Fiesta

Hemingway. Jake. Festa.

Hutsune gisa bizi nuen bizar zuriko idazle estatubatuar ezagunaren obra irakurri ez izana. Ariben ikusi izan dut bere argazkia Irati ertzean kukuka eta zer esanik ez Iruñeko Alde Zaharrean eta Gaztelu Enparantzan. Duela urte batzuk irakurri nion Agurea eta Itsasoa obra, gaztelaniaz, eta ordutik nire mesanotxean beste maizter batzuk egon dira. Ba ze abagune hoberik Erein eta Igelak Eizierekin batera Literatura Unibertsala sailean argitaratu berri duen Fiesta-Eguzkia jaikitzen da (Ernest Hemingway, Koro Navarrok itzulia, 2021) liburua aztertzea baino.

Hitzaurreak, itzultzaileak berak eta Anjel Lertxundik eginak dira. Harritu nau Navarroren kasuan nola hitzaurrean Donostiari eta ez Iruñeari aitortzen dion eboluzioa: Donostia hura ez da gaur egungoa, pintxorik ez dago, areago, ez dago Parte Zaharrik ere, edo zehatzago esanda, ez dago Parte Zahar turistikorik. Aitarekin Iruñera noan bakoitzean entzun behar badut zenbat aldatu diren San Nikolas kaleko tabernak, zer esan lauzpabost hamarkada arinagoko kontuez, baina tira, pertzepzioak bakoitzak ditu bereak. Harrigarriagoa egin zait Lertxundiren hitzaurrea, bi motibogatik. Badirudi ez duela egilea oso gustuko nahiz eta aitortu dohainen bat: Aitor dut, hitzaurre hau idazteko gonbidapena jaso baino lehen, Hemingwayren obretan oinarritutako film gehiago ezagutzen nuela haren liburuak baino. Aitor dut, gainera: Hemingway hil eta urte batzuk geroago haren paper mazo aurkitu berri bateko hiruzpalau gutunetan, harroputz kontatzen du -erronka betean- ehun eta hogeita bi soldadu aleman preso eta babesgabe metrailatu zituela. Kostata saiatu nintzen bi konpartimentuetan gordetzen haren ipuinei zein estiloari nien estimua eta autoreari hartu nion nazka.

Goazen bigarren puntu honetara. Hemingway halako hiltzaile amorratua zen? Beronen obra ondo ezagutzen duten lagun batzuengana jo dut argibide eske eta Mark Cirino eta Robert K Elderren artikulu honetara bideratu naute. Bertan Chris Kyle frankotiratzaile ezagunarekin (160 hildako 10 urtean, eta dudan jartzen da bere kontaketa altuegia delakoan) alderatzen da Hemingway (122 hildako 3 hilabetean). Marlene Dietrich eta Pablo Picassori askotan kontatu omen zien idazleak 122 hilotzen kontu hori baina azken honek bederen ez zuen sinisten, hemen artikuluko pasartea horri buruz:

When Hemingway and Picasso dined together after World War II, Hemingway presented Picasso with materials he had purportedly taken from a Nazi he had killed.

“He came to see me after the Liberation and he gave me a piece of an SS uniform with SS embroidered on it, and he told me that he had killed the man himself,” Picasso recounted. “It was a lie. Maybe he had killed plenty of wild animals, but he never killed a man. If he had killed one, he wouldn’t have needed to pass around souvenirs.

Michael S. Reynolds Hemingwayren biografoaren arabera the number of Hemingway’s wartime victims “increased in direct ratio to his drinking”. Hemingwayren semeak uste zuen akaso batzuk “some” hilko zituela baina ez horrenbeste. Ez dago heriotza hauen lekuko, froga edo antzerakorik Hemingwayen beraren kontakizunetik harago. Eta bere jarduerak Bigarren Mundu Gerran ez ziren kazetari batenak besterik izan, anbulantzia gidari ere aritu omen zen, Genevako Hitzarmenak debekatzen zion berez arma bat edukitzea.

