkidan, hirurak ezagutzeke nituenak. Ausaz bat aukeratu eta hori gozatua hartu dudana Alessandro Tota gidoilariaren eta Pierre Van Hove marrazkilariaren El ladrón de libros (Elmonolibre,2021, originala 2015ekoa frantsesez eta itzulpena Isabel Pérez Van Kappelena) irakurtzean.

Bertan kontatzen zaigu 1953. urteko Parisen Daniel Brodin ikasleak bizi duen eraldaketa literatura munduan leku bat egin nahi izateko ahaleginean. Mutila herri txiki batetik Parisera bizitzera joan da, osaba-izeba komunisten etxera, zuzenbide fakultatean ikasi nahi duelako. Alabaina, larritasunak eragindako plagio ekintza batek eragin dion famak eroango du mutila ikasketak utzi, lana mespretxatu, literatura stablishmentaren aurka dauden taldeak ezagutu eta hauen lagun egitera. Langile soilak eta burgesak, biak, mespretxatzen ditu eta berak idazle bohemio izan nahi du denaren gainetik.

Mutila aurkezten zaigu poeta eta liburu lapur gisa. Ondoren loria ukituko du engainu bidez, gerra osteko Pariseko literatura mundutxoan murgilduko da eta lagunak egingo ditu, tragediaren eta gaztetasunak dakarren grin euforikoaren artean balantzak dabiltzanak. Emakume bat ezagutuko du, ikasketak utzi, literatura stablishmentari barre egin eta baita legeari iseka ere. Tartean galdera bat etengabe protagonistak buruan bueltaka duena:

-Zergatik batzuek lortu dute arrakasta literaturan eta nik ez?

Horra honetan gabiltzanoi maiz burura datorkigun galdera. Homer Simpsonek ere egin zuen hausnarketa bera, nahi gabe arte garaikidea sortu zuen kapitulu gogoangarri batean. Kalitatea, fama, merezimendua eta justizia. Akuilu batzuetan, urkamendiko soka gehienetan, den gogoeta-bidea.

-Zergatik nik ez?

Zaila da erantzun bakar bat aurkitzea. Komikiko pertsonaia nagusiak arrakasta nahi du denaren gainetik, ondo idaztea baino gehiago akaso. Nor izan. Nire ustez, literaturarekiko maitasuna da bidea, frustrazioa eta inbidia aldiz galbidea. Halaber erraza da hau esaten, ez beti egiten.

Liburua gomendagarria da zeharo, irentsi egiten da,eta eskapatu zaidan arren erreferentziaren bat (ez dut Frantziako abangoardien historia guztiz menperatzen) gidoia izugarri ona iruditu zait. Akaso marrazkien estiloa ez da nire gustukoa, punta zorrotz gabe borobiltasun hori, baina zuri-beltzezko emaitza ona ez ezik oso ona da.

Azken puntu bat. Barregarria da nola poetagaia, Daniel Brodin gazte malapartatua, jabetzen denean talentugabea dela horretarako nobela bat idazteko helburuaz hasten den. Barre asko egin dut horrekin, oso zirto aproposa da.

Literaturarena klub itxia da, liburuena ez. Horra nik urteekin ikasi dudana.

26 urte

Hemingway. Ipuinak. Amerika.

26 urte zituen Ernest Hemingwayek In Our Time (nik irakurri dut Debolsilloren 2020ko itzulpena gaztelaniara, Rolando Costak itzulia eta Ricardo Pigliaren hitzaurrea duena). Ez sinestekoa da halako gazte batek horrela idatz zezakeenik. Haluzinantea. Ipuinei darien heldutasuna, udazken usaina, estiloaren depurazioa, liburuaren egitura… idazle beterano baten obra dirudi. Ados nago horretan kontrazalak dioenarekin sinopsian.

Liburuko ipuinen haria, intermezzo diren kapituluak gerrari buruzkoak dira eta iradokitzen dute protagonistak oroitu (nahi ez) duena, Nick Adamsen bizitzako pasarte solteak dira. A priori ez diruditenak lotuak, baina badutenak kronologia bat eta zentzua egilearen filiak eta fobiak ezagututa. Kontrazalak dio Nick Adamsen bakardadea oinazetsua dela. Ez nator bat. Nire ustez mutila bakarzaleago da bakarti baino. Arrantza, naturarekin hartu-emana, handik hona alderrai jardutea bere hautua direla patuaren opari pozoindua baino gehiago. Hemen ezingo zukeen hori egin, hain baita etxekotua eta populatua gure mendia, baina Amerikaren handitasunak bide ematen die batzuei hala bizitzeko. Jatorrizko herrietako kide, beltz edo txikano ez badira, jakina. Horiek izorratuta daude.

Liburura iritsita, nik irentsi egin dut liburua apenas bi egunetan. Esaldi labur horiek, tonu kaustiko hori. Idazteko zahar baten mozorroz janzten den gaztearen luma. Marabilla bat.

Marco Antonio Sanz de Acedo

Escroto. Gavilán. Artista.

Umetan, aitaren autoan, gehien entzuten zen diska izan zen urte luzez. Nafar bati gustatzan baitzaio Mexiko ingelesei garagardoa beste. Kojon Prieto y los Huajolotes zen abesti horien egilea eta hain zen parrandazalea, ganberroa eta freskoa musika horrek izan duena baino askoz errekonozimendu handiagoa behar duela. Herriak eman zion berea, ez zen alferrik izan 1993ko disko salduena nafar-tex-mexaren aurrenekoa, baina doktore tesi pare bat eta Udako Unibertsitateren baten hiru bat ikastaro merezi dituzte. Bingen Mendizabal trikitilariaren omenaldi kameo bat Urroztarra bertsionatuz. Zer dakit nik. Hori, halaber, orain diot, heldutan. Umean izugarrizko tirria hartu nion Gavilanen ahotsari.