Ziur Lertxundik hori horrela idazteko izango duena iturriren bat nik ezagutzen ez dudana (Hemingwayren aitortza eskutitzak argitaratu omen ziren Alemanian albiste honen arabera), baina ezin ukatu lehen hitzaurreko lehen orrialdean hori irakurtzeak astindu egin ninduela. Are gehiago ondoren, liburuko 211 orrialdean, pasarte hau irakurri nuenean, bat datorrena nire ustez The Huffintong Posteko artikuluak dakarren hipotesiarekin:

(Jake ari da hitz egiten, protagonista). Berriz piztu nuen argia eta irakurriz aritu nintzen, Turgeneven liburua. Banekien une hartan irakurriz, brandy gehiegi edan ondorengo nire gogoaren egoera guztiz sentikor hartan, egunen batean gogoratuko nintzela liburuko istorioaz, eta neroni gertatu balitzait bezala irudituko zitzaidala. Nirea izango zen betiko. Horixe zen beste gauza on bat, ordaintzen huena eta gero hortxe gordetzen huena. eguna argituta lo hartu nuen noizbait ere.

Hori pasa zitzaion, brandya edan eta soldaduek entzundako istorio guzti horiek bere egin zituela? Batek daki, niri pasarte horrek iradoki didadana besterik ez dut partekatzen.

Liburuari buruz zer esan orain arte esan ez denik: asko gozatu dudala irakurketarekin. Parisen alderrai bizi ziren amerikar eta ingelesen bizitza hori ikusiko nuke atezulotik. Inpotentziaren gaiak badu bere zera. Euskaldunok laguntzat gaitu, edo hala iruditu zait niri. Auritz haren begietatik ezagutzea aparta da, Nabalatik pasata Orbaitzetako Itolaz gunera egiten duen arrantza txangoa ederra da. Fábrica bazter hartan Olak behar du izan, ondo leudeke hor eta beste pasarte batzuetan oin-ohar batzuk. Brett pertsonaia bikain dago eraikia, parranda eta San Fermin giroaren narrazioa festari buruz irakurri dudan onenetakoa onena ez bada… Ez naiz batere zezenzalea eta halere gozatu dut plazako pasarteak irakurriz. Robert Cohn gaixoa, gogorregia da idazlea berarekin. Horra ea antisemitismorik baden aztertzeko puntu polita.

Ederra da halako liburua euskaraz irakurri ahal izatea eta halakoetan esaten den bezala, ez dakit zeren zain egon garen euskaldunok hau itzuli gabe edukitzeko.

Pipa eskuan

Paris. Simenon. Berezia.

Ez nuen ezagutzen Georges Simenon idazle belgiarra baina orain iruzkinduko dudan liburuaren hitzaurrean irakurri dudanez inoiz izan den idazle emankorrenetakoa da: 1.800 lekuetan kokatu zituen bere eleberriak eta 9.000 pertsonaia inguru sortu. Azken hauen artean Maigret inspektorea, 103 narraziotan agerturikoa eta editoreen iritzi ezkorraren aurka irakurleen atxikimendua lortu zuena.

Hain justu bere izen bereko nobelaren protagonista da Maigret (Igela, 2010, Juan Mari Mendizabalek itzulia) eta ez da ohiko nobela beltzen detektibea. Ezatsegina da baina ez Sam Spade bezain bizia, bakartia da baina ez da Marlowe bezain erromantikoa. Obsesiboa da, itzela da nola pentsatzen duen irudikatzea karratuen marrazkiak eginaz foliotan, eta zorrotza: Tabac Fontaine antroan pipa eskuan egiten duen hamabi orduko zaintza antologikoa da. Bere eskutik Frantziako polizia judizialaren barruak arakatzen ditugu eta gaueko krimenaren munduaren oihalean ku-kuka aritu gara. Pertsonai onen artean Maigretez gain Fernande azpimarratuko nuke, prostituta, eta berarekiko lanketa Pretty Womanen mito faltsutik aski aldendua. Bukaeran ez dago magia trukorik, soil-soilik pipa erre eta bere izan zuen hirian arrotz sentitzen den gizon baten inteligentzia.

Bitxikeria gisa, amaitzeko, euskalduna den pertsonaia bat ere marraztu zuen Simenonek, Gastambide epailea:

Komisarioarentzat hitz bakoitza oihartzunez betea zegoean. Ezagutzen zuen Gastambide epailea, euskaldun koskor eta zorrotz bat, harroa, hitzak neurtzen zituena, esan beharreko esaldia hainbat minutuz prestatu ondoren honelatsu erortzen uzten zuena:

-Ea, zer erantzuten diozu horri?

Los Angeles, Baztan edo Chicagotik kanpo ere beltzak baditu bere koloreak eta hone hemen Maigretena, irakurtzen hasteaz bat harrapatuko zaituena.

Infernu handi

Faye. Burundi. Oroitzapenak.

Aspaldion irakurri dudan liburu borobilenetakoa da egun Kigalin bizi den Gaël Faye musikari eta idazlearen Ene herri txikia (Igela, 2019, Irati Bereauk itzulia eta Marisa Mantxolaren azal ederrarekin), originala argitaratu eta soilik urte betera. Ez da ohikoa bizkortasun hau gure itzulpenen erritmoa ezagututa, akaso Eraztunen Jauna pelikulen estreinuarekin bateratzeko Agustin Otxoa Eribekoak egin zuen ahalegina datorkit burura Txalaparta argiteletxean, argitaletxe berean COVID-19 garaiotan Žižeken lanaz Danele Sarriugarteren urgentziazko itzulpena edota AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak elkarrekin sustatzen duten Jokin Zaitegi beka.

Liburura bueltatuta, lehen pertsonan idatzitako nobela bizia da eta bertan 12 urte dituen Gabrielek bere errealitatea kontatuko digu, hasiera batean lasaia eta elitekoa den Bujumburako haur baten kontakizuna. Lagunekin kale kantoi bat defendatu, mangoak lapurtu, bere familiaren berri eman, etxeko zerbitzariekin duen harremana edo gurasoen bikote harreman katramilatsua. Baina finean Altxor Uhartea bezalako heldutze nobela da, haur batek ikusten ez dituen gauzak kolpetik ikusiaraziko dizkiolako gerrak. Aita frantziar kolonoa du, ama Ruandako errefuxiatu tutsia eta Burundin du bizitokia Gabrielek. Gerra lehertzear hasieran Ruandan eta gero Burundin haurtzaroa amaituko da modurik gordinenean, indarkeriaz eta minez. Gabrielen begirada xalo eta aldi berean zoliak kontatuko dizkigu kolonialismoaren ajeak, klase borroka, gerraren gordina eta dakarren suntsipena. Hasier Rekondo kritikariak hemen dioen bezala, galdera zentzugabe bati soilik erantzun zentzugabea dagokio: “—Orduan zergatik egiten diote gerra elkarri? —Sudur bera ez dutelako”.

Economopoulos andrea bezalako pertsonaia ederrengatik bakarrik merezi du irakurtzea. Frantziako ikasle batekin duen gutun trukearen metaforan GKEen lanari jaurtitako gezia ikusteagatik. Baina baita haurtzaroa kontatzeko duen modu biziagatik. Zeren zain zaude?

Arrats batzuetan, txorien kantuarekin nahasten zen armen hotsa edo muezzinaren deiarekin, eta, nor nintzen guztiz ahanzten nuenean, ederra ere iruditzen zitzaidan tarteka unibertso durunditsu hura.

Malta

Hammett. Spade. San Francisco.

Sam Spade ez da fidatzeko tipoa. Gogorra, bizia, azkarra, berekoia. Aldi berean, hau dena esanda, ezin esan alproja hutsa denik. Berak eginiko hainbat berari eginikoen erantzun huts baitira. Kontraportadako iruzkinean Nosey Parkerrek dioen bezala, “Bigunkerietatik hain urrun dagoen munduaz idaztean Hammettek heriotzaren begirada hotza ezarri zion bere prosari: gizakiaren ibileren arrazoiak eta barru-barruko motibazioak, era guztietako uste, azalpen eta esplikazioak asmaezinak baitira. Izan ere, gizakia baita bere burua eta besteak engainatzeko sortu den piztiarik trebeena“. Hor dago akaso Hammett eta Chandlerren arteko ezberdintasun behinena, lehenak ekintza gordin eta biluzia erakusten digu eta hitzak amarruaren amu besterik ez dira. Chandlerren detektibeak gogoeta egiten du, bere irakurketak sakonagoak dira, duen sufrimenduaren adinakoa.

Maltako Belatza (Igela 1997, Xabier Olarrak itzulia) izeneko nobela honetan, Bogarti esker aski ezaguna zineman, Sam Spade detektibeak Miss O’Shaughnessy bezeroak endredatuko du. Ustez jarraipen lasaiaz hasi behar zuen mandatuaren ondorioz aurki geratuko da bazkide gabe Spade eta objektu baliotsu baten atzetik mundu erdi zeharkatu duten hiru pertsonen joko erdian: O’Shaughnessy bera, Gutman handi-mandia eta Cairo misteriotsua. Hiru hauek ur handitan sartu diren ur gezako marinel dira Spaden alboan, hauekin ez ezik fiskal nahiz poliziekin norgehiagokan jarduten ohitua baita.