Marco Sanz de Acedo gizon aparta izan zen. Errepikaezina. Eta Jesús Pérez Artuchek liburu ederra idatzi du bere omenez: De profesión: artista Eskroto y Gavilán (Txalaparta, 2021). Liburu horretan Sanz de Acedoren bizitza kontatzen du eta bizitza horrekin batera Alloko familia batek Iruñera bizitzera joan eta bai haiek bai Iruñeak edukitako eboluzioa.

Sanz de Acedok, Tijuana in Blue musika taldeko Eskroto eta Kojon Prieto y los Huajoloteseko Gavilán zenak, frankismo osteko gizartearen aparretan egin zuen surf gaztaroan. Anarkismoa, okupa mugimendua, Iruñeko “txinatar auzoa”, ateoen mugimendua, intsumisioa… Eta parranda, festa eta umore ona.

Liburua irakurtzean krisia sufritu banuen ere, beste behin etengabe kontatu den hamarkada bati buruzko narrazio bat gehiago zenaren beldurra nuen, azkenean egileak irabazi nau eta aitortu nahi dut oso liburu gomendagarria iruditu zaidala. Egindako dokumentazio lan serio bezain sakona (elkarrizketa ugari lagunei, prentsa eta fanxine errekorte ugari, youtubeko bideoen erreferentzia), euskara eta gaztelaniaren erabilera abila, erritmo ona (urtez urte banatzen da kontakizuna).

Eta denaren erdigunean Marco Sanz de Acedo, artista erraldoia, arin bizi eta arrastoa utzi zuen belaunaldi baten partaide. Bere ateraldi umoretsuak, bere hausnarketa mamitsuak, bere itzalak, bera. Bi pseudonimorekin ere bete ezin zen gizona.

PS: Bi hitzaurre ditu liburuak, Patxi Irurzunena bata ea Marino Goñirena bestea. Oso interesgarriak dira biak.

Montecristo

Zigarropurua. Frantzia. Dumas.

Montecristoak, onartu beharra dut, nire belarrietan lehenago izan ziren zigarropuruak kondeak baino. Farias, Rossly eta antzeko izenak ezagunak baitziren nire haurtzaroan, tabakoak mugarik gabe agintzen zuen garaietan. Kondearen istorioa, aurreneko aldiz, film batean ikusi nuen. Alexandre Dumas niretzat Hiru Mosketarien aita zen, ez historia tragiko baten semea.

Ausaz hartu nuen abuztuko lasaitasunean liburutegiko liburua. Biografien Pulitzer saria jaso izanaren bermeaz, Dumas abizenaren jakin-minak akuilatuta eta ezagutza gogoz. Zoragarria da oporrek batengan duten eragina. Liburua El conde negro da, Tom Reissena (2012koa originala eta 2014ko itzulpena Daniel Najmíasena, Anagramak argitaratua) eta bertan Alex Dumasen bizitza kitzikagarria kontatzen da.

Nor zen bada Alex Dumas? Aita zuen Saint Domingue irlan (egungo Haiti) iheslari zen erreka jotako noble apala eta ama aldiz emakume beltza. Garai hartako kolonien funtzioa Europako monarkien biziraute ekonomikoan, azukrearen mozkinak apartak ziren, sistema hau sustengatzen zuen esklabotza eta horrek sortutako gizartea kontatzen ditu egileak aurreneko orrialdetan. Interesgarria da nola Frantziatik urrun laxotu zen aberasturiko gizartean arraza mestizaia eta metropolitik joan zirenek nola bizi zuten hori.

Halaber, Alex gaztea eta bere aita patuaren bira batek lagunduta Frantziara itzuli ziren eta noble bati zegokion heziketa jaso zuen mutil mestizoak. Urte katramilatsuak ziren Frantzian, monarkia azkenetan zen, eta iraultzak eztanda egin zuenean Alex Dumas armadan zegoen. Errepublikar sutsua, fisikoki indarrez betea, zintzoa eta karismaduna, bizkor egin zuen gora armadako eskaileratan gora iraultzak hiritar beltzei ekarri zien berdintasun aireez probestuta.

Zalditeria generala, hainbat batailatako heroi, tatxarik gabeko soldadu, Alpeetako gailur hotzak eta Egiptoko basamortuko hotzak pairatu zituen uniformez jantzita. Napolen abizeneko militar batek mespretxatuta, etsaiek preso hartuta eta egoera penagarritan preso edukita (aitaren bizia baliatu omen zuen Dumasek Montecristoko Kondearen bizirako inspirazio iturri gisa) ez zion inoiz ere utzi iraultzaren balioetan sinesteari.

Liburuak gizon erraldoi bat aurkezaten du (fisikoki ere oso altua zen ere, 1,85 metrotik gorakoa) eta garai bizi bat, Amerikako Estatu Batuen independentziarekin hasi eta Napoleonen handitasun eldarnioak iritsi arte luzatzen dena. Tartean 1789 Frantziako Iraultzaren argi eta ilunen erradiografia bat, modu bizi eta argian idatzia, estatubatuarrekin egin ohi duten maneran.