Maskulinitate jakin baten estereotipoa da Spade. Emakumeekiko mira gutxiduna. Egia esan hurkoarekiko, ez bada ofizioko beste kideren bat, gogor askoa da oro har. Eta halere liluragarria da irakurtzea nola bere jokoan sartzen dituen guztiak, nola badirudien detektibea badutela armiarma sarean lotua eta azkenean armiarma bera da Spaderentzat lanean aritu dena. Nobela beltz klasikoa, topiko guztiak erruz kunplitzen dituena, gizarte gogor baten erradiografia bizi eta entretenigarria, bizirauten duten galtzaileen erreinua.

Mateo Holmes

Sherlock Holmes. Baskervilletarrak. Detektibea.

Arthur Conan Doyleren hirugarren nobela den hau aski ezaguna da irakurlearentzat. Ez soilik BBCk Benedic Cumberbatch buru istorio honen berrinterpretazio bikaina egin zuelako, kontatzen duen istorioa ezaguna delako: naturaz gaindiko fenomeno batek proban jarriko du oraindik jaioberria den zientzia jarraitzaileen adorea. Ez da ahaztu behar, 1899an idatzi zen nobela, oraindik ze mundu klase zen gurea. Hogeita hamalau urte beranduago, Ezkion, ia 80.000 lagun batu ziren amabirjinaren agerpen errepublikarrerako. Goierriko Hitzak 2012ko maiatzaren 21ean egin zuen kronika ederra gertaerari buruz eta niri deigarria egin zait agerpenaren aurka sutsuen hitz egin zutenetako bat apaiza izatea: Jose Antonio Laburuk sinesgarritasuna kendu zion agerpenari eta gaineratu amabirjina ustez ikusi zuteneko buruko gaitza zutela. Horra nobela baterako protagonista on bat.

Irakurri berri dudan liburua Baskervilletarren ehiza-txakurra da (Igela 2019, Usoa Wyssenback eta Xabier Olarrak itzulia), misterioa ondo gordetzen dakien istorioa. Baskervilletarren etxea mortuaren ertzean dago. Horra lehen protagonista, paisaia, eta inguruak gizakiongan duen eragina. Naturaren perturbazioek gizaki modernoak ametitu nahi duena baino gehiago eragiten duten eta kasu honetan zuhaitz kozkorrek, mortu erdi-hilak eta zingirak berebiziko protagonismoa dute. Bigarren protagonista zientzia eta sinesmenen arteko talka da, ez bakarrik mitikoak diren ehiza zakurren presentziagatik, nobela bistakoa da hainbat zientzia jaio berrik duten pisua, izan arkeologia izan entomologia. Hirugarren protagonista, nola ez, Holmes&Watson bikotea da, itzal handia utzi duena kultura herrikoi deritzona bilakatu arte. Bata bestearen osagarri dira eta horrek gozagarri egiten du irakurketa, nahiz eta, ametitu, askoz sinpatikoagoak zaizkidala Holmesen bertsio animatu edota telebisiboak. Egileak berak ere etekin handia atera arren zorrotz epaitzen du bere detektibe brillantea:

Hau zen Sherlock Holmesen akatsetako bat -akatsa dela esatea zilegi bada-; ez zizkiola bere planak osorik inori esan nahi izaten harik eta betetzeko unea iritsi arte. Hein batean, haren izaera autoritarioaren ondorio zen hori, ingurukoak mendean edukitzea eta txunditzea gustatzen baitzitzaion. Hein batean, halaber, bere ardura profesionalaren ondorio, ez baitzuen alferrikako arriskurik hartu nahi izaten.

Mateo Txistu da ehiza zakurrek erotu zuten gizona, Arrasateko Udala auzoko apaiza. Gaur egun galdetuz gero mitologikoago zaigu Holmes, eta hori, dudarik gabe, literaturaren garaipen handia da.

Zaldien bazka

McCoy. Depresio handia. Gordina.

Espektakuluaren gizartea deritzogun hori guk uste baino zaharragoa da. Pobreziatik irteteko ezintasuna aberatsen denborapasa izatea ere ez da berria. Eta, Garbitasunaren aldeko Elkarteek arrazoia izan dezakete hipokrita izanda ere.

Patuak elkartu ditu Robert Syvert eta Gloria Beatty. Zinemaren munduan egin nahi dute lan, batek zuzendari eta besteak aktore, eta ez dute arrakastarik. Gloriak, sos batzuk irabazteko aukera proposatzen dio Roberti, dantza maratoi batean bikote gisa izena ematea.

Miseriaren pornografia da maratoia. Haurdun dauden emakumeak, mediku tokia duten albaitariak, jate hutsagatik beraien gorputza eta gogoa mugaraino eroateko prest dauden lehiakideak. Horren atzetik enpresagizon bi, kezkatuak hasieran ia inor ez doalako espektakulua ikustera, baina ezkontza martingala eta hiltzaile alprojei esker animatzen doana. Partaideek babesletza lortu beharra dute urratu zaizkien jantzi eta zapatak berrizteko. Aktore eta zinema munduko jende ezaguna doa ikuskizunera. Robert eta Gloriak Layden andre zahar aberatsaren mira dute, haiek dira honen faboritoak. Bera da ikuskizunak duen ikusle fidelenetakoa.

Nobela gordina da Horace MacCoy idazlearen Zaldiak akabatzen ditugu ba… (Igela, 1989, Xabier Olarrak itzulia) liburua. Bertan, epaitua izaten ari den Robertek kontatuko digu nola iritsi den dagoen tokira. 1935 urtea da, Depresio Handian bete-betean sartua da Amerikako Estatu Batuak herrialdea eta txiroak hara eta hona dabiltza biziraun nahian. Zorte ona eta txarra eduki du Robertek elkartu delako Gloriarekin, honen ezkortasun eta patuarekiko gordintasunak bere xalotasuna zaurituko duelako. Liburu bukaeran onartzen baitu Robertek, akaso guztiz esnatu gabea den gaztearen xalotasunez, Gloria ezagutu arte ez zuela ezta planteatu ere egin zineman arrakastarik ez edukitzea. Peter Collinsek, liburuko hitzaurrean, honela laburbiltzen du nobela:

Zaldiak akatzen ditugu ba…” ez da nobela luzea, baina bai bortitza. Garai bateko beste maisu amerikar bat dakarkigu gogora: Ernest Hemingway. Eta hau esatea ez da burugabekeria hutsa. Frantziako idazle existentzialisteak Horace McCoy, Hemingway eta Faulknerrekin batera, garai hartako idazle amerika onenetarikotzat zuten: Camus, Sartre, de Beauvoir eta Malraux idazle handiek McCoy-ren lehen nobela hau Ameriketako lehen nobela existentzialista bezala zeukaten. Izan ere, nobelan agertzen den Gloria pertsonaiaren nihilismoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Pelikula ezaguna egin zuen Sidney Pollackek 1969an liburu honetan oinarrituta (Espainian Danzad, malditos, danzad izenez ezagutua) eta hau ikustea bezain gomendagarria da liburua irakurtzea, planteamendu ausarta baitu, egitura interesgarria eta indar handia.

Zaldun zurbila

Hammett. Eastwood. Uzta.

Loturak zer diren. Uzta gorria liburua, Dashiell Hammettek idatzia 1929an eta Igelak argitaratua 2018an, Xabier Olarraren itzulpenaz, irakurri ahala Eastwooden Pale Rider (Zaldun zurbila nire itzulpenean) pelikulaz oroitu naiz. Antzekotasunak? Legerik gabeko bi leku, bi protagonista izengabe, sarraskia garbiketarako tresna eta handikien zurikeria. Diferentzietan aldiz Eastwooden pelikulak badituela meatzari on eta zaindu beharrekoak, Hammetten nobela, berriz, zeharka aipatzen da gizarajoen sufrimendua. Egileen filiazio politikoa izan liteke beste ezberdintasun bat, kontserbadorea zinegilea eta komunista idazlea, baina akaso harira ez datorrena.

Liburuaren kontrazalean Peter Collinsen aipua dator eta bertan dio nobela beltzaren aitzindari den lana dela, egilearen onena bere iritzian eta generoak eman ei duen onenetarikoa. Azpimarratzen ditu ere elkarrizketen perfekzioa, erritmo bizia ematen dio horrek, eta baita garai hartako nobela beltzen (lehen belaunaldikoak) ezaugarrietako batzuk: poliziaren ustela, detektibearen bakardadea (kasu honetan paradoxikoa dena, Continental detektibe konpainiakoa baita izatez eta horrela ditu bi laguntzaile, akaso egilea Pinkerton etxe famatuko langile zeneko garaiari keinua), femme fatalaren ezaugarri batzuk dituen emakumea etab.

Gozatu dut irakurketa nahiz eta batzuetan galdu izen artean. Izan ere, Poisonvilleko miseriak erakusten dizkigu egileak goiko agintarietatik hasita alkohol kontrabandoan aritzen direnetaraino, eta nola detektibe honek, enkargatu dioten lana hasi bezain pronto amaituta, justizia senez bide odoltsu bati ekingo dion bidean nor erortzen den axola gabe. Hiria garbitzea nahi du, ustelkeria ezabatu eta ordena ezarri, eta horretarako eskuan duen guztia egingo du gerra lehertuko duen txinparta pizteko. Erritmoa bizia da oso, odoltsua, eta oso ondo lortzen du idazleak irakurlea lehertuko dela jakitun den ekaitzak berez dakarren itolarri sentsazioa sortzea.

Akzioa, tiroak, botilatik zuzenean edandago whiskia, elkarrizketa biziak eta hiri ustelak lehertaraztea gogoko baduzu zure liburua da. Gainera, nola utzi irakurtzeari honela hasten den liburu bat?

Butte hiriko Big Shipen aditu nuen lehenbizikoz Personvilleri Poisonville deitzen, Hickey Dewey zeritzon ilegorri baten ahotik zehazki. Gizagaixo hark “r”ak diptongo bihurtzeko ohitura zuen. Beraz, niri bost axola nola deitzen zion hiriari. Gerora, “r”ak ondo ahoskatzen bazekitenei ere aditu nien hiriari horrela deitzen. Horra jendailak hitz-joko merkeetarako duen zaletasunaren beste erakusgarri bat. Handik urte batzuetara, Personvillera joan nintzenean, ulertu nuen hitzaren esanahi zehatza.

Esna

Marlowe. Chandler. Los Angeles.

Kasualitatez bi liburu erosi, Igelakoak biak, eta (H)Ilbeltza elkartekoek argitaletxe beraren Sail Beltza osoa oparitu. Horra patua, laranjarekin jaten dena eta bestea dena batera. Egia esan irakurketaren gozamenaz beste mesanotxearen gizentzeaz plazera hartzen dugunontzat gaindosia eragin dezaeen oparia da, baina, espero dut mesanotxeak eta biok hemendik nola airoso atera asmatuko dugula, baina zer ederragorik beka bat irabazi duenari hitz bitaminak oparitzea baino. Hori bai, irakurle, hil beltza ez ezik katail beltza aurreikusten dizuet blog hau bisitatzen jarraituz gero.

Raymond Chandler idazle handia zen, begirada zorrotzekoa eta horrelako istorio batek behar dituen errail ugariak ondo marrazten dakiena, gero, Armiñongo ordainlekua bailitzan, dena azken orri brillante batzuetan elkartzeko. Protagonista, Philip Marlowe detektibe pribatu zorrotz, bakarti, profesional on, kaustiko, dirudiena bezain gogor ez eta misoginoa da (baita homofoboa ere). Lana Betiko loa da (Igela, 1995) eta euskarazko itzulpena Iñaki Ibañezena. Ez da akaso Adiorik ez lan bikainaren mailakoa, baina oso-oso nobela ona iruditu zait.

Zergatik hori? Batetik nobelak ondo funtzionatzen duelako, indarkeria, misterio eta ageri den pertsonaia galeria oparoak irakurlea gozarazten duelako. Bestetik lanak, Chandlerren estiloa hau da, ondo azaltzen dituelako LA bezaleko hiri batetako aberatsen miseria eta azpijokoak. Gupidagabea da haien dekadentzia bital, estetiko eta moralarekin. Hau guztia, bistan da, ez litzateke posible izango ez balu poliziak ahalbidetuko ustelkeriarako eta aberatsen interesak defendatzeko duen berezko joerarekin. Bukatzeko, nobelak gu interpelatzen gaitu Marlowek egia aurkitzeko duen tema basatiak sufriarazten gaituelako, denok opa diogun bizimodu lasai eta materialki beteari uko egiten diolako aukera duen bakoitzean.

Epekako bitxi-saltzaile segail begi-beltza lehengo arratsaldeko postura berberean zegoen ateondoan. Begirada konplize berbera bota zidan dendan sartu nintzenean. Dendak itxura berbera zeukan. Lanpara berberak argitzen zuen izkinako idazmahai txikiaren gainean eta ile-hori hauskara berbera altxa zen idazmahaiaren atzetik, antezko soineko beltz berbera jantzita, eta niganantz etorri, aurpegian ezbaiko irribarre bera zeukala.

Azkenik aipatu nahiko nuke ere itzulpenaren maila, nabaritzen bada ere hogeita bost urte igaro direla eta horrenbestez normala da aspektu batzuetan zaharxea geratu izana, aberatsa iruditu zait oso hiztegi eta esamoldeetan. Nirekin ondo funtzionatu du bederen eta ez dakit zer gehiago eska dakiokeen itzulpen bati. Espero dut, irakurle, gozatuko duzuna nik beste Marlowen abentura hau.

Hiper

Ernaux. Maxi. Cergy-Pontoise.

Gogoan dut. Artean ume koxkorra besterik ez nintzen Musakolan Maxi Eroski eraiki zutenean, Arruena baserria zegoen orubean eta Roneo fabrika ordurako dekadenteraren edfizio ondoan. Gogoan ditut orgak eta honen gurpilen entretenimendua, aparkalekua, ugaritasuna eta eroslearen bakardadea askatasunarekin konfunditzea. Halere, hura ez zen deus Iruñean handik gutxira ezagutu nuen Centro Comercial Iruña handiarekin, han ere Eroski baitzen baina handiagoa, bere Toys R Us erraldoi eta guzti. Niretzat Iruñea Gabon sinonimo da eta ahozabalik utzi ninduen zentro komertzial kontzeptu, berritasun eta handitasunak. Liluraturik ninduen. Horregatik dut akorduan ere gurasoekin berariazko eskurtsioa eginaz Max Center ezagutu nuen sasoia. Aitzindaria zen, modernoa. Tenpluak ziren.

Ordutik higuinez lepo bukatu dut zentro komertzialekin. Gasteizko bulebarrak, letra xehez, ez baitezagun Donostiako glamurrarekin konfunditu, ez ninduen harrapatu, herrikide asko ez bezala. Horrek ez du esan nahi ez ditudanik zentro komertzialak bisitatzen, obiparoa naizelako erosketatan Amazonen salbuespenarekin (ez dezagun sal kantaren aldaera modernoa abestu beharra dago hemen), baina agortu da nire lilura. Nekatu egiten naute eta ihes egiteko gogoa piztu. Buruko mina erruz hazten da bertan. Harremana funtzionala da edota babesleku hutsarena, batez ere atzerrian nagoenean egoera zaurgarrian, denboran ondo mugatutako bisita.

Idatzi dudan honek balio literariorik duen zaila da jakiten. Ezetz esango nuke, lehen begi kolpean, Annie Ernauxen Begira zenbat argi, maitea liburua irakurri dudan arte (Igela, 2014, Xabier Aranburuk itzulia). Hain justu hori egiten baitu Ernauxek, bere herriko Trois-Fontaines zentro komertzialeko Auchan hipermerkatuan urte betez bizitakoekin egunerokoa osatu. Horrela irakur daiteke nola sentitzen den bat biluzik bere erosketak kutxako zintan daudenean, zer suposatzen duen egunkaria klandestinoki irakurtzeak prentsa txokoan, nola kudeatzen den kultur aniztasuna, teknologiak dakarren tirania, airean den musika eta abar. Batek pentsatu dituenak eta ez dituenak txukun jasorik, zintzo demonio, eta zer pentsa handia ematen duten lerroak, nahiz eta, egiari zor, lehen orriak irakurtzen ez ziur egon parean nuena jenialidadea ote zen edo baldarkeria. Hori sentitzen baduzue ez etsi, merezi baitu aurrera jotzearen ahaleginak.

Kutxan zain ematen dugun denbora-tarte horretan egoten gara elkarrengandik gertuen, behatzaileak eta behatuak aldi berean, entzuleak eta entzunak, edo, besterik gabe, intuizioz, aliritzira ulertuz elkarrekin.

Beste inon ez bezala erakusten dugu kutxan gure bizitzeko modua, zenbat diru daukagun bankuan, gure jateko ohiturak, gure interesik intimoenak, bai eta gure familia-egitura ere. Kutxa ondoan uzen ditugun produktuek esaten dute bakarrik bizi garen, badugun bikotekiderik, seme-alaba gazterik, animaliarik…

Esan dizuedan moduan gogoan dut auzoan (herrian) Maxi Eroski ireki zenekoa. Egun Hiper da, bizi dugun garaiaren lekuko. Garai hau iraungi den, horra beste zalantza bat.

Ezin ahaztu ezta espetxe dispertsioaren eraginez Gibraltar parean den (edo zen, ez diot jarraipenik egin azken urteotan bere existentziari) Eroski batan pasatako arratsaldea. Hain justu Ernauxek hizpide duen zentro komertziala Cergy-Pontoisen dago eta Frantzia apenas ezagutzen dudan arren, banuen toponimoaren familiartasun zera bat. Jakina, mapan begiratu eta hor dago Osnyko espetxea. Egona naiz bertan, logelak hamabost minutuka ere alokatzen zituen hotel batean gaua pasatuz. Denaren aldiria da. Baina hori, jakina, beste istorio bat da.

Alproja dantza

Gangsterrak. Hammett. Noir.

Nobela beltz generoaren sorrera kokatzen du akademiak Dashiel Hammett, zuen ezagutzatik abiatuta errealitatearekin lotu baitzuen generoa; eragin zuena Ernest Hemingway edo Raymond Chandler bezalako autoreen estiloan. Batez ere Depresio Handiak eragindako hondamendian kokatu zituen bere lanak, 29ko burtsa krakaren biharamunean.

Ez zen alferrik Pinkerton etxe ezaguneko detektibea izan gaztaroan.Tuberkulosi atakeek eta alkoholismoak bere osasuna erasan zuten. Horrez gain, bi Mundu Gerratan aritutakoa zen borrokan Estatu Batuen armadan. Heroikeriak aguro ahaztu ziren bere kasuan jaioterrian eta sei hilabetez egon zen espetxean ezkertiarra izateagatik 50ko hamarkadan McCarthy senatari tristeki ezagunaren ekimenez. Ez zuen kiderik salatu, nahiz eta bere jarduerei buruz deklaratu. Anfifaxista zen.

Maltako belatza da akaso bere obrarik ezagunena. Nik, baina, Kristalezko giltza, Igela 2014, Xabier Olarra eta Esti Lizasok itzulia, irakurri dut gustora asko. Bertan, Taylor Henry gaztea nork hil duen deskubritu behar du Ned Beamont jokalar eta alprojak, bere lagun Paul Madvigi laguntzeko. Tartean familia bi gurutzatu dira maitasun kontuetan, Madvigtarrak eta Henrytarrak, bi gangster handiki daude nor baino nor, Madvig eta O’Rory, eta tartean erdipuriko sikarioak, taberna ilegalak eta detektibe pribatuak.

Ez da ohiko nobela beltza. Beamont tipo azkarra da, azeri hutsa, baina ez da detektibea. Ez da pezkiza zalea, ez du arrastoa usaindu eta bere galbidea izan arran hura jarraitzea beste erremediorik ez duen ehiza zakurraren senik. Hain justu, horretarako du kontratatua berak detektibe propioa, Jack, ez zaizkiolako intersatzen kontu horiek. Hor dago akaso Hammetten bertutea, nobelan beste hainbat gai lantzen dituela krimena ardatz harturik: laguntasuna, berezki Madvig eta Beamonten artean, politikaren kiratsa, polizia-epaile-hedabideen saldukeria (The Wire baino zazpi hamarkada arinago), klase borroka… Bukaeran garai baten erradiografia intersgarria uzten digu egileak eta botereak, handi-nahikeriak, giza talde bati egiten dion konponbide gabeko kaltea.

Bukatzeko, itzulpena azpimarratu nahi nuke, duen hizkuntza aberats eta apartagatik. Horren adibide, liburuko lehen pasartea:

Dado berdeeek zirurika gurutzatu zuten mahai berdea; biek aurrealdeko pareta batera jo, eta punpa egin zuten atzera. Bata berehala gelditu zen, hiruna tanto zuriko bi ilara berdin gainaldean zituela. Bestea, berriz, mahaiaren erddiraino joan zen zanbuluka eta tanto bakarra erakutsiz gelditu zen.

Ned Beaumontek erremuskada arin bat egin zuen.

-Hum!- eta irabazleek beren dirua jaso zuten.

Harry Slossek dadoak jaso, eta bere eskutzar iletsu zurbilean klinkarazi zituen.

Tabernak ireki dituzte gaur Aretxabaletan. Han izanik, hona naiz.